Euskal Itsas Ondarea Donostiako Untzi Museoan
* Traducción al español del original en euskera
Ainara Iraeta Usabiaga
Mendeetan zehar euskaldunek itsasoarekin izan duten harremana dago ikusgai Donostiako Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean.

Donostiako Kaiako Pasealekuan, Aquariumetik gertu, Donostiako Untzi Museoa dago 1991ko maiatzean ateak ireki zituenetik. XVIII. mendeko bigarren erdiko eraikin honetan, historian zehar euskaldunek itsasoarekin izan duten harremanaren ikuspegi orokorra eskaintzen zaio bisitariari, batez ere untzien eraikuntza tradizionalak arreta berezia duelarik.

Untzi Museoko Zuzendari Kide den Soko Romanok adierazi digunez, " euskal itsas ondarearen berreskuratze, kontserbazio, zaintze, ikerkuntza eta honen hedakuntza" dira museoaren helburu nagusiak; ahozko komunikazioa, grabatuak, historia eta arrantza teknika ezberdinak besteak beste, ondare honetako parte direlarik.

Museo hontara etortzen diren bisitariek, itsasoko euskal gizon emakumeen bizimodua nolakoa zen eta honen bilakaeraren berri jasoko dute museoa osatzen duten hiru solairuak bistatuz gero. Lehenik eta behin, untzien eraikuntza tradizionala erakusten da. Nafarroatik ekarritako egurrarekin eginiko itsasuntzigintzaren historia eta burdinaren, belaren eta baporearen erabilpen eta asmakizunek, nola aldatu zuten untzigintza.
 
 
Balearen arrantza
Bestalde, XIII. mendetik egiten zen balearen arrantzak euskal kostaldeko bizilagunengan izan zuen eraginak ere badu tokia museo honetan. Bajurako arrantzaz gain, baleak indar handia izan zuen euskaldunen artean diru iturri garrantzitsua bait zen kostaldeko gizon emakumeentzat. Arrantzaleak Terranova ingurura joaten ziren balea harrapatzera eta denboraldi luzeak etxetik kanpo pasatzen zituzten. XVI. mendeko loratze garaiaren ostean, "Utrecht-ko Ituna" sinatu zen (1717) eta balearen gainbehera iritsi zen euskal kostaldera. Garai hontako erakusle, XIII. medeko txalupa zaharraren antzera eginiko egurrezko txalupa dago museoan, txipiroietarako batel batekin batera.
Caracaseko Konpainia
Kostaldeko itsas gizon emakumeen bizimodua goitik behera aldatu zuen "Caracas-eko Konpainiaren" berri ere badugu museoan. 1728 an sinatu zen tratatuak, Pasaia eta Venezuelaren artean merkatal bide bat finkatu zuen kakao trafikoaren monopolioa lortuz. Honek ondorio izugarriak izan zituen, alde batetik, euskal kostaldea aberastuz eta bestetik, untzigintza aldatuz, Venezuelara joateko itsasuntziak egin behar bait ziren.

Itsasuntzien eraikuntzaz gain, industri osagarriek eginiko tresnak eta erabiltzen zituzten lanabesak erakusten dira museoaren lehen solairuan, hala nola, aingurak, pagoaz eginiko arraunak eta sokak besteak beste. Euskal Herriko portuen bilakaera eta merkataritza ezagutzeko aukera ere badu bisitariak.

Ikuspuntu historiko honetaz aparte, "euskal ondarea berreskuratu eta zaintzeari dagokionez, itsasuntziak jasotzen egin du museoak ahaleginik handiena. Soko Romanok azaldu digunez, "orain arte 20 barku jaso ditu museoak, nahiz eta ez dauden oraindik ikusgai". Itsasoarekin zerikusia duen guztia jasotzen dute: tresnak, material etnografikoa, industri ondarea, planoak, kartelak, argazkiak, grabatuak etabar. Zuzendari Kidearen hitzetan "gehienak donazioak izaten dira baina beste batzuetan erosi egiten da materiala".

Baina erakusketa iraunkorraz aparte, itsasoarekin eta Euskal Herriarekin erlazioa duten zenbait gaietan oinarritutako erakusketa iragankorrak antolatzen dituzte

Euskal "Itsastarrak" Ortiz Echagüeren ikuspuntu sakonetik

Behin behineko erakusketa aretoan, Jose Ortiz Echagüeren 26 argazkiz osaturiko artelan bilduma dago ikusgai abenduaren 2tik otsailaren 27a arte. Guadalajarako argazkilari honek euskal kostaldeko gizakien bizimodua maixutasun handiz isladatzen du gizon eta emakumeen aurpegietan oinarrituz.

"Itsastarrak, itsasoa José Ortiz Echagüeren obran" izenburupean 20. eta 30. hamarkadetan Gipuzkoako kostaldeko herrietan artistak eginiko argazkiak ikus ditzakegu. Pasaia, Orio, Zumaia edo Ondarroako txokoetan kokaturiko artelan hauek , adierazkortasun eta sakontasun izugarria duten aurpegien bidez, Euskal Herriko itsas gizakien izaera eta bizimodua isladatzen dute.

Mende honetako lehen erdiko argazkilari handienetakoa izan zen Ortiz Echagüek, kostaldeko euskaldunak itsasoarekin kontaktuan jaso nahi izan zituen, horregatik herritarren bat bateko argazkiak ateratzen zituen, bere lanerako modelorik erabili gabe. Soko Romanok azaldu duen moduan "Ortiz Echagüe pertsona berezi samarra zen; alde batetik modernitatearen ezagule, Seat konpainia sortu zuen eta pilotoa zen, eta bestetik, tradizioaren miresle". Alkarriako argazkilariak, tradizio hori galtzeko arriskua ikusten zuen, eta ondorioz, honen erakusle ziren itsasaldeko euskal gizon-emakumeak atenporizatu nahi izan zituen. Garai honetan ohizkoak ziren lan tresnek ere protagonismo handia dute argazki hauetan, pertsona geihenak lan arropa eta tresnekin bait daude argazkietan.

Museoko Zuzendari Kide denaren ustetan, argazkilariaren ezaugarri nagusia "itsasoa eta honekin erlazionaturiko guztia, ikuspegi artistiko batekin ikusteko gaitasuna zen. Izan ere, haurtzaroan oporraldi luzeak Euskal Herrian pasa izanak eragin zuzena izan zuen gaitasun honen garapenean".

Teknika berezia

Ikuspuntu teknikotik ere badute Ortiz Echagüeren argazkiek ezaugarri berezi bat, ikatz marrazkien antza bait dute. Soko Romanoren hitzetan, "akuareletarako erabiltzen den fresson papera eta positibazio eta errebelazio teknika berezia erabiltzen zituen. Ondoren eskuz azken ikutuak ematen zizkion irudi bakoitzari. Hala ere, benetako argazkiak dira nahiz eta askotan margoekin nahasi".
Ortiz Echagüek bere helburua bete betean lortu zuen, argazkietako gizon emakumeen arpegietara begiratuz, hauen atzean arrantzaleen bizimodu gogorra ezkutzen dela somatzen bait da.

Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Oihana Pagola

Euskonews & Media 61.zbk (2000 / 1 / 7-14)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved