1.-
ELMER PROIEKTUA
Elmer
(El museo En la Red/museoa sarean) Euskal Herriko Unibertsitatea
eta Miramongo Zientzia Kutxagunearen artean egindako proiektua
da.
Museoa ireki zenetik,
etengabea izan da eskoletako material didaktikoaren eskaera. Hain
zuzen ere, eskaera horri aurre egiteko sortu zen ELMER proiektua,
2000. urtean.
 |
| Museora
etorri aurretik egin daitezkeen jardueretariko bat: LUR ONTZIA. |
Ildo horretatik,
gure xedea da Museoaren eskaintza aztertzea eta garatzea. Horretarako,
lehendanaz, 2001eko urtarriletik apirilera ikusgai egon zen «Dinosauria
2001» behin-behineko erakusketari buruzko baliabide didaktikoak
prestatu genituen. Bigarrenez, eskolen erantzuna ezin hobea izan
zenez, erabaki genuen gure lana museoko gela egonkorretara zabaltzea.
Gaur egun, museoan
ikus daitezkeen lur ontzia, energia txinpartak eta argi jolasen
geletako baliabide didaktikoak jorratzen ari gara. Azken buruan,
gure asmoa da, hezkuntza formal eta ez-formalen bidez, zientzia
hedatzea, ikasleei irakaskuntza aberatsagoa eskaini ahal izateko.
(AURKIBIDEA)
2.- ELMER PROIEKTUAREN HELBURUAK
Museoaren dimentsio birtuala garatzea.
Bada, aintzat hartu behar dira teknologia berriek zientzia hedatzeko
eskaintzen dituzten aukera guztiak.
Zientzia irakasteko baliabideak
eskaintzea, teknologia berriak eskoletako jardueretan sar daitezen.
Museora hurbiltzen diren lehen
hezkuntzako irakasleentzat material berriak prestatzea, bisitak
eragingarriak izan daitezen.
Museoaren programa eta eskolako
curriculuma elkarren artean lotzea, eduki zientifikoak sarean
zabalduz eta landuz.
Hezkuntzaren alde formala eta
ez-formala hurbiltzea, bi-bien abantailak ahalik egokien aprobetxa
daitezen.
Museoak hezkuntzan duen eginkizuna
bultzatzea eta jendea erakartzeko pizgarriak bilatzea.
Komunitate birtualak nortasuna
izatea. (AURKIBIDEA)
3.- ZIENTZIA ZENTROAK: MIRAMON ZIENTZIAREN KUTXAGUNEA
Egun, ezagutzen ditugun
zientzia museoek kontzepzio berria dute, erakusketak antolatzeko
zein jendea motibatzeko. Arean bere, zientzia museo berrienen
helburu nagusia da bisitariek hezkuntzan modu formalean eta bizitzan
modu ez-formalean ikasitako gai zientifiko eta teknikoak aurrez
aurre jartzea, alderatzea. Horrela, lor genezake hezkuntza sistema
hobetzea, aberastea.
Beste zentro kulturalek
bezala, zientzia zentroek ere bilakaera historikoa izan dute.
Labur-zurrean, ondoko hau da zientzia zentroen bilakaera historikoa:
Lehenengo museoen helburu nagusia
zen zientzia erakustea. Erakusketa horretan aurrerapen teknikoak
ziren protagonistak. Bisitariak, ostera, ikusle hutsak ziren.
Museotan, azken orduko asmakizunak erakusten ziren, berbarako,
bonbila eta irratia.
Bigarren belaunaldiko museoen
helburu nagusia zen zientzia frogatzea. Hortaz, lehenengo belaunaldiko
museoek baino garrantzi handiagoa aintzatetzi zioten ondare
zientifikoa eta teknikoa kontserbatzeari.
Gaur egun, hirugarren belaunaldiko
museoak ditugu eta, hain justu ere, horien artean dago Miramon
Zientziaren Kutxagunea. Belaunaldi honetako museotan zientziaren
komunikazioa eta elkarreragina bultzatzeaz gain, bisitariei
objektuak aztertzeko eta manipulatzeko aukera ematen zaie. Egin-eginean
ere, objektuok emozio eta jarrera desberdinak sorrarazten dituzte
bisitariengan.
Hirugarren belaunaldiko
zientzia zentroek 80. hamarkadan eman zituzten lehenengo urratsak.
Esangura horretan, San Franciscoko Exploratorium museoa izan zen
aitzindari eta eredu.
Miramon moduko zientzia
zentroek erakusketetan erabiltzen dituzten elkarreraginerako metodoak
direla bide, nahitaezkoa da bisitariak moduluetan parte hartzea.
Gainera, parte hartze hori aktiboa izan behar da, hots, bisitariek
erabili behar dituzte, hala alde psikomotrizak eta kognitiboak
nola emoziozko aldeak.
Hori guztia dela
eta, bisitariak benetako protagonista bihurtzen dira. Bestela
esanda, bisitariak ezinbestekoak dira erakusketari lotutako heziketa
ekintzak eta jarduerak gauzatzeko. Azken finean, bisitariek erabakitzen
dute elkarreraginean zer-nola parte hartu.
Laburbiduz, honako
hauek dira lehenengo belaunaldiko eta hirugarren belaunaldiko
zientzia zentroen arteko ezberdintasun nagusiak:
- Zientzia zentroak begiratoki
hutsak izatetik, parte hartzeko toki izatera igaro dira.
- Egungo beira-arasak ez dira ikusteko,
ezpada ukitzeko. Horrexek aldatu du museoaren barne-egitura.
- Eduki kontzeptualen ondoan, emozioak,
prozedurak eta jarrerak indartu dira.
- Itxura
denez, bisitariak ez doaz museotara zer edo zer ikasi nahian,
baina, egia esan, ia-ia konturatu gabe, beti ikasten dute. Horrexek
islatzen du heziketa ez-formalaren garrantzia.
(AURKIBIDEA)
 |
|
Museoan,
ikasleek moduluetan arreta jartzeko eta erakusketa oso-osoan
ulertzeko ariketak egin ditzakete. |
4.- MUSEOAK ETA HEZKUNTZA: ZERBAIT IKASTEN AL
DA? ZER? NOLA?
Asko dira zientzia
museo interaktiboetan ikas daitekeenaren inguruan egindako ikerketak.
Alabaina, ondoriok berdintsuak dira: egungo zientzia zentroek
eskainitako irakaskuntza, museo tradizionalek eskainitakoa baino
aberatsagoa da. Arestian esan bezala, bisitariek elkarreragin
handiagoa dutenez, euron jarrerak hobeto lan ditzakete.
Zer ikasten
da?
Hiru arlotan azter
daiteke zientzia zentroetako irakaskuntza:
a. Arlo kognitiboa: eguneroko
bizitzan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko balio du. Are
gehiago, bisitak aldez aurretik prestatuz gero, hobeto ulertuko
da fenomeno horiek zergatik eta nola gertatzen diren.
b. Arlo psikomotorea: Museoak
eskaintzen dituen moduluen elkarreraginak areagotu egiten du
bisitarien ukimenezko eta ikusmenezko ekintzen koordinazioa.
c. Arlo afektiboa: zientzia
zentroetako irakaskuntza prozesuaren arlorik garrantzitsuenetarikoa
da; bisitariak ikasi egiten du, banaka zein taldean. Arlo afektiboak
areagotu egiten du bisitariak zientziarenganako izan dezakeen
motibazioa eta horrek balio du ikusitako fenomenoak hobeto ulertzeko.
Nola ikasten
da?
Bisitariak aurre-ezagutza
eta igurikimen batzuekin datoz eta horiekin ahalegintzen dira
erakusketako fenomenoak ulertzen. Horregatik, oso garrantzitsua
da erakusketetako moduluek ezagutzok aktibatzea eta eskainitako
eduki kontzeptualekin alderatzea. Horrela, irakaskuntza esanguratsuagoa
lor genezake.
Nolanahi ere, teoria
zientifikoa azaltzea baino garrantzitsuagoa da erakusketak bisitariengan
gatazka kognitiboa sorraraztea. Gatazka kognitiboak direla-eta,
ikasleak ezaguera berriak beregana ditzake. Halaber, ezaguerok
garrantzitsuak izan daitezke, gerogarrenean, irakaskuntza prozesuan
aurrera egiteko.
Zientzia museoa
eta eskoletako curriculuma
Erakusketako moduluek
badute zerikusia eskoletako curriculumeko edukiekin. Bada, zientzia
museoek hezkuntza zientifikoa sustatzen dute.
Irakaskuntza esanguratsuagoa
lor dadin, erakusketek zerikusia izan behar dute eskolan ikasten
diren eduki zientifikoekin. Hori dela bide, ezinbestekoa da irakasleek
zentro hauetara etorri aurretik irteera behar bezala prestatzea,
alegia, eskolako plangintzan hori jorratzea.
Hori guztia kontuan
hartuz, baliabideak eskaintzen dizkiegu irakasleei. Jarduera batzuk
prestatzen ditugu, irakasleek lan ditzaten, museora etorri aurretik,
museoan bertan eta hemendik irten eta gero.
Behin ikerketak eginda,
ondorioak argiak izan dira: oso garrantzitsua da bisitak aldez
aurretik eskoletan prestatzea ez eze, horiek museoan eta museotik
irten ostean eskaintzen ditugun jarduerekin osatzea ere. Aurretiaz
bisita prestatzen bada, museoko egonaldia aberastu egingo da eta,
ondorenez, hobeto eutsiko zaie ikasitako kontzeptu zientifikoei.
Bestalde, nabarmendu
behar da museoan ikasitakoak, batetik, aberastu egiten dituela
ikaslearen esperientziak eta, bestetik, eskola barruan zein eskolaz
kanpo aplikazio esparruak zabaltzen dituela. Hortaz, zientziaren
fenomenoak ulertzeko bide berriak sortzen dira eta bideok ikasleen
ikasteko gogoa pizten duten ginoan, erraztu egiten da irakaslearen
lana. (AURKIBIDEA)
5.- DINOSAURIA 2001, LUR ONTZIA, ENERGIA TXINPARTAK
ETA ARGI JOKOAK

Web orri honetan
aurki dezakezue Miramonen egon zen dinosaurioei buruzko erakusketan
egin genuen lana. Antzeman dezakezuenez, bost atal bereiz daitezke:
informazioa, jokoak, estekak, unitate didaktikoa eta aldizkari
digitala.
«Dinosauria 2001»
behin-behineko erakusketa egin ostean, erabaki genuen gure lana
museoko gainontzeko erakusketa egonkorretara zabaltzea. Erakusketa
egonkorrean 10 gela daude eta horietarik hiru aztertu eta landu
ditugu: lur ontzia, energia txinpartak eta argi jokoak.
«Dinosauria 2001» bezala, unitate didaktiko horiek hiru zatitan
banatu dira, hots, museora etorri aurretik, museoan bertan eta
museotik irten ostean egin daitezkeen jarduerak bereiz daitezke.
Proposatutako materialetan
baliabide desberdinak erabili ditugu. Esate baterako, baliabide
teknologikoen artean, CLIC eta HOT POTATOES programak erabili
ditugu, zailtasun desberdineko jarduera eta jokoak egiteko. Era
berean, esteka batzuk eskaini dizkiegu ikasle eta irakasleei,
sarean murgildu eta nabigatzen hasteaz gain, gaiari lotutako beste
web orri batzuk ikus eta azter ditzaten. (AURKIBIDEA)
6.- ETORKIZUNA
Une honetan, guretzat
garrantzitsuena da Kutxaespazioaren proiektu birtualean eta diziplina
ezberdinetan dugun laguntza. Uste dugu berrikuntza pedagogiko
horren arrakasta berez iritsiko dela, diziplina anitzeko jarduerak
eta izaera kooperatiboko jarduerak garatu ahala. Alabaina, bisitarien
beharrak eta eskaerak asetzen ahalegindu behar gara. Ikasleak
eta irakasleak dira proiektuaren onuradun nagusiak eta, hain zuzen
ere, gure asmoa da hezkuntzako esperientzia aberastea.
Teknologi berriek
izugarrizko garrantzia dute zientzia hedatzeko. Hala ere, teknologia
berriak ez dira inoiz helburu izan behar, baizik eta zientzia
edonora hedatzeko bide. Teknologi berriek osatu egin behar dituzte
eskoletako ohiko baliabideak, bakoitzak bere eginkizuna baitu.
Gure helburu nagusia
da zientzia hedatzea, teknologia berriak erabilita. Duda-mudarik
gabe, horrek hobetu egingo du hezkuntzaren kalitatea. Ikasleek
zientziaren adar desberdinak ez ezik, teknologia berrien prozedurak
ere ikas ditzakete. Teknologi horiek erabiltzen jakitea ezinbestekoa
izango da etorkizunean.
Amaitzeko, gure iritziz,
Kutxaespazioan aurkeztu ditugun diseinuak aberasgarriak dira zientzia
irakasteko. Aitzitik, diseinuok ulertzeko argi izan behar da teknologi
berriak garrantzitsuak izan arren, giza-baliabideak direla ezinbestekoak.
Egin dezagun kontu, irakasleak behar bezala prestatuta egonez
gero, hezkuntzari aplika dakizkiokeen teknologia berriak pedagogikoak
izan daitezke. (AURKIBIDEA)
7.- BIBLIOGRAFIA
DIAMOND, J. eta beste batzuk (1987)
"The Exploratorium´s explainer program: the long-term inpacts
on teenagers on teaching science to the pubilc". Science
Education, 71.bol, 5.zk, 643-656. orr.
FEHER, E. (1990) "Interactive
museum exhibits as tools for learning: exploratiums with light".
International Journal of Science Education, 12.bol, 1.zk,
35-49. orr.
KAHN, B. (1978) "Computers
and Science Museums: a public access model". Peoples
computers, 7.bol, 1.zk, 34-39. orr. eta 2.zk, 20-26. orr.
MILLER, J.D. eta HELTNE, P. (1992)
"The use and impact of science and technology Museums in
the U.S.A: an historical and empirical examination". Comference
on Museums and the Public understanding of Science. Science
Museum. London.
José Miguel Correa, Nere
Amenabar, Carmen Cuevas, Iñaki Díaz Balerdi, Zaloa
Elizondo, Lorea Fernández, Estitxu Jz. De Aberasturi, Alex
Ibáñez, Mónica Moreno, Olatz Olasagasti, Danel
Solabarrieta, Imanol Usandizaga, ELMER (EL Museo En la Red-Museoa
sarean) proiektuaren partaideak. Miramongo Zientziaren Kutxagunea
eta Eusko Jaurlaritzak (2001 urteko Eskari-Eskaintza deialdian)
emandako finantziaketari esker aurrera eramandako proiektua |