Donostiako euskararen
gainean idazten hasi aurretik geure hizkuntzak duen baino egoera arruntagoa
eta osasuntsuagoa duten hizkuntzen artean hizkera urbanoek ezaugarri bereziak
dituztela esatea oinarrizkoa iruditzen zait. Hurrengo hauek izan daitezke
ezaugarri horietako batzuk:
1)herri txikietako hizkuntz ereduak zaharragoak eta, beraz, jatorragoak
diren arren, hizkera urbanoek prestijioa eduki ohi dute; hirikoak diren
hizkuntz aldaera edo formak kopiatzera jo ohi dute aldameneko eta urrunagoko
herri txikietako hiztun goranahiek.
2)hizkera urbanoetan maiz sumatzen da aldameneko herri edo ibarretako hizkeretarik
apurtxo bat bederen bereizteko borondatea.
3)aldakortasun maila handikoak dira hizkera urbanoak, halakoxe koine edo
hizkeren nahasketa gertatzen da hirietan. Aldakortasuna ez da hiztun batetik
bestera bakarrik gertatzen, hiztun batek berak hizkuntz forma edo aldaera
desberdinak erabiltzea ere litekeena da.
Donostiako euskara nolakoa den, ea berezia
den galdetuko baligute, ezezko erantzuna eman beste biderik ez genuke izango,
ez baitu ezaugarri deigarririk edota inguruko herrietako hizkerek ez duten
ezaugarri bere-berezkorik. Ezker-eskuin eta azpiko aldetik dituen herrietako
hizkerekiko koherentea da, geografian zehar mailaz maila gradualki gertatzen
den hizkuntz jauzien arloan maila ertaina ematen du, trantsizio handirik
gabe. Aldeak Aranon eta Errenteria-Oiartzun aldean agertzen
hasten zaizkigu; Donostiatik ezker joaz gero, oso "despasiyo"
eta oharkabean bezala agertzen zaizkigu herri batetik bestera gertatzen
diren hizkuntz aldaketak.
Ikusi batera, ez du ematen Donostiako euskara inguruko herrietarako erreferentzia
izan denik, hizkeraren aldetik Donostiako auzoak zein bere bidetik baitoaz,
hurbilen dituzten herrietako hizkeretan aurkitzen ditugun ezaugarrietarako
isuria eta joera dutela. Bestalde, ez da aztertu zer nolako eragina eta
ospea duen Donostiako hizkera "kaxkarrak" inguruko herrietan,
baina ez dirudi berebiziko eragina izan duenik. Ospea ere ez du oso ona
izan, guk dakigula, bederen. Administrazioaren eta merkatuaren aldetik bai,
baina paradojikoa baldin badirudi ere, linguistikoki ez dirudi Donostia
hiri izan denik.
Donostiarren euskara kaxkarra eta solezismoren bat edo beste duena dela
esatea ohiturazkoa bihurtu da, baina kaxkariñ kaletarrak dira egiazki
salaketa hori merezi dutenak, baserrietako donostiarren euskarari ez baitio
eramaten oriotar edo hernaniar batenak.
Donostiako euskararen beste ezaugarri bat, leku jakin bateko hizkera
izatetik hizkera sozial izatera iragan izana da. Egun, Donostiako bereko
euskara -Igeldo, Altza, Añorga eta antzeko bazterrak izan ezik- hirurogei
urtetik gorako hiztun ez ikasiena da soilik. Kontua ez da, gainera, donostiar
gazteek ez dakitela bertako "folk speech" delakoan mintzatzen,
baizik eta erdiek ez dakitela ezta hizkera hori nolakoa den/zen ere. Gazte
hauei eskatuko bagenie beren hizkera Donostiakora
egokitzeko eta emaitza horretako Donostiako ezaugarriak Marzelino Soroaren
antzerkietako hizkerarekin aldera bagenitza, idazlearen ezaugarrien kopuruaren
erdira ere ez lirateke iritsiko gure gazteenak.
Arrazoiak askotarikoak dira: erdaldun asko dago Donostian eta euskaldunak
zokoratuxe gertatu dira. Egun beren hizkuntz erreferentziak herri txikietan
bilatzen dituzte gazte donostiarrek. Euskarazko irakaskuntza arautuak indar
handia izan du Donostian eta aurre egin ziezaiokeen eredu ahozko ez landuaren
presentziak ez zuen duela hogeita hamar urteko Donostian aldameneko herri
txikietan zeukan indarrik. Egungo gazte donostiarren mintzoa aski aseptikoa
eta koloregabea izatea ez da, beraz, harritzekoa. Bartzelonan ere berdin
gertatzen da, esaterako.
Bilintx aipatzen zaigu beti idazle donostiar gisa, baina gogora ekartzekoa
da XIX. eta XX. mendeetako euskarazko antzerkian Donostiak garrantzia eduki
duela. Donostiako hizkera koxkeroa ezagutzeko Marzelino Soroaren lanak dira
ziur aski egokienak. XVIII. menderako Jose Vicente de
Etxagarairen neurtitzak ditugu, jai girokoak gehien bat eta baita bi gazteren
arteko maitasunezko gutun batzuk ere.
Iñaki Camino, filologoa. |