Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza
Sailaren eskutik sortu zen Kalitatea Fundazioa. Fundazio hau
"Eusko Label" kalitate ziurtagiria kudeatzeaz arduratzen
da eta bertako presidentea da German Muruamendiaraz. Orain arte
Arkauteko Agibidezko Nekazal Eskolan izan dute haien bulegoa,
baina urte bukaeran Abadiñora aldatuko dira.
-Zer da Eusko Labela eta
zergatik sortu zen? Eusko Labela gestionatzen
duen erakundea Kalitatea Fundazioa da eta gu geu 1992an hasi
ginen lanean. Hasiera batean gutxi batzuk zeuden, eta gaur egun
20 lagunetako lantaldea osatzen dugu. Labela etiketa bat da,
"label" hitzak ingelesez etiketa esan nahi du. Zentzu
horretan, Eusko Labela euskal etiketa da. Etiketa horren funtzioa
gure produktuak identifikatzea da eta merkatuan beste produktu
batzuetatik bereiztea. Europako Batasunean sartu ginenean aldaketa
handia gertatu zen, arlo guztietan eta nekazaritzan ere. Azken
honetan, ordura arte produktuak Frantziatik edo Europako gainontzeko
herrialdeetatik hona ekartzeko muga batzuk zeuden: kopuru aldetik,
eta bestetik, arantzelak ere bazeuden. Kanpoko konpetentziak
ez zienez hainbesteko kalterik egiten, hemengo baserritarrek
ez zuten haien produktauk saltzen, baizik eta kontsumitzaileek
eta banatzaileek erosten zieten. Ordura arte saltzeko esfortsu
hori ez zen egin, ez zegoen beharrik. Merkatuari bizkarra emanda
produzitzen zela esan genezake, kontsumitzaileari zer nahi zuen
galdetu gabe. Gainera, produktuaren arabera, Euskal Herrian bertan
kontsumitzen zena %10, 20 edo 30 bakarrik izaten zen. Hau da,
gure autokontsumoa nahiko baxua zen. Egoera horretan, hemen ekoiztea
eta saltzea nahiko erraza zen.
Europa Batuan sartu ondoren, merkatu txiki batetik askoz zabalago
batera igaro ginen. Han lortu ziren akordioen arabera mugak desagertu
ziren, eta, segituan, kanpoko eskaintza hasi zen: bai produktu
barietate aldetik bai kopuru aldetik ere. Bestetik, banaketaren
munduan eman ziren aldaketak zeuden. Orduko hartan gaur egun
banaketa sistema modernoa deritzona (supermerkatuak etab.) ez
zegoen. Aldaketen ondorioz, produktuak saltzeko arazoak sortu
ziren, eta hemengo produktuak baztertuta gelditzen hasi ziren.
Horren aurrean zerbait egin behar genuen. Lehenik, geure egoera
aztertzen hasi ginen, bai produktuari bai merkatuari begiratuta.
Gure produktuak babesteko bilatu genuen tresna Eusko Labela izan
zen. Azken finean, kontsumitzaileak
gure produktuak eros zitzan horiek zeintzuk ziren adierazi behar
genion. Kontuan eduki behar da, lehen produktuak zuzenean saltzen
zirela. Hau da, ez zegoen produktua identifikatu beharrik erosleak
bazekielako zeinek ekoizten zuen. Baina arlo hori murriztuz joan
da jateko ohiturak ere aldatuz joan direlako. Sare hori indarra
galtzen joan da eta beste batzuek, berriz, garrantzia hartzen.
Horregatik, lehenengo pausua zen anonimotik identifikaziora igarotzea.
Ondorioz, lan gehiago egin behar da, ekoizpenari, prestaketa,
enbasaketa eta identifikazio lanak gaineratzen zaizkiolako. Ekoizleen
aurkako erreakzioa izaten da lan hori guztiaren ostean orain
arteko prezioa ez dela lortzen. Baina guk esaten diegu bide horretatik
ez badira joaten, haien produktuak saltzeko zailtasunak izango
dituztela.
-Nola lan egiten du euskal
etiketa honek? Etiketaren K diseinua
Nestor Basterretxeak egin zuen, eta, lehen esan bezala, hura
erabiltzeko araudi bat egin zen. Gehienbat sektoreko elkarteei
zuzenduta zegoen. Baina zera gertatu zen, araua egin baino inork
ez zuela eskatu, horrek eskatzen baitzuen sektorean bertan jendea
antolatuta egon behar zela. Sektoreak produktuan sinestu egin
behar zuen. Orduan konturatu ginen ez bagenuen ezer egiten urte
batzuetan ez zela inor sartuko. Horregatik administraziotik etiketa
bultzatzen hasi ginen. Sektoreak egin behar zuen lana, baina
oraindik behar bezala prestatuta ez egoteagatik egiten ez zuena,
administraziotik bertatik burutu genuen. Gaurko egunean kalitatezko
etiketa gehienbat garatuta duena Frantzia da. Han dagoeneko kontzientzia
bat dago arlo horretan. Nekazaritza sektoreak indar handia dauka,
eta, horregatik, hobeto antolatuta dago. Alde horretatik, geu
gara garena.
Bestalde, zeintzu produktu bultzatzen hasiko ginen erabaki behar
zen. Baldintza bezala jarri genuen produktuaren atzean jende
dexente egon behar zela, hau da, garrantzi soziala edukitzea.
Hori zela eta, haragia, esnea, patata lantzen hasi ginen, baina
apurka-apurka. Kontua zera zen, produktua landu aurretik ondo
aztertu behar genuen zeintzu barietate egokiak ziren, oro har,
ekoizpen prozesu osoa aztertu. Behin faktore guztiak analizatuta,
etiketak lagundu dezakeen ala ez jakin dezakezu. Hasieratik argi
geneukan etiketa lagungarri bat izango zela. Baina gainontzekoa
ez bagenuen ondo egiten, etiketa jartzearekin bakarrik ez zen
ezer lortuko.
-Zein da Eusko Label kalitatea
lortzeko produktuak eman beharreko urratsak? Euskal etiketa sortu
genuenean, zeini emango zitzaion erabaki behar zen. Orduan produktuz
produktu landu genuen eta bakoitzari bere araubidea jarri genion.
Araudiaren barruan ondo zehaztuta dago zein hazi aukeratu behar
den, zein barietate edo arraza, zelan ekoiztu etab. Baldintza
horiek betetzen dituenak eramango du etiketa, besteak ez.
Hasieran aukeraketa
bat egin genuen, eta hainbat produktuk itxaron behar izan zuten.
Adibidez, babarrunak hemen ez ziren askorik produzitzen eta beren
haziak selekzionatzen bost urte eman genituen. Garrantzi handia
eman genion euskal okelari, hortara dedikatzen diren baserritar
ugari daudelako. Baina, oro har, eskaera bat egiten denean mahaitalde
bat sortzen da. Bertan kalitateaz arduratzen diren teknikariak
eta produktoreak biltzen dira, eta elkarrekin produktua lantzen
dute. Hau da, proiektu horrek irtenbiderik daukan ala ez aztertzen
dute. Posibilitateak dauzkala ikusten denean produktuaren aurkezpena
egiten da, hura ekoizteko baldintzak finkatu egiten dira eta
etiketa ateratzen zaio. Produktu orok araudi bat dauka, oso zehaztuta
gainera. Produktuaren arabera, araudian ekoizpen zonak kokatu
egiten dira (badaude produktu batzuk klima dela eta edozein tokitan
hazi ezin daitezkeenak), ekoizpen prozesua bera finkatzen da,
produktu hori zelan merkaturatu behar den ere araudian jasota
dago, zein enbasetan, nola identifikatuta etab. Bestalde, ganaduarekin
batez ere kontuan izaten dugu berau nola hazten den. Hau da,
kaioletan hazi ordez zelaietan egiten dugu. Animalien ongizateari
garrantzia handia ematen diogu. Ondoren, gure hurrengo eginkizuna
araudi hori betetzen den ala ez aztertzea da, hau da, produktuaren
jarraipena egitea.
-Eta arauak ez betetzekotan? Arauan bertan jasota
dago baldintzak ez betetzekotan, ekoizleari abisu bat emango
zaiola, bigarren bat ere. Baina azkenean ez baldin badu kasurik
egiten ezingo du erabili etiketa hori.
-Zenbat produktuk lortu
dute orain arte labela? Hamaika produktuk:
euskal okela, baserriko oilaskoa, arkumea, behi esne pasterizatua,
Gernikako piperra, Ibarrako gindillak, euskal tomatea, euskal
babarrunak (horren barruan hiru barietate: Tolosako babarruna,
Gernikako indaba eta Arabako pintoa), Arabako patata, eztia,
hegaluzea (hiru kanpaina daramatzagu hegaluzearekin lanean),
euskal baserriaren barruan barazkiak (piperra eta tomateaz gaindi
dauden hainbat barazki sartzen dira), eta jatorrizko izendapena
duten produktuen barruan Araba Errioxako ardoa, Idiazabal gazta,
Getariko txakolina, Bizkaiko txakolina eta baita ere produktu
ekologikoak, nekazaritza ekologikoaren bitartez ekoiztuak. Euskal
Labela daukatenak aparte, jatorrizko izendapena duten edo kalitatezko
ezaugarriren bat daukaten produktuen promozioa eta publizitatea
egiten dugu. Nahiz eta bakoitzak bere nortasuna eduki, publizitatea
egiterakoan edo produktua ezagutarazteko orduan pakete berean
sartzen ditugu.
-Nekazaritzako sektore
batzuk multinazionalen aurka altxatu dira. Haien iritziz, merkatua
kalitateaz baino merkatua gehiago arduratzen da produktibitateaz. Azkenaldian hor badago
borroka bat. Europa Batasunean sartu ginenean merkatua ugaldu
egin zen, eta orain globalizazio dela eta internazionalizatu
egin da. Europa Batua ezin da internazionala izan, denak pakete
baten barruan gaudelako. Baina beste herri batzuetara aterata
lehia handitu egiten da, amerikanoek eta beste hainbat naziok
gure merkatuetan sartu nahi dutelako.
Gure eredu produktiboa oso diferentea da. Hemen gehienak baserri
txikiak dira, lur asko ez daukatenak eta gainera aldapatsuak
direnak. % 85 inguru mendi nekazaritza bezala onartuta dauden
lurrak dira. Guk beste eredu produktibo batzuekin ezin dugu lehiatu,
leku lauagoak direlako, makineria erabiltzeko aukerarekin etab.
Haiek dauzkaten kostuak gure aldean txikiak dira, eta, horregatik,
ezin gara bide horretatik joan. Beste estrategia bat bilatu behar
dugu, baina ez bilatu bakarrik, mantendu ere egin behar da, eta
hori kalitatearekin lortzen da.
Kalitatea hitz potoloa da, baina bakoitzaren ikuspuntuaren arabera
haren interpretazioa aldatu egiten da. Kalitatea ezaugarri neurgarriekin
interpretatu behar da, bestela bakoitzak bere modura egingo baitu.
Produktuak lehenik analizatu egiten dira horretarako irizpide
neurgarriak erabiliz, eta, horrela, produktu hori beharrezkoa
den ala ez den erabakitzen da. Gainera, kontsumitzaileak ere
kalitate hori igerri behar du. Produkzio zainduak dira eta beste
produktuekiko ezberdintasun bat eduki behar dute, izen berarekin
geroz eta produktu gehiago saltzen baitira. Garbi dago, ekoizleak
ekoizten duen produktuaren salneurria kalitatearekin lotuta doa.
Ekoizleak kantitate gehien eta arazo gutxien ematen dion barietatea
ekoiztera jotzen du. Baina hori normalean kalitatearen aurka
doa. Gaur egun, barietate batzuen eta besteen artean alde handia
dago salneurrian. Baina jaterakoan haien arteko aldea ere igertzen
da.
Kalitateari buruz hitz egiterakoan, badago beste alde bat: kalitate
etika. Hau da, ekoizpen prozesuan ea kontuan eduki den ingurunea,
zeintzu ongarri erabili diren, eskulana ordaindua izan den ala
ez, etab. Hori ere kontuan eduki behar da, azkenean horrek guztiak
ematen baitio pisua kalitateari.
-Kontsumitzaileak ere maiz
prezioak gidatuta egiten ditu erosketak. Zorionez, esango
nuke geroz eta gutxiago. Azkenaldian, aldaketa bat eman da kontsumo
ohituretan. Oro har, kantitate gutxitu baina kalitatea gehitu
egin da. Salbuespenak ere beti daude. Baina egia da aldaketa
bat eman dela, eta kontsumitzaileak geroz eta gehiago begiratzen
dio kalitateari. Prezioari baita, hilabete bukaerara heldu beharra
baitago.
Aldaketa horiek eman daitezen eta kalitatearen kontuan kontsumitzailea
sentsibleago egiteko, lan handia egin behar dugu. Prezio aldetik
gure produktuak garestiagoak direla ikusten badute, bai publizitatearen
eta promozioen bitartez nola ekoiztuak izan diren erakutsi behar
diegu. Arlo horretan hainbat ekintza egiten ari gara hainbat
bitarteko erabilita: telebista, irratiak, egunkariak, astekariak,
etb. Horretaz aparte, publizitatea kanpoan ere sartzen dugu.
Gainera, orain dela bi urtetik hona kontsumitzaileen elkarteekin
hitzaldiak ematen gabiltza, eta egun baterako bidaiak ere antolatzen
ditugu. Horietan jendeari produktu diferenteen ekoizpen prozesu
osoa erakusten diogu. Azken finean, hitzekin bakarrik ez du balio,
prozesua ere ikusi behar dute kontsumitzaileek. Baina emaitzak
ez dira epe laburrean etortzen. Hala ere, nik uste dut oso erantzun
ona dagoela kontsumitzailearen nahiz gizartearen aldetik.
Gure kezka nagusia gauzak ondo egitea da, eta halako produktuetan
konfidantza jarri duen kontsumitzailea, ez dadila egunen batean
kexekin etorri edo produktuak berak ez ditzala baldintzak bete.
Horregatik ekoizleak ere kontzientziatzen gabiltza eta zeinen
ardura handia daukagun azaltzen diegu.
-Azkenaldian elikagaien
inguruan egon diren eskandaluen aurrean (behi eroen gaitza kasu),
zelan babes daiteke kontsumitzailea? Nola saihes daitezke halako
kasuak?
Kontsumitzaileari,
halako produktuetan konfidantza eduki dezakela esan behar zaio.
Guk ekintza asko egiten ditugu geure burua ezagutarazteko, baina
askotan halako eskandaluek eragin handia izaten dute. Horrelako
zerbait gertatzen denean, bezero berri asko sartzen direla nabaritzen
dugu. Jendea beldurtu egiten da eta horregatik ziurtasun bila
joaten da. Normalean, kontsumitzaile horiek ordura arte garrantzi
handiagoa eman diote prezioari kalitateari baino. Gaur egun,
agian produktu bat garestiagoa izan daiteke, baina konparaketa
egin ahal izateko produktu berdina egin behar da. Adibidez, baserriko
euskal oilaskoa garestia dela esan dezakete, baina ezin da beste
oilaskoekin konparatu. Salbuespenen bat egon daiteke, baina gaur
egun ezin daiteke esan prezioak garestiagoak direnik. Orain arte,
behintzat, euskal etiketa honekin etekin handiena atera duena
kontsumitzailea izan da. Hasieratik, argi geneukan hura izan
behar zela gure helburua. Kontsumitzailea konforme baldin badago,
produktua kontsumitu eta eskaera gehitu egingo du. Horren bitartez,
ekoizleak produktu horiek ekoizten jarrai dezake. Azken finean,
prozesu guztia kate bat da.
Eskandaluen inguruan, lehen ere gertatzen ziren eta askoz gehiago.
Gaur egun, beste erantzukizun batzuk daude eta komunikabideen
bitartez zer gertatzen den jakin dezakegu. Eskandalu hauen ondorioz
bakoitza bere neurriak hartzen dabil. Halako gauzak saihesteko
gauzak ondo egin eta bideratu behar dira. Horretarako bai produktoreak
bai sarean dabilen jende guztia konbentzitu eta sentsibilizatu
behar. Azken finean, jarduera ekonomiko bati buruz hitz egiten
gaude, eta jarduera ekonomiko batean beti daude eskrupulurik
gabeko pertsonak. Urte mordo bat joan gara eredu produktibo intentsibo
baten atzetik, merke ekoiztea helburu bakarra izanda. Baina nik
uste muga horretatik pasatu egin garela, eta berriro ere atzera
bueltatu behar gara. Eredu intentsibo horrekin beti dago arriskua,
baina guk jarraitzen dugun ereduarekin ez dugu inolako arazorik
edukiko.
-Pil-pilean dagoen beste
gai bat transgenikoena da. Europako herrialdeen artean adostasunik
ez dago eta Europako Batasunaka razoak ditu berau arautzeko. Horren inguruan iritzi
ezberdinak daude eta akordio batzuk egiten ari dira. Hemen bertan
patata transgenikoarekin lan egiteko epe bat hartu dute. Lan
horretan dabiltzan teknikariak bide horren aldekoak dira. Kontsumitzaile
elkarteak eta ekologistak, berriz, aurka daude. Nik uste dut
egoera oso garrantzitsu batean gaudela, oso ondo etorriko diren
ikerketak eta azterketak egiten daudelako. Neure iritziz, momentu
honetan gauden bezala oraindik gehiago ikertu eta landu beharko
litzateke. Baina teknikoki, materia honek zenbaterainoko onurak
edo kalteak ekar ditzakeen esateko ez daukat behar besteko jakintzarik.
Dena den, kontsumitzaile naizen aldetik, gauzak garbi ez dauden
bitartean gehiago ikertu beharko dela uste dut. Gauza askotan
gertatzen da urrunegi joan garela eta atzera berriz bueltatu
behar dugula. Baina bueltatu behar hori noraino joan behar da?
Abiapuntura ala tartean gelditu behar gara? Eztabaida horretan
alde batekoak zein bestekoak muturretara joaten gara. Baina,
azken finean, eztabaida hori estrategia bat da zuk nondik hasi
behar duzun aztertzeko.
-Hemengo nekazari batzuek
arazo guztien aurrean nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua
egin dute. Zenbait produktu ekologikok, gainera, euskal etiketa
lortu dute. Nekazaritza ekologikoa
oso lotuta dago bizimodu planteiamendu batekin, ez bakarrik elikadurarekin.
Niri aukera hori oso ondo iruditzen zait. Baina bizimodu batekin
lotuta dagoen neurrian, bere mugak badauzka. Hor dagoen arazoa
da bitarteko lanetan sartzen direnak ez dutela gehiegi sinesten
nekazaritza mota horretan, eta jarduera ekonomiko soilik bultzatzen
dutela. Gauzak behar den bezala egiten direnean, txalogarria
da. Baina nik hor ikusten dut jarraipen handi bat egin behar
dela, iruzur denuntzia ugari egon direlako nekazaritza ekologikoaren
arloan. Gaur egun, produktu ekologikoetan eskaera handiagoa dago
eskaintza baino. Arlo guztietan desoreka bat gertatzen denean,
iruzurra sartzeko arrisku handia dago. Hemen ez da halakorik
gertatu, baina Europan eta Espainian bai. Eta kalitatearen borroka
handia bada, nekazaritza ekologikoarena are handiagoa. Guk Eusko
Labeletik egin dugun lana pausu bat izan da. Azkenean, nahiz
eta denok helburu berdina eduki, zein epetan egin behar dugun
erabakitzerakoan desadostasunak egoten dira. Baina sentsibilitate
hori ez da egun batetik bestera lortzen, horrek prozesu bat behar
du. Nik esango nuke Eusko Label familia honetan ez dagoela inor
soberan. Nekazaritza ekologikoa egin nahi duenarentzat beste
aukera bat da.
-Etorkizunari
begira, zeintzuk dira Eusko Labelak dituen erronkak? Lanean hasi ginenetik
hona aldaketa batzuk egiten joan gara. Lehenengo lan hauek bultzatzen
hasi ginen, eta une honetan esku artean beste produktu batzuk
dauzkagu. Baina orain sektorea bera ari da gehiago egiten, gu
zerbait lagunduta. Nolabait testigua pasatu diogu sektoreari
, eta gu beste ekintza batzuetan gabiltza. Orain arte prozesuaren
epaile eta atal izan gara: guk bultzatu dugu, baina gero geuk
ere kontrolatu dugu. Une batera helduta, ordea, bi atalak desberdindu
behar dira eta prozesu horretan gaude. Denborarekin produktuen
kalitatea zertifikatuko duen erakunde bihurtuko gara. Euskal
etiketa erabiltzeko jarrita dauden baldintzak betetzen ziurtatzeaz
gain, produktuaren promozioa eta publizitatea antolatzen jarraituko
dugu, bai distribuzio mundura, bai dendari txikiengana baita
ere kontsumitzaileari ere.
Guk hemen egin duguna zera izan da, bertan zeuden produktuez
aparte, lehenago ekoizten ziren batzuk berreskuratu eta orain
bestelako produktuak ditugu esku artean. Berreskuratutako produktu
bat baserriko oilaskoa izan da. Hemen espezie eta produktu bakarrarekin
bizi diren baserri asko daude, eta oilaskoa diru iturri lagungarria
bezala bultzatu genuen. Orduan, baserri bakoitzak zer kopuru
ekoiztu behar duen mugatuta daukagu, baserritarra produktu bakarrera
dedikatu ez dadin. Bere diru iturri nagusia bakarra izateko,
urtean asko ekoiztu beharko luke eta hor kontzentrazio bat emango
litzateke. Kontzentrazio horrek ingurugiro arazoak, gaixotasunak,
etab ekarriko lituzke. Horregatik kopurua mugatu egiten dugu.
Bestetik, uneotan txerriarekin lanean gabiltza eta kalean haziak
izateko proba batzuk egiten gaude. Hau da, denentzako erakargarria
izango den eredu produktiboa ahal den aztertzen gabiltza, bai
baserritarrentzako, bai harategietan saltzeko eta bai kontsumitzailearentzako.
Badauzkagu beste produktu batzuk eskuartean, adibidez sagardoa.
Arazoa da sagarra asko kanpotik ekartzen dela eta leku ezberdinetatik,
gainera. Bestalde, sagardoa egitea eta ondorengo erabilpena ere
ezberdina da. Barazki munduan bagabiltza uhazekin, porruekin
etab. Transformatuekin (txerriki kontuak etab.) sartzeko asmoa
ere badaukagu. Baina une honetan, orain arteko produktuen mantenimenduarekin
bakarrik lan asko daukagu. Urtero araudiak eta arloak eguneratu
behar dira, eta momentuz horiek izango dira geure eginkizunak.
Argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
Euskonews & Media 100.zbk (2000
/ 11 / 17-24) |