Udako
Euskal Unibertsitatearen jatorriaren bila hasiz gero, 1970.eko
hamarkadaren hasieran Baionan burutzen ziren Kultur Asteak izeneko
ihardunaldietara jo beharko genuke. Kultur aste hauek 1970.etik
1973.era egin ziren Baionako Erakustokian, Euskaldunen Biltzarra,
Ikas eta Fededunak elkarteak antolatzaile zirelarik. Jean Haritschelhar
eta Piarres Xarriton euskaltzainak izan ziren aste kultural horien
bultzatzaile sutsuenak. Hauetan jorratzen ziren gaiak bi ardatz
nagusiri jarraitzen zitzaizkion: euskal kultura eta gizarte eta
erlijioa. Antolatzaileen xedea, ordea, zabalagoa zen: euskaldunak
elkar ezagutu, elkarren berri jakin, egun batzuetan elkarrekin
bizi eta lantaldeak sortu. Gauzak asko aldatu dira
geroztik, euskarak eta unibertsitateak, biek bilakaera handia
izan dute eta bien bidegurutzean Udako Euskal Unibertsitatea tinko
eta gogoz aritu da lanean. Funtsean sorrerako helburu bertsuak
baditu ere, gaur egun finkatu dituen erronkak haratago doaz eta
gutxinaka xedeak gauzatuz doazela ohartu dira bai erakundeko partaideak,
bai unibertsitateko ikasle, irakasle eta ikertzaileak eta baita
euskararen gizartea bera ere. Esker on merezia duten Iruñeko
eta Miarritzeko Udako Ikastaroak ez ezik, UEUk hainbat jardunaldi
eta topaketa antolatzen ditu, Ikastetxeei zuzendutako pedagogia
berrikuntzarako diseinu eta plangintzak eta bertako irakasleentzako
prestakuntza iraunkorrak prestatzen ditu eta baita graduondoko
titulazio ofizialak ere. 2000ko otsailean hartu zuen Xabier Isasik
UEUko zuzendaritzaren testigua eta egiteke lan asko dagola aitortzen
badu ere baikor hitz egiten du erakundearen proiektu, amets eta
jardueraz.
-2000ko
otsailetik zara Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria. Zein
egoeratan aurkitu zenuen erakundea? Nahiz eta orain zuzendari
gisa lan egin hamalau bat urte daramatzat Udako Euskal Unibertsitatean;
psikologia alorrean lan egiten hasi nintzen, beranduago talde
eragileko partaide izan nintzen eta gaur, ordea, zuzendaria naiz.
UEU euskaldungoaren irla dela esango nuke. Honek esan nahi du
erakunde gaztea dela, etengabeko aldaketan dagoena. Euskararen
normalkuntzak eta Udako Euskal Unibertsitateak neurri handi batean
paraleloan lan egin dutela uste dut. Duela hogeita hamar urte,
UEU sortu zenean, ez zegoen ez euskarazko telebistarik eta ezta
egunkaririk ere. Urteak joan urteak etorri gauza asko aldatu dira
euskararen munduan, UEU aldaketa horien lekuko eta bere txikitasunean
hedabide izan da.
Zuzendaritzara heldu nintzenean hutsune batzuk betetzen zituen
eta behar batzuei erantzuten saiatzen zen erakunde batekin egin
nuen topo. Azpiegitura eta baliabide alorrean behar gorriak zituen
orduan eta egun jarraitzen ditu izaten. Bere txikitasunean unibertsitatea
eta euskararen bidegurutzean historia garrantzitsua betetzen duela
uste dut, UEU garai modernoetako gizarte erakundea da, Euskal
Herriko Unibertsitateko garapenari loturik hazi dena.
-Zeintzuk
dira momentuan Udako Euskal Unibertsitatearen xedeak? Jatorriko xede bertsuak
ditugu gaur egun ere. Historikoki urrun egon diren euskararen
eta unibertsitatearen munduak elkarrengana hurbiltzea eta uztartzea
izan da beti helburua. Aurrerantzean ere horixe izango dugu helburu,
hots, Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea: Euskal Herri osoa
hartuko duen eta euskara lan eta komunikazio tresna nagusitzat
edukiko duen unibertsitatea. Hala ere, momentu honetan eta ikuspegi
pragmatiko batetik, gure erronka nagusia sakabanatua dagoen komunitate
unibertsitarioa biltzea dela esango nuke, ikertzaile eta irakasleak
batez ere. Maiz ez dakigu lagun hurkoak zer egiten duen eta jakin
beharko genuke. Komunitate unibertsitario bat existitzen da informazio
jarioa ematen den neurrian. Hor daukagu guk erronka eta urratsak
ematen ari gara. Euskara unibertsitate mailako hizkuntza izatera
iritsi dela erakutsi nahi dugu; euskararen gizarteak goi mailako
teknikarien prestakuntza behar du baina posible da, hutsune horiek
betetzeko gazte euskaldun aski prestaturik daudelako. Gure ustez
posible da unibertsitate mailako hizkuntza proiektu bat euskararen
gizartearen beharrei erantzuteko. Gure esku dagoena egingo dugu
helburu hauek gauzatzeko. Alde batetik Inguma datu basea
dago, bestetik, Hiztek, hizkuntza teknologiak aztertzen
dituen graduondokoa.
-Inguma
Interneten dagoen datu basea da. Zein neurritan baliatu da UEU
teknologia berriez bere xedeak gauzatzeko? Irakasleria zahartzen
doa eta teknologia berriak gazteekin datoz, baina hala ere, guk
teknologia berrien alde apustu egin dugu ezinbestekoak iruditzen
zaizkigulako. Unibertsitate mailako informazioaren jarioa ikaragarria
da eta Internet izugarrizko tresna da guzti hori bideratzeko.
Internet oso erreminta indartsua da, baita euskararen normalkuntzaren
alde erabiltzeko ere. Inguma euskal komunitate zientifiko-intelektualaren
datu basea da. Interneten dagoen informazio iturri aparta da azken
hogeita hamar urteotan, euskara batuaren arauak finkatzen hasi
zirenetik, zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz
eta idatziz sortu dena ezagutzeko. Egun hiru mila bat egile ezberdinen
lanak eta erreferentziak aurki daitezke bertan, baina ez hori
bakarrik, harremanetan jartzeko aukera
ere eskaintzen baitu www.inguma.org
webguneak. Euskal kulturan interesatuta dagoen edonorentzat da
Inguma, baina bereziki unibertsitateko ikasleentzat, hezkuntza
sistema osoko irakasle eta langileentzat, ikerleentzat, komunikabide
eta kazetarientzat, kultur-sorkuntzan murgiltzen diren langile
eta enpresa guztientzat...
-Zein
da gaur egun Udako Euskal Unibertsitatearen jarduera? Zein bere
ekoizpena?
Euskal
Unibertsitatea lortzeko baldintza sozio politikoak lantzea, euskal
komunitate zientifiko-intelektuala biltzea, eta unibertsitate-gaien
ekoizpena gizarteratu eta gizartearen zerbitzura bideratzea dira
Udako Euskal Unibertsitatearen lan ardatzak. Besteak beste, Udako
Ikastaroak eta gai anitzei buruzko jardunaldi edo topaketa ezberdinak
antolatzen ditugu urtean zehar. Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzaren
hezkuntza saileko Garatu programako partaide gara eta ikastetxeetako
hizkuntza normalkuntzan elkarte aholkulari gisa parte hartzen
dugu. Irakasle euskaldunen arteko harremanak sustatu eta bueltatzeko
gure arteko bilkurak ere antolatzen ditugu. Baina gure jarduera
oso txikia da, egun osoz UEUn bederatzi pertsona ari dira lanean,
batzuk Eibarko Ikastetxe Nagusian, beste batzuk Bilbon eta azkenak
Ipar Euskal Herrian. Hasieratik guztion helburua euskal unibertsitateetako
irakasleak elkarri laguntzea izan da, euskaraz lan egin ahal izateko
egoera hobeak sortzen saiatzen gara.
-Etxeko argitalpenak
ere badituzue... Bai, gai asko eta desberdinei
buruzko liburuak argitaratzen ditugu eta baita Uztaro,
giza eta gizarte zientzien aldizkaria ere. Uztaro proiektu
sendoa da gaur egun. Unibertsitate mailako aldizkaria da, norbanakoaren
prestaketa areagotzea lortzen dugu argitalpen honen bitartez eta,
bide batez, produktuak zabaltzen ditugu unibertsitate ezberdinetako
ikertzaile eta irakasleek erabil ditzaten.
-Ba
al dago Udako Euskal Unibertsitatearen pareko erakunderik? Herri Katalanen Universitat
d´Estiu delakoa da gertuko erreferentea. Bretainian ere antzeko
mugimenduak egon dira.
-Zein
egoeratan ikusten duzu euskara bera unibertsitateko ohikerian? Ziur nago aurrera
goazela, behar bada ez nahiko genukeen abiadan baina aurrera pausuak
ematen ari direla eztabaidaezina da. Aurrera goaz besteak beste
15 mila bat ikasle ari direlako euskaraz dena edo zerbait ikasten;
besteak beste 900 bat irakasle ari direlako euskaraz irakasten;
besteak beste 15 mila pertsona baino gehiago pasa direlako UEUk
antolatzen dituen Udako Ikastaroetatik, eta guzti honek bere ondarea
uzten du. Baina aurrera pausuak ematen ari diren arren, egin izan
den lana sakabanaturik eta hedatu gabe dagoela esango nuke; ez
dago irakasleriaren prestaketarako proiektu argirik, euskarazko
ikasgaiek ez daukate lotura zuzenik euskararen normalkuntzaren
ikuspegitik. Desoreka handiak daude, Osasun Zientziak dira honen
adierazgarri garbia. Ahalegin handia egin beharra dago, batetik
egindako lana optimizatzeko eta, bestetik, unibertsitatearen ekarpena
euskararen normalkuntzaren alde bideratzeko. Aurrerapausoak eman
dira baina unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun
handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino.
-Zein
balorazio egingo zenieke aurtengo Udako Ikastaroei? Parte hartzeari begira
eutsi egin diogu, azken urteotan 700-800 partaide mugitu izan
gara eta maila mantendu dugu aurtengoan ere. Hori garrantzitsua
iruditzen zaigu, kultura alorreko ekintza gehienetan moteltze
prozesu bat antzematen den garaiotan guk eutsi egin diogulako.
Ikuspegi ekonomikoari dagokionez ikastaroak defizitarioak izan
dira eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza kentzeak min egin
digu. Hala ere, gizarte nafarrak babesa eta laguntza eskaini digu
eta horrek izugarri lagundu digu. Azkenik, eta edukiei dagokionez
aurtengoan ere hainbat berrikuntza izan dira:. Ildo honetan Baionako
Itunaren inguruko ikastaroa, informatika arloan merkataritza elektronikoari
buruz eskainitakoa eta sukaldaritza edo emakumeen inguruko ikastaroak
aipatuko nituzke.
-Nafarroako
Gobernuak diru laguntza kendu dizue... Zenbaterainoko larritasun
egoera suposatzen du honek? Duela hamar urte Gobernu
Foralak itun bat sinatu zuen gurekin. Itun horren arabera Iruñeko
Udako Ikastaroetarako diru laguntzak ematearen konpromezua hartu
zuen. Azken diru laguntza joan den urtean eman zigun eta 3,5 milioi
pezeta ingurukoa izan zen. Ikastaroen aurrekontua 30 milioi ingurukoa
izaten da, baina tira, Nafarroako Gobernuak ematen ziguna nahikoa
izaten zen gure egoera orekatzeko. Guk zerbitzu publikoko bokazioa
daukagu eta ahalik eta jende gehien parte hartzea nahi dugunez
arrazoizko salneurri bat jartzen ahalegintzen gara. Gobernu Foralaren
erabakiak kalte egin digu eta ikastaroak defizitarioak izan dira.
Hala ere, kalte handiena ez zaigu alderdi ekonomikotik heldu.
Nafarroako Gobernuak ezagueraren gizartearen garapenerako duen
konpromezua ez du bete eta horrek min egin digu. Ezagueraren gizartearen
garapenerako gurea bezalako jardunaldiak ezinbestekoak dira. Ezagueraren
gizartea ez baita ulertzen etengabeko prestaketa, informazioa
eta jakituria zabaltzen ez baldin badira eta guk, gure txikitasunean,
lan hori egiten ahalegintzen gara. Erakunde publikoen babesa behar
dugu sinesgarritasuna behar dugulako. Sinesgarritasuna da Nafarroako
Gobernuak kendu nahi izan diguna,
baina zorionez bermatuta daukagu dagoeneko. Harremanak hasi ditugu
Nafarroako Gobernuarekin eta hurrengo urteari begira emaitza onak
lortuko ditugulakoan nago.
-Zeintzuk
dira Udako Euskal Unibertsitatearen beste diru iturriak? Gure baliabide propioak
ditugu; bazkideen ekarpenak, argitaratzen ditugun liburuen salmentak
eta matrikulak batez ere. Orotara, gure jardueren gastuen %40
inguru guk geuk sortutako ondasunekin estaltzen dugu. Baina irakaskuntzen
eta gure bezalako ekimenetan gertatzen ohi denez, diru laguntza
publikoak beharrezkoak dira aurrera atera ahal izateko. Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 136.zbk
(2001 / 9 / 21-28)
|