Hala esan zidan, lehengo neguan, lagun dudan apaiz batek: "Manuel
Lekuona gora doan balioa da euskal letretan". Garbi ez nintzen ohartu
zer nahi zidan esan horrekin. Udaren erdian, osabari buruz lantxo hau eskatu
didatenean, aitortu behar dut, gaia jarri zidala - bertsolariei bezala-
gaurko lan hau nondik nora bideratu asmatzeko.
Osaba zenari oraindik bizi zelarik, ageriki aitortzen zitzaion, bera
zela euskal oralisten aitzindaria. Bere liburua, Literatura oral vasca,
markarritzat jotzen zen herri-literaturari buruzko euskal ikaskuntzetan.
Gaur egun, berrikuspen baten azpian ikusten ditugu XIX-XX. mendeetako
maisuek gure kulturaren zimentarri ezarritako teoriak, oinarrizko ikuspegiak,
lam-hipotesiak, erabilitako, metodologiak. Egungo ikerlariak birraztertzen
ari dira Bonaparteren, Azkueren, Barandiaranen eta beste maisuen aportazio-ardatzak.
Lekuonarekin ere zerbait honelako gertatzea ez da harritzekoa, denboraren
joanak, eta batez ere lan-baldintzek hobera egiteak, ezinbestekoa dutenez
aldaketak ekartzea. Bizitzaren legea dela esan behar.
Manuel Lekuonak oraindik ere eusten badio bere maisu irudiari, denbora
luzeko arrakasta hau metodologia egokia erabili izanagatik datorkio besteak
beste. Campus-lana egin zuen, bai berak bakarrik, bai apaizgaiekin batera
herri-kantuak eta gainerako literatur pieza aukeratuak bilduz. Gero materialaren
deskribaketa zehatza egiten du, zenbait testu-azterketa maisu-lan direlarik
gaur egun ere, hala nola kopla zaharren, apain-olerkiaren eta bat-bateko
jardunaren legeak eta teknikak gauzatzerakoan. Beste herriekiko konparaketa
legoke hirugarrenik, une hartan ahozkolaritzan agintzen zuten autoreen ikusmolde
eta iritziak, batez ere Marcel Jousse-renak, gure altxorrari erantsiz eta
aplikatuz. Aipatzekoa ere, irakaskuntzan (eskoletan eta mintzalditan) egin
zuen lana, eta zer esanik ez bere kreazio pertsonaletan literatur balio
hauek maisuki erabili izana. Lan eredugarria orain 60-70 urte Manuel Lekuonak
osabete zuena herri-literaturaren ikerkuntzan eta garapenean.
Gaur egun, asko ugaritu da herri-literaturako corpus-a: hor daude herri-artisten
emanaldi eder eta ugariak; hor daude biltzaileen lan eskergak, Antonio Zavala
dugularik altxor bikaina mukurutu diguna; hor daude bildumak eta antologiak,
asko ugaldu denez liburugintza, diskogintza eta emanaldi artistikoen zabalkunde
ikusentzunezkoa. Gaur egu, Unibertsitatea daukagu aitzindari ikerketa monografikoetan,
tesi doktoralak lekuko; Unibertsitatea dugu mintegi, ikertzaile berriak
trebatu eta maisutzeko, formazio berarizkoa ezezik, espezializazioa bultzatuz
herri literaturaren esparruan. Bestalde, gaur egun gero eta jakingarriagoak
dira beste herriekin dauzkagun harremanak, dela datozkigun liburu eta idazkien
bidez lortuak, dela tradizio berak gordetzen ditugun herrien arteko topaketen
bidez sendotuak. gaur, aurrerabidean doa euskarazko herri-literatura, denboraren
berrikuntzek ekarritako erreten berrien ildotik.
Manuel Lekuonak goienean dirau ahozko euskal literaturaren ikerkuntzan,
lan zehatza, aukerakoa eta preziagarria egin zuelako. Euskal kulturaren
inguruneak aurrera egin ahala, ahozkolaritzan ere gauza berriak datoz teorizazioan
eta eginbideetan. Beti da pozgarria belaunaldi berrien emaitza. Baina Manuel
Lekuonaren lana herri-literaturan, eredugarri da gaur ere. Oraindik gordetzen
du, bere atal hoberenetan, bere lehengo distira eta bere maisutasuna. Horrelatsu
ulertzen dut gaur, lagun dudan apaizak esanikoa: Manuel Lekuonak toki altuan
dirau oraindik euskarazko herri-literaturaren ikerkuntzan.
Juan Mari Lekuona, irakasle, idazle eta Euskaltzaina |