Ignacio Arregui Cendoya, Oñatin
(Gipuzkoa) jaio zen 1931ko abuztuaren 6an. Hamazazpi urte zituela Jesusen
Konpainian sartu eta Filosofia eta Teologia ikasketak hasi zituen Oñako
(Burgos) S.Fco Javier ikastetxean. Bi lizentziatura hauek Bilbon, Deustuko
Unibertsitatean amaituko zituen beranduago.
Kazetari munduan murgildu nahirik, 1963-1965 bitartean Bergamoko (Italia)
Scuola di Giornalismo di Bergamo,delakoan telebista eta irratian espezializatuz,
Gizarte Komunikabidetako Diplomatura lortzen du.
Loiolako Herri Irratian 1966 urtean esatari lanetan hasi eta 1982ra arte
jardungo du, azken lau urteak zuzendari gisa. Garai honetan herri mailako
musika programarik hoberenaren Ondas saria ere jaso zuen.
Herri Irratia utzi zuenean, "Eusko Irratia, Radiodifusion Vasca, S.A"ko
zuzendari izatera pasa zen 1982ko abenduan eta kargu honetan jardun zuen
1985 arte.
1986a geroztik Vaticano Irratiko lanean ari da, Programazio saileko zuzendariorde
eta Informatiboen saileko zuzendari lanetan. |
Berrogeitamar urte dira Jesusen Lagundian sartu zinenetik. Zerk bultzatu
zintuen komunikabideetan jardutera?
Hori nire nagusiek erabaki zuten. 1962an zen, Jesusen Lagundiko ikasketa
luzeak (hamairu urte) amaitu ondoren, komunikabide ikasketak egitera bidali
ninduten. Jesuitak kezkaturik zeuden komunikabideen munduaz. Zer egin? Nondik
hasi? Lehendabizi maisuak prestatu eta gero jesuita ikasleen artean komunikabide
erakusketa zabaldu. Nik komunikabide ikasketak Milango Unibertsitate katolikoan
egin nituen. Nire orduko maisuen artean, soziologo ezaguna den Alberoni
aipatuko nuke. Geroago Espainiako telebistan egin nuen errealizadore ikastaro
bat eta baita praktikak ere, udara batean.

Nola gogoratzen duzu Loiola Irratian hasi zineneko garaia?
Loiolako Herri Irratia, uhin ertainean aritu ondoren, Madrilgo gobernuak
ixildu egin zuen. Eman zitzaion irtenbide bakarra FM bitartez emititzea
izan zen. Baina garai hartan delako FM hori zer zen ere inor gutxik zekien,
FM ko entzungailuak ere orduantxe hasi ziren ikusten. Uste dut geu izan
ginela estatuan, FMn bakarrik aritzen zen irrati pribatu bakarra. Baina
gauzarik harrigarriena zera izan zen, irratia eta entzulegoaren arteko lotura
gertatu zela. Bost mila pertsona pasa izan ziren, harpidedun gisa, diru
ordainketa hilero hilero eman zigutenak. Irrati bategaz horrelako identifikaziorik,
gutxi izan dira.
Bestalde, guk era guztietako irratsaioak egin genituen. Gure entzulegoari
komeni edo beharrezkoa zitzaion guztia eskaintzea zen gure asmoa, gaztelaniaz
zein euskaraz.
Sinistu ezina da nola aldatu den Euskal Herriko giroa ordutik hona. Nazio
artean mito ugari genituen; Che Guevara, Mao Tse Tung, Kennedy, Juan XXIII,
etb; elizak Vaticano-ko Kontzilioa egin zuen; politika alorrean, Frankoren
azken urteak ezagutu genituen; Euskal Herrira inmigrazio handia zetorren,
hemen lanpostu ugari bait zegoen. Euskal Kulturak, ordurarte elizaren itzalpean,
bere nortasuna aldarrikatu zuen. ETAren lehenengo ekintzak ere orduan izan
ziren.
Eliza katolikoa urte askoan sendo eta indartsu azaldu ondoren, indarra galtzen
hasi zen. Beraz, aldaketa haundiko garaiak izan ziren haiek. Ez zen erreza
etorkizunean zer gertatuko zen asmatzea.
Nolakoak izan ziren Euskadi Irratiaren lehen une haiek?
Suerte handia izan nuen, Euskadi Irratia, Euskal Telebistarekin batera martxan
jartzeko garaian. Lehen helburua zera izan zen: gazte trebeak geureganatzea.
Profesional onak izan behar zuten, euskal hizkuntza eta kultura zaleak,
eta Euskadirentzat benetako burujabetasun bat maite behar zuten gure estatutua
errespetatuz.
Korapiloak ez ziren gutxi, ordea; euskera zenbat eta nola erabili, zer harreman
lotu beste irratiekin, irrati publikoa bezala herriak behar zuen zerbitzu
on bat eskaini, politika giroan estatutua errespetatu benetako demokrazia
batetan bezala presio guztiak alde batera utzita.

Arregi Monica Vitti aktoresari azalpenak ematen
Hasierako garai hoietan komunikabidetarako berria zen hizkuntza
baten oztopoa gainditu beharra izan zenuten. Alderdi hortatik aurrerapen
handiak egin diren arren oraindik landu beharreko esparrua dela uste al
duzu?
Euskara beti izango dugu kezka haundi bat. Ez digu behin ere bakerik emango,
batez ere komunikabide publikoetan. Euskarari eutsi, euskara aberastu, euskara
erabili gai guztietan beti problema bezala ikusi dut eta ikusten dut oraindik
komunikabideetan. Sarritan oso mugaturik aurkitzen gara geure lanean. Batzuetan
zenbait gai euskaraz adieraztea zaila delako; bestetan, gure hiztegia gaurkotzea
zaila delako; eta beste askotan entzulegoa ulertzeko gai ez delako.
Ez dago dudarik, euskara dela gure ezaugarri eta bitxirik bereziena. Baino
hainbat maitatu arren, batzuetan tortura antzeko zerbait bihurtzen zait
euskera. Dena den, euskara ez da herri baten balore bakarra eta ezta haundiena
ere. Asko dira, hizkuntza berezirik ez duten herriak, eta hala ere beraien
nortasuna gordetzen dutenak
Argi dago, herri bezala geure nortasuna era guztietan landu, erakutsi eta
sendotu behar dugula. Honetan hizkuntza garrantzi haundikoa izango da beti,
baina ez litzateke muga edo oztopo bihurtu beharko...

Arregi, Alberto Sordi italiar aktorearekin.
Zer falta zaio zure ustez euskal irratigintzari?
Euskadi Irratiak eta beste irrati banaka batzuek ere ahalegin haundiak egin
dituzte euskararen zabalkundearen alde. Baina beste indar haundiko irrati
askok ezer gutxi egin dute euskararen alde. Entzulegoa ere, bere aldetik
era bat banaturik dabil euskaraz edo gaztelaniaz egiten diren irratsaioekin.
Ikusteko dago oraindik zenbateraino zabalduko den euskara zaletasuna. Ikusteko
dago baita ere euskara erabiltzen duten irratiek zer eratako produkzioa
egin ahal izango duten.
Irratiari gehiago eskatu behar zaio bere produkzioan. Gu Loiola Herri Irratian
hasi ginenean, normala zen era guztietako programak egitea: ipuinak, antzerkia,
kontuak, etb. Azken urteotan, zenbait arrazoi desberdinengatik irratiak,
alderdi horretan oso alper bihurtu dira. Irrati produkzioaren kalitatea
galdu egin da eta produkzio ezberdinak egiteko orduan asko gutxitu edo ia
desagertu egin dira. Eta hori ez dago defenditzerik. Hemen Italian, irrati
publikoak era guztietako genero edo programak egiten ditu, eta gero ta hobeto
gainera. Eta noski, era honetako programak maite dituztenak ere asko dira.
Beraz, irratiek ere bere mintzaera eta produkzioa asko hobetu beharko lukete,
dauzkaten posibilitate guztiak erabiliz.
Nolatan joan zinen Vaticano Irrati-ra, eta zein da zure eginkizuna
gaur egun?
1986. urtean Vaticano Irratiak aldaketa sakon batzu egin nahi zituen bereziki
informatiboen sailean. Gauzak horrela, Euskadi Irratian hiru urte egin ondoren,
Erromara etortzea eskaini zidaten. Asmoak onak zirela ikusirik pozik jaso
nuen eskaintza hura. Hamabi urte eta erdi dira hona etorri nintzela eta
hemen jarraitzen dut, Informatiboen Saileko arduradun bezala eta programazioko
zuzendari ordezko.
Zenbat hizkuntzetan eta zer nolako hedapenarekin emititzen du Vaticano
Irratiak?
Vaticano Irratiak 34 hizkuntzatan emititzen du. Mundu osoan entzun daiteke,
indar edo potentzia handia erabiltzeko ahalmena bait dauka. Erromatik 25
kilometrotara dagoen trasmisore eta antena egitura guztia izugarri ikusgarria
da. Direlako OM OC, eta FM erabiltzen dira. Baina orain gero eta gehiago,
baita sateliteak eta Internet ere. Beraz ez dago dudarik munduan haundienetako
bat dela. Etxeko langileak 400 gara, baina mundu guztian zehar kolaboratzaile
ugari ditugu. Programazioan, eta teknikan egin diren aldaketei esker, entzulegoa
asko ugaritzen ari da. Gero ta gehiago dira gure eguneroko informatiboak
zuzenean egunero eskaintzen dituzten irratiak; adibidez, Brasil eta Ameriketako
beste zenbait herrialde, Frantzia, Italia eta Poloniak satelite bidez jasotzen
dute gure seinalea eta beren entzuleei egunero eskeintzen diete. |