Euskonews Gaztea

41 zbk.

Ines Osinaga
Ines Osinaga
(Arrasate, 1982)


Gose taldeko ahotsa da Ines. Txikitatik trikitiari heldu eta musika munduan murgilduta ibili da. Naiara eta Ines, Ekon, Isarevolution eta Gose izan dira parte hartu duen taldeak. Bilbon Biokimika ikasi eta gaur egun irakasle ikasketak amaitzen ari da.

Elkarrizketa

Ines Osinaga. (Gose taldeko abeslaria):
Musikari lanak ordu asko eskatu arren, sinesten dudan proiektu batean lan egiten dut eta gutxiago kostatzen zait

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Arrasaten trikitia ikasi zuen, eta bere irakaslea Maixa izan zen. Ikasle azkarra zela aitortzen du eta irakasleak ezin zuenean, bera aritzen zen irakasle, 12-13 urterekin. Ikasketei dagokienez, Biokimika ikasi zuen Bilbon, eta ondoren Musikako Irakasle-eskolan eman zuen izena. Talde askotatik pasatu ondoren, Gosen dihardu gaur egun, eta bigarren diskoa kaleratuko dute Durangorako.

Trikitia jotzen gaztetan ikasi zenuen.

Arrasateko trikitixa eskolan ikasi nuen. Nire irakaslea Maixa eta Ixiar taldeko Maixa zen. Ondoren –hamabost urte nituela– Naiara lagunarekin elkartu eta Euskal Herriko Trikitixa Lehiaketa irabazi genuen. Diruarekin instrumentu berriak erosi eta bikote gisa aritzen ginen festetan–eta.

Ondoren Ekon taldean ere elkarrekin ikusi zaituztegu.

Bai. Beraiek etorri ziren taldean parte hartu nahi ote genuen galdetzera, eta azkenean hiru urte egin genituen elkarrekin.

Eta orain Gose. Oihartzuna izan duen hirukotea...

Bai, eta gainera ez genuen uste gure proiektu honen emaitzak horrelakoak izango zirenik. Eta esan behar dut aurreko taldeetan ibiltzeak gaur egunerako esperientzia eman didala.

Suposatzen dugu musikari lanak ordu asko eskatzen dituela...

Bai, baina benetan sinesten dudan proiektu batean lan egiten dudanez, gutxiago kostatzen zait. Aukera baten ondorioa da musikan jardutea. Izan ere, aukeratu nezake lantoki batean nire zortzi orduak egin eta diru kopuru zehatz bat poltsikoratzea. Baina hortik irteten bazara, gauzak aldatu egiten dira eta baita lan moduak ere.

Sakrifikatuagoa dela esango al zenuke?

Bai, hori da. Eta gainera gautxoriagoak izatea dakar...

Gautxoria, baina nolakoa da Inesen egun normal bat?

Ez dira denak berdinak izaten. Normalean ez naiz goiz jaikitzen, pentsa, goizeko bederatziak oso goiz da niretzako! Baina hori, aurreko gauean zein ordura arte lan egin dugunaren araberakoa izaten da.

Izan ere zuek Arrasateko Shot! estudioan egiten duzue lan.

Gu ez gara beste musika-estudio batetara joan, hemen egiten dugu lan eta gure etxea bezala dela esan daiteke. Horrek suposatzen du proiektuari eskaintzeko denbora asko edukitzea. Ez da beste kasu batzuetan gertatzen den bezala, hau da, entsegu lokal batean aritu eta ondoren estudio batetara eramatea emaitza. Guk ez daukagu erlojurik...

Gainera zuk beste kasua ere bizi izan duzu...

Hala da. Ekonen nenbilenean, esaterako, rock kontzertu txikiak bezala egiten genituen entseguak eta askotan gertatu zitzaidan zerbait konpontzeko beharra sentitu baina nola kontzertu osoa amaitu behar zen, ezin zela burutu. Guk zortea dugu Shot! eskura izateaz, hala, arratsalde oso bat pasa baitezakegu bi konpas konpontzen, esaterako.

Kontzertura doan edozeinek musikaz gain, Gosek irudiari ere garrantzia handia ematen diola ikus dezake...

Bai. Kontzertuetarako irudiak, argiak... denak du garrantzia eta argi genuen hori hasieratik horrela izango zela. Begitik sartzen den zerbait izatea nahi genuen eta lortu dugula iruditzen zait.

Zertan aldatu du taldeak zure bizitza?

Hasteko, lehen kanpoan egiten nuen lan, musika eskola baten irakaslea nintzen. Orain ez, azken batean nire energia guztia taldean inbertitu nahi dut. Bestalde, lagunak eta familia lehen baino gutxiagotan ikusten ditut, zinera ez naiz joan orain dela hiru hilabete... Baina oso pozik nago hala ere! Oso zaila da bizitza pertsonala eta musika mundu hau uztartzea.

Lan horren emaitza da bigarren diskoa. Nolakoa izango da?

Lehenengoaren jarraipena, hau da, bata bestearen ostean entzun eta ez da nabarituko diskoz aldatu dela. Gainera, oraindik lehenengo diskoa asko atsegin dugu eta zergatik aldatu gustura bagabiltza?

Abestiak egiterakoan begiratzen al diozue publikoaren gustuei?

Egia esan beti egin ditugu kantuak nahi izan dugun bezala. Jendeak ondo erantzun du eta uste dut zintzotasun horrexegatik izan dela hein handi batean.

Influentziarik ba al du Gosek?

Egia esan talde askoren influentzia duela esan daiteke; Prodigyrena duen bezala, Maixa trikitilariarena ere badu, esaterako. Baina horien antzik ez duenez, konplexuak alde batetara uzten ditugu; aurreiritzirik gabeko taldea da.

Letrek ere ez dute aurreiritzirik...

Halaxe da. Gustuko dugunari buruz kantatzen dugu. Izan ere, gutxitan izaten dugu hitza nahi duguna esateko, eta musikan hori egin daiteke eta egiten dugu.

Kritikarik jaso al duzue?

Bai onak eta bai txarrak gainera. Dugun gauza berezia gure letrak dira eta euskaraz, trikitixa batekin eta gainera emakume batek abestean... Denetariko iritziak entzun ditugu.

Euskaraz abesteak mugak jarri al dizkizue?

Ez asko. Alde batetik, mugak musikaren industriak jartzen ditu eta bestetik, aurreiritziek, eta askotan gu gara konplexu gehien dituzten pertsonak. Esaterako, aurten Cadizen bost kontzertu eman ditugu eta joan aurretik gure musika ea ulertuko zuten zalantza geneukan. Eta gure ezusterako, ulertu egin zuten. Gainera, guk ez dugu euskaraz militantziarengatik abesten; amesten eta pentsatzen dudan hizkuntzan kantatzen dut, eta kito. Naturaltasunez.

Oraingo diskoan ere gonbidatu dituzue lagunak?

Bai. Hasiera batean ez genuen horrelakorik pentsatu, baina lagun asko ditugunez... Abestiak egin ahala, batekin edo bestearekin lotzen genituen kantuak eta automatikoki irten dira kolaborazioak.

Bestalde, Carlinhos Brownekin jo duzue aurten...

Batzuetan zortea duzu une egokian toki egokian egoteko, eta gure kasuan hori pasatu zen. Gure diskoa zuzenean eskura eman ahal izan genion, gustatu eta berarekin jotzeko aukera eskaini zigun. Sona izan zuen, albiste bilakatu ginen eta hedabide askotan agertzeko parada eskaini zigun.

Radio 3 programan ere izan zarete...

Bai, 2007ko martxoan. Guk eraman genuen diskoa, eta interesgarria iruditu zitzaien. Audientzia handiko programa bat da, eta euskaraz kantatzen duten oso talde gutxi agertu dira bertan, eta harro gaude!

Zein tokitan jo duzu gusturen?

Arrasaten aurtengo San Joan jaietan Monterron parkean jo genuen. Oso berezia izan zen, familia, lagunak, tokia bera... Gainera kamerinoa norberaren etxea zenez... Bestalde, Lekunberrin Fangoriarekin jotzea edota Bartzelonako Apolo aretoko eszenatokira irtetea ere oso berezia izan zen.