Luzien Etxezaharreta askok "Gure Irratian"
egiten duen kazetari lanari esker ezagutzen badute ere, azken
hogei urte hauetan eta gaur egun ere, Ipar Euskal Herriko literatura
bultzatzaile eta hedatzailetariko bat izan da. Hain zuzen ere,
"Maiatz" aldizkari literarioarekin eta "Gure Irratian"
egiten dituen emankizun literarioekin, Luzien Etxezaharretak
literatura, eta honekin, euskararen erabilpena, Lapurdi, Zuberoa
eta Nafarroa behereko etxeetara hurbiltzeko aukera ukan du. Horrez
gain, "Maiatz" aldizkarian edo beste olerki bildumetan
idatziak azaltzen aritu izan da azken urte hauetan. Gaur egun
euskal literatura zabaltzeko tresnak martxan jarriak baldin badira,
gaurko egoerara heltzeko bidea luzea izan zen, literatur maitale
gisa beretako eta berarekin lanean aritu zirenentzat.
Literatura euskara bultzatzeko tresna bat bezala erabiltzen zutela
azpimarratzen du kazetariak. "Horregatik gaur egun ezagunak
diren idazle batzuk eta ni elkarretaratu ginen eta gogoeta hauek
praktikan ezartzeko tresnak martxan jartzen aritu ginen".
Hirurogei hamarkadan hasi eta gaur egun arte, hogei eta hamar
bat urte pasa badira ere, hasierako borroka eta grina hau oraindik
ere Iparraldeko jendartean gai bizi-bizian dela argitu du. Azken
hogei eta hamar urte hauetan, euskal literatur berritzaile baten
eramaileetariko bat izan den kazetari eta idazle honek, urte
guzti hauetan, beraien gogoetak plazaratzeko iragan dituzten
gora beherak aipatzen ditu.
-Literaturak betidanik garrantzia anitz ukan du Ipar Euskal
Herriko kulturan. Zu "Maiatz" aldizkaria sortu zenetik,
kultura hau urtez urte hedatzen eta plazaratzen saiatu zara beste
hainbat idazle eta olerkarirekin batera. Aipatzen ahal duzu zein
izan zen zuen abiapuntua honelako aldizkari bat sortzeko? Militante askok bezala,
euskararen griña ukan dut. Hori aspaldiko kontua da, ni
ikasle hasi nintzelarik, 64 urte horretan "Egia" izeneko
aldizkarian hasi nintzen . Urte batzu berantago, "Ikasle"
izeneko aldizkaria egin genuen eta, 69. urterarte iraun zuen.
Aldizkari hau, Bordele, Paue, Tolosa eta Parisen, Ipar Euskal
Herriko ikasleen kokaguneetan banatzen genuen. Ni beste anitz
bezala, "Herria" astekarian hasi nintzen kronika batzu
egiten, batez ere, ikasle munduko berriekin. Hogei urte horietan,
Euskal Herriaren nortasun horri buruz, ene burua galdezkatu nuelarik,
uste dut aski errezki ohartu nintzela ere euskararen garrantziaz.
Bestalde, lehen Ipar Euskal Herriko abertzaleak, euskaltzaleak
zirela ere azpimarratu behar da. Hirurogei hamarkada horretan,
Hego Euskal Herrian bezala, baziren gogoetak euskara baztertua
zelako: ez zen, adibidez, hiztegirik euskaraz. Egungo egunean
gauza harrigarria badirudi ere, nahi bazenu euskaraz idatzi eta
hitz batzuk bilatu, Ipar Euskal Herrian hiztegi bakar bat genuen,
Tournier Lafittena, edo Lhanderen hiztegia. Gero ere, urte horietan
formakuntza batzuk egin genituen, "Amaia" izeneko elkarte
batean Pierre Lafitte gomitatu genuen hitzaldi batetara, eta
Euskal Literaturaren historia aipatu zigun. Hots, askok bezala,
nik Euskal Herriaren nortasunaren defentsan sartu nuen euskararen
defentsa. Baina, lehenago, behar genuen urrats bat egin euskararen
eta euskal literaturaren jakintzari begira.
-Beraz euskal literaturaren inguruan sortu zenuten "Maiatz"
aldizkariaren lehen helburua, euskara eta literatura jakintza
hedatzea zen?
Aldizkari bat euskal literaturaren inguruan aipatzea, beharbada
hitz handi bat aipatzea da. Ipar Euskal Herriko idazleei espazio
bat eskaintzea zuen helburu bezala. Gai honen inguruan gogoetak
han edo hemen egin genituen. Gogoan dut bilera bat izan zela
Beloken eta horretara Ipar Euskal Herrian denbora horretan idazle
bezala ezagunak ziren gehienak gomitatu genituen. Bilera honetan, garai horretan unibertsitatean,
ingeniero edo irakasle bezala ibili zirenak euskaraz idazteko
ahaltasuna anitz bazituztela ohartu ginen. Hauen artean, Piarres
Xarriton edo Iratzeder, adinekoak eta Itxaro Borda- hamar urteetan
Itxarok jadanik idazten zituen kronikak herrian- bezalako gazte
berri batzuk aurkitzen ziren. Garai horretan ere "Gure Herria"
aldizkaria desagertua zen. "Herria" astekariak ordezkatu
bazuen ere, Ipar Euskal Herrian idazteko bideak oso murritzak
ziren, eta, Hegoaldeko frankismoak ate nagusiak ixten zituen.
Mugimendu bat bazen ere, eman dezagun idazle berrien inguruan,
finkapenik ez zen. Oraindik klandestinotasun bat bazen euskararen
inguruan. Baina, beti sentitu dugu Ipar Euskal Herrian behar
genuela zerbait berezia egin. Ikusten zen indarra Hegoaldean
pizten ari zela eta gu, ahulak ginela Iparraldean.
-Nola abiatu zen "Maiatz"?
Gure eskualdean ez zen sorkuntza berri bat bultzatzeko nahikeriarik.
Hortaz, ez baginen ere berehala ohartu, nahi genuen indar bat
egin. Orduan "Maiatz" aldizkariaren sortzea izan zen.
Nihaur, 81ean Euskal Herrira itzuli nintzen, eta harremanak izan
nituen Itxaro Borda, eta belaunaldi berri batekin: Manex Lanathua,
Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi, edo besterekin. Dudarik
gabe idazteko gogo azkar bat bazen. Eta sentitzen genuen mundu
berri horri buruz joateko gogoa bazela. Halabaina, Ipar Euskal
Herria garai horietan gaztez hustua zen eta kultur iraultza bidean
zen bat euskararen aurka.
Telebistaren lehen efektuak agertzen ziren, eta euskara abiadura
handian galtzen hasi zen. Euskaltzaleen Biltzarra, eta horrelako
erakunde publikoak, euskararen defentsan ari zirenak, guztiz
galtzen ari ziren. Beraz hutsune handia bazen euskararen kapituluan.
-Ziurrenik ikusiz garai horretan aipatzen dituzun arazo
horiek, "Maiatz" bezalako aldizkari bat martxan jartzea
ez zen erraza izan behar?
Bai, orduan aldizkariaren egitea zaila izan zen. Arazo anitz
ukan genituen bi lehen zenbakiak egiterakoan. Harrera ona izan
zen, 82. urteko otsailean aldizkariaren lehen atala plazaratu
genuelarik. Xarriton partaide genuen hastapenean, nahiz hor lehen
zenbaki horretan galdera bat pausatu zigun, ea ikerketa, unibertsitateak
egin literatur analisiak eta beste sartzen ahal genituen sorkuntzaren
ondoan. Garai horretan ez baitzen tokirik horiek plazaratzeko.
Orain aldiz, Lapurdum bezalako aldizkari bat bada horretarako
edo Hegoaldean ere horrelako lanak egiteko aldizkari ugari badira.
Baina, garai horretan ez zen posible "Maiatz" aldizkarian
horrelakorik egitea. Gainera idazteko gogoarekin, gero eta jende
gehiago bazen, eta testuak bidaltzen zizkiguten.
Urtetik urtera gauzak hobetuz joan dira eta orain 33. zenbakia
plazaratzen ari gara. Oraindik gora beherakukan baditugu ere,
Ipar Euskal Herriko idazle berrien lan biltzaile garela erran
daiteke, denen onespenarekin egin delako. Funtzionatu dugu dirulaguntzarik
gabe, nahiz Euskal Kultur Erakundeak
(EKE) azken hamar urte hauetan laguntza bat eman digun. Baina,
laguntza horiek gabe ere bizitzen ahalko ginen, gauzak plazaratzeko
nahikeri bat zegoelako. Aldizkariarekin batera liburu sail bat
atera dugu. Orain 45 liburu argitaraturik dira, eta Itxaro Bordaren
lehen liburua, Aurelia Arkotxa, Manex Lanatua, Henriette Aire,
Maddi Pelot eta beste batzuen lanak lehendabiziko aldiz plazaratu
ditugula pozgarri da pentsatzea. Lehen urrats hori maiz zailena
da eta inportantea ere idazle baten bizian.
-Literaturgintza bultzatzeko, azken urte hauetan egin duzuen
edo duzun lana ikusiz, esaten ahal da zuretzat literatura sustatzea
militante jokaera bat izan dela...
Militantismo natural bat izan da. Abertzaletasunak ez du baitezpada
euskaltzaletasuna sortu. Baina guretako ebidentea zen, euskararik
gabe Euskal Herririk ez zen posible. Eta horretarako literatura
idatziak, badu funtzio inportante bat mintzairaren finkatzean.
70. hamarkada horretan liburutegiak hondatzen ari zirela ohartu
ginen, adineko hainbat pertsona, euskara ongi zekitenak hiltzen
ziren eta galtzen genituen euskarazko hainbeste erranmolde eta
aberastasun.
Gure eginbide bat zen eta da oraindik, Ipar Euskal Herriko euskalkien
aberastasun horien atxikitzea, biziaraztea eta sortzea gaurko
literatura berria. Gure moldean, euskara biziarazi, aurkotu,
gaurko gaiak aipatu eta, bistan da, euskararen akats nagusi batzu
zuzendu ditugu. Adibidez, gure "Maiatz"-en lehendabiziko
aldizkarietan testu erotikoak sartu ditugu. Orain teoria anitz
egiten dira horren inguruan, baina badira testu probokatzaileak
ere garai horretan publikatu zirenak. Mundu berrien testuak baziren
ere; euskal testuak ez dira beti ari laborantza munduaz, edo
herriko plazako munduaz. Mundua eta hiritartasuna ere aipagai
izan dira. Euskal Herriak parez pare ukitzen duen krisi moral
eta soziala, gure produkzioan isladatzen ahal dela uste dut ere.
-60. hamarkada horretan eta gaur egun oraindik ere, beraz,
esaten ahal da "Maiatz" aldizkarian parte hartu duzutenak
garaikideak izan zarete Euskal Herriko literatura mailan... Halabainan, bainan nonbait jarraipena eta errepikapena
bada. Maiz konzientzia dugu, lehengo denboretako testu batzuek
gaurkotasuna badutela beti. Eta ahanzten dira gehiegi ere lehengo
gauzak, eta gaurko jendartean horri kasu eman behar zaio. Baina,
berrikuntza eta sorkuntza batean gara. Gaurko idazleak formakuntza
internazionaletik abiatzen garela argi dela esaten ahal da.
Formakuntza internazional hau, bereziki, unibertsitatea eta telebistaren
influentziarekin mundu osoari konektatuak garelako erraten ahal
da. Eta aipatu gabe, orain daukagun Internetek oraindik lotura
hori handiagotzen du. Beraz munduko literaturan diren esperientzia
ezberdinak ere guregana heltzen dira. Halabaina, gaur egun Iparraldean
den arazo handiena irakurle gutxi eta euskaldun gutxi dela da
eta euskarak baztertua jarraitzen du.
Horiek hola norberak bere bizian beti aitzinako bidea hartzen
du naturalki. Orduan horri garaikidetasuna deitzen ahal zaio.
Gure bizian gaurko egunetaz eta biharamunaz piska bat amestuz
ari gara. Iragan literaturak ere ematen dizkigu, zorionez, beste
literaturetan bezala erreferentziak. Eta erreferentzia horiekin
ere, hizkuntza bat eraikitzen da. Eta horiek oro dute sorkuntza
egiten. "Maiatz"-en eginbidea, hala ere, hogei urteren
buruan aitzina joatea da, biziak beti aitzina eramaten gaituelako.
-Zu hainbeste urtez Ipar
Euskal Herriko literatura munduan ibili ondoren, erraten ahal
da Ipar Euskal Herriak berezko literatur bat daukala? Gaur egungo Iparraldeko literatura oso lotua da Hegoaldeari.
Gaur egun ez da erraten ahal Ipar Euskal Herriko literatura,
baizik eta "euskal literatura" bere orokortasunean.
Ipar Euskal Herriko nortasuna, gaur egun euskalkien influentzian
bermatzen da. Gaurko Ipar Euskal Herriko idazle batzuetan Hegoaldeko
influentzia argia nabaritzen zaie eta horrek erakusten ditu loturak.
Iparraldeko idazleek, Hegoaldeko idazleak irakurtzen dituzte.
Gainera hogei urtez beti kolaboratu dugu Hego Euskal Herriarekin,
zubia beti izan dugu eta influentzia azaldu da. Zer nahi gisaz,
literatura gauza oso pertsonala da ere eta idazle bakoitzak bere
influentziak jasaten eta paperean ematen ditu. Euskal Herriko
literatura bat errateaz gain, aipatzekoa da geroz eta gehiago
kultura unibertsal batean sartzen garela eta Ipar edo Hegoaldeko
idazleek informazio berdinak dituztela gaur egun. Beraz, gero
eta gehiago Ipar eta Hego Euskal Herriko literaturak hurbilduko
direla uste dut. Baina, hala ere Iparraldeko idazleok badugu
zor bat orain arte euskara irakatsi diguten guraso eta irakaslekin.
Horiei esker,gutara heldu dira aberastasun anitz, eta beraz indar
bat egin behar dugu Iparraldeko euskalkiak ongi ikasteko eta
erabiltzeko.
-Gaurko literatura eta bere eragina internazionala aipatzen
duzunez. Nola ikusten duzu euskal literaturaren geroa? Gaur egun adibidez harritzen naiz zenbat idazle interesgarri
izan den eta baden Bosnian. Ikusten da Euskal Herritik zein hurbil
diren beren problematikak. Hau ikusiz, hizkuntza txipiek elkarren
artean badugula asko irabazteko iruditzen zait. Esate baterako,
harremanak antolatuz Bretania, Okzitania, Korsikarrekin badugu
asko egiteko bai itzulpen mailan eta bai trukaketa mailan ere.
Han eta hemen literatur topaketak egiten dira Europako mintzairen
idazleen artean. Hau egiten badugu asko irabaziko dugu, denek
arazo berdinak ditugulako gure hizkuntzaren etorkizunari buruz.
Euskal literaturaren etorkizuna Europan kokatzen da.
Argazkiak:
Ainize Butron
Euskonews & Media 90.zbk (2000
/ 9 / 8-15) |