Aspaldiko denboretan Iñauteak garrantzi
haundia zeukaten, egunen izenetan eta ohituretan agertzen baitira gure aintzinekoen
Iñauteko ospakizunak.
Oraingoan ORAKUNDE eguna aipatuko dugu. Egun hunek zutik irauten du eta
Baztango haurren besta izaten da eta urtero ospatzen dena. Egun huni ORAKUNDE
deitzen diogu baina Arizkunen "Egun ttunttun" deitzen diote eta
Erratzun "Ollar Dantza". Bestak eta ohiturak aldatzen dira eta
Orakunde eguna ere ezta izanen hain segur gure ama zenaren denboretan egiten
zuten bezalakoa. Nere oroitzean duela 70 urte edo inguru hortan, Elizondon
horrela ospatzen zen ORAKUNDE.
Egun batzuk lenago eskolako mutikoak gure maixuarekin biltzen ginen eta
egiten ginuen bestaren antolaketak. Izendatzen ziren "pueske"
biltzaileak, "bolseroak" eta gainerakoak, Bi ollar erosten ziren
eta bazkari saria ere biltzen zen, hamar sos mutiko bakotxarendako eta gañerako
xehetasun guziek ere maixuarekin antolatzen genituen.
ORAKUNDE egunean mutiko guziak eskolan biltzen ginen eta goizeko bederatzietan
abiatuko ginen eta denak "prozesionean" bandera aintzinean eta
txistulariak , Herriko Apeza, Herriko Alkate, maixua eta mutiko guziak bi
lerrotan, yoaten ginen elizara. Meza ondoren herriari itzulia, "puskek"
eta sos biltzen. Txistulariek soñu alaietan eta holaxe eguerdi arte.
Biltzen zenakin, "txistor", "zinger", "arroltze",
"ogia" eta ematen zutenarekin ostatuan bazkaria. Mutiko guziak
han bildurik bere maixu, Alkate eta apeza ere denak mahi inguruan yarririk.
Otordua hau zen: "paella", "patata tortilla", "txistorra"
eta postretako naranja bana. Ardo pixka bat, ura eta ogia. Ardo pixka horrekin
baziren "pinpirrintzen" zirenak ere. Maixu, Apez eta herriko Alkateak
bazkari hobea zuten, bixtan da. Erran dezadan ere neskatikoak ez zirela
bazkarian sartzen, hauek arratsaldeko dantzan aritzen ziren.
Bazkalondoan biltzen ginen herriko plazan eta han "ollar yokoa"
ospatzen zen.
Bi taldeetan berezten ziren mutikoak adinaren arabera eta yokoa holaxe egiten
zen:
Plaza buruan lauze bat kendu, zilo bat egin eta barna hartan ollarra sartu,
lurrez estali eta burua bakarrik agertzen zitzaaiola. Plazako bertze muturrean
mutiko taldea, begiak oial batekin estaliak eta zurezko ezpata eskuan. Maixuaren
esku-zartaren soñua entzunik, denak abiatzen ziren ollarraren bila
eta itsu itsuan deus ikusi gabe. Ollarraren burua ezpatarekin ukitzen zuena
izanen zen irabazle eta ollarra beretako. Lenagoko denboran ollarra maixuari
ematen zitzaion opari moduan baina gure denboran ez zen holakorik, ollarra
harrapatzen zuenak bere etxera eramaten zuen. Lenbiziko ollarraren yokoa
eginik, bigarren ollarrarena egiten zen eta hemen bertze mutiko talde bat,
gazteagokoak.
Ondotik izaten genituen zinta edo xingolaren lasterketa. Xingolak ezartzen
zituzten karrete batean inguraturik eta soka batetik dilindan. Mutikoak
ban banaka lasterka xingolaren ustaian eskuan zeukaten zurezko ziria sartu
beharrez. Bakotxak bat bakarrik har zezaken eta gero xingola hoiek neskatikoeri
erregalatzeko izaten ziren, beren dantza-lagunarentzat.
Ollarra harapatzen zuena izaten zen "Danbolin Nausi" eta bere
gogoko neskatikoa hartzen zuen laguntako "Danbolin Etxeko Andre"
bezala.
Neskatikoak ezarriko zuen xingola bere soin-buruan eta holaxe "Soka-Dantzan"
biek aintzindari eta bertze gainerako mutiko eta neskatiko denak parekatuak
heken gibeletik soka-lerroan yarraikiz. Txistulariekin batean herriari itzuli
ttipi bat eginik eta soka-dantzan, berriz plazara. Hemen atsalde guzian
dantzan, "Jo ta Purrusalda" denak alai ta yostakin. Ilun-ezkilean
soñua geldituko zen eta denak etxera, ORAKUNDE eguna ederki iraganik.
Denborak aldatzen dira eta orain, eta yadanik baditu 25 urte, neskatikoak
ere bestaren barnean sartzen dira eta mutikoekin batean ospakizun guzietan
partaide, "puskek" eta sos biltzen, bazkarian, ollar-yokoan, yosteta
guzian mutikoak bezala. Norbaitek erranen du: "hala behar ere".
Mariano Izeta, folklorezalea. |