Lagundu Euskonewsi - Ayuda a Euskonews=

Filosofia aro baten amaieran: modernitatea, postmodernitatea eta post-postmodernitatea
* Traducción al español del original en euskera
Andoni Ibarra

Egun, XXI. mendea hasiberria denean, filosofiaren norabide aldaketari arreta jartzea, dagoeneko erabat onartutako baieztapen bat azpimarratzea da. Dena dela, norabide honen zentzu eta irismena zehaztea garrantzitsua da. Aurreko mendearen erdialdean ere, pentsamendu filosofikoaren estiloaren baitako inflexioa argi hautematen zen. Ferrater Morak "filosofiaren martxa aldaketaz" hitz egin zuen, eta Rortyk, hura izendatzeko, "biraketa linguistiko" entzutetsua aipatu zuen (Ferrater Mora 1974, Rorty 1967).


1. Mendebaldeko bi korronte filosofiko nagusiak: filosofia analitikoa eta filosofia kontinentala

Filosofia analitikoak filosofia egiteko estilo bat ezartzen du, programa filosofiko edota funtsezko tesien multzo bat baino. Filosofia analitikoaren aitzindariak Frege, Russell, lehenengo Witttgenstein eta G.E. Moore dira. Beste egile esanguratsu batzuk, 40 eta 50eko hamarkadetatik aurrera, Carnap, Quine, Davidson, Kripke, Dummett edo Strawson ditugu. Filosofia analitikoak pentsamenduaren baitako argitasun eta zehaztasuna bilatzen ditu, zientzia natural eta formalek bilatzen dituzten bezala. Nolabait esatearren, filosofia analitikoak natur zientziaren ikerkuntza paradigmatik hurbil dagoen lan estiloa proiektatzen du: ekarpen lokal txikien bilaketa, horien bidez jardule komunitateak arazotzat hartzen dituzten horien ebazpenean aurrera egin asmoz. Filosofatzeko estilo hori gidatzen duen printzipioari "mailaz mailako bereizketen printzipioa" deitu dio Moulinesek: "mailako desberdintasunei soilik erantzuten dieten kontzeptuzko bereizketak dira filosofikoki esanguratsuak, eta ez ikerketa-objektu edo -eremuaren baitako desberdintasun absolutuei erantzuten dietenak" (Moulines 1982, 32).

Filosofatzeko estilo analitikoa, esparru anglosaxoniarrean eta, neurri txikiagoan, europarrean nagusi bilakatua, hizkuntzari dagozkion arazo filosofikoei estuki lotuta dago. Hiru ziok azaltzen dute hizkuntzarekiko lotura esentzial hori:

(I) hizkuntzalaritzak eta beste giza eta gizarte zientzia batzuek XX. mendearen hasieran zientzia estatusa lortu izana, natur zientzienaren antzeko ospea erdietsiz;

(II) XX. mendeko filosofoak, beste garai historiko batzuetan baino sakonago, beren adierazpidea eta lanabesa hizkuntza dela ohartu izana, hizkuntzari buruzko analisi eta gogoeta arazo filosofikoen planteamendu zuzenaren aurrebaldintzatzat hartzera helduz; eta

(III) hizkuntzaren filosofiaren eta zientziaren filosofiaren gorakadak, logika sinbolikoarenaren eta hizkuntza artifizial ugariren agerpenaren garaikide, hizkuntzaren zentzu, muga eta posibilitate-baldintzei buruzko gogoeta behartu zuen.

Filosofia analitikoaren agerpenak, izen hoberik ezean "filosofia kontinental" deitutakoaren pean —aurreko mendean zehar nagusi europar kontinentean—bildutako korronte tradizionalak berkokatzera bultzatu ditu. Batik bat filosofo frantziar eta alemaniarrengan oinarritzen diren hainbat korronte biltzen ditu konglomeratu filosofiko honek: idealismo alemaniarra, Schopenhauer, Marx, Nietzsche, fenomenologia, existentzialismoa, hermeneutika, Frankfurteko Eskolaren filosofia kritikoa, estrukturalismo frantziarra edo Derrida eta enparauen ikuskera postmodernoa. Filosofia hau, estiloz, analitikoa baino literarioagoa da, sarritan filosofia analitiko "zehatza" baino ilunagoa, eta, batez ere, unean uneko benetako auzi politiko eta kulturaletatik hurbilagokoa. Hurbiltasun honek, bada, bakoitzaren garai historikoari buruzko tesi substantiboak ekoiztea ahalbidetzen die.

Egun, liskar profesional eta instituzionalez jositako hamarkaden ondoren —ez arazoen esparruan, korronte bakoitzarenak bestearentzat oharkabean joan baitira—, badirudi lan filosofikoaren bi estilook bakoitzari dagozkion bertuteek faboratu ditzaketela. Bi baldintzek laguntzen diote egoera honi:

Lehenak jite metafilosofikoa du: gaur egun filosofia analitikoa, ikerkuntza programa substantibo gisa ulertua, ia guztiz gaindituta dago. Analitikoek beraiek ezarri dituzte kritika zorrotzen pean filosofia honen agerpena ezaugarritu zuten tesiak:

(a) filosofoaren eta zientzialariaren jarduera esentzialki bereiz daiteke: horren ondorioz, filosofia bigarren mailako diziplina gisa ezaugarritzen da (halako ezaugarritzearen adibide baterako, ikus Moulines 1982);

(b) filosofoak metodo berezi bat dauka, alegia, arazoak ebazteko analisi kontzeptuala —"esplizitazioa", "argitzea" (1) —; eta

(c) arazo filosofikoak a priori esentzialki ebazgarriak dira (tesi honen kritika baterako, ikus Olivé 2000).

Beste baldintza aipatutako bi korronteek partekatzen duten jarrera batek eragiten du, modu ezberdinetan adierazten duten arren: modernitateari lotutako razionaltasun kontzeptuaren berrikusketa kritikoa. Razionaltasun kontzeptu modernoa, cartesiarra, filosofia dikotomizatzetik ondorioztatzen da: izan ere, Descartesek filosofia teoriko edo abstraktua eta filosofia praktikoa bereizi zituen. Lehenak razionaltasun idealaz dihardu; bigarrenak, razionaltasun kontingente zehatzez.

Razionaltasunaren ikusmolde nagusiaren inflexio hau, orain garbiago atzematen den arren, testuinguru historiko jakin batean kokatzen da: zenbait egile eta korronte filosofikok (pragmatismo amerikarrak, oroz gain) XX. mendearen hasieran arrazionaltasun cartesiarrari egindako kritikan du iturburua. Kritiko hauek egitarau cartesiarraren desegokitasuna partekatzen dute: hau da, printzipio orokorren sistema iraunkor eta unibertsaletan oinarritzen den ezagutza sistema ulerkorra bilatzeko egitarauaren desegokitasuna. Aitzitik, modernitatea oinarritu duen dikotomia cartesiarra gero eta kemen handiagoz baztertzen duten uste sistemak topa ditzakegu egungo panorama filosofikoan. Sistema horiek modernitatearen topiko axialak zalantzan jartzen dituzte: zientziarentzako berezko metodo baten existentziaren baieztapena, egia "objektibo" eta egia "subjektiboaren" arteko bereizketa argia, gertakari eta balioen arteko disoziazioa (Putnam 1990). Sistema hauek filosofia modernoaren amaiera ekarri dute.


2. Filosofia modernoa eta razionaltasunaren kontzeptu cartesiarra

Descartesen nahiak, Galileorenak legez, eta, oro har, modernitatea ezartzen duen nahiak, honakoa du ezagutzazko paradigmatzat: batetik, Platonek aurkeztutako demostrazio geometriko zorrotzak arrazoiketa mota ororen ideal orokor gisa, eta, bestetik, ulerkuntza teorikoa (greziarren episteme) ikerkuntzaren berezko ezagutzaren estandar gisa.

XVII. mendean ezarritako razionaltasun modernoa ezaugarritzeko hiru ardatz nagusi aipa genitzake:

  1. fundazionismo ez-falibilista, hau da, inolako zalantzarik gabe egiazkoak diren enuntziatuetatik abiatuz uste eta ezagutza filosofiko eta zientifikoen sistema orokor orohartzaile bat eraiki daitekeela baieztatzen duen tesia.
  2. deduktibismoa, hots, ezagutzaren ikusmolde arautzailea. Horren arabera, ezagutza enuntziatuen sistema deduktibo gisa ulertzen da, enuntziatuon egiazkotasuna frogen bitartez ziurtatzen delarik.
  3. transparentismoa, alegia, ezagutza-sistema ideia argi eta bereiziak adierazten dituzten kontzeptuetatik abiatuz eraikitako hizkuntza batez beti adieraz daitekeela baieztatzen duen ideia.

Tesi hauek onartzetik ondorioztatzen denez, ikerkuntzaren azken xedea ezagutza filosofiko eta zientifikoa eta uste sistema erdi-jainkotiar, hau da, betiereko, oso, absolutu eta perfektua erdiestea da. Jakina, Descartesek eta jarrera honen defendatzaileek ez diote halako ezagutzaren jabe direnik, baina gutxienez, xede lorgarri gisa postulatzen dute "giza espirituaren ohorearengatik" (Descartes 1637).

Razionaltasunaren ikusmolde honi zenbait kritika ildo jar dakizkioke aurrez aurre. Izan ere, mende honetan zehar, erasoen xede nagusia fundazionismo infalibilista izan da. Gutxi dira gaur egun, Popperren tesi falibilisten ondoren (Popper 1959), ezagutzaren hutsezintasuna onartzen dutenak, ezta haren formarik oinarrizkoenetan ere. Egun ideia zabaldua da ezerk ezin dituela gure uste eta ezagutza-osagai teoriko, pertzeptual edo matematikoak hutsegitetik at ziurtatu. Fundazionismoaren eredu berriek hutsezintasunaren osagaia ezabatu dute, fundazionismo hutseginkorraren alde. W.W. Bartley filosofo poppertarrak berak ere, postmodernismoaren erregistrotik hurbil, modernitatearen berezko justifikazionismo fundamentistaren ordez kritika proposatzen du: ezer ezin da justifikatu; dena kritika daiteke (Bartley 1984).

Jite cartesiarreko razionaltasun modernoari egindako beste kritika batek deduktibismoa hartzen du xedetzat. XX. mendeko logika eta matematikaren garapenak egitarau cartesiarraren elementu hau ezagutzazko ideal gisa hartzeko joera izan du. Izan ere, gaur egun ere, zenbait ikusmolde filosofikoren arabera, jarduera kontzeptualizatzailea oro har sistema deduktiboaren paradigmaren arabera ezarri behar da. Baina egun argi dago halako betekizuna idealki baino ezin dela ezarri. Korronte analitikoaren baitan arrazoiketaren beste eredu ez-deduktibista batzuk ere proposatu dira arrazoiketarako eta egiak erdiesteko metodo jator gisa; ez dirudi, beraz, auzi honetan jarrera monista batek lekurik duenik. Dena dela ere, gero eta filosofo gehiagok onartzen dute honako ideia hau: posible da "egiaren" nozioren bat gordetzea, "alderatze libre eta ireki batean gailentzen den hura" legez ulertua, Rorty pragmatistaren hitzetan, hots, egia "gure egia" dela planteatzen duen ideia, ezin duela unibertsala izan soilik lokala baizik (Rorty 1997, 35hh). Areago, mende hasierako Duhem "kontinentalak" bezalaxe (Duhem 1906) zenbait ikusmoldek onartzen dutenez, usteen sistema lokal berean postulatu kontraesankorrak egon daitezke aldi berean.

Modernitatearen aurreko bi osagaiak hirugarrenaren inguruan taxutzen dira. Izan ere, transparentismoa da razionaltasun modernoaren funtsezko elementua, beste biak eusten dituena. Hizkuntza argi eta bereizi bat eraikitzeko aukerarik ezean, ez dago fundazionismo edo deduktibismorik. Aitzitik, hizkuntza argi eta bereizia sistemaren deduktibotasuna aurretik eman gabe postula genezake.

Hori dela eta, razionaltasun moderno cartesiarrari egindako kritikarik bortitzena, ezagutza eta usteak ideia argi eta bereiziak adierazten dituzten terminoez osatutako hizkuntza batean formula daitezkeela dioen ideiaren aurka bideratzen da. Descartesen arabera, ideia bat argia da baldin eta bakarrik bere agerpen guztietan ezagutzen delarik atzematen bada; ideia bat bereizia da baldin eta bere baitan argia ez den ezer ez badu. Hau da, ideia bat bereiziki hautematen da baldin eta haren definizio zehatza eman badezakegu. XIX. mende amaierarako pragmatistek erakutsi zuten legez, ezin da halako ideiarik identifikatu. Termino baten esanahia ezin da ezarri praktikaren eremu ireki batean lotu ezean. Horrek, ordea, entitate ez-argi eta ez-bereizi bihurtzen du halabeharrez. Terminoak, oro har, zehaztugabeak eta konplexuak dira (Peirce 1877).

Balizko kritika ildo bati aurrea hartuko diot. Kontzeptuen zehaztugabetasuna ezabatu edo bederen tratatzeko gaur egun nahikoa lanabes teoriko badela argudia lezake norbaitek. Analisi logikoa litzateke horietako bat. Termino zehaztugabe eta ilunei analisi logikoa aplikatzeak termino horiek ideia argi eta bereizien idealera hurbiltzea ahalbidetuko luke, hizkuntza formal idealeranzko hurbilketa gisa hartu ahal izango bailirateke. Ikusmolde honek badu, dena den, zailtasunik: izan ere, zehaztugabetasuna berezkoa zaie termino horiei. Kontzeptuak zehaztugabeak dira, beren berezko izaeraz aplikapenera bideratuta daudelako. (Aurrerago argituko dut aplikapenera bideratutako izaeraz ulertzen dudana). Hau da, kontzeptuak zehaztugabeak dira mundurantz bideratuta daudelako. Hizkuntza zehatzaren eta hura munduan aplikatzearen artean esentzialki bereizten duen razionaltasun moderno cartesiarrak ezin du ideia hura atzeman. Era honetan, ikusmolde cartesiarrak ezin du hizkuntzaren ezagutzaren eta hori mundura aplikatzearen berri eman.

Razionaltasun cartesiarraren funtsezko hiru tesien baieztapenetik ezagutzaren eta usteen ikusmolde dikotomiko baloratzailea eratortzen da. Arrazionaltasun modernoaren arabera, ezagutza teorikoa eta praktikoa esentzialki desberdinak dira. Lehenari, hasiera batean behintzat, ezagutza perfektuari esleitutako ezaugarriak lotu dakizkioke. Ezagutza praktikoa, haatik, bere behin-behineko izaerak ezaugarritzen du. Auzi praktikoetan modu ez-oso eta heuristikoan aritzeko eta aurretiazkoak eta akastunak ere badiren arrazoiketa eta argudiaketa metodoak onartzeko prest egon behar dugu.

Filosofia modernoak ardatz gisa ezagutza teorikoa eta bere alderdi epistemikoak hartzen dituen tradizioa ezarri du. Ezagutza teorikoaren aurrean, ezagutza "aplikatuak" balioa galtzen du azterketagai legez.


3. Filosofia postmodernoa razionaltasun teorikoaren nagusitzaren aurka

Filosofia postmodernoak razionaltasun teoriko eta praktikoaren artean aurretik ezarritako nagusitza iraultzen du. Horrela, Rortyk, arrisku erlatibista uxatzeko estrategiaren ildotik, honakoak bereizten ditu: (I) ispiluko irudi gisako egiaren ikusmoldeak eragindako erlatibismoa; (II) egiaren ikusmolde ekiboko batek eragindako erlatibismoa; eta (III) taldearen praxiak eragindako erlatibismoa, erlatibismo antierlatibista. Horrela, bada, Rortyk (I) erlatibismoa errefusatu nahi du ispiluko irudi gisa ulertutako ezagutzaren ordez praxia jarriz (2).

Ikus bedi, hala ere, proposamen horrek teoria eta praktikaren arteko dikotomiaren gatibo dirauela. Rortyk berak ere hobeto balia zezakeen honakoa: ezagutzazko jarduera errealek eta gure usteek mekanismo konplexuagoak eta dikotomizazio horretara murriztezinak ekartzen dituzte. Horrela, adibidez, egiaren nozioa adiera ahul batean hartzen duen erlatibismoaren (III) aldaera onartzen duenean bide berriak irekitzen ditu: "egia objektiboa", Rortyk dioenez, gertatzen dena azaltzeko moduari buruz daukagun "ideiarik onenaren" sinonimoa da.

Jarrera horrek Aristotelesgana hurbiltzen gaitu. Unibertsalak eta atenporalak diren judizio teorikoak eta une eta leku jakin batentzako esanguratsuak diren judizio praktikoak bereizten zituen Aristotelesek. Teoria episteme-aren, hots, ulerkuntza teorikoaren esparrua da. Praktika prhonesis-ean datza, egoeren hautemate lokalean, ez unibertsalean. Ezagutza, ustea, kasu bakoitzean agertzen diren inguruabarren, hertsadura ideal eta baldintza konkretuen arteko konbinaketa zuhurraren ezagutza da beti.

Ez dago, beraz, ezagutza aplikaturik. Aitzitik, ezagutza osoa aplikapenera bideratuta dago —ez baitago prhonesis-ik gabeko ezagutzarik—, modu ezberdinetan bada ere. Bideratze horren aniztasuna ez da berez desberdina. Auzia, ondorioz, hauxe da: egoera jakin batean, gure ahalmen ezagutzaile eta argudiatzailea mugatua da, eta, beraz, gure aplikapenezko ekintzaren oinarria ezarri behar duen ustea (teoria edo ezagutza) erabaki batek zehazten du —hemen ez du garrantzirik erabaki hori indibiduala edo talde mailakoa denetz—.

Hemen irekitzen den ikuspuntuaren asmoa oro har ezagutzazko jardueraren izaera kokatua azpimarratzea da. Jarduera horrek ez du ekoizten testuingururik gabeko entitate teoriko edo uste sistema ez-kokaturik, baizik eta praktika eta jarduera modu anitzetan kokatutako entitateak. Entitate horien zentzua eta beren arteko erlazioa ez da logika, epistemologia edo analisi filosofikoarentzako materia formal hutsa; historia eta soziologiari ere badagokio eta egoera konkretu batean agertzen diren funtsezko auzi bilakatzen dira.

Hau guztia erabat esanguratsua da egungo filosofiarentzat. Rortyrenaren antzeko proposamen postmodernoetan ez bezala, funtsezko arazoa ez da praxiaren gogoetan planteatzen, hau da, ez da azterketa filosofikoaren objektuaren nagusitza praktiketan zehaztean, praktika horien teoria esplizituak ezartzean planteatzen. Kasu horretan, praktika teoriaren azpian jartzen duen tradizio modernoa onartzera itzuliko ginateke. Filosofia post-postmodernoaren funtsezko planteamenduak, aitzitik, hauxe onartzen du: ezagutzazko jarduera substantiboetan, teoriara, praktikak faktikoki gidatzen dituzten balioetara, praktika horiek bilatzen dituzten xedeetara, eta abarretara jotzea, arrazoiketa praktiko, phronesikoaren (Aristotelesen zentzuan) formak dira, beste batzuen artean. Teoriak, balioek, xedeek, ondorioz, praktikek taxutzen duten munduan hartzen dute beren lekua (Toulmin 1997). Razionaltasun forma integral eta teoriko-praktikoetan jarri behar du arreta filosofiak.


4. Ekumenismo filosofikoa: filosofia analitiko eta kontinentalaren elkartze desiragarria

Postmodernismoa da, egun, filosofia kontinentalaren adierazpenik arrakastatsuenetakoa. "Postmoderno" terminoa literatur eta arte kritikaren esparruan agertzen da Estatu Batuetan 70eko hamarkadan, eta ondoren, filosofiaren esparruan, Lyotarden obraren izenburuan aplikatzen da (Lyotard 1979), oinarrien bazterketa eta eskatologiaren ukapena ezaugarritzeko. Hainbat postmodernistak usteen elkarneurgaiztasunaren ideian oinarritutako erlatibismo gordinari eusten diote egun, ideia horretatik usteak erkaketa eta eztabaida pean jartzeko ezintasuna ondorioztatuz. Erlatibismo horri kritika ildo ugarik egin diote aurre, baina ez gara hemen horiek xehatzen hasiko (Valdecantos 1999).

Baina egungo filosofia postmodernoak alderdi interesgarriak ere erantsi dizkio ondare filosofiko orokorrari: kontzeptuen desubstantzializazioaren azpimarratzea eta hura erlazionalitatearen bidez ordeztea, erlatibizazioa, tolerantzia eta Arrazoimenaren ordez arrazoiak emateko jarduera jartzea. Jakina, beste zenbait korronte filosofikok ere ezaugarri horiek onartzen dituzten arren, filosofia postmodernoan nagusitasun osoa dute eta teoria eta praktikaren arteko dikotomia cartesiarra gainditzeko abiapuntu egokia eskaintzen dute. Zeintzuk dira, bada, jarrera postmodernoa onartzearen aurkako arrazoiak? Izan ere, planteamendu obskurantistek eta zentzurik gabeko kontzeptuen erabilpen naroak murrizten dute filosofiari egiten dioten ekarpena (Bricmont eta Sokal 1997).

Filosofia post-postmodernoa, hasiberria den mende honetakoa, teoria/praktika bikotearen, auzi definizionalen (abstraktu eta orokorrak) eta auzi substantiboen (konkretu eta lokalak) arteko bereizketa esentzialaren Aufhebung-aren ildoan ezartzen da. Lehenak korronte analitikoen lehentasunezko objektuak izan dira; bigarrenak filosofia kontinentalarenak eta, bereziki, korronte postmodernistarenak. XXI. mendeko filosofia post-postmodernoa postmodernoak atzera egin eta ixten den leku horretan hasten da, tradizio bikoitz bati segida emateko asmoz: batetik, Platon, Aristoteles, Hume eta Kanten tradizioa, arazoak planteatu, zentzua argitu, beste filosofoei eztabaidatuz eta ñabartuz argudio, ideia eta ikuspuntuak garatu eta kritikatuz, egungo filosofia analitikoaren lan estiloan irauten duen tradizioa baita (Burge 1992, 51); eta, bestetik, filosofia kontinentalaren tradizioa, korronte analitikoak ez dauzkan eta beren indarrik handiena postmodernismoaren baitan duten tesi substantibo andana baitu (kultura, politika, moral, arte eta abarrei buruz). Tesi substantibo horiek eskaintzen dituzte gure mundua ezagutzeko beharrezko arrazoiketa phronesikoaren formak ematen dituzten "gauzak ikusteko moduak", ez dedukzio formalen erara baizik eta beren egoera konkretuetan.

Aipamen bibliografikoak

 
  • Bartley III, W. W., 1984, The Retreat to Commitment, La Salle, Ill., Open Court, 2ª ed.
  • Bricmont, J., Sokal, A., 1997, Imposturas intelectuales, Barcelona, Paidós, 1999.
  • Burge, T., 1992, "Philosophy of Language and Mind: 1950-1999", Philosophical Review 101.
  • Descartes, R., 1637, Discurso del método, Madrid, Espasa-Calpe, 1999.
  • Duhem, P., 1906, La théorie physique - son objet, sa structure, Paris, Vrin, 1993, 2ª ed.
  • Ferrater Mora, J., 1974, Cambio de marcha en filosofía, Madrid, Alianza.
  • Ibarra, A., Mormann, T, 1992, "L’explication en tant que généralisation théorique", Dialectica 46, 151-168.
  • Lyotard, J. F., 1979, La condition postmoderne: rapport sur le savoir, Paris, Les Editions de Minuit.
  • Moulines, C. U., 1982, Exploraciones metacientíficas, Madrid, Alianza.
  • Olivé, L., 2000, El bien, el mal y la razón, México, Paidós.
  • Peirce, C. S., 1877, "Cómo hacer claras nuestras ideas", en J. Vericat (ed.), El hombre, un signo. El pragmatismo de Peirce, Barcelona, Crítica, 1988.
  • Popper, K. R., 1959, La lógica de la investigación científica, Madrid, Tecnos, 1977.
  • Putnam, H., 1990, Realism with a Human Face, Cambridge, Ma., Harvard University Press.
  • Rorty, R. (ed,), 1967, El giro lingüístico: dificultades metafilosóficas de la filosofía lingüística, Barcelona, Paidós, 1990.
  • Rorty, R., 1997, ¿Esperanza o conocimiento? Una introducción al pragmatismo, Buenos Aires, FCE.
  • Toulmin, S., 1997, "The Primacy of Practice: Medicine and Postmodernism", en R. A. Carson, C. R. Burns (eds.), Philosophy of Medicine and Bioethics, Dordrecht, Kluwer, 41-53.
  • Valdecantos, A., 1999, Contra el relativismo, Madrid, Visor.

(1) Analisi kontzeptual hau eta Carnapek eskainitako argitze hertsiki analitikoaren hutsuneak ulertzeko, ikus Ibarra/Mormann (1992). (ITZULI)
(2) Izan ere, Rortyren ustez, "ezagutzak" ez du existitzen. "Usteak entzuleen aurrean justifikatzeko prozesuak existitzen du, besterik gabe" (Rorty 1997, 32).
(ITZULI)

Andoni Ibarra, Zientziaren Filosofia Unitatea-UPV/EHU-CSIC-Donostia
E-mail:ylpibuna@sf.ehu.es 

Euskonews & Media 116.zbk (2001 / 3 / 23-30)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved