Pilar Barandiaran
"Sara Etxean osabaren izpirituak bizirik dirau"
* Traducción al español del original en euskera
Beñat Doxandabaratz

Pilar BarandiaranArtistek musa bat duten bezala, ikerleek ere norbait behar dute atzean. Apaltasuna gidari zuelarik, On Joxe Miel Barandiaranek ere, hainbeste lan egin, kargu izan eta sari jaso izan zituen gizonak emakume kementsua bezain fina izan zuen bidaide eta sostengu gisa: Pilar Barandiaran bere iloba, edo bere "umea", hala deitu izan baitzion bizi osoan.
Uztaileko sirimiria lagun eta berde bustiaren usaina airean, Sara etxe ingurura heldu eta indar berezi bat antzematen da giroan, menturaz, antzinako euskaldunen hilerria izan zen Jentilbaratzatik hurbil gaudelako. Atea jo eta Sara etxeko ate gorria gogo onez ireki digu Pilarrek. Baita sartuarazi ere solasaldiari samurki hel diezaiogun,On Joxe Mielen argazki, margo, oroigarri, garaikur eta liburu andana begira ditugula. Ia hamaika urte igaro dira Aita Barandiaran joan zenetik. "Bai, 102 urte betetzeko hamar egunen faltan joan zen zerura" zehazten digu Pilarrek.

-"Zahartuta sendatzen bazera eun urtez biziko zera" dio esaera zaharrak.
Bai, egia, Jaungoikoari esker. Osasunez makal samar ibilita ere, hemen nago. Burua behintzat, argi daukat oraindik.

-Bakarrik bizi zara, gainera.
Bai, baina Joxemari iloba eta Maritxu bere emaztea ondoko baserrian bizitzeak lasaitasuna ematen dit. Biloba gauero etortzen zait zer moduz nagoen ikusi eta etxeko pertsiana guztiak ixtera, ni ez bainaiz gauza bakarrik egiteko.

-Zer aldatu da zure bizian osaba "joan" zenetik?
Dena eta ezer ez. Utzi gintuenetik nire bizimodua ez da aldatu, berdin-berdina da. Baina bere hutsunea somatzen dut, eta gora eta behera begiratu arren, leiho ondoko aulki horretara, bereziki, osaba ez zait inon azaltzen.

-Bera apaiza izanik ere, alabatzat hartu zintuen.
Bai. Bion artean hogeita bat urteko aldea zegoenez, Pilar ordez beti deitu izan zidan "umea". Hala ere, hemen ohitura handia dago, "umea" deitzeko.

-Zer zioen berak zutaz oroit?
Ze neska koskor polita nintzen. Eta ni jaio berri, Gasteizko apaiztegitik asteburua pasatzera etortzen zenean, eta ikasten zegoen bitartean, amak esaten omen ziola : "ume hau negarrez hasten denean, eragiozu." Eta osabak kulunkatu egiten ninduen sehaskan.

-Nola sortu zitzaion gure herriko iragana ikertzeko grina?
Apaiza izateko gogoa asetu ondoren, Alemaniako Leizpig-en zegoela irakasle batek esan omen zion : "Herri baten bizikera ikasi nahi baduzu zerorrek behar duzu hango bizikera bizi." Nik uste horren kontura ekin ziola bere lan izugarriari.

-Nahiz eta kanpoan bizi, On Joxe Mielek ezagutzen al zuen baserriko lana?
Ezagutuko ez zuen, ba ! Osaba, hamar urte egin zituen bitartean etxean egon zen lanean. Hemendik ehun metrora dagoen Perunezarre baserrian, hain zuzen.

-Berak uste al zuen bere lana euskal arkeologo, etnologo eta antropologo aunitzen abiapuntu bihurtuko zela?
Ez zait iruditzen. Baina hasiera batean, berak esanda, arraro begiratzen zien jendeak : "Mira, los tres trogloditas" deitzen omen zieten osaba, Telesforo Aranzadi eta Enrike Egureni mendian elkarrekin ikusita.

-Gizon onaren itxura izanda ere, jeniorik ba al zuen?
Denok daukagu jenioa. Osabak ere, klaro ! Bazuen bere jenioa, bapatean serio-serio jartzen baldin bazen, nik banekien zerbait ez nuela ondo egin. Baina haserretuz gero, berehala pasatzen zitzaion. Ez ginen demandan hasten diren horietakoak bezala. Tratuan oso maitagarria zen nirekin.

-Bere sukaldaria ere izango zinen.
Bai, baina osabarekin ez zegoen konplikazio handirik janarietan, ia-ia purea baino ezin zuen jan eta, Miarritzen zegoen garaian medikuak esan zionetik erregimena egin behar zuela.

-Zer ba?
Urdailean zuen arazotxoa sendatzeko bi aukera eman zizkion: ebakuntza txiki bat eta konpondu edo erregimena egin. Ezer egin gabe ezin pasa. Eta ebakuntzei beldur handia zienez, berak bigarrena aukeratu zuen bitan pentsatu gabe.

-Argala zegoen, gero!
Bai, baina ez pentsa erregimenari beti eusten zionik, kanpora joaten zela tarteka jaten zituen eta halako platerkada ederrak, haragia barne, nahiz eta txiki-txiki eginda izan. Dena den, norabaitera bazkaltzera joatekoa baldin bazen, ateratzerako, ontzi bat esne hartuko zuen.

-Lehen mundu gerratik On Joxe Miel bere lanaren uzta jasotzen hasia zen. Baina 1936an Gerra Zibila piztu zelarik hasi ziren komeriak.
Bai, zeinek pentsatu alde egin beharko zuela ! Osaba Itziarren zebilen lanean Gerra sortu zenean. Zirt edo zart egin eta beste 45 iheslariekin batera Mutrikun "El Angel de la Guarda" izeneko itsasontzia hartu eta Donibane Lohitzunera heldu ziren. Bertara iritsita, ordea, ez zuten arazorik izan, osabak arreba baitzeukan moja Angelun eta Telesforo Aranzadi ikerlagunak ere familia zeukan Iparralden. Une horietan, On Manuel Intxaustik ere asko lagundu zion.

-Hainbesterako al ziren On Joxe Mielen gaizki eginak?
Ui, bai ! Egin ez dakit, baina leporatu sekulakoak (barrez). Kontua da Gasteizen apaiza zen beste osaba bat nuela. Ba haren aldamenean bizi zen polizia batek esan omen zion hobe zela On Joxe Miel ez itzultzea, fitxa izugarri txarra jarria zeukan eta : "simpatizante de ideas judeo-masónicas y rojo-separatistas."

-Eta bitartean, zu zertan zinen?
Ataunen nengoen, zer gertatu zain. Osabak nire premia zuela eta, urte pare bat beranduago joan nintzen berarekin Miarritzera bizitzera. Han hiru urte bizi izandu ginen harik eta alemaniarrak etorri eta Sarara joanarazi gintuzten arte.

-Nolakoak izan ziren gorabeherak alemaniarrekin?
Alemaniarrak Iparralden sartu eta handik gutxira, egun batean, detenituta ekarri zuten osaba, Larrun mendian zerbait susmagarria egiten zebilela. Eskerrak alemanieraz bazekiela, bestela bertan akatuko zuten eta. Komandantziara bera ikustera joan nintzenean txito busti bat ematen zuen, gizajoa ! Orduan esan nion, osaba, esaiezu Alemaniako Leizpig-era hots egiten uzteko eta hango zure irakasleari azaldu zer gertatzen zaizun. Osabak hala egin eta, Jaungoikoak lagun, erantzuna baino agindua jaso zuten handik: askatzeaz aparte, hortik aurrera toki guztietan libre ibiltzeko baimena eman baitzioten.

-On Joxe Mieli laguntzen al zenion bere lanean?
Bai, horixe. Ni joan baino lehen, sekretarioa izana zuen, baina harekin ez zegoen nonbait konforme. "Sekretario horrek dena pronto jarri beharrean, paperak nahastu baino ez dizkit egiten" esaten zidan. Beraz, Iparraldera iritsita ni hasi nintzen idazkari lanetan.

-Zertan zetzan zure lana?
Ba, osabaren ikerlanak hartu eta akatsak zuzentzean, gero bion artean birpasatzeko. Gainontzean, puntua egiten eta josten ematen nuen denbora, jertseak egiten eta hola. Saran nengoela, gibeletik gaizki nenbilen eta Atauna etorri nintzenean, gibelekoak eman zidan. Medikuagana joan eta josteko makina kaltegarria zitzaidala esan zidan, honako hau esanez: "Pilar, makina zahar hori hartu eta errekara bota ezazu. Bestela neroni etorriko naiz botatzera."

-Erbeste urte haietan jendea joango zitzaizuen.
Bai, jauna. Muga ondoan bizitzean, makina bat jende etortzen zen ihesi Sarako gure etxera. Denak benetako iheslariak ez baziren ere, guk noski, denei gure atea zabaltzen genien. Urte batean berrehun otordu eman nituen, egin kontu ! Mateo Salaberrieta bizilagunak bere baratzako porruak ematen zizkidan, eta horrekin porru salda ederra egiten nuen.

-Nortzuk ziren On Joxe Mielen lagunik onenak?
Lagun asko zituen. Baina berarekin harreman estua izan zutenak, utzi gogoratzen...... atzerrikoak kontatu gabe : Telesforo Aranzadi, Jesus Elosegi Irazusta, Enrike Eguren, Manolo Laborde, Tomas Atauri, Manuel Intxausti, Ander Manterola, Jesus Altuna, Juan Garmendia, Paul Detournier, Mateo Mujika, baita Pio Baroja ere.

-Pio Baroja ez al zen ba, zeharo antiklerikala?
Bai baina osabarekin ongi moldatzen zen nonbait. Are gehiago, Julio Caro Baroja bere iloba gomendatu zuen osabarekin lan egin zezan. Gogoratzen naiz Sarako festen egun handia zela, Julio Caro Baroja eta bere lagunak, apez bat tartean, ttipi- ttapa Beratik etortzen zirela. Egun hartan, gainera libre zegoen muga zeharkatzea. Juliok gustukoa zuena jartzen nuen egun hartan : indaba gorriak.

-Orora, Saran zenbat denbora eman zenuten?
Saran hamahiru urte eman genituen. Izugarri ondo hartu gintuzten, gainera.

-Nahiz eta Ipar Euskal Herrian bizi, muga ezin zeharkatzea gogorra izango zen.
Bai, eta mingarria. Saran gustura baginen ere, osaba beti hona begira zegoen. Miarritzen geundela, hango farora joan eta, herriminez, handik oso gertu ikusten zen hegoaldea miresten genuen. Osabak orduak eta orduak emango zituen honaka begira. Gero, Saran ginelarik, Larrunera igo eta tontorrean Euskal Herriko mendi guztiak ikus genitzakeen, baita Ataun ondoan dagoen Aitxu mendia ere. "Horren azpian dago ba, gure etxea!"-esaten zidan bihozminez.

-Baina azkenean....
Bai, etxetik kanpo hamazazpi urte eman ondoren, azkenean, 1953an, itzultzeko baimena eskuratu eta Ataunera bueltatu ginen. Han, Lapurdiko Sara etxearen berdin-berdina izango zen etxea eraikiko genuela erabaki zuen osabak. Baita Sara izenez bataiatu ere, osaba saratarra bezain ataundarra sentitzen baitzen.

-Zer zioen Sarako "jatorrizko" etxeko nagusiak?
Erabat harrituta zegoen. Egun batean, etxe hau eginda zegoela, bisitan etorri eta hala esan zigun : "Berdin-berdinak dira, gauza batean salbu. Gure etxeak badu akats bat honek ez duena. Komuneko eskailerak hobeki daude zuenean gurean baino. Izan ere, hangoan gaizki dagoen espaloi baten erruz, estropezu egin ahal duzu."

-Sara izeneko zuen kabia, ilaje guztietako jendearentzat irekia.
Bai, jauna. Etxean bizitzen jarri berritan, halaxe esan zidan osabak : "umea, orain arte besteen etxean egon gaitun. Ba, hemendik aurrera San Benitorena egin behar dinagu : atea jotzen duenari gure atea zabaldu." Eta hala egin genuen. Gaur egun ere, ateak zabalik dituen etxea da.

-Oraindik etortzen al zaizu jendea bisitan?
Bai, nahiko maiz. Iparraldeko jendea, esaterako, nahiz eta nik beraiek ez ezagutu, zera esaten didate: "zuk ez nauzu ezagutzen ene Pilar, baina gu halako honen seme-alabak gara." Pozgarria izanda ere, izugarrizko pena ematen dit, bere gurasoengatik galdetu eta mundu honetan ez daudela esaten didatelako. Baina tira, halakoxea da mundua eta ezin betirako egon!

-Nolakoa zen On Joxe Mielen egun arrunt bat?
Sasoian zegoen bitartean, osaba goizeko seietan jaikitzen zen egunero. Lehenbizi errezoak egin, gero parrokiara meza ematera joan eta bederatziak alderako etxeratzen zen. Orduan gosaldu, eta leiho horren ondoan jarrita, lanean jarriko zen harik eta ordubatean bazkaltzen genuen arte. Bazkaldu eta irratia entzunez, eta telebista agertu zenean telebista ikusiz, kuliskatxoa botako zuen. Esnatu, botak jantzi, makila hartu eta mendira joango zen.

-Eta desagertu...
Bai, inguruko lurrak eta harriak aztertzera. Baina kanpoan zegoela inor bera ikustera etortzen bazen, ni uluka hasten nintzaion. Baita berak agudo aditu ere! Urruti egonda ere, txistuka hasten zitzaidan entzun zidala adierazteko. Gero, bostetan, ontzi bat esne hartu eta ostera helduko zion lanari. Zazpietan afaldu, berriak entzundakoan lan gehiago egin eta hamarretan ohera.

-Otoitz eginda, noski.
Bai, alajaina ! Gogoan dut eguna amaitzeko honako errosarioa kantatzen genuela: Itsasoko izar, lagunak ekaitzetan, argie ein zaiguzu, argie ein zaiguzu azken orduetan, argie ein zaiguzu, azken orduetan.

-Hainbeste ipuin, kondaira eta sineskeria biltzeko, sinesten al zuen horretan?
Benetakoak zirela sinestu ez, baina kontatzeko orduan bai sinesten zituela. Eta jakina, ipuin kontalariaren aurrean, sinesten duenaren aurpegia jartzen zuen.

-Euskal Herriko pertsonaia ezagunen artean, egon al zen On Joxe Mielekin bereziki ongi portatu zen norbait?
Bai, jende asko. Baina bat esatearren, Jose Maria Setien esango nizuke, Gipuzkoako gotzaina izandakoa. Osaba gaixorik egoten hasi zenean, Miren Letona moja jarri baitzuen osaba gauetan zaintzeko.

-Argazki mordoska dago hemen zintzilik jende ezaguna On Joxe Mieli ohore egiten bistan dela.
Bai, begiratu argazki hori (Juan Carlos erregea irribarretsu ageri da On Joxe Mieli sari bat ematen). Osabari "Doctor Honoris Causa" egin behar zioten Madrilen, errege-erreginak eskainita. Baina gaixotu eta ezin izan zen joan. Bere ordez Gasteizen apaiza zen gure lehengusua bidali eta hola esan zion erregeak : "Gipuzkoara joatea suertatzen bazait, ni neroni joango naiz Atauna domina On Joxe Mieli propio ematera." Eta hala egin zuen. San Inazioren 500. urteurrena zela eta Loiolara joan zen egun batean, tarte bat egin eta Atauna etorri zen. Osaba hil zen urte berean. Oso sinpatiko egon zen erregea. Halako batean, bera On Joxe Mieli sari bat ematen agertzen zen argazki bat ikusi eta oihuka hasi zitzaion erreginari : ¡Sofía ! ¡Sofía, ven ! ¡Que tú también apareces en ésta foto!

-Bere ikuspuntua Euskal Herriko egoeraz inoiz ematen al zuen On Joxe Mielek?
Ez, politikan ez zen sartzen. Apaiz gaztea zen denboran egin zuen ahaleginik, baina apezak ez zirela politikan sartu behar agindua jaso eta zintzo bete zuen.

-Euskara ordea, dena zen beretzat.
Bai, ondo esan duzu. Hemen bizi dugun egoeraz ez hitz egin arren, bazen berak oso garbi zuen gauza, alegia, euskara dela euskaldunoi nortasuna ematen diguna. Eta hizkuntzaren atzetik, izaera eta kultura datozela. Zentzu horretan, nik somatzen dut Sara etxean osabaren izpirituak bizirik dirauela, hau da, euskaldun modura agertzeko konpromezua hartu eta, gero, zabal ezazu.

Pilar Barandiaran (Ataun, 1909)

Pilar Barandiaran ezkongabea eta bakarrik bizi da Ataungo Sara etxean. Osaba bezala, Ataungo Murkondo auzoko "Petunezarre" baserrian jaioa, Pilarren aita On Joxe Mielen bederatzi anaia-arreben artean gazteena zen. Pilar bere osabaren alboan egon zen bizitzako loraldi nahiz estualdietan, erbestearen nahigabeak ere berarekin bizi izan baitzituen.


Argazkiak: Beñat Doxandabaratz


Euskonews & Media 179.zbk (2002 / 9 / 13-20)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved