Rafael Fernandez Zubiaga 1933ko ekainaren 9an jaio zen.

Txikitatik izan zituen ageri-agerian dohain artistikoak. Zazpi urte besterik ez zituela hasi ziren bere marrazkiak ikaskideen artean nabarmentzen, eskola guztiko ikasleen eredu bihurtzeraino. Bederatzi urte zituelarik, arkatza eta ikatz-ziria hartu eta biziki atentzioa ematen zuten argazki-kopia handiak egiten hasi zen aitaren laguntzarekin (zapataria lanbidez, baina marrazkilari autodidakta).

Geroago, hamalau urte zituela, olio-pinturari lotu zitzaion, bere sen artistikoak bultzaturik. Oso ezagupen tekniko gutxi izanik, bere eskualdeko txoko eta paisaiak marraztu zituen, eta inguru horietako batean bere bizitza artistikoko pertsonarik garrantzitsuena ezagutu zuen, Bay-Sala pintorea, garai horretan Urduñako paisaiak pintatzen zebilela.

Margolariak animatu eta aholkatuta, hamabost urte zituela famili negozioa utzi eta bide artistikoari ekitea erabaki zuen. Madrilera joan ziren museoak eta arte galeriak bisitatzera, Euskal Herria zeharkatu zuten paisaiak pintatzeko..., eta ezagupen teknikoak eta bokazio artistikoa sendotu egin ziren.

Hamazazpi urte zituela, berriz, bakarkako bidea hartu zuen. Penintsula osoan eta Afrikaren iparraldean bidaiatu zuen, paisajista gisa zituen dohainak lantzeko. Horrela, bere lanaren protagonista nagusiak kolorea eta argia dira.

Hamazortzi urte baino ez zituela egin zituen Bilbo eta Gasteizen lehen erakusketak, arrakasta handiarekin egin ere. Bizkaiko hiriburuan Bay-Sala pintoreak aukera eman zion, mundu artistikoaren aurrean bere ikasle gisa aurkeztuz:

"Deigarria egin zitzaidan mutil ilehori hark ni pintatzen ikustearren zuen interesa; berak galdetu egiten zidan eta nik erantzun: ikaslea sortu zen".

1956an Arrasatera etorri zen bizitzera eta alde batera laga zuen bere karrera artistikoa, eratu berri zuen negozioan buru-belarri sartu zelako.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera aldera, berriro ere astoari heltzea erabaki zuen: maite eta gogoratzen dituen Euskal Herriko paisaiekin berriro bat egin, hainbat herrialde bisitatu... Pintzelkada berri bakoitzak artista-arima indarberritua islatzen du, naturaren elementu bizienak argi, kolore eta perspektibaz irudikatuz.

Rafaelek beti izan du kemena eta hobetzeko grina. Horri bere heldutasuna eta perfekzio teknikoa gehitzen badizkiogu, bere lanak harritu egingo gaitu zalantzarik gabe.

DELFIN GOMEZ GRISALEÑA

(GAZTELANIAZ)