|
Globalizazioa prozesu
ukaezina da, erreala, bereziki finantzak eta teknologiaren zabalpena
badira gure arretagunea. Hala ere, globalizazioaren garrantziari
buruzko iritziak ez datoz bat. Horrela, Hirst/ Grahame-ren esanetan
globalizazioa ilusiorik gabeko mundu bati dagokion mitoa besterik
ez litzateke. Benetan, ordea, merkataritzaren portzentaia, Barne
Produktu Gordinarekin alderatzen badugu, ratio hau beste garaietan
handiagoa ere izan dela ikusten da. Besterik, atzerriko inbertsio
zuzena lehen munduan ematen da gehien bat, eta ez da benetan
globala. Eta enpresa transnazionalak, berez, oinarri nazional
bat duten enpresa multinazionalak dira. Emigrazioa, bestalde,
askoz handiagoa izan da beste garaietan gaur egun baino. Bestetik,
idazle batzuk nahiago dute erregionalizazioz hitz egin, benetako
prozesu erabakigarri gisa (Europar Batasuna, NAFTA, Ekitalde
urruneko eremu informalagoa). Honekin globalizazioaren egitura
asimetrikoari hobeto erantzuten zaio. Izan ere, inklusio-esklusio
prozesuak ezaugarritzen dute globalizazioaren martxa, globalizazioaren
bitartez probetxu bat lortzen dutenen eta kaltea jasotzen dutenen
artean, bai nazioarte mailan, baita gizarte baten barnean ere.
Hala ere,
badaude globalizazioaren murrizketa eta alde ilun hauek ikusi
nahi ez dituztenak eta hauek globalizazioaren alde agertzen dira,
berau prozesu autonomo gisa aurkeztuz, gizakien ekintzei eta
kontroleei ihes egiten dien prozesu gisa. Merkatuak berez helburu
honetara zuzentzen omen duen globalizazioaren ideia hau, benetan
prozesu errealaren ulermen eskasa eta nahimen ahula ezkutatzeko
tresna da. Benetan, globalizazioaren garapenak erabaki politikoen
mende egoten jarraitzen du. Horrela, Kanten kosmopolitanismoa
berriro eguneratzen saiatzen ari da zenbait pentsalari, IX. Naziaorteko
Kant-Kongresuan Berlin-en ikusi ahal izan dugun moduan. Hau zuzenki
globalizazioak gizarte eta politika mailan eskatzen dituen aldaketei
aurre egiteko gertatzen ari da. Globalizazioak sortzen duen nahasmen
anarkia hau gainditzeko egiturei eta erakundeei eman behar die
bide, zeren nahasmenean geratzeak, gaurko arazoen iraupena eta
gaiztotzea besterik ez luke ondoriotzat.
Esan behar
da gainera globalizazio delakoa, aurpegi anitz duen prozesua
dela, ekonomia hutsetik gizarte, politika eta kulturaren eremuetara
zabalduz. Nire interesgunea, ordea, kultura da orohar, eta kultur
aniztasuna eta globalizazioaren arteko harremana bereziki, gai
oso eztabaidatua baita kultur-aniztasuna mehatxatuta omen dagoen
ala ez. Globalizazioak kultur-homogeneizazioa dakarrela esan
daiteke neurri batean, nazioarteko kontsumo kultura baten eran.
Badirudi biodibertsitatearen kontserbazioarako hitzarmenaren
ondoren kultur-aniztasunaren kontserbazioarako beste bat beharko
dugula. Hala ere, natura eta kulturaren parekatze honek baditu
beste arriskuak. Kultura lurra lantzea da jatorriz, beraz, gizakiak
naturarekin duen jarrera, jarrera kolektiboa. Kultura, beraz,
ezin da ulertu guretzat prest dagoen eremu baten gisa, ez gara
kultura batean bizi, baizik eta kultura sortzen dugu, eratzen
dugu. Berriztatze ezaugarri hau ahazten duen kultura desagertzeko
arriskuan geratzen da, zeren gizabanakoa gizartearen tipo bat
bihurtzen baita, bere taldea eta tradizioaren ordezkaria, bere
ahalmen sortzaile eta kritikoak kentzen zaizkiolarik. Horregatik
kulturaren ulermen estatikoak arazotsuak direlakoan nago, hala
nola, Lévi-Strauss-en ideia; honen arabera mundu zibilizazioa
beren jatorrizkotasuna gordetzen duten kulturen mundu mailako
koalizioa da. Honek kulturaren dinamismoa ukatzen du eta bereziki
dinamismo horren ondorio bat: ez dagoela irla moduko kultura
bakarturik, mundu kultura bat bakarra ez dagoen bezalaxe.
Askotan
kultura baten hardware eta software bat badirela aipatzen da,
lehena zientzia , teknika eta ekonomiak osatuko lukete, bigarrena
hizkuntza, mitologiak, balioak, erlijioak, etab. Zatiketa honen
asmoa lehenengo eremuan ematen den globalizazioa onartu eta bigarren
eremuko unibertsalizazioa ukatzea da, modernizazioa bai, mendebaldartzea
ez. Zatiketa hau ere oso arazotsua gertatzen da nire ustez, gizakiaren
jarrera kritikoa lehen eremura baztertzen duelako, bigarrenetik
ezabatuz. Hemen ez naiz hasiko eztabaida hau zehazki lantzen,
baina bere garrantzia azpimarratzen saiatuko naiz. Zatiketa hau
bultzatzen duen jarrerak giza eskubideen unibertsalitatea ukatzen
du, kultur imperialismoaren adar bat balitz bezala. Bizimodua,
tradizioa eta balioak aldatzen dituen ideia arrotz hori ez omen
da onargarria. Hala ere, jarrera honekin gizakiaren banakotasuna
eta bere jarrera kritikoa ezinezkoak egiten dituen bizimodu,
tradizio eta balioak babesten dira, eta funtsean botere egitura
oso konkretuak babesten dira. Horrela, adibidez, Jainkoaren legean
oinarritutako balio alternatiboak defendatzen dituztenek, funtsean
gizakien lege oso konkretu batzu babesten dituzte Jainkoaren
izenean. Beti ahaztu egiten da Mendebaldean sortutako giza eskubideen
oinarriak gizabanakoari errespetua eta bere hausnarketa askearen
garapena direla, kultur aniztasuneko eremu batean. Aniztasunezko
egoera horri aurre egiteko tresna da giza eskubideen ideia, Mendebaldean
bestearekin harremana norbere buruaz egindako erreflexioaren
parte delako. Honek ez du kultura, bizimodu edo erlijio unibertsal
bat inposatzen, baizik aniztasuna bizi ahal izateko behar diren
norma orokorrak, eta beraz, gizabanakoaren jarrera kritikoa ukatu
nahi duten kultura, bizimodu edo erlijioaren aurka soilik egingo
dute giza eskubideek.
Bestalde,
ordea, globalizazioa identitate anitzen mehatxu gisa agertzen
da, kultur-alienazioaren eragile gisa, eta horrek era guztietako
erreakzioak sortzen ditu. Dena den, globalizazioa eredu liberal
baten arabera bultzatzen bada, merkatuaren legeak soilik onartzen
dituen eredua, lana eta lurra ere merkantzia bihurtuz, eta politikari
bere funtzioa kentzen bazaio, orduan globalizazioaren aurkako
erresistentziak ere forma apolitikoak hartzeko joera izango du.
Mundu mailan ingurugiroaren defentsa, eta tokian-tokiko mailan
etnia, hizkuntza, erlijio, ezberdinean oinarritutako identitatearen
defentsa gisa. Testuinguru honetan oso garrantzitsua gertatzen
da identitatea eta legitimazioaren oinarriak nolakoak izan behar
duten erabakitzea, politikoak ala kulturalak, edo alderdi bakoitzak
zein pisu izan behar duen erabakitzea.
Bukatzeko,
kulturaren ulermen dinamikoa azpimarratu nahi dut berriro, zeren
bestela eremu txikiko kulturak desagertzeko arriskuan dauden
abereen gisara tratatzeko arriskua sortuko baita. Horregatik,
kultur-aniztasunaren onarpenak tolerantzia baino gehiago, izan
behar du, zeren tolerantzia hutsa estatikoa da, pasiboa. Kultur-aniztasuna
erronka gisa hartu behar da arazo gisa baino; erronka kulturen
berezitasuna errespetatuz aldi berean beren arteko komunikazioa
eta elkarlana ahalbidetzea da. Ibon Uribarri doktorea irakasle gonbidatua
da Oxford-en |