|
Gipuzkoa eta Nafarroako
irakasleen iritzian, irakurketa bultzatzea ez da eskolen zeregin
esklusibo bat, eta irakurzaletasuna sustatzearen aldeko apustua
egin dute
Gero
eta gazte gutxiago ikusten da liburu bat besapean duela. Ezer
irakurtzekotan, etxeko lan gisa agindu dietelako egiten dute gehienetan.
Ostera, Espainiako ia jende guztiak daki nola duten izena TVEko
Operación Triunfo saio arrakastatsuko hiru irabazleek.
Hori jakitea ez dago, inolaz ere, irakurketarekin kontrajarrita,
baina egoera benetan kezkagarriak sortzen dira ohitura batzuk
hainbeste goraipatu eta beste batzuk ahanzturan erortzean (irakurzaletasuna,
esaterako). Edozein kasutan, ikastetxe eta liburutegi ugaritan
irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen berritzaileak gauzatzen ari
dira.
Hezkuntza,
Kultura eta Kirol Ministerioak Espainiako Editoreen Gremioaren
Federazioarekin batera egin duen 2001. urteko irakurtzeko ohiturari
buruzko azterketatik ateratako datuek erakusten dutenaren arabera,
espainiarren %58k bakarrik irakurtzen du libururen bat hiru hilero,
eta %48k sekula ez duela irakurtzen aitortzen du. Zehatzago izateko,
14 urtetik gorako espainiarren %45ak ez du inoiz irakurtzen, edo
ia inoiz. Kopuru hau, gainera, %3 jaitsi da 2001eko lehenengo
hiruhilabetekoan, iazkoarekin alderatuz gero.
Bertelsmann Fundazioak
duela bi urte 8 eta 16 urte bitarteko 2.000 gazteren artean irakurtzeko
ohituraren inguruan egindako azterketa batetik ondorioztatzen
denez, irakurzaletasuna behera egiten ari da nerabeen artean.
Inkestak erakusten duenez, Lehen mailako (6 urtetik 12ra) ikasleen
%55ari "asko" gustatzen zaio irakurtzea, eta Bigarren mailakoen
artean (13 urtetik 16ra), berriz, %8ari bakarrik. Txosten honek
berak datu gehiago ere biltzen ditu: inkestari erantzun diotenen
%64ak dio beren gurasoek oso liburu gutxi erosten dituztela, edo
bat ere ez, %47ak hogei liburu baino gutxiago dituela etxean,
%15ari bakarrik egiten diola ilusioa oparitan liburu bat jasotzeak,
%73ari ikasgelan irakurtzeko denbora gehiago izatea gustatuko
litzaiokeela, eta %53ak sekula ez duela bere ikaskideekin irakurtzen
dituen liburuei buruz hitz egiten.
Bestetik, Euskal
Autonomia Erkidegoko Editoreen Gremioak eta Eusko Jaurlaritzak
prestatu duten txostenak esaten duenez, azken bi urteotan Euskal
Herrian bi puntu eta erdi jaitsi da liburuak irakurtzeko ohitura.
Egun, herritarren %52´5 da ohiko irakurle.
Datu ez oso pozgarri
hauek kontuan izanik, inkesta bat egin zaie Gipuzkoa eta Nafarroako
institutu batzuetako DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza)
lehen eta bigarren mailako ikasleei, eta baita lehen mailako ikasle
gipuzkoar batzuei ere, Gipuzkoa eta Nafarroako haur eta gazteen
artean irakurzaletasunaren egoera nolakoa den jakiteko asmoarekin.
Datuak, irakasleak
eta... dirua Inkesten emaitzek adierazten
dutenaren arabera, Beasaingo (Gipuzkoa) Alkartasuna Lizeoa Eskola
Publikoko DBHko lehen mailako ikasleek batez beste bederatzi liburu
irakurtzen dituzte urtean, eskolarako irakurri beharrekoak kontatu
gabe. Ez da hain datu
txarra, inkestari erantzun dioten gehienek irakurtzea gustuko
dutela kontuan hartzen badugu. Neskato baten hitzetan, "niri
irakurtzea gustatzen zait polita delako, gauza asko ikasten direlako
eta hunkigarria delako". Egunkari askoren arreta erakartzeko
moduko erantzuna izan arren, komunikabideek ez diote aipurik egiten,
gehiengo handi baten jarrera ez delako. Aldiz, datu hau benetan
interesgarritzat jotzen dutenen artean, aurtengo apirila bitartean
gazte hauen literatura irakaslea izan dena dugu, Leticia Grandes,
Psikopedagogian lizentziatua, Lehen Hezkuntzan Diplomatua eta
Galtzagorri Literatur Elkarteko kidea. Bera da ikasle gazte hauek
beren aisialdia irakurtzeari eskaintzearen erantzulea. "Nahi
dutena irakurtzen uzten diet, ez diet ezer inposatzen. Gainera,
istorioak ozen irakurtzen dizkiet, entzun ditzaten, liburu bat
irakurtzeak ez duelako esan nahi gero horri buruzko fitxa bat
bete edo lan bat egin beharko dutenik", dio. Letrak hain
maite dituen irakasle hau haratago doa irakurzaletasuna sustatzeko
ahaleginean, izan ere "interesgarriak iruditzen zaizkidan
liburuak kasualitatez bezala erakusten dizkiet, eta beren egileez,
ilustratzaileez etab. hitz egiten diet. Gainera, beti eramaten
dut liburu edo egunkariren bat besapean, eta, beraz, klasera sartzen
direnean beti irakurtzen topatzen naute. Izan ere, garbi daukat
adibidea emanez irakatsi behar diegula".
Onena, ikasle gazte
hauek hartu duten ohitura ez galtzea litzateke, edo, behintzat,
erabat ez baztertzea, irakurzaletasunari buruz egin diren hainbat
eta hainbat azterketa soziologikok aditzera ematen dutenez gazteak
direlako gehien irakurtzen dutenak. Hamasei eta hogeita lau urte
artekoek asko irakurtzen dute, baina berrogei urtetik aurrera
irakurtzeko ohiturak nabarmen egiten du behera. Nolanahi ere,
hezkuntza garaiak zeresan handia du ohitura horretan. Bai behintzat
Larraintzargo (Nafarroa) Irurita Gotzaina Eskola Publikoko ikasleen
kasuan. Inkesten erantzunak ikusirik, zera esan daiteke: DBHko
lehen eta bigarren mailetako ikasleek batez beste hiruzpalau liburu
irakurtzen dituztela urtean, Beasaingo Eskolako ikasleen erdia,
baina Hernaniko (Gipuzkoa) Ereñozu auzoko Txirrita Eskola
Publikokoek bezainbat, azken hauek Lehen mailakoak diren arren.

Diego Tobar, Hezkuntza
Berezian diplomatua, Psikopedagogian lizentziatzear, eta ikasle
nafarren tutore denaren iritzian, "ikus-entzunezkoen gizarteak
eragin handia du honetan guztian. Gazteei kosta egiten zaie irakurtzen
jartzea, badirelako hori baino askoz ere gehiago erakartzen dituzten
beste gauza batzuk, telebista ikustea, esaterako". Nafarroako
irakasle honek, dena den, "gauza guztiak irakurtzen ikasten direla"
errepikatzen die ikasleei, motibatzeko. Edozein kasutan, irakurzaletasuna
eskoletan askoz ere gehiago sustatu ahal izango litzatekeela dio,
eta eskoletako liburutegiak hobetu egin beharko liratekeela, "kasu
batzuetan, arduradunik ez egotean, mailegu zerbitzua ez delako
behar bezala antolatzen".
Gai hori politikarien
eskuetaraino iritsi da. Iazko urtearen amaieran, Hezkuntza, Kultura
eta Kirol Ministerioak Irakurzaletasuna bultzatzeko Plana aurkeztu
zuen, 2004. urtea amaitu arte indarrean egongo dena. Plan honek
1.230 milioi pezeta (dauzkan 22.356etatik) bideratuko ditu hezkuntzaren
esparrura. PSOE alderdiak, eskoletako liburutegiak finantzatzeko
eta liburuzainak trebatzeko 10.000 milioi pezeta bidera zitezela
eskatu zuen 2000. urtearen amaieran, baina eskariak ez zuen baiezkorik
jaso. Nolanahi ere, alde handia dago Hezkuntza, Kultura eta Kirol
Ministerioak inbertituko dituen 1.230 milioien eta Gobernu britainiarrak
iazko ikasturtean 7 eta 11 urte bitarteko ikasleen artean irakurzaletasuna
sustatzeko bideratu zituen 27.500 milioi pezeten artean.
Liburuen altxorra Gauza jakina da irakurzaletasuna
bultzatzeko orduan familiaz gain eskolak ere funtsezko papera
jokatzen duela. Hori dela-eta, adituen esanetan "lehentasunezkoa"
da eskolek liburutegi onak izatea. "Hezkuntzaren maila guztietan
egon beharko lukete presente liburutegiek, eta gainera ez lirateke
Hizkuntzako irakaslearekin bakarrik lotu beharko". Izan ere,
sarritan esan ohi den bezala, "hein handi batean liburuzainaren
imajinazio eta prestaketaren araberakoa izatean da irakurleen
kalitatea".
Esther Iriondo,
Hezkuntza Ingelesean diplomatua eta Hernaniko (Gipuzkoa) Ereñozu
auzoko Txirrita Eskola Publikoko Haur Hezkuntzako eta Lehen Mailako
zikloan irakasle denak dioenez, bere eskolako liburutegia "ez
dago oso garatuta, eskolak, txikia izatean, ez daukalako bitarteko
gehiegirik". Ba omen da liburutegi-gela bat, "baina haurrentzako
liburuak baino gehiago, entziklopediak, kontsultarako liburuak
eta ezagutzak zabaltzekoak daude".
Nolanahi
ere, eta mugak dauzkaten arren, ikastetxe gipuzkoar honetako irakasleek
"oso ekimen interesgarria" jarri dute abian, Esther Iriondoren
esanetan. "Gainera, izugarrizko arrakasta izan du, gazteen
artean batez ere". Liburuen Altxorra izenekoa dugu,
eta ipuin kontalari bat eskolara pirataz mozorrotuta joan zenean
hasi zen guztia. Hilabete batez zaindu egin beharko zuten altxor
bat ekarri zuela esan zien haurrei. Ipuinak kontatzen hasten zen,
baina ez zituen bukatzen, eta beraz bukaera altxorreko liburuetan
bilatzeko esan zien haurrei. Esther Iriondo irakasleak dioenez,
"haurrak jakin-minak jota gelditzen ziren". Amaieran,
zera esan zien piratak: "nola bukatzen den jakin nahi baduzue,
irakurri liburua". Liburuez betetako kutxa eskolako gela
batean ipini zuten, haurrek, liburutegietan bezala, liburuak hartu
eta irakurtzeko maileguan eraman zitzaten, gero berriz itzultzeko.
Hernaniko ikastetxetik jakinarazi digutenez, datorren urtean itzultzeko
eskatuko diote ipuin kontalariari, esperientzia errepikatzeko
asmoz, "balantzea guztiz positiboa izan baita". Esther
Iriondo irakasleak adierazten duen moduan, "Haur Hezkuntzakoek
eta guzti eraman dituzte liburuak, ondo irakurtzen jakin ez arren.
Ziurrenik marrazkiak ikusteko hartuko zituzten, edota gurasoei
ipuina irakurtzea eskatzeko". Baina ezin esan ikasle guztiek
interes bera agertu dutenik, irakaslearen esanetan "zaharrenek
askoz ere interes gutxiago azaldu dutelako". Horregatik,
gisa honetako ekimenak burutzeko beharra ikusten da irakurzaletasuna
bultzatzeko.
Asmo horrekin, hain
zuzen ere, Leticia Grandes, Beasaingo Alkartasuna Lizeoa eskola
publikoko irakaslea eta Galtzagorri Literatur Elkarteko kide dena,
Elkarte honetako beste hainbatekin batera, argitaratu berri diren
liburuen artean euskal eskoletako lehen eta bigarren mailako ikasleentzat
egoki eta gomendagarrienak izan daitezkeenak hautatzeaz arduratzen
da, urtez urte. Irakasle honen ustez, hala ere, gazteen artean
irakurzaletasuna bultzatzea "nahiko gauza zaila da, eta neurri
handi batean Unibertsoaren jabe diren komunikabideek ez dutelako
ezertan laguntzen".

Diego Tobar,
Larraintzargo (Nafarroa) Irureta Gotzaina Eskola Publikoko irakaslearen
iritzian, "gizarte honetan ikus-entzunezkoen eta teknologia
berrien esku dago agintea. Irudia da errege". Esther Iriondo,
Hernaniko ikastetxeko irakasleak ere argi dauka "ikus-entzunezkoen
gizarteak oso eragin handia daukala gazteengan". Horixe bera
ondorioztatzen da Bertelsmann Fundazioak irakurtzeko ohituraren
gainean egin duen inkestaren datuetatik: ikasleek aisialdiko aukera
gogokoenean artean bigarren lekuan kokatzen dute irakurtzea, musika
entzutearen ondoren, eta telebista ikustearen aurretik. Zortzi
urtekoen artean aisialdirako aukera gogokoena irakurtzea den bitartean,
16 urterekin, irakurri baino, nahiago dute musika entzun, telebista
ikusi edota ordenagailuan jolastu.
Ikus-entzunezko
gizartearen eragina
Edozein
kasutan, azkenaldian izan da salbuespenik. Ikus-entzunezkoek egin
duten marketing kanpainaren ondorioz, gaztetxoenak ia masiboki
animatu dira J.K. Rowling idazlearen Harry Potter-en abenturei
buruzko liburua irakurtzera. Horixe ematen dute aditzera aipaturiko
hiru ikastetxeetako ikasleen artean egindako inkesten emaitzek,
ikasle gehienek irakurri duten azken liburua Harry Potter-en
abenturei buruzkoa baita. Batzuk bilduma osoa irakurtzen ari dira,
gainera.
Nolanahi ere, azpimarratzekoa
da eskola hauetako ikasleek zenbat ordu ematen dituzten telebistaren
aurrean. Hernaniko ikastetxeko lehen mailako bigarren zikloko
ikasleek astean bederatzi ordu ematen dituzte, Beasaingo eskolako
DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek adina; Nafarroako ikastetxeko
DBHko lehen eta bigarren mailakoek, aldiz, astean hemezortzi ordu
igarotzen dituzte batez beste telebista ikusten. Telebista ikustea
berez ez da txarra, baina bere aurrean denbora gehiegi ematea
bai ordea. García Lamas irakasleak 1992ko uztailaren 12an
El País egunkarian argitaratutako artikulu batean
dioen moduan, "ikasle askok zeinuen memoria bisuala galdu
dutela dirudi, eta belarriz idazten dutela: beren idazkera, funtsean,
fonetikoa da".
Irakasle askok
ikasleen esku liburu erakargarriak ipintzeko apustua egin dute,
irakurtzea telebista ikustea bezain interesgarria edo interesgarriagoa
dela kontura daitezen. Azken batean, kontua ez baita gaitz guztien
errua telebistari botatzea, zenbaitetan haur edo gazteen liburuetan
oinarrituz pantailaratu diren istorioak liburuetan pantailan baino
hobeto gelditzen direla adierazteko aprobetxatzen baitira.
Asko
eta asko dira irakurketa bultzatzeari garrantzi benetan handia
ematen dioten hezitzaileak, ikasleek irakurtzea gehiegi atsegin
ez dutela ikusita. Maisu-maistra ugarik, irakurtzeko ohitura bultzatzeko
ekimenean ikastetxeetako irakasle guztiek parte hartzearen onuragarritasuna
azpimarratzen dute, kasu bakan batzuetan irakasle batzuk -ikasgai
desberdinak ematen dituztenak- ekimen horretatik guztiz kanpo
geratzen baitira, nahiz eta gero ikasleek deus irakurtzen ez dutela,
laburpen bat egiteko gai ez direla eta hiztegi pobrea darabiltela
leporatzen dieten.
Hori dela-eta,
gurasoek -eta hezitzaileek- funtsezko ekarpena egin dezakete abentura
honetan. Halaxe dio Mariasun Landa euskal idazle eta EHUko Donostiako
Irakasle Eskolan Literaturaren Didaktikako irakasle denak. Bere
iritzian, "haurrek gurasoak irakurtzen ikusten baldin badituzte,
eguneroko jardun bat balitz bezala, azkenean haurrak ere, gurasoen
irudiari jarraituz, irakurtzen jarriko dira. Eta, gainera, gauza
atsegina irudituko zaie". Dena den, euskal idazleak dioenez,
"guraso batzuk ez dira konturatzen zeinen garrantzitsua den liburuekiko
maitasuna transmititzea".
Funtsezkoa da
gurasoek seme-alabei istorioak kontatu eta irakurtzea, eta bakarrik
irakurtzen ikasten dutenean irakurketak seme-alabekin komentatzea.
Zaila da oso haur bat irakurle bihurtzea bere gurasoek batere
irakurtzen ez badute, eta etxean libururik ikusten ez badu. Gurasoek
ikastetxean, liburutegietan nahiz liburu-denda espezializatuetan
seme-alabentzako libururik egokienak zeintzuk diren galdetu beharko
lukete.
Haurtxoteka liburutegian Donostiako Haurren Udal
Liburutegiko arduradunek eman diezagukete honen berri. Donostiako
Alde Zaharreko Fermín Calbetón kalean kokatuta dagoen
liburutegi honetan, "haurtxoteka" izeneko gelatxo bat daukate,
hilabete gutxi batzuk besterik ez dauzkaten bazkideak liburuekin
harremanetan jar daitezen. Argi dago jaioberriak ez direla irakurtzeko
gauza, baina gomazko liburuekin jolasten dira, ukitu egiten dituzte,
eta, nahi izanez gero, miazkatu ere bai. Beste areto batean, haur
eta gazteentzako liburuak daude, txukun sailkatuta, eta gela horretan
bertan forma geometriko originaleko sofak eta etxolatxo bat daude,
haurrek liburuak irakurtzeko erabil ditzaten. Liburutegi honek
ikasleentzako bisita antolatuak prestatu ohi ditu, irakurzaletasuna
pizteko. Aipatu, azkenik, liburutegi honek dokumentazio fondoa
ere baduela.

Ipuinaren ordua delakoa
ere antolatzen dute. Ipuin kontalari batek, bere istorioen bidez,
gazteenentzako giro berezia sortzen du, ipuina arretaz entzun
dezaten. Izan ere, Daniel Penac idazle frantsesak Como una
novela liburuan dioen bezala, "irakurketarekiko maitasuna
ahozko tradizioaren menpe dago". Hortaz, liburutegi, eskola
eta familian ipuinen kontakizuna bultzatzeak irakurtzeko zaletasuna
pizten laguntzen du, guztiz frogatuta baitago ipuin edo istorioak
kontatzean harreman afektibo bat sortzen dela narratzailearen
eta entzulearen artean, lotuta mantentzen dituen hari ikusezin
bat, epe ertain eta luzera ikaragarrizko abantailak ekartzen dituena.
Elkarrekin irakurtzea, beraz, loturak sortzeko beste modu bat
da, ikasleak irakurtzera ohitzeko estrategiarik onena irakurgaiarekiko
grina piztea baita.
Gaur egun irakasle
ugari dabiltza zeregin horretan; besteak beste Leticia Grandes,
Diego Tobar eta Esther Iriondo –Euskal Autonomia Erkidegoko eta
Nafarroako eskola publikoetako irakasleak hirurak-, jo eta ke
ari baitira irakurzaletasuna gal ez dadin lanean. Mariasun Landa
idazle errenteriarrak dioen bezala, "liburuek oso eduki aberats
eta atseginak dauzkate, eta gazteei esperientzia berriak izateko
bidea zabaltzen diete. Gainera, literatura esperimentatu egin
behar da, liburu bat irakurri ondoren pertsona desberdina zarela
ikusten baduzu, gauza apartaren bat gertatu zaizunaren seinale
delako".
|
Galtzagorri
Literatur Elkartea
Ekimen
mota hauen bultzatzaileak Galtzagorri izeneko Literatur
Elkarteko kideak dira. 1990ean sortu zen Elkarte hau,
eta bere helburuen artean Haur eta Gazte Literatura
bultzatzea eta ezagutzera ematea daude. Literatura
mota honekin lotuta dauden guztiek parte hartzen dute
bertan: ilustratzaileek, irakasleek, liburuzainek,
itzultzaileek, liburu saltzaileek nahiz literatura
maite dutenek. Nolanahi ere, ez dira hor bukatzen
Galtzagorri Elkartearen ekintzak. Izan ere, azken
urteetan ohitura bihurtu den legez, Galtzagorri bera
da IBBYko (International Boarding Book For Young People)
OEPLIn (Organización Española para el
libro infantil y juvenil) euskaldunak ordezkatzen
dituena, eta eurak dira, halaber, Estatu mailan antolatzen
diren lehiaketetarako hautagai euskaldunak proposatzen
dituztenak, hala nola Premio Lazarillo edo
Premio Nacional de Literatura Infantil-en kasuan.
Era berean, Galtzagorrik IBBYren Ohorezko Zerrenda-rako
eta Andersen Sari-rako euskal idazle, ilustratzaile
eta itzultzaileak proposatu ere egiten ditu. Hala
ere, errotuen dauden ekintzen artean, euskal eskola
publiko guztietako DBHko ikasleei zuzentzen zaien
eta urtero ospatzen den Literatur Lehiaketa
aipatu beharra dago, eta baita Haur Hezkuntzako eta
Lehen Mailako ikasleentzako Liburuen Altxorra ekimena
ere, "ezustean" liburuz betetako kutxa bat
eramaten duen pirata baten bisita jasotzen baitute
-eskolan aldi baterako mailegu moduan utziko duen
kutxa-, horrela ikasleak irakurketaren mundura hurbiltzen
direlarik. Bestetik, Euskaldunon Egunkaria-ko
langileek antolatzen dituzten Narrazio eta Olerki
Lehiaketak ere sustatzen dituzte. Galtzagorri
Elkarteak argitara ematen dituen liburuen artean,
Euskal idazleen katalogoa eta urtean bitan
kaleratzen den Behinola aldizkaria aipatu behar
dira.
|
|
|
Irakurzaletasuna
bultzatzeko Plana
2001eko
maiatzaren 7an, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa
den Pilar del Castillok Irakurzaletasuna Bultzatzeko
Plana aurkeztu zuen 2001-2004 epealdirako, 22.356
milioi pezetako inbertsioa aurreikusiz. Planaren xede
nagusia, batik bat haur eta gazteen artean irakurtzeko
ohitura bultzatzea da. Nolanahi ere, planak honako
beste puntu hauek ere zehazten ditu: eskoletako liburutegien
eta liburutegi publikoen sarea hobetzea; irakurketa
bultzatu eta dinamizatzeko kanpaina gehiago egitea;
irakurketa promozionatzeko liburuaren sektoreko fundazio
eta erakundeekin lankidetzan jardutea; ekimen berriak
abian jartzea, eta beste administrazio publiko, instituzio
publiko zein pribatu eta komunikabideekin batera jardutea.
Era berean, Haur eta Gazte Literaturaren Sinposio
Iberoamerikarra bultzatuko da, aurrez ospatzen diren
beste jarduera tradizionalez gain, hala nola Liburuaren
Eguna, Haur eta Gazte Liburuaren Aretoak, eta Espainiako
Editoreen Gremioen Federazioarekin batera garraiobide
publiko kolektiboetan antolatzen den "Liburuak kalera"
kanpaina. Aipaturiko Federazio honetako presidenteak,
Emiliano Martínezek, 1.200.000 euro baino pixka
bat gehiagoko (ia 200 milioi pezeta) aurrekontua dauka
sentsibilizazio kanpaina hau aurrera eramateko, bere
helburua "irakurketaren bidez gizartea hobetzea"
baita. Irakurketa sustatzeko Federazioaren plan hau
lau urtez egongo da indarrean, Administrazioak abian
jarri duena bezainbeste, eta hiru hilero jarraipenak
egingo dira, Espainian zenbat irakurtzen den jakiteko.
PLANAREN
AURREKONTU PUBLIKO
|
AURREKONTU
PUBLIKOA (milioika
pta) |
2001
|
2002
|
2003
|
2004
|
Guztira
|
|
Azterketarako
tresnak |
83 |
87 |
91 |
96 |
357 |
|
Eskoletako
liburutegiak eta hezkuntza esparrua
|
257 |
300 |
323 |
350 |
1.230 |
|
Liburutegi
publikoak |
3.281 |
4.500 |
4.600 |
4.700 |
17.081 |
|
Komunikazio
ekintzak |
520 |
800 |
850 |
900 |
3.070 |
|
Beste
programak |
123 |
160 |
165 |
170 |
618 |
|
Guztira
|
4.264
|
5.847
|
6.029
|
6.216
|
22.356
|
|
|
|
Haurrak
liburua ez amaitzeko duen eskubidea
Leticia
Grandes psikopedagogo eta irakasleak, irakurzaletasuna
bultzatzeko helburuarekin, ikasleek irakurtzea ez
gorrotatzeko klabe bat azaldu digu. "Ez dute
beti liburu bat gustatu zaiela esaten aritu beharrik.
Kritikoak izaten jakin behar dute. Ez dute pentsatu
behar liburu bat gustatu ez bazaie gaia suspenditu
egingo dutenik. Gainera, liburua ez amaitzeko eskubidea
ematen diet". Iritzi berekoa da Mariasun Landa
euskal idazle eta EHUko Literaturaren Didaktikako
irakaslea. Bere esanetan, "haur batentzat, esnea bezain
beharrezkoak dira ipuinak". Aipatu beharra dago idazle
honen Elefante txori bihotza liburua Zozo Zurien
zerrenda entzutetsuan sartu berri dutela -liburu hau
izango da, gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak
haurren artean irakurketa bultzatzeko abian jarriko
duen kanpainako protagonista-. |
|
Erica Grandes Mateos, Lehen
Hezkuntzan diplomatua eta Kazetaritzako ikaslea
Argazkiak: Webgune hauetatik: www.univalle.edu.co/~eslengua/ programas/lectura.html
www.magisnet.com/imagenes/ Lectura-y-Biblioteca.jpg
www.imaginaria.com.ar/ 00/6/lectura.jpg
www.zfm.com/mnav/graficos/ biblio1.jpg
www.aprendemas.com/reportajes/ lecturarapida/gif/Dscn0397.gif
www.lecturayvida.org.ar/ Imagenes/Imagen_1.gif |