Maiz esaten dizute: "hitz egin ezazu literaturaren
eta eskulturaren arteko harremanaz", "egidazu artikulu bat literatura
eta zineari buruz", "mintza zaitez literatura eta...". Eta
edozeri buruz, berdin zait. Berdin zait benetan kezkatzen nauen gauzetako
bat, honelako kontuez ari garela, bistan da, literaturaren beraren eta liburuaren
etorkizuna baita. Hortaz, horren ondoren ezar diezadaketen edozein gaik
ez du niretzat garrantzia handirik.
Nik neuk guztiz jarrera bazterrekoa eta guztiz toki ezdeusa daukat kulturaren
munduan. Esan nahi dut, ez dut informazio pribilejiaturik, ez dakit mendebaldeko
gune editorial garrantzizkoenetan zer egosten den, ez dakit teknikak ekarriko
bide digun iraultzak noraino eraman gaitzakeen. Fosil bat naiz, eta hogei
urte gutxiago banitu, eta ni bezalako makarra bat
ikusiko banu, ederki egingo nuke irri delako gisajo horren kontura, egin
egin izan dudan bezala hogei urte gutxiago nituenean eta elementu kasposo
bat ikusten nuenean. Kontua da elementu bazterrekoa, oztopo egiten duen
tresna, zokobetailua, gaur, neu naizela. Baina, hain elementu bazterrekoa,
baztergarria, albokoa eta alboragarria izanik ere, deusetaz jabetzen ez
banaiz ere, garbi ikusten dut, bederen, liburuaren mundua, gaur arte ezagutu
dugun bezala, desagertzera, hondoratzera doan mundu bat dela, eta gu harekin.
Ez dakit ostikoak nondik etorriko diren, ez dakit
birmoldaketarako aukera edukiko dugun, eta horrek guztiak kezkatzen nau.
Ondoren kuestio hau zehaztuko beharko genuke: liburua gaur arte ezagutu
dugun bezala esaten dudanean esan nahi dut liburua kontsumo masiboko gauza
bezala, edozein etxetan ikusten dena, derrigorrez, kasik lehen mailako beharrak
asetzeko artikulua bailitzan eta, gainera, gizartearen oniritzi
eta bedeinkapen guztiak jasotzen dituena. Hori bukatu da. Gaztelerazko,
alemanerazko, ingleserazko, frantseserazko literatura handiak kexu dira.
Merkatua agortzen ari zaie, emeki-emeki. Baina oraindik banatzeko daukaten
pastel-puska handia da, euren merkatuak erraldoiak direlako. Hala ere,
dudarik gabe, poliki-poliki estrategia berriak, murrizketak eta aldaketa
sakonak ezagutuko dituzte. Hau honela izanik, zer gertatuko da euskaldunon
merkatu nimiño, hauskor, eratugabe eta silbestrearekin? Ez da oso
bizkorra izan behar konturatzeko nazioarte mailan literatura handienek jasango
dituzten aje hauek guztiak guk dexente aurretik, denboraz, eta dexente biderkaturik,
ondorioz, jasango ditugula. Mila irakurle gara, aizue, Afrikako edo eta
Amazoniako tributxo galdu eta txiki baten tamainakoak; ikastoleko haurrek
-gure esperantza zuria- gutaz paso egiten dute. Nago luze gabe hasiko direla
argitaletxeak desagertzen, botaldiak murrizten, titulu-kopuruak beheratzen,
sasi-idazleok nekazaritza biologikoan sartzen.
Bai, jaunak eta andreak, berandu iritsi garelako sentipena daukat, berandu
da guretzat. Gero eta gehiago gara mendian galdurik bizi diren baserritarrak
bezalakoak, irrati zahar bati atxikiak telebistarik, ordenagailurik edo
internetik badagoen ezjakitun. Benetan diot, ez dut uste gurasokeriaz begiratzen
ditugun baserritar horiek guk baino paper eskasagoa jokatzen dutenik munduko
kulturari dagozkion gauzetan.
Literatura, ordea, besterik da. Literatura eraldatu egingo da, materialez,
zabalbideez eta gainerako axalkeriez, baina iraun egingo du, gizon-emakumeek,
ezagutzen dugun tankerako gizon-emakumeek, irauten duten beste. Literatura
pertsonaren senaren alderdi ezkutuenari dagokio, eta ez da sekula desagertuko
errobot, klon edo auskalo zer bihurtzen ez garen
arte. Mendebaldeko pentsamenduaren oinarria greziarrek ezarri zuten. Guk
ezagutzen ahal ditugu Eskilo eta Sofoklesen antzerkia, edo ez. Jakiten ahal
dugu, edo ez, Homero izeneko poeta eta kontalari bat izan omen zela. Aristotele
eta Platon esistitu zirela sinets dezakegu, edo ez. Igoal-igoal da. Guk
haien berri jakin edo ez, haiek asmatu zituzten ideia, jarrera,
pose, uste, sinismen, beldur berberak dauzkagu, haiek ezarri zituzten ildoetatik
ibiltzen gara, denetan imitatzen ditugu, oso orijinalak eta oso bakanak
garela uste badugu ere, inozo halakook. Gero "Cayo Largo", edo
"La jungla de asfalto", edo horietako zinemako klasiko bat ikusten
dugunean, inork esaten badu azken finean hor Antigona errepikatzen ari zaigula
edo
eta Euripidesek asmatu zuela argudio hori ez ohi dugu sinesten, arpa jotzen
ari zaizkigula pentsatzen dugu. Baina egia da, hala da. Esan nahi dut, gizona
gizon deno, litekeen gizarterik agrafoena eta analfabetoena sorturik ere,
beti izango da Euripides-Sofokles-Eskilo eta gainerakoak, eta gure munduko
eraikuntza intelektual guztia eratu dutenen -edo eraketa horren
lekukotasuna utzi dutenen- obra ezagutuko duen norbait, irakurria izango
duen norbait, eta delako horrek leku pribilejiatua izango du gizartean,
boterea daukatenei men egiten badie, edo eta presondegia, tortura eta heriotza
ezagutuko ditu, boterea daukatenei oldartzen bazaie.
Literaturak, hortaz, iraun egingo du. Nola, zer eliteren eskuetan izango
den, zenbat irakurriko den, besterik da. Aisialdirako industriak zer kontsumorako
produktu asmatuko duen langileak eta jendetzak pozik edukitzeko, auskalo.
Baina -eta egun ezagutzen dugun munduko produktu guztiz arrunt bat aipatzeagatik-,
analfabetoen gizarte batean telefilmekin bonbardatzen bagaituzte, ez eduki
zalantzarik beti gidoilariak izango direla atzean, eta gidoilari horiek
historia guztien iturrientzako -hots, literaturarentzako- sarbideak edukiko
dituztela. Baina, jakina, herriaren gaineko menderatze-sistemak, ezagutzaren
zabalbideez eta jakintzaren
demokratizazioaz mintzatzen hasten baldin bagara, gauza konplikatzen da.
Hor konpon, jendeak ez du irakurri nahi, zer egingo diogu.
Mesedez, emazu, interneteko itsaso honetan nabigatzen duzun mariñel
horrek, nire larritasuna sendatzeko edabea.
Jon Alonso.
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |