Euskonews Gaztea

I?aki Isasi
Silvia Intxaurrondo
(Santurtziarra)
Cuatro telebista kateko aurpegi ezaguna da Silviarena. Bizkaitarra da, Santurtziarra hain zuzen ere. Karmeliten ikastetxean ikasi zuen eta orain Iñaki Gabilondorekin batera albistegia aurkezten du gauero. Hortaz eta bere zaletasunei buruz mintzatu da elkarrizketan.

Elkarrizketa

Yeray VARELA, Leire MARTIN, Patricia GAMEZ, Endika GONZALEZ, Alejandra RABUÑAL, Maitane ROURE, Irune TRANCHE - DBHko ikasleak

Silvia Intxaurrondo. Cuatro telebista kateko aurkezlea: Kameraren atzean edo aurrean, kazetari bera naiz... Irratian edo telebistan, lanean edo etxean... Niretzat, kazetaritza ez da lanbide bat, baizik eta bizi modu bat.

Ikastetxera etortzen gara egunero, astero eta urtero. Etorkizun urrunean behar bezalako gizon-emakumeak izateko beharrezkoa omen da. Guk, egia esan, ez dugu ondo ulertzen. Eskolara ez joateko aukera izango bagenu ez dugu uste inor etorriko litzatekeenik. Baina, noizean behin, ikasle baten bizitzan barrena hausnarrarazten diguten egoerak agertzen dira. Horietako bat guri gertatu zitzaigun joan den hiruhilabetekoan.

“Cuatro” izeneko telebista-kate berrian irteten da egunero neska ilehoridun bat gaueko albistegian, Iñaki Gabilondo entzutetsuaren ondoan, eguneroko gertakizunen berri ematen. Silvia Intxaurrondo du izena eta gure ikastetxeko ikasle ohia da. Bai, gure ikasgelan bertan egon zen, gure eserlekuetan eseri zen, guri eskola ematen diguten irakasleek berari ere eman zioten. Orain telebistan agertzen da egunero, Gabilondoarekin bat, eta gaueko albistegiak aurkezten ditu. Beraz, gu bezalako ikasle batek hainbeste lortu baldin badu, geuk ere geure aukerak aprobetxatu nahi ditugu. Silviari buruz gehiago jakin ahal izateko, gure irakasleek deitu zioten eta elkarrizketa bat egin genion. Bota genizkion galdera guztiei erantzun zituen hitz jarioz eta zintzotasun osoz. Hona hemen elkarrizketa osoa.

Silvia platoanNolakoa zen Karmelitak ikastetxea ikasten zenuenean?

Orain baino txikiagoa. Ez zegoen patioko eraikinik, ez zegoen hainbeste gelarik.... eta ezta paretako graffitirik ere, noski... Ematen du paleolitoan ikasi nuela, ezta?

Nolakoak ziren zure irakasleak?

Klasetik kanpo, denak jatorrak. Gela barruan, batzuk gogorrak. Baina gero, unibertsitatean konturatu nintzen etorkizunerako prestaketa zela.

Erraza al zen Karmelitak ikastetxean euskara ikastea?

Ezta pentsatu ere! A eredua besterik ez zegoen. Euskara euskaltegian ikasi nuen eta baita udako barnetegietan ere.

Oroitzapen ona eraman al duzu gure ikastetxetik?

Hobezina.

Zein da zure helmuga?

Oheratzean, nire buruarekin ondo sentitzea.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Bidaiak egitea, filmeak ikustea, irakurtzea, musika entzutea... Batez ere, maitatzen ditudanekin egotea.

Silvia Intxaurrondo

Zein da zure futbol taldea?

Futbol taldea? Beti nire nebarena.

Gustatuko litzaizuke familia bat sortzea?

Badaukat bat. Momentuz, nahikoa. Baina etorkizunean, zergatik ez?

Zure ikaskideekin erlazionatzen zara? Horrela bada, zer esaten dizute telebistan ikustean?

Ez, zoritxarrez ez dugu erlazio handirik.

Gogoratzen al duzu zerbait gure herriaz? Adibidez: kaleak, jaiak...

Dena gogoratzen dut. Batez ere, itsasoa. Eta gainera askotan joaten naiz familia eta lagunak ikustera. Nahiz eta herritik joan, nirekin daramat beti.

Zelan moldatzen zara kamera baten atzean egunero egotean?

Kameraren atzean edo aurrean, kazetari bera naiz... Irratian edo telebistan, lanean edo etxean... Niretzat, kazetaritza ez da lanbide bat, baizik eta bizi modu bat.

Silvia Intxaurrondo
Silvia Cuatro-ko platoan.

Aldatuko al zenuke zure bizitza beste pertsona baten bizitzaren ordez?

Batzuetan. Irakasleek ez dute lan askorik, ezta? Txantxa, txantxa bat zen.

Gustatuko litzaizuke Santurtzin berriro bizitzea?

Bai, edo Frantzian, edo Afrikan, edo Japonen!!! Zergatik ez?

Urduri jartzen zara kameraren aurrean?

Etxean izango banintz bezala nago. Teleberri pare bat aurkeztu eta gero, kameraren aurrean nagoela ahazten dut. Albistegia hastean, kamera desagertzen da nire bistatik.

Erraza da Cuatro-ko albistegia aurkeztea?

Albistegia prestatzea zailagoa da. Bederatzi ordu behar dugu hogeita hamar minutuko albistegia prestatzeko.

Kostatu al zaizu lan hau eskuratzea?

Ez. Osagaiak: lan gogorra eta zorte pixka bat.

Silvia IntxaurrondoAzaldu egun normal bat lanean.

Lana altxatzean hasten da. Lanera joan baino lehen, internetez irakurtzen ditut egunkariak. Telebistara heltzen naiz hamaiketan edo hamaika eta erdietan. Bilera batean, albistegiko lehen hezurdura prestatzen dugu. Apika, bi ordutako bilera. Gero beste irrati edo telebistetako albistegiak ikusten ditugu eta... jatera!!! Jan ondoren, beste bilera batean azken hezurdura prestatzen dugu. Makilatzen gara (ordu bat neskak, ordu erdi mutilak) eta idazten dugu esango duguna. Bederatzietan hasten da albistegia. Berrogei minutu eta gero, etxera!!

Ondo konpontzen zara zure lankideekin?

Bai, jatorrak eta oso langile onak dira. Talde tinko bat gara.

Ondo moldatzen zara Iñaki Gabilondorekin?

Bai, lagunak gara. Badaramatzagu bost urte kameraren atzean lan egiten: irratian maisu bat da. Eta niretzat, zorterik handiena.

Bada, hauxe da dena. Mila esker gure galderak erantzuteagatik.

Ez horregatik. Gonbidatuta zaudete telebista ikustera.