|
Hogei urte igaro dira Angel Amigok zinema
independientearen bide arriskugarritik abiatzea erabaki zuenetik.
Imanol Uriberekin batera egindako "Segoviako Ihesa"
filmarekin eman zen ezagutzera, bere larruan ezagutu zuen ihes
historiko haren bitartez. 1981. urterako, artean 29 urte besterik
ez zituela, "Operación Poncho" eta "Pertur"
liburuak idatzi zituen, ETAko kide izan zen, Egin egunkariaren
sortzaileetako bat izan zen, eta kazetaritzaren arloan ere ibili
zen "Ere", "Zeruko Argia" eta "Punto
y Hora" aldizkarietan. Euskal Ekoizleen Elkarte Independienteko
lehendakaria izan zen 1982 eta 1983 artean, eta Donostiako Nazioarteko
Zinemaldiko Batzorde Nagusiko kide 1983 eta 1984ean. Handik bi
urtera, 1986an, Igeldo produkzio etxea sortu zuen, eta 1997an
Compañía Vasca de Audiovisuales S.A. Horrela sartu
zen "zortea, intuizioa eta arriskua" moduko faktoreak
berebizikoak diren lanbide "txundigarri" honetan.
Errenterian jaiotako ekoizle
honen curriculuma film, dokumental eta telebista saioz josia
dago, besteak beste aipatzekoak izanik "Euskadi Hors D'etat",
"Ehun metro", "Album de Familia", "Maite",
"Bi eta Bat" eta "Jaun eta Jabe". Bere azken
lana, Ana Diezek zuzendutako "La Mafia en La Habana"
dokumentala, uda honetan bertan estreinatu da. Ez da zuzendari
aragoiar honekin lan egiten duen lehen aldia, 1990ean Zuzendari
Berri Onenaren Goya saria eskuratu zuen "Ander eta Yul"
filman ere elkarrekin aritu baitziren. Ekoizpen lanetan aritzeaz
gain, Kubako San Antonio de los Bañoseko Zinema Eskolan
irakasle gisa ere badabil Amigo, eta bizitzak eskainitako "une
eta aukera guzti-guztiak aprobetxatu" dituela aitortzen
digu.
-Denborak nahaspilatuta
zebiltzan garaian sartu zinen zinemaren munduan, eta nahiko modu
berezian gainera. Nola gogoratzen duzu hasiera hura? Egia da; kasualitate
hutsez sartu nintzen zinemaren munduan. Nire bokazioa, hitz honek
ezer esan nahi badu behintzat, kazetari izatea zen, baina ez
nituen kazetaritzako ikasketak amaitu, ETAn sartu nintzelako.
Gero atxilotu egin ninduten, eta
Segoviako Ihesean parte hartu nuen. Azkenean amnistiarekin atera
nintzen. Ikasketak amaitzear neuzkala, Ere aldizkarian hasi nintzen
lanean. Egun batean Imanol Uribe azaldu zen erredakzioan, nire
liburua ("Operación Poncho") asko gustatu zitzaiola
esanez. Film posible baterako gidoia idazten laguntzeko eskatu
zidan, eta gidoi bat idaztearen inguruan ideiarik ez neukan arren,
animatu egin nintzen. Baina asmo horrek gauzaezina zirudien,
gidoia idatzita geneukanean filma egiteko behar adina baliabiderik
ez geneukala konturatu ginen-eta. Orduantxe hasi zen Eusko Jaurlaritza
Kultura Sailerako lehenengo transferentziak martxan jartzen,
eta zinemara bideratutako partidei esker "Segoviako Ihesa"
egiteko dirua eskuratu genuen.
-Lanbide ugaritan jardun
duzu, kazetari, autore, ekoizle, idazle gisa, eta abar. Zeinetan
aritu zara erosoen? Orain bertan ekoizlearen
lanbidea iruditzen zait erosoena, baina gauza berria da. Ekoizpenaren
mundua oso konplexua da. Hainbeste filmetan aritu ondoren, oso
ezagupen baliotsuak lortu ditut, baliotsuegiak albo batera uzteko.
Gainera, ez zait ekoizpena alboratzeko moduko bestelako aukerarik
aurkeztu. Poztasun asko izan ditut zinemaren munduari esker,
baina ez derrigorrean zinematografikoak. Alegia, lanbide honi
esker ia mundu erdia ezagutzeko aukera izan dut: Portugalen,
Frantzian, Txinan, Kuban, Mexikon, Argentinan eta abar izan nahiz
filmatzen. Zinemaldi asko eta askotan hartu dut parte, eta egin
ditudan bidaiei esker jende eta leku zoragarriak ezagutu ahal
izan ditut. Nire kuriositatea asetzeko aukera izan dut, eta horrek
asko lagundu dit filmak egiteko orduan. ETBrako egin ditudan
lanek ere on handia egin didate.
-Ekoizle
autodidaktatzat daukazu beraz zure burua... Bai. Ez naiz inolako
eskolara joan, eta, egia esan, ez dut uste honetarako eskolarik
badagoenik ere. Askotan kazetaritzarekin konparatzen dut lan
hau: eskola eta unibertsitateak egon badaude, bai, baina lanean
aritzean ikasten duzu noiz eta nola egin behar diren gauzak.
-Nolanahi ere, zinema eskola
bateko irakaslea zara... Bai, bi urte daramatzat
Kubako San Antonio de los Bañoseko Zinema Eskolan, dokumentalak
ekoizteari buruzko klaseak ematen, eta ikasleak ez dira ezertaz
enteratzen. Oso zaila da lanbide honen barruak ezagutaraztea:
proiektu bat montatzea, musikari egokia aurkitzea, aktore perfektua,
egundoko gidoilaria... Espekulazio hutsa da. Lanbide honetan
garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko
gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala
lehenengoa baino errazagoa izango da beti. Aro desberdin batzuk
igaro beharra dago; ez da hori kenduko dizun Jainkorik. Mundu
honetan daramatzadan hogei urteotan aldaketa asko ezagutu ditut:
Gobernuarenak, legegintzaldikoak, gizartearenak... eta bizirik
atera naiz; ez dakit oso ondo zergatik, baina hala da. Agian
hasieratik oso garbi neukalako zein zen nire bokazioa. Gobernuan
UCD zegoela sartu nintzen zinemaren munduan; pentsa zenbat gauza
aldatu diren ordutik. Inongo eskolak ez dizu etorkizunean zer
gertatuko den eta horrek nola eragingo dizun esplikatzen. Eta
horrek guztiak zuzenean eragiten du norberaren lanean.
-Zenbaterainoko aldea dago
gaur egungo eta duela hogei urteko zinematografiaren artean? Esango nuke trantsizio
garaian zineman edozer egiteko prest zegoenaren alde egiten zela;
gaur egun ez da hain erraza ekoizle independientea izatea; hastea
agian bai, baina jarraitzea ez, inola ere ez. Diru partidak esleitzeko
orduan irizpide kulturalei jarraitzen zitzaien batik bat, ez
hainbeste industrialei. Edonork zeukan zerbait egiteko gaitasuna,
ez zen beharrezkoa produkzio konpainia bat edukitzea edo ekoizle
profesionala izatea. Azken urteotan, ordea, industriarekin lotura
handiagoa daukaten alderdiei begiratzen zaie.
-Zer nolako baldintzak
bete behar izaten dira? Adibidez, Televisión
Española film baterako diru laguntza emateko prest dagoenean,
kontu handiagoz ibiltzen da, eta beste hainbat alderdi ere hartzen
ditu kontuan: profesionalen esperientzia,
aurrez egin duten lana, zein aukera eskaintzen dituzten, eskaintza
horren kalitatea... Ekoizpenak, diruari eta publikoari begira
lantzen dira. Lehen, gutxi izan arren, aseguratuta zeuden ikusleak,
baina gaur egun, ikuslerik gabe, dirurik ere ez da egongo, eta
horregatik kontu gehiagoz jokatzen da.
-Orduan, gero eta zailagoa
iruditzen zaizu industria zinematografikoan aurrera egitea? Zaila da oso. Eta
esango nuke Estatu espainiar osoan ez dagoela ekoizpen indpendientean
hogei urte daramatzan besterik. Jendea aldi baterako bakarrik
sartu da mundu honetan, gauzak maila komertzialago batean planteatzen.
Batzuek ekoizpen zinematografikoak partitzen amaitu dute. Ez
dut uste esklusiboki ekoizpen independientetik bizi den besterik
dagoenik. Ezagutu ditudan ekoizle gehienak bidean gelditu dira,
eta beste ogibide batean hasi dira, edota, lanbide honekin jarraitzekotan,
beste batekin tartekatzen dute. Lanbidez aldatzea ez zait hain
zaila iruditzen; izan ere, arlo hau oso txundigarria da. Banku
bateko arriskuen arduradun izanik, igoera beti mailakatua, txikia
eta mugatua izango da, baina esparru honetan edozer gerta liteke:
aberastu egin zaitezke, edota miseria gorrian gelditu. Mundu
zabal honetan ametsak egia bihur daitezke, ez baitu mugarik ezagutzen.
Guztia ustekabekoa, zirraragarria eta aurreikustezina da.
-Zein izan da egin dituzun
bidaia guztien artean gehien txunditu zaituena, edo lan egiteko
iturbururik onena? Gehien txunditu nauen
lurraldea Latinoamerika izan da, zalantzarik gabe, aldiberean
oso hurbila eta oso urruna delako. Hizkuntzak engainatu egiten
du: ezagutzen duzunez, nolabait herrialdera hurbiltzen zaitu,
gertukoa egiten zaizu, baina engainu bat da; etxean zaudela pentsatzen
duzu, baina gero ohartzen zara horrek ez daukala ezagutzen duzunarekin
zerikusirik. Lacandonen etnia mexikarra ezagutu nuen, eta espainiarrez
hitz egiteak indigenen laguna egiteko aukera eman zidan. Beti
gustatu izan zait bidaien inguruko literatura, amets modukoa
zen niretzat, eta azkenean egia bihurtzea lortu dut. Kubarekin
harreman handia daukat, lan kontuak direla-eta askotan joaten
naizelako hara, eta horrek bestela ezagutuko ez nituzkeen jendea
eta bizimoduak sakonean ezagutzeko aukera eman dit.
-Hainbeste
leku ezagututa, zein da Euskal Herriko gaur egungo ekoizpenari
buruz daukazun iritzia? Gaur egungo ikusleek
gustu unibertsalizatuak dituztela onartu behar da; hori ukatzea
gezurretan ibiltzea litzateke. Amerikarrek entretenimenduaren
aldeko apustua egin dute, eta emaitza onak lortzen ari dira.
Hemen kulturaren aldera jo da beharbada, baina denetarik dago.
Hala ere, Euskal Herrian Estatuko hiriburuan baino askoz errazagoa
da zinema eta telebistan sartzea; Madrilgo edozein telebistan,
ETBk eskatzen duen kalitate maila baino askoz ere handiagoa eskatzen
dute. Baina tira, Eusko Jaurlaritzak sektore hau bultzatu nahi
izan du, jendeari aukerak eman. Orain ekoizpena industrializatzen
hasi dira, eta gauzek hobera egingo dutela uste dut. Niri zoragarria
iruditzen zait mundu hau, nahiz eta hasi berria den gazte batek
alderantzizkoa esango lizukeen. Hogei urte daramatzat honetan
eta beste ikuspegi bat daukat.
-Zer adierazi nahi izaten
diozu ikusleari film bat ekoizten duzunean? Lehenik eta behin,
nire kuriositate pertsonalaren menpe nagoela aitortu behar dut.
Nire azken lana, "La mafia en La Habana", telebista
saio bat izateko sortu zen, eta metraje luzeko film dokumental
bat izaten amaitu du. Pixkanaka sortu zen, istorio eta agiriak
uztartzen. Egin ditudan lan guztietan, nire kuriositatea, gauzak
ezagutu eta kontatzeko grina, izan da lanean jarri nauen motorea.
Interesgarriak iruditzen zaizkidalako kontatu nahi ditut istorio
horiek. Gauzak nola dauden ikusita, Igeldo Produkzioak askoz
ere pertsonal eta artisauagoa iruditzen zait; alegia, ahal dudan
neurrian behintzat, nik nahi dudanarekin egin dezaket lana, eta
interesatzen zaidana konta dezaket. "Ander eta Yul"
filmaren arrakastaren giltza, bertako jendearekin lan egin behar
genuela hasieratik garbi geneukala izan zen. Eta oso ondo atera
zitzaigun.
-Zer kontatu nahiago duzu:
fikzioa ala errealitatea? Segun. Batzuetan
fikzioak tentatzen nau, eta beste batzuetan errealitateak, baina
ez daukat irizpide finkorik. Denboraren joanean egiten dut lana,
segun eta gauzak nola doazen.
-Zerekin egiten du topo
Angel Amigok atzera begiratzean? Denbora dezente aprobetxatu
dudala iruditzen zait. Egin nahi nituen gauza asko
egin ditut, nahiz eta ez guztiak. Esperientzia errepikaezinak
bizi izan ditut politikaren arloan, eta esperientzia horiek,
edo dagokien unean dastatzen dituzu, edo betiko galtzen dituzu.
Garai bakoitzean une guztiak aprobetxatzen saiatu naiz, sekula
errepikatuko ez direnak. Zineman bai, modu batera edo bestera
erreproduzi ditzakedalako. Frankismoaren erorialdia azpimarratuko
nuke, Trantsizio garaia oso gertutik ezagutu nuelako Egin egunkaria
sortzen lagundu nuenean. Hori bai izan zela gogoangarria: ezerezetik
zerbait sortzea. Eta horixe bera gertatu zen Igeldo Produkzioakekin:
lehen ezer ez zegoen lekuan zerbait sortzea. Goya saria jaso
nuenekoa... Inoiz itzuliko ez diren denborak dira.
-Zer ikusten duzu etorkizunari
begira jartzean? Asko gustatuko litzaidake
enpresa indartzea, gauza gehiago egin ahal izateko. Orain bertan
ETB, Televisión Española, Via Digital, Telefónica
Media eta abarrekin dauzkat kontratuak. Produkzio etxea asentatzearren
ari naiz hori guztia egiten, sinesgarria eta independientea bihurtzeko
eta geroan lana izateko. Baina sortuko diren aukeren araberakoa
izango da, hau guztia oso erlatiboa da-eta. Istorioek ni erakartzea
da kontua...
Argazkiak:
Teresa Sala
Euskonews & Media 92.zbk
(2000 / 9 / 22-29) |