Oroitzen dut orain urte batzuk EGAko azken froga egitera joan nintzenean gai ezberdinen artean aukeratu behar izan nuela. Zalantzan egon nintzen: birziklapena edota gaur egungo elikadurari buruz mintzatu? Amaieran, azken hori izan zen hautatutakoa. Ez nekien nondik nora jo, ez zein esparrutatik mugitu ere. Gainera, nahiko urduri jartzen naiz jendaurrean hitz egiterako orduan, baina arrakasta edukita irten nintzen egoera hartatik, eta gainera nota onarekin gainditzeko balio izan zidan janarien munduak.
Gogoratzen dut gure jateko ohiturei buruz mintzatzen ibili nintzela, supermerkatuetako barietate handia eta okindegietan aurki ditzakegun askotariko ogiak ere hizpide izan nituela. Eta galdera bitxi batekin erantzun zidaten: zergatik uste duzu lehen ogi mota bakarra zegoela, eta gaur egun barietate ugari aurki ditzakegula? Birritan pentsatu gabe erantzun nuen: moda da arrazoi nagusia. Ez zidaten zuzen nengoen edo ez erran, baina antza, nahiko gustura geratu ziren entzundakoarekin.
Eta akaso galdetuko duzue zergatik ekarri dudan gaurkoan gai hau lerro hauetara. Bada garrantzitsua iruditzen zaidalako gure gizarteak daraman norabideari kasu egitea. Hau da, asko eta asko dira bulimia zein anorexia jasaten duten neska–mutilak. Eta bestaldetik, baditugu zabor–janaren menpe bizi direnak ere. Elikadura osasuntsuaren aldeko apustua egin beharko genuke, ez duzue uste?
Esaten da Euskal Herrian ederto jateko ohitura daukagula, eta ez naiz inor horren kontra joateko! Hala ere, tentuz ibili beharra daukagu. Akaso mundu globalizatu honi errua botatzea izan daiteke erosoena, baina zalantzarik gabe norberaren esku dago zer jan eta zer ez aukeratzea.
Ez dut esan nahi noizbehinka halako elikagairik ez dudanik hartzen, hori gezur galanta izango litzateke eta. Baina “batzuetan” hori “gehienetan” bihurtzean datza arazoa. Aurrez prestatutako jaki gutxiago, eta irudimen gehiago sukaldean!