Euskonews Gaztea

90 zbk.











Buztanikara zuri









Naturaren Ahotsa

Buztanikara zuria

ADEVE ADEVE

Latinez: Motacilla alba
Gaztelaniaz: La lavandera blanca o aguzanieves
Ingelesez: The White Wagtail
Frantsesez: La Bergeronnette grise

Ezaugarriak
Ezaugarririk deigarriena, lema–luma zuriz apaindutako buztan beltz luzea da, lurretik dabilen bitartean etengabe gora eta behera kulunkatzen baitu. Azpitik zuria da, eta ipurtxuntxurrak, bizkar osotik zabaltzen den kolore gris argi bera du. Silueta lerden eta xehea du, nolabaiteko dotoretasuna dariolarik. Bere taldearen bereizgarria den hegaldi uhinduan, buztaneko kanpoaldeko lema–lumak nabarmentzen dira, bitartean Txuiiit bezalako soinu laburra errepikatzen duelarik. Ez dago beste buztanikarekin nahasterik, beste biek kolore horiak baitituzte.

Tamaina
Luzera: 19 cm.
Hego–luzera: 30–32 cm.
Pisua: 20–27 g.

Biologia
Euskal Herrian sedentario modura jokatzen du, neguan bere populazioa nabarmenki handitzen delarik. Emeak habia hormetan, zubietan, teiletan… eraikitzen du; ondoren 5–6 arrautza errungo ditu. Inkubazio aldia 12–14 egunetan zehar luzatzen da eta, eklosioaren ondoren, txitek oraindik beste 15 egun emango dituzte habian. Normalean urtean bi txitaldi egoten dira. Neguan zehar, etzalekuetan hamarnaka hegazti ere elkartu daitezke.

Elikadura
Intsektuz elikatzen da, eta gehienetan lurrean harrapatzen baditu ere, airean ehizatzeko gai ere bada.

Habitata
Habitat guztietan aurki dezakegu, kostaldetik, landa, erreka, zabortegi, herri eta beste hainbat lekuetaraino, basoetan izan ezik, eremu zabaletara moldatutako txoria baita. Habitatak buztanikara–mota desberdinen artean banatuko bagenitu, honelako sailkapena egingo genuke: buztanikara horia erreka, errekasto eta latsetan; larre buztanikara ingurune heze, padura eta urezko beste hainbat eremutan; eta zuria giza inguruneetan, bertan arrunt samarra denez, erraz beha daitekeelarik.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.