Rashmita Martinez
(Cuttack, 1990)
Indiako Cuttack herrian jaio zen Rahsmita baina zortzi urterekin Elosura
(Araba) etorri zen. Duranako Ikasbidea ikastetxean ari da DBHO 4. maila
egiten. Bere zaletasunen artean, lagunekin egotea eta patinatzea daudela
aitortzen du neska gazte honek.
Aniztasunerantz garamatzan gizarte honetan dena ote da larrosa kolorekoa? Adoptatuak izan ez garenon ikuspuntutik dena hagitz erraza zaigu, baina hala ote da egiatan adoptatuak direnentzat? Ziur ezetz; ziur gauza guztiek bezalaxe badituela bere alde onak eta bere alde txarrak.
Non, nola eta noiz enteratu zinen adoptatua izango zinela?
Orain dela 10 urte, jolasten ari nintzen eta neska batek deitu ninduen eta agurtu ondoren, beraiek nire guraso berriak izango zirela esan zidaten.

Estatu berri batera etortzeaz aparte, hizkuntzak ere ikasi behar izan zenituen. Gogorra egin al zitzaizun?
Bai, etxean gaztelania ikasi nuen eta eskolan euskara. Etxean ordu gehiago pasatzen nuenez, euskara ikastea gehiago kostatu zitzaidan.
Gure gizartea eta Indiakoa oso diferenteak al dira? Zertan? Nolakoa zen han zeneraman bizitza?
Bai, kultura, erlijioa, janaria....Indian neraman bizimodua tristea zen, hemen daramadana berriz, askoz hobea da. Indian gurasorik gabe bizi nintzen; hemen, gurasoak dauzkat.
Denok dakigu adopzio prozesua gogorra izaten dela, baina onera edo txarrera egin du zure bizitzak adopzioarekin?
Lehen esan dudan bezala, hemen hobeto bizi naiz eta beraz hobera egin du zalantzarik gabe.
Zein izan da zure adopzio prozesuko pasarterik latzena? Eta zoriontsuena?
Niretzat pasarterik latzena hizkuntzak ikastea izan da eta zoriontsuena, berriz, guraso berriak edukitzea.
![]() |
|
Rashmitak Duranako (Araba)
ikastetxean ikasten du. |
Indian familia kideren bat utzi al duzu? Zer dakizu berari buruz?
Bai, neba bat utzi nuen Indian eta ez dakit ezer beraz. Non dagoen jakingo banu, bertara joan eta hona ekarriko nuke.
Ba al daukazu Indiako oroitzapenik?
Bai, oroitzapen franko dauzkat, esate baterako janariari buruzkoak, eta lagun batzuen oroitzapenak ere baditut. Gustatuko litzaidake egunen batean Indiako janaria berriz ere jatea.
Badago jendea hemengo ohiturei eta familia berriari egokitzea asko kostatzen zaiena. Zu ongi moldatu al zinen?
Bai, oso azkar hartu nuen konfiantza handia nire familia berriarekin. Ohiturekin pixka bat gehiago kostatu zitzaidan eta hasiera batean soil–soilik tortilla eta fruta jaten nituen.
Adinez nagusia izatean Indiara bueltatuko al zinateke?
Bai, Indiara joango nintzateke bertako jendea laguntzera; jendeak laguntza behar du.
Zein da orokorrean adopzioari buruz duzun iritzia? Eta zuk umeren bat adoptatuko al zenuke?
Aldekoa da nire iritzia, noski. Ume askok gurasoak behar dituzte. Hori dela–eta, dudarik gabe adoptatuko nuke umeren bat etorkizunean.
Zer esango zenioke jendeari umeak adoptatzera animatu dadin?
Ba....umeak adoptatzeko eta ez larritzeko.
Zure ustez ba al dago adopzioaz aparte beste soluziorik munduan umezurtz dauden nerabeentzat? Zein?
Bai, lagundu diezaiekezula janaria eta arropa bidaliz...
Azkenik,telebistan, irratian, egunkarietan...behin eta berriro ikusten dugu gure herrialdean geroz eta arrazakeria kasu gehiago ematen ari direla. Zuk inoiz bizi al duzu horrelako erasorik?
Bai, behin eta berriro sumatu ditut horrelako erasoak ikaskideen partetik nire kontra ikastola honetan.