Iparraldeko euskaldunari ere, euskal kulturaz axola poxi bat baduen
pondutik, Durango izena bera aipatu orduko gogorat heldu zaio
segur hiri hortan urtero egiten den liburu eta diska azoka guziz
ederra. Funtsean, gero eta gehiago badira Iparraldetik ere azoka
hortarat beren itzulia egiten dutenak. Badirudi mugimendu hori
urtetik urterat azkartuz doala eta gazteen artean bereziki azoka
horren fama handituz doala...
Nere partetik, uste dut lehen aldikotz azoka hortan izan nintzala 1967-an,
sail hori abiatu berria zelarik. Eta nahiz orduko azoka frango xuhurra zen
oraikoaren aldean - arte huntan gauza asko eta asko aldatu egin dira - miretsia
gelditu nintzan eliza xahar baten kalostrapean hainbeste liburu ikusirik
eta halako euskal giroa !
Erran behar da denbora hetan Iparraldean gaindi bazterrak ez zirela orai
bezen bero euskal kulturaren alde. Gu ez ginauden Franco zaharraren larderiapean
bainan gaitzeko uzkurtasuna baginuen hezurretaraino sartua ! Alta, bagintuen
bertsulari hautak Mattin eta Xalbador besteak beste, euskaltzale jakintsunak,
hala nola Piarres Lafitte, Piarres Xarriton edo Jean Haritschelhar, antzerkilari
jeinutsuak, gehienik Piarres Larzabal eta Telesforo de Monzon-i esker, bai
eta ikusgarri eder batzu noiztenka bederen, konparazione Xuberoko pastoralak.
Bainan arras euskal-besta guti, kantaldirik baterez, nahiz Mixel Labeguerie-ren
kantu berrien arrakasta hedatzen hasia, eta ikastolarik ere ez, lehena 1969-an
sortzekoa baitzen, bainan ikas elkartea sortua haatik, galdetuz euskara
sar zadin ikastegietan...
Bai, oraikoaren aldean giro ximur airea ginuen euskararen alde eta gutti
ginen ere ibiltzen, biziki gutti, Durangoko azokan. Nihaurek ere hauxe aitortzen
ahal dut, lehen aldi hartan ez nintzala Durangorat joan nihauren baitarik,
euskaltzale bezala, bainan berriketari kondu, ogibide nuen lanak hori manaturik
nolazpait. Bainan ez dut ahantzia nolako inarrosaldia senditu nuen ene baitan
ikustearekin Durangoko elizaren itzalean zoin kartsuki bilduak zauden euskal
kulturari oldar berri bat eman beharrez ari zirenak...
KASIK ABERATSEGIA !
Geroztik, askotan izan niz Durangoko azokan. Aldi bakoitx, berdin atsegingarri
izan zait hango itzulia. Gauza bera erraiten zaitan berrikitan Ramuntxo
Camblong adixkideak. Hura ere Franco-ren denborakotzat abiatua Durangoko
azokan. Loriatua dagoena ikusiz duela hogoita-hamar bat urte landatu zuhaitza
nola handitu den, handitu eta azkartu !
"Azoka miresgarria, euskal literatura arduratzen diren guzien topagune
arraroa", hori zaitan ere erraiten joanden egunean Baionan Jakin liburudenda
atxikitzen duenak.
Zer erran besterik ? Azoka hori orobat kasik aberatsegia bilakatua dela
! Hoinbeste liburu eta diska, mota guzietarik ! Hoinbeste bilkura, mahai-inguru
eta aurkezpen ! Hoinbeste ikuslier adin guzietakoak, haurretarik haste,
mugimendu izigarria zinez ! Eta kasik sobera nolazpait. Mahain batzuetarat
ezin hurbildua izaiten baita gutien ustean eta ez baitira harremanak beti
segurik nahi bezen goxoak izaiten ahal idazleekin, kantariekin edo argitaletxeetaz
arduratzen direnekin. Egia erran, Iparraldetik, ardurenean egun batentzat
bagoatzi Durangoko azoka hortarat eta nihaur ere horietarik niz, egun xoilarentzat
johan direnetarik. Menturaz, ohidura hori behar ginuke hautsi, bi egun ere
ez baitira sobera azoka hortan untsa goxatzeko eta hor izaiten diren gauza
guzieri behako baten moldez emaiteko.
Dena den, hauxe nahi dut azpimarratu, Durangoko azoka guziz baliosa dela
euskaldun guzientzat eta beraz Iparraldekoentzat ere bixtan dena. Luzien
Etxezaharreta Maiatz-ez arduratzen denak erraiten duen bezala, hor agertzen
baita beste nun nahi baino hobeki gure kulturaren adar premiatsu batzu.
(liburugintza, kantua eta abar) zertan diren eta zeri buruz egiten duten
gaur beren indarrik handiena...
Jean
Baptiste Dirassar Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |