Dudarik
gabe, orain dela ia 25 urte sortutako mugimendu feministaren lanari
esker, emakumeon egoerak aldaketa handia izan du. Pixkanaka pixkanaka
emakumeok sartzen hasi gara gizonezkoen eremutzat hartuak ziren
zenbait arlotan: unibertsitatean, lan munduan, kiroletan, ...
Baina badago oraindik gizonezkoen eskuetan dagoen eremua, arlo
politikoa, hain zuzen.
Emakume askok parte
hartzen dute mugimendu sozial ezberdinetan, gero eta emakume gehiago
aritzen gara politika munduan ... baina emakumeok ez gara gizonezkoak
bezain agerikoak politika arloan, eta bereziki, askoz gutxiago
gaude erabakigune politikoetan.
Arlo subjektiboaren
garrantzia Teorian, emakumeok
ez dugu politikan parte hartzeko inolako eragozpenik. Ezkerreko
erakunde politikoetan emakumeok eta gizonak berdinak garela onartzen
da. Are gehiago, ezkerreko erakundeetan eta mugimendu sozial ezberdinetan
parte hartzen duten emakumeak aztertzen baditugu, emakumearen
ohiko rola apurtu dutela, independentzia ekonomikoa dutela, gizonezkoen
menpe egoteko prest ez daudela ikusten dugu. Hala ere, nabaria
da erakundeetan beraietan nolabaiteko lan-banaketa sexuala ematen
dela: erabakiguneetan, gehienak gizonezkoak dira; laguntza lanetan,
aldiz, emakumezkoak. Zergaitik? Nola egin aurre horri?
Aldaketa sozialetaz
hitz egiten dugunean, lehenengoz, baldintza materialak aldatzea
ez dela nahikoa hartu beharko dugu kontuan. Benetako aldaketa
lortzeko ezinbestekoa dugu pertsonen pentsamolde eta portaerak
aldatzea. Eta horretarako, arreta jarri beharko diogu orain arte
nahiko baztertuta izan dugun arloari, subjektibitateari, hain
zuzen.
Ezkerraren munduan,
alde subjektiboari ez diogu garrantzirik eman, pertsonen jarrerak
baldintza materialek definiturik zeudela pentsatu izan baitugu.
Baina nabaria da izate sozial eta kontzientziaren arteko lotura
askoz konplexua dela. Baldintza materialek eragina dute norberaren
pentsamolde eta portaeretan, baina ez dituzte beraiek determinatzen.
Heziketak moldatzen gaitu, baina gizakiok gai gara jasotako mezua
berrinterpretatzeko. Gizakiok ez gara baldintza materialen ondorio
hutsak.
Bigarrenez, baldintza
materialen aldaketa beti subjektibitateen aldaketaren aurretik
joan ohi dela, pentsamolde eta portaeretan ematen diren aldaketak
askoz motelagoak izaten direla ohartu behar gara.
Marcela Lagarde antropologo
feministak (1) dioenez,
emakumeok "besteentzako gizaki" gisa hezitzen gaituzte;
gizonak, aldiz, "norberarentzako gizakia" izateko heziak
dira. Emakumeon bizitzaren xedea, besteentzako onurari, besteentzat
egiten dugunaren kalitateari, besteek bizirik irauteko ezinbestekoak
izateari lotuta dago. Eta subjektibitate hori mundu publikoan
sartzen garenean isladatzen da ere. Politikan aritzen garen emakumeok
gero eta gehiago gara, bai, baina, normalean, bigarren maila batean
kokatzen gara, beti besteei laguntzeko prest, eta oso gutxitan
agertzen gara ardurak hartzeko prest.
Emakumeok oraindik
ez dugu Marcela Lagardek erreibindikatzen duen "norberekotasuna"
landu, ez gara jabetu norberarentzako ezinbestekoak garela, eta
ez besteentzako soilik.
Baloreen ezinbesteko
aldaketa Egia da emakume
guztiok ez garela berdinak, emakumeok ez garela gizarteak bidaltzen
dizkigun mezuen ondorio hutsak ... baina egia da ere gizartean
eman diren aldaketek ez dutela izan hain eragin handia emakumeon
subjektibotasunaren eraketan. Nire ustez, oraindik daude "femeninotzat"
har dezakegun zenbait balore, zenbait ezaugarri. Horrek ez du
esan nahi balore horiek berez emakumezkoenak direnik, ezta ere
emakume guztiok ezaugarri horiek garatu ditugunik, baizik eta
Marcela Legardek definitzen duen "besteentzako gizakia"
izateari lotuta dauden ezugarri horiek maizago agertzen direla
emakumezkoengan, gizonezkoengan baino.
Heziketa mixtoa izan
arren, askotan era inkonszientean, mutil eta neskeengan balore
ezberdinak bultzatzen dira. Neskeengan, harremanekin
loturik dauden baloreak bultzatzen dira; mutilengan, aldiz, helburuak
lortzea da garrantzitsuena. Jane Baker-Miller psikologoak (2)
subjektibotasun femeninoa harremanetan oinarritutiko erara
definitu du, gizonezkoen lorpenen oinarriturikoaren kontra.
Horrela, neskengan afektibitatea, besteekiko ardura, etab. bultzatzen
dira, eta mutilengan, aldiz, ausardia, norberarekiko segurtasuna,
...
Zenbait emakume feministak,
diferentziaren defendatzaileek, balore "femenino" horiek
goraipatu dituzte eta beraietan oinarrituriko eginkizun politikoa
proposatu dute. Ni ez nago ados jarrera horrekin, baina bai pentsatzen
dudala arlo subjektiboari garrantzi gehiago eman behar diogula.
Zentzu horretan, emakumeok beste balore batzuk garatzen ikasi
behar ditugu, hain zuzen, lorpenetan oinarriturikoak (publikoan
hitz egiteko ausardia, guregan konfidantza izatea, edozein ardura
hartzeko prest egotea …). Eta, aldi berean, gizonek harremanetan
oinarrituriko baloreak landu beharko dituzte, noski.
Gainera, politika
mailan nagusiak diren baloreak eta ohiturak ez datozela bat emakume
gehienok garatzen ditugun beste balore horiekin kontuan hartu
behar dugu. Eta horretan bila dezakegu emakumeon partaidetza politiko
eskasaren zergaitia.
Politika ulertzeko
era aldatu beharra Gauzak
horrela, emakumeok eta gizonek landutako baloreak aldatzeaz gain,
emakumeon partaidetza politikoa bultzatu nahi badugu, politika
munduan ere beharrezkoak dira aldaketak, politika egiteko eredua
bera aldatuz joan beharko genuke.
Oraingo mundu politikoan,
esate baterako, liderrak bultzatzen dira, pertsona bakar batek
ordezkatzen du erakunde politikoa, bera da erakundearen ahotsa
eta irudia. Horrelako papera jokatzeak norberarengan konfidantza
handia izatea, zure bizitzaren xedea politika izatea, harreman
pertsonalak bigarren mailan uztea, ... eskatzen ditu.
Politikan egiteko
eran, jadanik, zenbait aldaketa planteatu beharko ditugu: lider
bakar baten ordez, irudi kolektiboa bultzatu; lan indibiduala
baino, elkarlana azpimarratu; ikusten denaren atzean dagoen lan
izkutua nabarmendu; egitura hierarkikoaren ordez, antolaketa-eredu
partehartzaileak bultzatu; denboraren banaketan, bizitza pertsonala
eta bizitza politikoa bategarriak izateko neurriak jarri ... Horrelako
urratsak ematen baditugu, ziur nago emakume gehiago egongo direla
politikan aritzeko prest.
Beste aldetik, orain
arte egindako azterketa politiko gehienek alde batean utzi dituzte
eremu pribatuan kokatuak izan diren arazo politikoak, hala nola,
sexualitateak sortutakoak, etxeko lanen balio ekonomikoa, pertsonen
zainketaren ardura, ... Gizartearen azterketa politikoa egiterakoan,
genero-ikuspuntuak zeharkatu behar ditu eremu guztiak: arlo sozioekonomikoa
edota instituzionala, hirigintza, irakaskuntza, kirola, etab.
Eta arlo guztietan garatu beharko ditugu gizon eta emakumeontzako
aukera-berdintasunaren aldeko proposamenak, berdinak ez direnak
ezin baitugu berdin tratatu. Era honetan, emakumeok hurbilagoak
sentituko ditugu mundu politikoan aztertzen diren gaiak.
Gizonen inplikazioa Baina
aldaketa guzti hauek ezin dira emakumeon bizkarrean utzi. Orain
arte emandako urrats gehienak emakumeok eman ditugu. Geu izan
gara famili bizitza eta bizitza politikoa bategarriak izateko
ahaleginak egin ditugunok. Geuk jo dugu arlo publikoan sartzeko
oztopoen aurka. Bada garaia gizonak ere aukera-berdintasunaren
alde aritzeko.
Bide horretan, gizonek
dituzten zerbait pribilegiori uko egin beharko diote, beraien
jokamoldeak aldatu beharko dituzte. Esate baterako, ezin izango
dute mahainguru eta irratsaio guztietan parte hartu, ezta ere
mitin guztietan hizlari izan (agian, aurkezle izateaz konformatu
beharko dira); bileretan, beti hitz egiteko prest (nahiz eta ezer
esateko ez izan) egon ordez, ixildu beharko dira, ahots femeninoak
entzun ahal izateko; emakumeok esaten duguna entzuten ikasi beharko
dute; ezin izango dute emakumeon eskuetan utzi eraso sexualen
aurkako borroka edota pobreziaren aurpegi femeninoaren salaketa,
... Azken finean, gizonek ere zeregin handia dute emakumeon eta
gizonen partaidetza politikoa parekatzeko bidean.
Emakumeok protagonistak
izan behar dugu, baina emakume eta gizonen, guztion ardura bihurtu
behar dugu politika munduaren irudi maskulinoa eraldatzea.
(1)
Claves éticas para el feminismo en el umbral del milenio.
"Politika eta Genero Gakoak" izenburuko mintegia (2000ko ekaina).
Emakunde. (ITZULI)
(2) Hacia una nueva psicología de la mujer.
Ed. Paidós. 1992. (ITZULI)
Arantza Urkaregi, UPV/EHUko
irakaslea eta Bilboko EHko zinegotzia |