Euskonews Gaztea

58 zbk.

Argitxu Camus
Argitxu Camus Etchecopar
(Donapaule, 1980)


Donapaulen jaio baina Oinaze Pea izeneko herrixkakoa da Argitxu. Hala ere, etxetik kanpo denbora dexente darama, ikasketak direla eta. Hainbat tokitan egon da Historia ikasten, Pau eta Gasteizen kasu. Gaur egun aldiz, bere tesia egiten dihardu Amerikako Estatu Batuetako Reno hirian, Nevadako estatuan. Bertako Euskal Ikergunearentzat ere lan egiten du gazte ziberotar honek.

Elkarrizketa

Argitxu Camus. (Ikaslea eta langilea Renoko Euskal Ikerketa Zentroan):
Esaterako, markatu nauena da hemengo haurrek gaur egun euskal kulturarekiko ez dutela interes aunitz

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA
Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes

Ez da lehenengo aldia Argitxu Camus Etchecopar Euskonews Gaztearen orrietan dagoela. Oraingoan, baina, Euskal Herria Hortik Harako lagunek berarekin izandako hizketaldiaren emaitza da segidan irakurriko duguna.

Aurkeztu zaitez.

Argitxu Camus Etchecopar niz, xiberutarra, Omizepekoa. Renora 2004ko abuztuan etorri nintzen tesia egitera. Beti etorri nahi nuen Nevadara, Estatu Batuen mendebalde huntara nire aittattaren aita artzai etorriko zelako.

Pauen ikasle nintzelarik goi–mailako ikasketak egin nituen eta Pariseko euskaldunez ikerketa bat egin nuen. Honek nahia eman zidan konparatzeko zer gertatzen zen beste eskualdeetan nun euskaldunak errezibituak izan ziren. Horrela, harremanetan sartu nintzen Renoko Euskal Ikerketa Zentroarekin eta esan zidaten nahi banuen etortzea.
Nire gaia hemengo euskaldunez eta hoien nortasunaz azterketa bat egitea da. Bost komunitate ezberdin konparatzen ditut: Reno, San Francisco, Boise, New York eta Bakersfield. Herri horietako euskal elkarteetako pertsonak, nor diren, bilakaera, nortasuna, gizon eta emazteen arteko rola konparatzea da nire helburua.

Ikerketa aurreratua duzunez, zerk markatu zaitu gehien euskal komunitate horien artean ?

Komunitate ezberdin hauek hautatu ditut barnean dagoen jendea ezberdina delako, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorri baitira. Adibidez, Renon Hegoaldeko eta Iparraldeko jendea, Kalifornian Iparraldekoak (Baxe Nafartarrak) eta Boisen aldiz, bizkaitarrak.

Gero, markatu nauena da haurrak gaur egun euskal kulturarekiko ez dutela interes aunitz. Beraz, euskal komunitatean bada krisi hori, saiatzen dira gazteak erakartzen baina ez da batere errexa beste aktibitate batzuk dituztelako (futbol amerikarra adibidez) edota lagunak ez direlako baitezpada euskaldunak.

Belaunaldi ezberdinen artean zer ezberdintasun eta aldaketa ikusi dituzu ?

Gaur egun, euskal komunitateetan ikusten duguna da portzentaje handi bat Euskal Herritik etorritako jendea dela. Baina badira beste komunitate batzuk, Boisekoa bezala, biziki dinamikoa dena ailegatu baitira gazteak erakartzen. Hala nola, haien dantza taldea ikaragarri handia da, ehunka gazte daude, ez bakarrik ttipiak, handiak baita ere.

Hori da beste komunitateetan ikusten ez den zerbait. Maiz haurrak txiki direlarik (6 urte) hasten dira dantzatzen baina 12–13 urtetara iristean aktibitate hori uzten dute beste batzuetara murgilduz (football, baseball, ...).
Aldiz, unibertsitatea bukatuta eta haurrak ukaiten hasten direnean, nahi dute beraiek bizi izan dutena horien haurrek bizitzea, eta ondorioz berriz heldu dira euskal etxeetara. Hau oso positiboa da odol gaztea ekartzen baitu.

  Argitxu

Gazteak euskaraz mintzatzen ikusi al dituzu ?

Badira gazteak euskara etxean ikasi dutenak, baina ez dira aunitz. Baina euskal elkarteak hasi dira euskara klaseak ematen, eta nork daki, egoera hau aldatu daiteke.

Zer dinamika sortu da euskaltasuna pizteko edo biziarazteko ?

Euskal elkarteetako jendea hasi da pentsatzen gauzak egiten euskaltasuna pizteko, zeren eta ohartu dira aktibitate tradizionalak, dantza bezala, ez dutela jendea erakartzen. Horretarako, San Frantziskon adibidez, aktibitate ez tradizionalak garatu dituzte (filmak ikusi, baseball partidak egin, eskiatzera joan, ....). Horrelakoak garatu behar lituzkete beste eskualdeetan.

Harremana baduzue munduko beste eskualdunekin ?

Beste gauza bat hasi dena komunitateetan eta aski berria dena da Estatu Batuetako euskaldunak harremanak sortzen dituztela beste herrietako euskaldunekin. Estatu Batuetan bada federakuntza bat, NABO deitzen dena, Estatu Batuetako euskal elkarte gehienak biltzen ditu eta Mexiko, Kanada eta Argentinarekin harremanak dituzte.

Adibidez, Argentinako dantza talde bat Renora etorri zen duela urte batzuk eta Renokoak ere harantz joan ziren. Hau biziki positiboa da zeren eta hemengo jendea konturatzen da munduan euskaldunak daudela eta harrotasun hori ematen die. Horrez gain, euskaltasunaren ideia zabaltzen du.