|
1994az geroztik, legatza tretza erdipelagikoarekin
("harri-bola") harrapatzeko teknologiaren inguruko
ikerketa programa bat gauzatzen ari da AZTI, eta azterlan bat
egin berri du arrantzu mota honetarako amu mota berrien erabilgarritasuni
buruz.
Amu mota berriak Wide-Gap,
O'Shaugnessy eta Circle izenekoak dira, eta jada arrakastaz
probatu dira ur norvegiar eta kanadiarretan, beste espezieetara
(bakailao, eglefino) bideratutako arrantzuetan. Round Hook
motako ohiko amuarekin binaka alderatu dira harrapaketako ezaugarriak,
hau da, harrapatze tasa eta modua, eta harrapakinen osaketa bai
tailaka eta bai espezieka. Proba hauek arrantzu esperimental
konparatiboen bidez egin dira, baxurako flotako untzi tretzadun
profesionaletan.
Wide-Gap (2 neurria) eta Circle (11 neurria) amu
esperimentalak, ohiko amua baino eraginkorragoak dira legatza
harrapatzeko: ohiko amuaren aldean, Round Hook-ekin (3/0
neurri) %24 eta %50 hobetzen da harrapatze tasa zamari dagokionean.
O'Shaugnessy amua, aldiz, ohiko amuaren antzekoa da harrapatze
eraginkortasunari dagokionez.

Arrantzalea amuekin. |
Lanean aritzeko daukan zailtasuna
dela-eta, proba gutxiago egin dira Circle amuarekin, eta
amu gutxiagorekin gainera; horregatik, komenigarria litzateke
lortutako emaitzak beste proba gehigarri batzurekin osatzea maila
komertzialean.
Ziurrenik hauxe izango da amu
esperimental batzuk arrantzurako eraginkorragoak izatearen zergatia:
arrainak sendoago krokatzen dira amuan honek daukan diseinuagatik,
eta, behin krokatuz gero, zaila egiten zaie askatzea.
Probatutako hiru amu esperimental
motek tretzaren selektibitate inter-espezifikoan eragiten dute,
harrapatutako espezieen proportzioak asko aldatzen baitira ohiko
amuaren alderatuta.
Bestetik, ez dirudi legatzaren
kasuan amu esperimentalek tretzaren selektibitate intra-espezifikoa
gehiegi aldatzen dutenik, izan ere, oso antzekoak dira espeziaren
batezbesteko taila nahiz tailaren banaketa amu esperimentalekin
eta tradizionalekin egindako harrapaketetan.
Azterketa honetan erabilitako
amu mota guztietan, amua arrainaren ahoko hezurretan krokatzearen
bidezko harrapaketa izan da nagusitu den modua, baina proportzio
handiagoan amu esperimentalen kasuan tradizionalean baino. Litekeena
da hein batean horixe izatea amu esperimental batzuen eraginkortasuna
hobetzearen zioa.
Operatibitateari dagokionez,
Circle amuak eragozpen praktiko batzuk ditu, batik bat
bere harakunearen zailtasunagatik eta gaur gaurkoz untzi
trotzadunen ekipamendua gaizki egokituta egoteagatik trotzaren
zamarako; ondorioz, aurretiazko garapen teknikoren bat erabili
beharra dago arrantzu komertzialean. Wide-Gap amua, ostera,
erabat egokitzen da flotaren egungo lan baldintza eta ekipamendura,
eta, beraz, zuzenean aplika daiteke erabilera komertzialerako.
Ondorio hauek interes gorena
daukate sektorerako -azkenaldian sakonki birmoldatua bere errendimendu
baxuen ondorioz-, izan ere, asko lagun dezake legatza harrapatzen
duen flota trotzadunaren lehiakortasuna handitzen. Esteban Puente, Arrantza Baliabideen Saila
Argazkia: Auñamendi |