|
Urtarrilaren 20an Eusko Ikaskuntza-Baiona
Hiria ohorezkoa saria jasoko du Donapaleuko mediku eta ikertzaile
honek. Euskal kulturaren inguruan egindako lanagatik jasoko du
euskal makila, dagoeneko 86 urte beteak dituen ikertzaileak.
Donejakue bidearen inguruan asko ikertu duen gizon honek idatzitako
liburuak ugariak dira, esaterako, "La Basse Navarre, héritieère
du royaume de Navarre" eta "Association des amis de
Saint-Jacques des Pyrénées Atlantiques". Baxe
Nafarroako museoa eraikitzen ere eskertzeko lana egin du Urrutybehetyk.
Esan bezala, hilabete honetan eskertuko diote hau guztia.
-Clement Urrutybehety,
zure burua aurkezten diguzu?
Donapaleun sortua naiz 1913ko abenduaren 26an. Nere gurasoek
komertzio
bat bazuten egurra saltzen zutena. Mauleko kolegioan egin nituen
nire
ikasketak. Gero medikuntza ikasketak, 1938an bukatu nituenak.
1939an tesia egin nuen, eta sariztatua izan zen. Gerla denbora
zen eta
berehala hasi nintzan lanean Donapaleuko eskualdean, laborarien
artean.
Nik nahiago nukeen hirian lan egin, baina ez nuen hautatzeko
aukerarik
izan. Beraz Amikuzen hasi nintzen lanean eta han jarraiki dut
1979 urtera arte, 65 urterekin hartu nuen erretiroa.
-Nola etorri zaizu historiaren
gustoa , gustoa baino gehiago pasioa?
Lana bukatu ondoren ez nuen ostatura joateko edo kartetan hartzeko
gustorik, eta beraz, denbora banuelarik, eriei egin bisiten artetik,
ibiltzen nintzen zokoz zoko, bidez bide, eskualde guztietan.
Emeki-emeki, hemengo bideak deskubritu ditut, Donejakueko beilarien
bideak edo Nafarroko erreinukoak, bide berdinak direnak funtsean.
Osaba bat banuen frantziskanoa, aita Chrisostome, teologoa zena,
eta behar bada harek eman dit kutsua.
-Bakarrik ari zinen zure
lanetan ala laguntzaileak zeneuzkan?
Bakarrik lan egin dut gehienetan. Harremanak banituen "La
société des
amis de St Jacques" Pariseko elkartearekin. Hemen bertan
ere harremanak
banituen bereziki Gure Herria aldizkariarekin. Nire ikerketak
egin ahala,
horien berri bidaltzen nuen Parisera. Lizarran ere bazen beste
elkarte
bat bide horretaz interesatzen zena. Geroztik arrakasta handia
bildua dute
bide horiek, eta elkarteak nonahi sortu dira.
Artikulu anitz idatzi ditut aldizkarietan
gai ezberdinez: Nafarroko mugez, portuez, Gibraltarreko bidegurutzeaz,
Garruzeko Pelegriniako kurutzeaz , erromatarren aztarnez, Atharratze
Madalenako kaperan aurkitu idazkiaz....
Dato asko bildu ditut, idazteko ez bainuen denborarik. Artxiboekin
ere lan egin dut, nahi nituenak erdiesten bainituen Pauetik herriko
etxearen bidez. Medikuntza utzi dudalarik idazten hasi naiz,
eta liburuak idatzi ditut.
-Zenbat liburu idatzi dituzu?
Hamar bat liburuska idatzi ditut eta hiru gotorragoak. Lehena
Principe de
Viana Institutoak galdegin zidana: "Casas hospital: 10 siglos
de historia en Ultra Puertos". Bigarrena "La traversee
du Pays basque "Atlantica argitaletxeak galdegina, eta azkena
duela guti Atlanticak argitaratua "La Basse Navarre Baxe
Nafarroa". Nahiko lanak izan ditut honen idazteko, dokumentoen
sailkatzeko.
-Nafarroko historiaz beste
libururik ere idatzirik izan da...
Bai eta horietan Pierre Narbaitz kalonjeak idatzi dituenak "Quand
la Navarre avait des rois" eta "Le matin basque".
Jaun kalonjeak, erregeen dinastiak aztertu ditu gehienik, nik
aldiz instituzioak eta Nafartar gizartea.
Gauza batez ohartu naiz: demokrazia bizi zela Nafarroko erreinuan.
Herri bakoitzean etxeko jaunen biltzarrak egiten ziren eskualdeetako
gorteetan biltzen zirenak. Erregetza, feudalitatea eta demokrazia
elkarrekin bizi ziren baina hala ere demokrazia zen nagusi. Lehen
Foruak XIII garren mendean idatziak izan ziren, eta Nafarroko
erregek foruak zainduko zituztela zin egiten zuten. Euskaldunen
askatasunean oinarritzen zen monarkia eta herriak hautatua zuenaren
legitimitatea zeukan erregeak. Iraultzaraino iraun duen ohitura
izan da. Lehen, erregea bozkaz hautatu zuten euskaldunek bereganatuko
zituen lurraldeak partikatzeko hitzemanarekin, XVIIIgarren menderaino
biziko den ohitura. Baxe Nafarroa, Nafarroko erreinuari lotua
izan da urte askoz . Aldiz Lapurdi eta Xiberua Akitaniari lotuak
egon dira: gu hegoaldeari, besteak iparraldeari.
-Donejakue bidea ere hurbiletik
segitu eta aztertu dituzu
Erran behar da bide berak zirela, Donejakuerakoak ala Nafarrorakoak.
Gibraltarreko gainean nik ezarria dut Donejakueko hiru bideak
elkarretaratzen ziren bide kurutzean oroit harria. Hor biltzen
ziren Sorde l'abbaye eta Garruzeko bidea, Ortese eta Donapaleun
gaindi bazetorrena eta hirugarrena Nabarrenkoxekoa."Le guide
du pelerin" Aymerie Picaudren testuak dioenez Izura aldera
, ez Izuran, elkarretaratzen ziren hiru bideak. Gibraltaren oroitharria
nik ezarri dut bidekurutzean.
-Lan handia ere egin duzu
Baxe Nafarroko museoaren eraikitzen Donapaleun
Duela 13 urte sortu genuen museoa. Berantegi apailatu nintzaion
lan horri.
Emeki emeki urtez urte jendek ematen zizkidan gauzak bilduak
nituen.
Zeren jendeak ondarearen altxorrak emaiten zizkidan: duela guti,
Donapaleuko epailearen jarralkia eman didate. Baina berantegi
hasi naiz gauza horiek guztiak biltzen.
Kontseilu nagusitik edo beste tokietarik, diru laguntzak apurka
apurka etorri zitzaizkigun. Dossier lodiak egin behar nituen
gehienetan bakarrik dirua lortzeko. Hamar bat pertsonak lan egin
dugu museoaren alde eta bereziki lau pertsonek. Altxor borobila
bildu dugu; altzariak, hogei bat; atal harriak ehun bat, 200-300
bat laneko tresna, lau erromanoen aldare bildu ditugu Atarratze
Hazparne Ibaneta eta Getarikoak, prehistoriako harrizko tresnak
eta aizkorak...
Bi mila bat bisitari etorri dira
iaz bisitaz baina museoa ez da aski ezagutua ez baita turismoaren
bideetan, ibilaldietan seinalatua. Badela ere anitzek ez daki.
Elkarte museoa den Donapaleukoak kontserbadore bat behar luke,
oraingoz ez duena. Beste museoekin elkartua izan behar luke,
zergatik ez Baionako euskal museoarekin, edo departamenduko beste
zenbaitekin?
Museoa aberasten ari gara beti. Lau hire izeneko, Baxe nafarra
eta Biarno eta Gaskonia arteko lurraldean, prehistoriako lan
tresna anitz aurkitu dituzte laborariek guri eman eta ematen
dizkigutenak.
Duela urte guti Domintxineko etxe batean aurkitutako euskal emigrazioaren
dokumentu balio handikoak eman dizkidate azkenik; 1500 bat emigranteren
izenak, Pasaia, Baiona eta Bordeleko portuetarik Hegoameriketara
joan zirenak, 1855 eta 1865 urteetan .... Argazkiak: Agustin Errotabere
Euskonews
& Media 61.zbk (2000 / 1 / 7-14) |