Zaraitzuera gaur egun
Aitor Arana

Mendeetan zehar (800 urtez gutxienez) euskararen galera euskalkiei lotuta egon da estu-estuan. Pirinio aldean, Huescan, Nafarroan, Errioxan, Araban nahiz Burgosko zenbait lekutan euskara galtzen zenean, bertako euskalkia erabiltzeari uzten zitzaiolako galtzen zen. Normala da hori horrela izatea, garai hartan eta XX. mendeko 60ko hamarkada arte -gutxi gora-behera- ez baitzen sortuko "euskara batua" izeneko euskararen aldaera estandarra, literarioa gehienbat, baina era berean eremu euskaldun guztietako euskaldunentzako hitzezko komunikazioan ere euskal koinearena egingo zuena.

Ideia hori, hortaz, garbi geratzea nahi nuke: historikoki "atzo arte" esaten den moduan, ibar edo haran bateko euskalkia galtzeak hango euskara desagertzea zekarren. Orain, euskara batuari eta euskal ikastetxeei esker, ez da jadanik horrela izaten. Oraindik ere eremu batzuetan bertako euskalkia galtzen ari gara Nafarroan eta Iparraldean, baina horrek ez dakar berarekin eremu horietan euskara betirako desagertzea. Eta testuinguru horretan ulertu behar da zaraitzueraren egungo egoera.

Zaraitzuera (zuberera, aezkera eta erronkarierarekin batera) ekialdeko euskalki bereizienen taldekoa da, mendebaldean bizkaiera erdialdeko euskalkietatik bereizten den bezala. Zuberera eta aezkera bizirik daude gaur egun; zubererak 12.000 hiztun inguru omen ditu eta aezkerak 250 inguru. Dena den, inor ez engainatzekotan, argi esan behar da biak daudela galtzeko zorian, bietan oraindik ere iraupenerako itxaropena izan daitekeen arren. Hori zuberotarren eta aezkoarren euren esku dago nagusiki. Erronkariera eta zaraitzuera, ordea, hilik daude lehenak 0 hiztun dituelako eta bigarrenak 2 (guk ofizialki dakigula). Baina Zaraitzuko biztanleen % 10 edo 12 inguru euskalduna da gaur egun, herritarren borondateari eta euskal ikastetxeei esker.

Oinarrizko datu hauek buruan ditugula, eman diezaiogun zaraitzueraren egungo egoerari begiratutxo bat. Esan bezala, ofizialki bi hiztun daude zaraitzuera ama hizkuntza izan zutenak eta oraindik ere euskalkian hitz egiteko gai direnak: Otsagiko Pedro Juan Zoko 93 urteko jauna eta Eaurtako Mari Kruz Esarte 86 urteko andrea. Baina, ziurraski han edo hemen beste bizpahiru hiztun izango direla pentsatzea zilegi den arren, ez du horrek nire ustez esan nahi euskalkia bizirik dagoenik. Heriotz-egoeran dagoen edozein euskalkitako azken hiztunak (are gehiago bost baino gutxiago direnean), guztiz isolaturik egon ohi dira, senide erdaldunez inguraturik, ordu asko erdal telebisten aurrean emanez, eta euskalkiaren beste hiztunekin urteetan eta urteetan hitz egiteko aukerarik gabe. Erabiltzen ez den mintzaira, idatziz ere erabiltzen ez dena, mintzaira hila da. Egoera horretan dago gaur egun zaraitzuera. Datozen bost-hamar urteetan Mari Kruz eta Pedro Juan hiltzen direnean, gainera, euren lekukotza garrantzitsua betirako hilobira eramateaz gain, ikertzaileei ez zaie gehiago zaraitzuera mintzatuaren oihartzunak bizian entzuteko aukerarik geratuko. Egin diren grabazioak erabili beharko dituzte. Nafarroako beste euskalki bat galdu dugu, zalantzarik ez dago.

Eta nolakoa da euskalki hau? Hain berezia da benetan? Egia esan, inoiz entzun edo irakurri ez duenarentzat oso berezia da. Erronkariera, ordea, bereziagoa edo "ezberdinagoa" da, dena den. Zaraitzueraren lehen ezaugarri aipagarria erakusleetako k protetikoa da: kau, kori, kura (= hau, hori, hura); kemen, kor, kan (= hemen, hor, han); kontraño, kortraño, kartraño (= honetaraino, horretaraino, hartaraino); kain, kainberze (= hain, hainbeste) etabar. Sinkopak ere deigarriak gertatzen zaizkio zaraitzuera ezagutzen ez duenari: abrea (aberea), aingrua (aingerua), erman (eraman), ebli (ibili), ikustra (ikustera), konpontzra (konpontzera) etabar. Zaraitzueraz, erronkarieraz bezala, aditz trinkoa oso gutxi erabiltzen da (antzina horrela ez zela dirudien arren) eta "ni noa" eta "ni joaten naiz" esateko "ni faten niz" esaten da bi kasuetan.

Baina zaraitzueraren ezaugarri deigarriena, Zaraitzu inguruko euskaldunentzat bederen, xuketazko tratamendua izan da. Xuketa Nafarroa Behereko eta Erronkariko hizkeretan ere oso erabilia da, baina Zaraitzun askoz gehiago erabiltzen zela dirudi; bertako hizkeraren ezaugarri bihurtzeraino bai behintzat. Zaraitzuerazko xuketako ni nixu, kura xu, gu gitxu, kurak txu adizkiak (ni naiz, hura da, gu gara, haiek dira) benetan oso zaraitzuarrak dira. Hizkera neutroan ni niz, kura da, gu gra, kurak dra izango lirateke. Adizkiekin jarraituz eta zaraitzueraren ezaugarriez ari garela ahaztu gabe, agian egokia litzateke aipatzea zaraitzuerazko NOR-NORI aditz sistema ia-ia batuan bezalakoa dela, baina NOR-NORI-NORKekoa aski urruntzen dela: dabat (diat), dakot (diot), dauzut (dizut), dauziet (dizuet), dabet (diet), daztae (dizkidate), dauzkiek (dizkiate), dazkoe (dizkiote), dauzkue (dizkigute), dauzkizie (dizkizute), dauzkizie (dizkizuete) eta dauzte (dizkiete). Hauek, noski, xuketako tratamenduan hitz eginez gero, dakoxut, dabexut, dauzkuexu etabar bezalako adizki bihurtzen dira hala dagokienean.

Erronkarierakin batera, zaraitzuerak badu hiztegitik eta aditz tauletatik kanpo, beste ezaugarri bitxi samar bat erlatibozko perpausak egiteko moduetan. Batuan bezala, enedun erlatibozkoak daude zaraitzueraz: "Erosi dugun etsea polit da" (= Erosi dugun etxea polita da). Baina, natural-natural alda daiteke ordena eta subjektua mugatu gabe utzi hasieran, honela: "Etse erosi duguna polit da". Gauza bera esateko beste modu bat: "Etsea, erosi baitugu, polit da". Honelako ehunka adibide aurki daitezke zaraitzuerazko testuetan.

Zaraitzuko euskararen beste ezaugarri garrantzitsu bat, Iparraldeko euskararekiko lotura zuzena da. Ibar honetako euskara, zalantzarik gabe, ipar-ekialdekoa da. Hori ez da harritzekoa, izan ere, zaraitzuarrek mendeetan lan egin dute eta merkataritza harremanak izan dituzte Iparraldeko euskaldunekin, behenafarrekin eta zuberotarrekin gehienbat. Horrela, oso arruntak dira honelako hitzak Zaraitzun: fite (azkar), ardura (askotan), axuria (arkumea), elea (hitza), arren (beraz), bedatsea (udaberria), urzoa (usoa), xin (etorri), zomat (zenbat). Eta oso ekialdekoa den hitz multzo bat ematearren: bellitu (esnatu), borondea (kopeta), emon (eman), eraugi (ekarri), nexargarria (negargarria) etabar.

Orrialdeak eta orrialdeak bete genitzake zaraitzueraren adibideak emanez, baina ez da hori artikulu honen xedea. Euskalki honekiko interesa duenak lau liburu ditu arretaz irakurri edo kontsultatu beharrekoak: 1) "Bonaparte ondareko eskuizkribuak. Zaraitzera" 1997. Egileak: Rosa Miren Pagola, Itziar Iribar eta Juan Jose Iribar. Deustuko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratua. 2) "Zaraitzuko hiztegia. Zaraitzuera - Euskara Batua / Euskara Batua - Zaraitzuera" 2001. Egilea: Aitor Arana. Hiria argitaletxeak eta Nafarroako Gobernuak argitaratua. 3) "Zaraitzuko uskarara. Zaraitzuera ikasteko liburua" 2002. Egilea: Aitor Arana. Hiria argitaletxeak eta Nafarroako Gobernuak datorren udaberrian argitaratzekoa. Eta 4) "Morfología del verbo auxiliar bajo navarro oriental" 2002. Egilea: Pedro de Yrizar. Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak datorren udaberrian argitaratzekoa.

Lau liburu hauek, zalantzarik gabe, zaraitzuera ongi ikasi nahi duen euskaltzaleari bere helburua betetzeko behar adina material eskaintzen diote. Horrek bidenabar esan nahi du, zaraitzuera mintzatua hilik dagoen arren, idatzia oso bizirik dagoela eta, hortaz, nahi duenak berreskuratzeko modua duela, zorionez.

Ez nuke artikulu hau amaitutzat eman nahi Espartzako Antonia Gartzia Loperena andrea aipatu gabe. Hil honetan bertan hil zaigu 88 urte zituela, bera izanik Espartza herriko azken zaraitzueradun ofiziala -ez, zorionez eta hasieran nioen bezala, hango azken euskalduna-. Neronek bere bizitzako azken urte t'erdian adiskide eta lankide izateko zortea izan nuen, Zaraitzuko hiztegia egiten ari nintzenean ezagutu nuen eta hiztegia egiten lagundu zidan zaraitzueradun hiztun bakarra izan baitzen. Laster argitaratuko den zaraitzuera ikasteko liburuan ere biziki lagundu zuen Eaurtako Mari Kruz Esarterekin batera.

Antonia Gartziaren pozik handiena bere bizitzako azken urteetan, txikitan Espartzan ikasi zuen euskararekiko axola beste batzuongan ikustea izan zen. Nekerik gabe lagundu zuen hiztegia egiteko lan astunean eta irrikaz itxaron zuen bere begiez ikusteko egunera arte. Atera zenean "Elki dia?" (= Atera al da?) galdetu zuen pozez beterik eta poz handiagoz sinatu zizkigun aleak hala eskatu genionoi. Har beza atseden Antonia Gartzia adiskide langileak.


Aitor Arana, idazlea

Euskonews & Media 162.zbk (2002 / 4 / 12-19)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved