Euskonews Gaztea

49 zbk.

Gaiak

Julen Guerrero

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Sona handiko bizkaitar futbolari ohia dugu Julen Guerrero. Portugaleten jaio zen 1974.urtean eta gazte gaztetatik baloiari ostikoak ematen hasi zen.

Julen Guerrero  
Argazkia: Javier Mediavilla Ezquibela

Bizitza profesional osoa eman du Bilboko Athletic Club taldean. Zortzi urte zituela hasi zen beheko mailetan jokatzen, baina 1992. urtean lehenengo taldera igarotzeko aukera eskaini zioten bizkaitarrari. Hala, 1992ko irailaren 6an debutatu zuen.

Aurreneko denboralditik futbolari bikainaren maila eman zuen eta askorentzat etorkizun handiko erdilaria zen Julen. Bigarren denboraldian lortu zuen bere errekorra, eta 36 partidutan 18 gol sartu zituen. Hala, 90. hamarkadan zehar, Estatu mailako eta Europako talde ugarik arreta eskaini zioten futbol jokalari gazte hari eta batek baino gehiagok fitxatu nahi izan zuen. Hori ikusita, Athletic taldeak jokalaria Bilbon geratu zedin ezohiko eskaintza egin zion 1995ean: 2007ra arteko kontratua.

Profesionalki lorpen handiena eskuratu zuen 1997-1998 denboraldian. Izan ere, ligako txapeldunorde izan zen Athletic eta hurrengo denboraldiko Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela eskuratu zuten.

Baina mende berriarekin batera Julen Guerreroren beheraldia hasi zen. 2000 urtean ordezkoen aulkian eserarazten hasi ziren entrenatzaileak eta partidu askotan ez zuten deialdian sartu ere egiten. Urte hartatik aurrera zelaia gutxitan zapaldu bazuen ere, jarraitzaileen babes beroa sentitzeko aukera izan zuen bederen.

Baina egoera ez zela konpontzen ikusita 2006an prentsaurreko bidez adierazi zuen futbolari izateari uzten ziola. Ez da, ordea, mundu horretatik kanpo geratu. Izan ere, Athleticeko gazte taldearen entrenatzailea izan da eta gainera, Athleticeko futbol areto taldean dihardu jokalari gisa.

Nahiz eta futbol izarra pixkanaka itzaltzen joan zen, zelaian erakutsitako abilezia zaleen gogoan geratu da eta ez dute berehalakoan ahaztuko lehoi erdilaria.