Euskarazko liburugintzak gorakada nabarmena izan du
azken hogei urteotan, izan ere, urtean ehun liburu plazaratzetik 1100 argitaratzera
pasa gara. Eboluzio horren arrazoi nagusienetariko bat, baina ez bakarra,
haur eta gazte literatura litzateke. Azken urteotan datuen arabera 250-300
bat literatur liburu argitaratzen dira haur eta gazteentzat (1996ko datuen
arabera argitaratutakoaren %26).
Jakina, hazkunde honek aldaketa handiak ekarri ditu literaturan. Alde
batetik, eta nabarian geratu den moduan, kantitatean emandako hazkundea
dugu, baina hori baino inportanteagoa da kalitatean eta gai, teknika eta
estiloetan emandako eboluzioa, aberastasuna eta aniztasuna. Eta hori dena
oso-oso berria den literatur arlo batean. Mundu mailan haur eta gazte literatura
(HGL) oso fenomeno berria baldin bada, euskararen kasuan mende honetako
60ko hamarkadan aurkitzen dugu lehen literatur lanak (didaktismotik eta
hezitze asmotik kanpo) eta 81-84 bitartean hasten da euskal HGL modernoa.
Arestian aipaturiko eboluzio horretan hiru idazle nagusi ditugu: Bernardo
Atxaga, Mariasun Landa eta Anjel Lertxundi. Lehena eta azkena helduen literaturan
ditugun idazle nagusienetarikoak eta bigarrena euskal HGLn aportazio garrantzitsuenak
egin dituen idazlea.
Gaur egungo egoera aztertzerakoan, beraz, ezin dugu ahaztu zein den gure
lehena eta une honetan ditugun gabezi nabermanak. Idazlan klasikoen itzulpenak,
folklorean jasotako lanen bildumak edo gaur egun nazioarte mailan punta-puntako
diren hainbat idazleren lanak argitaratzen ari bagara ere, izugarria da
arlo horietan oraindik egiteke dugun lana. XIX. mendeko abenturazko lan
ugariren argitarapena, Webster-en ipuinen antologia bat haurrentzat edo
Sendack, Tolkien, L. F. Baum idazleen lanak, mende honetako idazle batzuk
aipatzearren, euskaratu gabe daude.
Gabezi horien ondoan ditugu, berriz, azken urteotan idatzi eta itzulitako
ehundaka obra. Horrela Stevenson, Swift, Perrault, Carroll, Nöstlinger,
Dahl, Härtling edo Lindgren idazleen obren alboan dauzkagu M. Landa,
J. K. Igerabide, P. Zubizarreta, X. Mendiguren, K. Santisteban eta abarren
obra ugaria. Eta sorkuntza horretan eman dira, lehenago aipatu bezala, aldaketa
handienak. Txan fantasma (1984) obrak errealismo kritikoa eta amaiera ez
zoriontsua ekarri zituen gure letretara; ipuin horrekin iraultza txiki bat
eman zen gure literaturan, geroago Txiliku, P. Zubizarreta, M. Lopez Gaseni,
X. Mendiguren eta beste askok sakondu eta zabaldu duten kritika eta literaturaren
bidetik. Izan ere gaur egungo euskal HGLn literatura tradizionalak indarra
baldin badu ere, eta hor daude umore kutsuko hainbat eta hainbat idazlan
(Pernando Amezketarra, Txerrama errudun, Lazkao txiki, Murtxanteko lapurrak,...)
edo lehengo lanen berreskurapena (Kontu zaharrak, Peru eta Marixe, Axut
eta Euskal Leiendak sailak,...), errealismo kritikoaren inguruan eraikitako
obrak dira nagusi gure artean. Ekologia, familia barneko gora-beherak eta
arazoak, militarizazioa, barne-arazoak, langabezia, askatasuna, amodioa,
horiek eta horiek bezalako gaien inguruan eraiki da azken urteotako literatura.
Kantitatearen hazkundearekin, eta gaien aberastasunarekin, literatur maila
ere igo egin da hainbat obratan. Zalantzarik gabe, urtero argitaratutako
40-50 sorkuntz nobedadeen artean bada dozena erdi bat (%10 baina piska bat
gehiago) oso kalitate onekoa, nazioarte mailan argitaratzen diren obren
parekoak direnak. Eta hain zuzen, horixe da gure erronketako bat, gure kalitatezko
idazlan horiek kanporatzea. Bakar batzuk argitaratu dira bete hizkuntza
batzuetan (M. Landa eta Atxagaren lan ugari, P. Zubizarreta, J.K. Igerabide,
X. Mendiguren edo K. Santistebaren baten bat edo beste,...) baina literatur
politika baten ondorio baino gehiago beraien edo estatuko argitaletxeen
lanaren ondorio.
Gure merkatuak, haren neurriak eta ezaugarriak, eragin handia du generoen
arteko desorekan (%98 narratiba da) eta haur txikientzako koloretako albumetan
dugun menpekotasunean (ia-ia ez dago euskal ilustratzaile-idazleek eginiko
albumik, eta daudenak aspaldikoak dira). Bestalde, aldizkarigintzan ere
egoera ez da oso ona. 1998ko martxoan Xirrixta eta Kometa itxi ondoren bi
aldizkari bakarrik baititugu, eta biak 8-12 urte bitarte horretarako.
Egoera, beraz, ez da txarra lan ugari eta batzuk kalitate handikoak plazaratzen
direlako euskaraz, baina ez oso ona ere urtez urte gabezi eta behar berberak
ditugulako; merkatu irizpideak soilik kontuan hartzen diren bitartean iraungo
duten gabezi eta beharrak.
Azkenik, une honetan urtero argitaratzen diren 250-300 obra horiek aztertzeko
eta merkatuan dauden milaka liburu horietan irizpideak markatzeko kritika
sendoa, eta era beran publiko guztiarengana iristen dena, behar dugu. Lan
batzuk egin dira baina oraindik asko dago egiteko. Gure kalitatezko literatur
lanak zabaltzeko behar-beharrezkoa izango baita datozen urteotan. Apur-apurka
gero eta gehiago zaintzen ari den literatur arlo honek hori eta gehiago
behar baitu.
Xabier Etxaniz
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai) |