XVI. mendean penintsulatik Txilera joandako
157 sendietatik 39k abizen euskalduna zeukatela kontuan izanik,
nola jakin gaur egun zenbat diren jatorri euskalduna daukatenak?
XVII. mendearen lehen erdialdean,
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak baino gehiago ziren Andaluzia
eta bi Gazteletakoak Txilen, baina bigarren erdian, ordea, aurrea
hartuko diote Gaztela Berriari, Andaluziari XVIII. mendeko lehenengo
erdian, eta bigarrenean Gaztela Zaharrari. Aldi berean, gehiago
izango dira nafarrak gaztelar berri eta andaluzak baino. Alegia,
XVI. eta XVIII. mendeen artean Txileko biztanleen %27 izango
dira euskaldunak, horien artean %18,1 euskal probintzietakoa
izanik eta Nafarroakoa %8,9.
Ez da, beraz, harritzekoa Santiagoko
telefono gida euskal abizenez josia egotea.
Txile aurkitu zenez geroztik,
euskaldunak beti egon dira present: konkistatzerakoan, Kolonia
garaian eta Errepublika bihurtu zenean, une esanguratsu batzuk
aipatzearren. Orduz geroz, barra-barra dira abizen euskaldunak
dauzkaten Kongresuko, armadako, magistraturako eta, jakina, Elizako
kideak.
XVIII. mendetik aurrera herrialde
hartako gizartean, maila intelektual eta politikoan aurkituko
ditugu, industria eta zerbitzuak sortzen.
Arantzazuko Kofradia da Txilen izan zen lehen talde euskalduna,
XVIII. mendean. Aurrez Mexikon eta Liman zeudenak bezalakoa zen,
eta behar gorrian zeuden euskaldunei laguntzea zeukan helburu.
XIX. mendearen amaieran Irurak Bat izeneko erakundea izan
zen Valparaíson, eta antzeko bat ere sortu zen Concepción
hirian. Batean nahiz bestean pilotan jokatzeko kantxak zeuden,
eta horrexegatik agertu ohi ziren maiz garai hartako egunkarietako
argazkietan.
Espainian Errepublika garaian
jazotako gertaera politikoen ondorioz, 1912an Centro Vasco
sortu zen Santiagon, eta 1931n Eusko Gaztedija.
Erakunde bakoitzak egoitza desberdina
eduki arren, oro har onak izan ziren bien arteko harremanak;
nolanahi ere, nolabaiteko haserrea sortu zen Espainiako Gerra
Zibilaren garaian, bakoitzak bere modura jokatu izanagatik.
Gerra amaitutakoan Jose Antonio
Agirre lehendakaria ikustaldia egitera joan zitzaienean, eragozpen
eta desadostasunak ahaztu eta batera jardutea erabaki zuten,
erakunde bakar batean.
Horrela sortu zuten 1949ko uztailaren
19an egun ezagutzen dugun Euskal Etxea.
1937 eta 1960 artean Eusko Alderdi
Jeltzalearen ordezkaritza bat izan zen Santiagon eta Txileko
beste hiri batean, eta Eusko Jaurlaritzaren Erbesteko Ordezkaritza
ere hantxe aritu zen lanean.
Uneotan Txilen dauden euskal
jatorrizko erakundeen artean lehena eta aldi berean gainerako
guztiak antolatzen dituena, Santiagoko Eusko Etxea da,
1912an eratutakoa.
1961ean Instituto Chileno
Vasco de Cultura Alonso de Ercilla y Zuñiga eratu
zen, Txilen zeuden jatorri euskalduneko sendiak barnebiltzeko
xedearekin.
Geroago, Eusko Etxearen ekimenez
eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta, Garapenerako Euskal Txiletar
Fundazioa eta Trebakuntza eta Garapenerako Korporazioa
(Forydes) sortuko ziren. 1993 eta 1994an eskuratu zituzten,
hurrenez hurren, beren nortasun juridikoak.
1994ko azaroaren 9an Euskal Jatorridun
Profesionalen Elkartea sortu zen, eta gaur egun 30 lanbide desberdinetako
150 afiliatu baino gehiago dauzka.
Egoitza finkorik ez daukaten
arren, ari dira jada zentru berriak sortzen Viña del Mar,
Linaren eta Valdivia-n (V/VII/ eta X Eskualdeak).
Ezer gutxi dakigu lehenengo erakunde
haiei buruz, eta ziur aski izango da ezagutu ere egiten ez dugunik.
Egia izango da bada euskaldunek beren historia idatzi ez, baizik
eta soilik bizi egiten dutenekoa.
J. Retamal F., C. Celis A. eta
Juan Guillermo Muñoz. Familias Fundadoras de Chile,
Santiago: Universitaria S.A., 1992ko azaroa, 7 eta 719 orr.
L. Thayer Ojeda. Elementos
étnicos que han intervenido en la Población de
Chile. Santiago: La Ilustración, 1919. |
Pedro Oyanguren, "Eusko Etxea"-ko zuzendaria |