Gorka Urbizu
(1977ko maiatzaren 31a)
Lekunberrikoa da Gorka eta Berri Txarrak taldean abestu eta gitarra jotzen
du. Baina badaki soinua eta pianoa jotzen ere. Talde nafarrak milaka kilometro
ditu soinean, Europa, Asia eta Amerikatik zehar ibili baita. Peiremans taldean
ere entzun dugu nafarra.
Zertarako Amestu beraien kantu baten izena izateaz gain, dokumental berriaren izena ere bada. Berri Txarrak taldeak azken bi urteetan egindako lana jaso du eta ez da zuzeneko abestiez osatutako lan bat soilik. Hori, Gorkak azaldu digun bezala, estra bezala eskaintzen digute. Lan berriak taldekideengana gerturatzen gaitu, hogeita bost hilabeteetako abenturak eta taldekideek berekoa duten gizatasuna denoi helaraziz. Abenduaren 4ean Donostiako Fnac dendan aurkeztuko dute, eta Durangoko azokan aurkitu ahal izango dugu lan ikusgarri hau.
Berri Txarrak Zertarako Amestu dokumentalean. Noiz hasi zineten prestatzen?
Udan birako azkeneko kontzertua eman genuen Gernikan; espresuki dokumentalerako emanaldia izan zen. Baina aurretik bi urte hauetan zehar grabatu ditugunak begiratu eta hautatu egin behar izan ditugu. Gu ez gara joan kamara profesional batekin irudiak hartzera, guk geuk ateratako irudiak dira bira horretan hartutakoak. Hala ere, Ibon Antuñano zuzendariak lan txukuna egin du eta polita geratu dela iruditzen zait.
Zer aurkituko dugu bertan?
Azken bi urteak laburbildu nahi izan ditugu hirurogeita hamar minutu inguruko dokumental honetan. Baina ez soilik laburpen lan bat, pelikula forma eman diogu. Azken batean, sortze lan bat egin da, laukote izatetik hiruko izatera pasatu gineko momentuak, Jaio.Musika.Hil sortu zenekoak, Kansasen (AEB) egindako nahasketak eta azken bira erraldoia erakusteko.
![]() |
|
| Berri Txarrak Renon (AEB). Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal. |
Eta gustura geratu al zarete?
Bai, bai. Hala ere, oso zorrotzak gara gure buruarekin eta beti pentsatzen dugu hobeto egin genezakeela... Baina uste dut oso itxura polita duela. Ez da erraza izan, gauza asko gertatu baitira bi urte hauetan.
Taldea ezagutzeko aukera izango dugu, beraz.
Bai. Baina ez da soilik taldearen inguruko dokumental bat. Hau da, rock talde batean egoteak zer suposatzen duen ere azaltzen da, alde humanoagoa erakusten da. Uste dut hori dela dokumentaleko gauzarik politena.
Ondorioz, zuen irudia aldatuko zaigu?
Egia esan gu oso lotsatiak gara eta intimitate pixka bat galduko dugu akaso... Baina ez da txarra! (Barre). Baina ez da izango lorpen erakustaldi bat, denetatik agertuko da dokumentalean, hau da, momentu gogorrak ere bizi ditugula, adibidez.
Dokumentala bai, baina musika ere izango du, ezta?
Hala da. Zuzeneko baten zatitxo bat jarri dugu dokumentalean, baina gehigarri bezala. Normalean taldeek alderantziz egiten dute; hau da, zuzenekoa grabatu eta estra bezala making–off txiki bat jarri, esaterako.
Hamabi kantu sartu dituzue...
Esan daiteke gure kantu guztien lagin bat dela eta sentimentalki aukeratu ditugu batez ere. Normalean zuzenekoak grabatzen direnean hutsak–eta konpondu egiten dira ekoizpenean. Guk ez dugu horrelakorik egin eta oker eta guzti erakutsiko ditugu abestiak, garen bezalakoak azalduz: letrak ahazten zaizkigula...
Kontinente ezberdinetan ibili zarete. Zer moduz?
Europatik kanpo lehenengoz aritu gara, berria izan da eta ez geneukan aurreikuspenik. Europan bertan ikusi dugu gure jarraitzaile sarea osatzen ari garela. Rise Against talde amerikarrarekin bira egin genuen eta horrek lagundu du. Baina Mexiko eta Nikaraguan, esaterako, Internet edota musika aldizkariengatik ezagutzen gaituztela konturatu ginen. Jendeak entzuna zuen Berri Txarraki buruz, bazekizkiten kantu batzuk...
Eta Asia?
Oso desberdina da, eta kulturalki ere oso bestelakoa. Hala ere, erraz hitz egiten da kontinenteari buruz, baina han egonda ikusi dugu Japon eta Tokioko entzuleen artean esaterako, aldaketak ematen direla.
Bide batez, turismorik egin al duzue?
Zertxobait, baina ez dugu normalean astirik izaten. Japonen lauzpabost egun eduki genituen libre. Baina Europan jo dugunetan ez dugu denborarik izan. Kontzertu ostean lo pixka bat egin eta furgonetara zazpi orduz hurrengo tokira iritsi arte!
Mundua txikia da... Euskaldunekin topo egin al duzue?
Noski! Ikasketak, lanak edota beste arrazoiren batengatik kanpoan dauden batzuekin egin dugu topo, Europan eta Erdialdeko Amerikan batez ere. Asian bakarra ikusi genuen, Japonen.
![]() |
|
| San Frantziskoko emanaldia. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal. |
Horrenbeste denboran, anekdotaren bat edo beste izango duzue kontatzeko...
Bai, egia da, eta dokumentalean ere ikusi ahalko dituzue. Baina bereziena Zurichen eman zen. Maiatzaren 1ean kalean kontzertua ematen ari ginen eta poliziaren karga jasan genuen. Izan ere, manifestazio antzerako bat zegoen eta eztanda egin eta poliziak karga egin zuen.
Zertan zabiltzate orain?
Atseden hartzeko garaia izan behar zuen oraingoak, baina dokumentalarekin ezin izan dugu. Ez dugu zuzenekorik eman; hurrengo hitzordua Hatortxu Rocken izango da (2008ko urtarrilaren 12an), aurrez programatua geneukan. Eta gero, ez dakit, baina nahikoa kontzertu eman ditugu azken bi urteetan eta atseden hartu behar dugu. Gainera, jendeak ere oxigenatu beharra izango du...(barre). Bestalde, konposatzen hasi nahi dugu.
Gaiz aldatuta, zer iruditzen zaizu Durangoko Azoka?
Ni txikitatik joan izan naiz eta xarma berezia du. Baina
egia da bi alderdiak dituela. Hau da, ongi dago jendeak urtean lauzpabost
egunetan zehar kulturari bultzada ematea. Kritikagarria da, bestalde, urte
guztian zehar ez zaiola modu berdinez begiratzen kulturari, ez zaio garrantzia
berdina ematen. Gainera, askotan zirko bat ematen du eta “durangitis”
horrek ez nau horrenbeste erakartzen. Baina gutxienez aitzakia horrekin
disko eta liburuetara gerturatzea lortzen badugu, ez da gutxi! Hortik kanpo,
lan egin beharko dugula pentsatuz beti ere.