Ezagutzak eta adiskidetasun baten sortzea
Laurent Darraidou

1963urteko urtarrilaren 15an, Mixel Labegueriek galdaturik eta harren eta Jean Errecarten laguntzarekin pasatu nintzen, 33 urte nituelarik, Hazparneko kantonamenduko kontseilari orokor zenbait aste lehenago, eritasunez, zendu zen Louis Madre-ren aulkian.

Ordu arte, Mixel Labeguerie Kanbon eta ni Hazparnen, mediku izanagatik, ez ginuen oraino biek harreman berezirik ukanik. Hamar bat urteren aldea izanez gure artean, ez ginen ainitz gurutzatzen. Argi da, denek bezala, banakiela bertze zenbait lagunekin "Enbata" mugimendua sortua zuela eta ere Euskalzalen biltzarraren lehendakaria eta 1962. Urtetik Euskal Herriko diputatu berria zela.

Bistan da kontseilu orokorreko hauteskunde horietan presentatzea onartu banuen, hortarako batere prestatua izan gabe, Mixelen iritzi eta asmoak gustukoak nintuela eta uste nuen holako gizon batekin zerbait ekartzen ahal nuela nere eskualdeari.

Ondoko urtean 1964an Mixel Labeguerie hautatua izan zen Ezpeletako kantonamenduko kontseilari jeneral eta ordutik elkarri biziki hurbil ginen eta egiazko adiskidetasun bat sortu zen gure artean.

Zer gizon zen
Bertze ainitzek bezala senditu nuen gizon horrek zer eragina zuen hurbiltzen zituen jendeen gainean. Berehala zerbeit pasatzen zen Mixel eta heien artean.

Mixel Labeguerie hitz bakar batez kalifikatu behar banu hauta nezake: xarma.
Bere izaitea guzitik jalitzen zen xarma hori, lili batetik airatzen den usain gozoa bezala. Ez zuen bilatzen bertzen xoratzea, ez zen lillurazale bat (ainitz xoratzen baziren ere). Jitea zuen halakoa; xarmegarria zen.

Itxuraz eta izaitez. Maite zuen ongi beztitzea, eleganta zen eta, omen, haur-haurretik hasia zuen gustu hori. Bere boz beroak eta hitzen ongi uztartzeko zuen dohainak emaiten zioten ere xarma hori.

Mintzazale paregabea, hitzari musika berezi bat emaiten zuen izan dadin fransesez edo euskaraz. Eta kar izigarri batekin mintzo baitzen, karisma handiko gizon bat zen. Mixel euskal biltzar batzuetan ezagutu duten ainitzek diote: "hura entzun nuen egun hartan, euskalzale edo aberzale bilakatu nintzan".

Eta zer erran olerkeriaz eta kantu berri egileaz?
Orduan zen xarma hori gaindikatzen. Nik bezala hurbildu dutenek momentu xoragarri batzu iragan dituzte harekin, bere gitarra hartzen zuelarik eta berriki moldatu kantua abesten.

Gisa berean, oroitzapen azkar eta ezin ahantzizkoak baditut: biak kontseilari orokorrak izanez, elkarrekin joaiten ginen ardura Paueko biltzarrerat. Goizeko 8etan hartzen nintuen, pasatzean, nere etxean. Haren edo ene autoan egiten ginuen bidaia. Gure orduko problemak edo egitasmoak ginituen maizenik aipatzen. Baina batzuetan, bidean abiatu orduko erraiten zautan: "Joan den astean egin diat kantu bat, ea zer pentsatzen dukan huntaz". Eta hola fagore gaitza egiten zautan niri, lehenik, bere kantu berria abestuz. Gisa hortan entzunarazi dazkit "Maritxu", "Xorieri mintzo zen" eta abar. Bidea egiten ginuen ohartu gabe. Zer momento goxoak eta aberatsak.

1973an gose greba haundiak izan ziren euskal herriko eliza ainitzetan. Prefetarrekin eta administrazioarekin ukan ginituen, garai hartan, biltzarre frango biziak euskal iheslariak lagundu nahiz, atera bide bat lortzeko. Orduan zuen Mixelek moldatu "Parisen eta Madrilen" kantua. Pau-eratekoan abestu zaukan. Huna lehen bi bertsuak:

"Parisen eta Madrilen direla bi gobernio
Euskaldun abertzalea biek astio.
Egina zuten tratua abertzalen lekutzea,
Euskal Herritik kanpora gu botatzea.

Zuzen kontrako tratua baitute biek finkatu,
Euskal seme hoberenak zaizkote oldartu.
Ez dute hartu puñalik ez eta ere bonbarik,
Ez zuten harma beharrik gosea besterik".

Horiek autoan beraz eta bertze zenbat aldiz bere etxea, lagunekin gertatu eta loriatuak ginauden hartzen zuelark bere gitarra edo plantatzen bere organo elektrikaren aintzinean. Bai zinez gizon xarmagarria zen Mixel Labeguerie.

Jendakina, xehea, gizazalea edo humanista
Medikua zen eta bazekien jendea entzuten eta behar ziren hitzak atzemaiten haiei laguntzeko. Bere herietaz biziki hurbil zen, aita bat bezala. Gertatu zaut frankotan, bera Parisen zelarik bere diputatu edo berantago (1974etik harat) senatur lanetan, haren herienartatzea. Ikusi orduko erraiten zautaten "Gure medikua falta dugu eta zure ikusterat heldu gira. Badakigu haren adiskidea zirela". Senditzen nuen galduak bezala zirela eta neurtzen zer eragina izaiten ahal zuen bere herien gainean. Konfiantza osoa, erran nezake itsua ezarria zuten hartan. Neurtzen ere haren ordaintzeaz zela erretx izanen. Jadanik euskaraz egitea nere kontsulta garantzitsua zen eta egoiten nintzan ixtant bat heiekin Mixelez mintzo. Bidearen erdia egina nuen!

Eta gauza bera medikuntzatik kanpo, bereziki jende xehearekin. Bertzeri idekia zen, behar zen denbora hartzen zuen jendearen griñen aditzeko eta egin ahalak egiten haiei laguntzeko.
Bai segur humanista zen eta erakusterat eman du bere egintzetan. Adibidez, 1936-37 urteetan, Espainiako gerla denboran, 155 000 Euskal iheslari Iparraldean sartu zirelarik - sustengu bazorde bat zutik eman zuen bertze bi Uztariztarrekin Louis Dassance eta Eugene Goyheneche. Iheslari anitzekin harreman bereziak ukan zituen eta heitarik zenbait izan dira, hil arte, haren adiskide minak.

Mixel zinez abertsalea zen, hausturarik gabe eta beti indarkeriaren kontra agertuz ; Mixelentzat gizona lehen zen. Erakusterat garbiki emaiten daukute berak moldatu bertso hauek:

Aberriaren askatasunaz profetak mintzo denetan,
Zauri guzien erremedioa daukate hitz batetan.

Errepika
Nik ere nai dut Askatasuna
Izaitekotan Gizonarena.

Txori txikiak, kaiolan denak, azkatasuna zertako?
Libratu eta erortzen bada arranoaren meneko?


Fede handiko gizona
Nolaz ez. giro girxtino eta abertzale batean altxatua izan da bere familian eta bere sortherrian, Uztaritzen. Herri hortako Fraiden eskolan eta gero Seminario ttipian ikasle izan da. Halaber parte hartu du han bereko talde gehienetan hala nola "Euskalherrizaleak" elkartean. Hunek zuen kudeatzen Piarres Lafitte apezak 1934-an sortu zuen "Aintzina" aldizkarrian. Denek azpimarratzen dute Piarres Lafitte.n eragina Mixelek bere biziari eman dion norabidean, dela euskaltzale alorrean dela politika sailean.

Hara Mixelek berak zer erraiten zuen 1976-an:
"14-15 urte nintuelarik nere eskola Demokratia kristianoaren familia izan zen eta egun ere hala da".
Bayrou-k, kontseilu orokorreko lehendakariak eta adiskideak, Mixel hil zelarik, hauxe idatzi zuen :
"Fede haundiko gizona zen. Jakin du Demokratia kristianoaren idealari fidel egoiten eta biziak ekarri pairamenak baikorki jasaiten"
.

Eta pairamenak izan ditu Mixelek bere bizian. Bere emaztea, 5 semeen ama galdu du, 33 urte zituelarik. Biak Pariserat abian zirelarik, etxeko ate aintzinean supituko hil zen. Huna zer dion bere andre zenari eskain olerkian:

"Urrieta gau eder batez Ama joan zinen bidaiez.
Bidaia hori nik uste baino luzeago zen zienez:
Zeruko treina hartu zinuen Parisekoaren partez,
Adiorik gabe utzi dituzu zure umeak nigarrez".

Zenbait urte berantago 1969-eko uztailaren 13-an bere seme gehiena Beñat, bide istripu batean, Kanbon berean hil zen. 16 urte zituen. Ama zenduz geroz, Beñat seme zaharrena zen, Maite Mixelen arrebarekin familiaz arduratzen.

Huna "bortz iturri" karia hortarat egin bertsoetarik zonbeit:

"Bortz iturri baziren neure mendietan
Bortz iturri kantari, alai harroketan.
Edaten maite nuen heien ur hotzetan,
Hetarik baten kanta agortu da betan.

Mundarraingo kaskoa harrokak inguru,
Mendirik ederrena dirudi gaztelu.
Bortz semeren erdian banuen urgulu,
Zeruko Jainko Jaunak, bortizki no nauzu".

Bere fedean atzeman zuen Mixelek behar zuen indarra. Zorigaitz izigarri hoieri ihardokitzeko.

AZKEN MEZUA

Nere hitza amaitu nahi nuke aipatuz "Kanta berri" olerkia. Hau da Mixel Labeguerie-ren azken idazkietarik bat. Iduritzen zait mezu bat bezala hortan uzten daukula. Aldarrikatzen du bere abertzaletasuna (zenbaitek Mixel Enbata-tik urrundu zelarik gaizki hartu zuten. Batek traidore bat bezala zaukan). Bakezaile den xoria igortzen du Anai Artean berezle samurlaria izan bada.

Azkenik dio kulturak salbatuko duela Euskal Herria. Huna kantu hortarik zonbeit bertso:

"Oi kanta berri, zurekin nago orain duela aspaldi,
Zuretzat nuen kar bero hura suntsitu ez da dirudi.
Beste lanetan iragan ditut egunak eta gau-aldi,
Bainan oraino ez dut ukatu Euskadi nere Aberri .

Oi kanta berri bihotzetikan ezpainetarat jalia,
Euskal airean bihaltzen zaitut, zu nere mezularia.
Anai Artean izatu banaiz beresle zamularia,
Izan izaite zu ene partetik Bakezale den xoria.

Oi kanta berri gure herriak behar du bide eta zubi,
Etxetan ere baitezpadako argiarekin , ur garbi.
Horiek denak ez dira aski bizi dadien Euskadi,
Hanbat oraino beharko ditut kanta bat eta kanta bi".

Hortan utziko dut, deneri oroitaraziz gizon maitagarri hori dugula omenduko, Kanbon, 2000-ko urriaren 14 eta 15 etan. Segur naiz egun haundiak direla eta, Mixel dugula gogoan, kantaldi xoragarri batean, kartsutasunean erranen dugula boz eta bihotz batez: Bai Euskarari, Bai Euskal-Herriari.



Laurent Darraidou, idazlea
Argazkiak: Auñamendi entziklopedia

Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5-12)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved