Durangoko giroa

Traducción al español del original en euskera
Larunbat arratsaldea, abenduko lehenengo asteburuan, Durangon.
Inguruko herri batetik etorritako lagun taldea, buelta ugari emna ondoren, kotxea kanpokaldeko kale baten aparkatuta utzi eta herrigunerantz abiatu da. Bidean gero eta jende gehiago ageri da, eta ohiko lokalaren sarrerara heltzerako, inor zapaldu gabe ozta-ozta mugitzeko moduan suertatzen dira.

- Jendetza, ezta?
- Bai, ia ezin da ibili.

Ia ezin da ibili, baian nola edo hala barrurantz jo dute neska-mutil gazteek eta, gizaki uholdearen erdian harrapatuta, salmahira hurbiltzeko ahaleginak egiten dihardute.

- Bultza, bultza lotsa barik.
Bultza eta saka, azkenik taldekide bat helmugara heldu eta, ukondoen laguntzaz bere kokagunea finkatu ostean, salmahaiaz bestaldean lanean ari direnei begira, deika hasi da.

- Aizu!
Alferrik lehenengoan, aurrez aurreko bizardunak jaramonik ere ez baitio egin, hain dabil lanpeturik. Orduan aurretik pasatzen ari den neskarekin ere ahalegintzen da.

- Aizu, mesedez!
Neskak begirada iragankorra zuzendu dio bezero pazientziagabeari, baina salmahaiko beste muturrerantz jarraitu du, gelditu barik.

Ostera ere saiatu da, eta hirugarrenean, azkenik, langile baten arreta erakartzea lortu du.

- Aizu, kasu pixka bat egin, mesedez!
- Zer nahi duzu?
- Hiru gorri eta zurito bi.
- Kostata - esan du eskatzaileak pixka bat lasaiago, atzealdean zurrutadaren zain dauden lagunei begira-. Ez dakit zer gertatzen den gaur Durangon: jaietan ere ez dira honela egoten Goenkaleko tabernak.
- Gainera jende arraroa da hau, ezta? Begiratu zelako itxura daukaten gehienek: nagusitxoak, ondo jantziak, jeneroz betetako poltsa eskuan...


Jon Arretxe.
Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved