Euskonews Gaztea

120 zbk.

Andoni Aizpuru
Andoni Aizpuru
(Gabiria, 1964ko uztailaren 11)
Gipuzkoarra da Andoni Aizpuru, baina familiarekin batera Elorrion bizi da egun. Ikasketez irakaslea, ETB1n egiten du lan duela 16 urtetatik, eta hain zuzen bertako eguraldi gizona dugu. Hala ere, tarteka beste saio batzuk ere gidatu ditu, Bertatik Bertara, Barnetegia, Bi errepidean edota Horrelakoa da bizitza horien artean. Aurkezle lanetan, Ricardo Arregi saria irabazi zuen 2000.urtean.

Elkarrizketa

Andoni Aizpuru. (Komunikatzailea):
Eguraldia aurkezterakoan ukitu pedagogiko bat ematen diot

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak
Bideoaren edizioa: Andrés ESPINOZA

Komunikatzeko abilezia handia duen gizona da Andoni Aizpuru. Euskaltegian lan egitetik telebistan agertzera pasa zen orain 16 urte gipuzkoar hau; hala ere, aurkeztu dituen programa guztietan irakasle sena galdu gabe, nolabaiteko pedagogia erabili izan duela aitortzen du. Hamasei urte eguraldi tartea aurkezten, hamasei urte euskaldunen etxeetan sartu eta hurrengo eguratsaren joerari buruz hitz egiten. Isobara, presio edota borraska hitzak jendearentzako ezagun izatea lortzen du. Solaserako tartea eduki dugu EITBk Bilbon duen egoitzan eta hala, kuxkuxean aritu gara alderik alde guztia erakutsi digun bitartean.

Telebistan ikusten zaitugu egunero. Hala ere, irakasle izana zara.

Hori da. Irakasle ikasketak egin nituen, Natur Zientzietan, eta bukatu eta berehalaxe Pasaiako Udal Euskaltegian hasi nintzen lanean; zortzi urte igaro nituen orotara helduen alfabetatzean, bai Pasaia eta baita Errenterian ere. Ordurako kazetari lanak egiten hasia nintzen prentsa idatzirako; elkarrizketa eta erreportaje batzuk egin nituen Zabalik aldizkarirako. Baina irakasle jarraitzen nuen bien bitartean.

Eta nola izan zen gau eskolako irakasle izatetik telebistan agertzerako jauzia?

ETBn eguraldia aurkezteko norbait behar zutela–eta deitu egin ninduten froga bat egitera joango ote nintzen galdezka. Baietz esan, froga egin eta hartu egin ninduten; hori orain 16 urte izan zen! Tarteka utzi izan dut beste lan bat eduki dudalako, baina hasi, 1993an ekin nion eguraldia aurkezteari.

Gogoratzen al duzu kamara aurreko lehenengo aldia?

Ez zen bat–batean izan, hilabete batez aritu bainintzen arlo honetan lan egiteko beharrezkoa ikasten; azken batean nora eta nola seinalatu, hitzak ikasi... Kanpotik nentorren eta hori dena jakin behar nuen. Gainera, eguraldia ematerakoan okertzen bazara ezin duzu moztu eta leku berberetik jarraitu; dena segidan denez, guztia errepikatu behar izaten da. Hori jakinda, urduri nengoela oroitzen dut.

Hamasei urte. Aldaketa askoren testigu izango zinen, ezta?

Askotan gezurra dirudi nola egiten genuen garai haietan eguraldi tartea. Isobara mapak faxez iristen zitzaizkigun, eta eguraldi txarrarekin ez ziren ongi heltzen... Gazte jendeari hastapen haiei buruz hitz egiterakoan eta internetik ez zegoela komentatzean, askok ez dute sinesten!

Ez da horrenbeste denbora lanerako internet erabiltzen hasi ginenetik, eta begira orain! Edozein herritan daude webcamak eta tenperatura zein hezetasuna kontrolatu eta zerua ikusten duzu... Lehen satelitearekin bakarrik funtzionatzen genuen, eta ongi ez bazebilen, salduta geunden. Noski, Euskalmetik ere ez zegoen, eta beste bide batzuk baliatu behar genituen informazioa biltzeko. Badirudi mende bat aurreratu dugula horrelako xehetasunei erreparatuz gero.

Andoni Aizpuru  
Kromaren aurrean.

Kontatuko al diguzu lanegun bat nolakoa den?

Hamabiak inguru etortzen naiz EITBk Bilbon duen egoitzara. Aste barruko taldea osatzen dugunok Ana Urrutia eta biok gara, eta gurekin batera Euskalmeteko meteorologo bat egoten da, lau hiletik behin aldatzen doana.

Aurreneko gauza datu bilketa egitea izaten da: zer–nolako prezipitazioak egon diren, mapan lainoak nola dauden, tenperaturak, haizearen joera... Normalean hori eduki finkoa izaten da eta osatzen joan behar gara ondoren. Esaterako, udan hondartzen gaineko informazioa ematen dugu; neguan aldiz, eski pistena. Bestalde, gure ikusleek eguraldi blogean zintzilikatzen dituzten argazkien artean aukeraketa egiten dugu; badaude oso noizean behin sartzen diren lagunak, baina baita egunean dozena bat igotzera iritsi direnak ere. Maiz zail egiten zaigu zein hartu erabakitzea.

Ondoren, arropen txanda izaten da. Egunero ateratzen digute argazki bat, bakoitzarentzako nolako arropa den egokiena edota janzteko zein kolore doakigun ongi jakiteko; hori guztia zaintzen dute. Eta makilatzera eta orraztera pasatzen gara ondoren. Normalean emakumeak lehenago joaten dira, gizonezkook baino denbora gehiago behar izaten baitute.

Azkenik grabaketaren txanda iristen da. Nire aurretik Anak grabatzen du eta bien bitartean kontrol gelan egoten naiz, ea nola egiten duen ikusi eta erredakzioan prestatutako pelikula errepasatzen. Ondoren nire txanda izaten da.

Arratsaldean, antzera, datuak berriz begiratzen ditugu aldaketak eman diren ikusteko eta 18:30etarako grabatuta izaten dugu saioa.

Andoni Aizpuru  
Andoni, makillajetik pasatu ostean.

Baina ez didazu gidoia idazten duzuenik aipatu...

Horrenbeste urte eta gero, barruan daramagu sartuta gidoia!

Eta ba al duzu emaitza etxean ikusteko ohiturarik?

Egunero ez; baina ez naiz beraien buruak telebistan ikusi ezin duten horietarikoa ere. Niri batzuetan gustatzen zait telebista aurrean esertzea –batez ere gauean, arratsaldean grabatu eta etxean egoten naizelako. Hala, gauzak nola esan ditudan jakiten dut; izan ere gauza bat da nik grabatzen dudan bitartean zer sentsazio daukadan eta beste bat emaitza ikustea.

Azken urteetan joera nabarmena eman dela iruditzen zait niri. Hau da, lehen hurrengo eguneko iragarpena eskatzen zen, orain geroz eta epe luzeagorako nahi izaten du publikoak...

Eta ez hori bakarrik, toki eta ordu zehatz batetan egingo duen giroa galdetzen duenik ere egoten da! Egia da asko aurreratu dela teknologia aldetik iragarpen bat egiteko unean, baina oraindik ere nahiko epe laburrera. Gainera, Euskal Herrian eguraldia oso aldakorra dela kontuan hartu behar dugu eta hamabost egun barrurako iragarpenak egitea...Joerak zeintzuk diren esatea agian bai, baina oso–oso zaila da. Eta zer esanik ez urtarokako iragarpenei dagokienez. Badaude modelo batzuk; esaterako amerikanoek diote oraingo uda normala baino freskoagoa eta euritsuagoa izango dela, baina mundu handiegia da hori.

Ia denok haserretu gara eguraldiarekin asmatzen ez dutenean. Aurpegiratu al dizute inoiz hori?

Aurpegi txarren bat jarri didate agian, leku guztietan baitago jende antipatikoa; baina orokorrean ez dut begirada txarrik sentitu. Bitxikeria bat. Ni Elorrion bizi naiz eta azken urtean autobusez egiten dut Bilborako bidaia. Askotan jendearen komentarioak entzuten geratzen naiz. Pasatu izan zait beraien artean komentatzea “eguraldi txarra egingo duela esan dute telebistan”, eta “Kontxo! Ez dut ba nik horrelakorik aipatu gaur!” Edo beste kasu bat, egun berdinean komentatu izan didate ederto asmatu dudala iragarpenarekin, eta beste pertsona batek kontrakoa. Baina gaur egun horrenbeste eguraldi saio daudenez gero, nahasi hori normala da.

  Andoni Aizpuru
EITBko egoitzan.

Euskal familia askotako kide zara; hau da, etxe askotan “gaur Andonik esan du...” erabiltzen da!

Bai, bai. Nik uste euskal hiztunen artean dela bereziki, ezta? Ana Urrutia gehiagok ikusten dute gaztelaniaz aurkezten duelako eta erreferentea da baita ere. Baina horrenbeste urte eta gero honetan jardunez, eta azken aldian Pello Zabala irratitik pixka bat ezkutatuta dabilenez, normala dela iruditzen zait.

Pello aipatzen duzula, sinesten al duzu tenporetan?

Sinesmena gure iragarpenetan ere –hots, zientifikoetan– muga batekin doa, jakin baitakit lau egun barrurako egiten ditugun iragarpenak ez direla zertan eman behar. Tenporei dagokienez, beti pentsatu dut interesgarria dela gaia, zientziatik alde egiten duten hainbat alor beste fase batzuen bidez begiratu daitezke, hala nola, ilargialdi, marea edo bestelakoak baliatuz. Noski, ez dut itsu–itsuan sinesten, baina beno, errespetua badiet.

Esaguzu, jaikitzerakoan leihotik begiratzen duen horietarikoa al zara?

Egunero! Ezingo nuke pertsiana igo eta eguraldiari erreparatu gabe gelditu; eta nire ustez eguraldia aurkeztu ez arren, interesa berdin–berdin edukiko nukeen, nik eguraldia bizi baitut. Gainera, leihotik bestaldera begiratu eta aurreko eguneko iragarpenekin asmatu dudan ala ez ikustea gustuko dut; onerako bada pozik, baina ona iragarri eta txarra eginez gero...

Noski,“txarrak” ere esanahi ugari ditu mundu honetan...

Bai, oporretan dagoenak eguzkia nahi du hondartzara joateko, baina baserritarrarentzat agian hori ez da eguraldi ona, euria behar baitu soroak ureztatzeko; eta beste batzuk elurraren zain geratzen dira eskiatzera joateko... Ezinezkoa da denok konforme egotea!

Asko ikasi al duzu lanbide honetatik?

Pila bat. Ni eguraldi tartearen ikuslea bainintzen aurretik. Irakasle ikasketak egin nituenean zientzia arlotik joan eta oinarrizko ezagutzak jaso nituen arren, ez dauka zerikusirik. Hamasei urte hauetan asko–asko ikasi dut. Gainera zenbait urtetan meteorologo lana ere egin izan dut; orain asko daude, Euskalmet dela eta, esaterako.

Hala ere, tresneria edukita eta Internetek ematen dizkizun aukerak izanda, modelo horiek interpretatzea ez da horren zaila. Hau da, zerura begiratu bai, baina mapak ikusi, interpretatzen jakin... Hori guztia lantzen badakit. Errespetu guztiz esango dut, baina unibertsitatean lauzpabost urtez ikasten duenak baino gehiago dakit nik 16 urtez honetara dedikatuta, esperientziak asko irakasten baitu! Haize honekin normalean eguraldi mota hau egiten du...

  Andoni Aizpuru

Hala ere Andoni, eguraldi gizona bai baina beste saio mota batzuk ere egin izan dituzu.

Bai. Amankomunean zerbait daukate; eguraldia aurkezteko edota beste mota bateko saio batetan aritzeko garrantzitsuena komunikatzen jakitea dela iruditzen zait. Horregatik esaten dut ikasketez ez naizela kazetaria, baina hemen oso irakasle onak izan ditut eta nire burua komunikatzailetzat daukadala esango nuke; telebistan, hitzaldi batean edo ikastolan egon, dakidana besteei komunikatzea da helburua.

Azken batean, kontatzen duzuna ikusleek sinestea!

Hori da funtsa, bai! Adibide bat jartzearren, pentsa oso meteorologo on bat hartzen dutela eguraldia emateko baina ez dakiela komunikatzen; perfektua biak izatea litzateke eta egon dira kasuak, Manuel Toharia horien artean. Gauzak nola azaltzen zituen atsegin nuen, nahiz eta oso zientifikoa izan, jendearengana iristea lortzen baitzuen.

Egia da, azalpen zientifikoak soilik ematen dituenarekin ziurrenik katez aldatuko genuke askok!

Normala! Ematen dugun informazioa oinarrizko mailan ematen dugu, eta horrela jarraitzea espero dut, gure funtzioa ez baita zientzia gizon edo emakumeak izatea. Bestalde, nik ukitu pedagogiko bat daukadala ere esango nuke –nire irakasle iraganarengatik edo– eta programa guztietan sentsazio hori utzi izan dut. Batzuei ez zaie bat ere gustatzen, baina irakastea gustuko dut.

Adibidez?

Eguraldia ematerako orduan saiatzen naiz geografia pixka bat ere irakasten. Hau da, mapan Erronkari, Cascante edota Maule non dauden jakinarazten saiatzen naiz esaterako, edota klimatologia aldetik zenbait leku bereziak direla adierazten. Tamalez, Euskal Herria gutxi ezagutzen dugu eta apur bat ezagutarazteko ahalegina egiten dut. Hori bai, modu arinean, txaparik sartu gabe.

Amaitzeko, ezin ahaztu mapa berria estreinatzea egokitu zitzaizula...

Azken batean edozein hedabidetan linea editorial bat egoten da, eta EITBn horren eraldaketa eman da: koloreak, sinboloak, mugak ipintzea... Agian pertsona gisa ez nuke mapa berria erabiliko, baina profesional gisa onartu beharra daukat. Gainera, mapa aldatu bai, baina eguraldia orain arte bezala ematen jarraitzeko esan digute, Euskal Herria aipatuz.