Euskonews Gaztea

164 zbk.

Amaia Riouspeyrous
Amaia Riouspeyrous
(Donapaleu, 1984)

Donapaleun jaio zen arren, Baigorri eta Garazi artean dagoen Anhauzen bizi izan da txikitatik. Garaziko ikastolan ikasi zuen aurrena, handik Baigorriko kolegiora joan zen eta lizeora segidan. Goi mailako ikasketak egitera berriz, Frantziako hiriburura, Parisera abiatu zen eta Gizarte Laguntzaile karreran eman zuen izena. Gaur egun Baionako ospitalean dihardu lanean. Baina handik irteterakoan, Amaiak bere beste fazeta erakusten du publiko aurrean, hain zuzen ere abeslaria da. Euskal Kantu Txapelketak ongi ezagutzen ditu, Iguzki Lore koralean ibili zen, eta egun beste bost taldekiderekin igotzen da agertokietara; Har Ezazu diskoa kaleratu zuten 2009an.

Elkarrizketa

Amaia Riouspeyrous. (Abeslaria)
Musika mailan Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga handia dago

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Amaia Riouspeyrousek utzitakoak

Betidanik atsegin izan du rock musika Amaiak. Hogeita sei urte ditu, 17 urteko musika ibilbidea dauka eta Har Ezazu izeneko diskoa kalean. Beste era batean ezin zitekeen moduan, musika izan dugu hizpide baxenafar gaztearekin edukitako hizketaldi alaian.

Txoritxo batek esanda dakit, txikitatik daukazula abesteko zaletasuna.

Hala da! Euskal Kantu Txapelketan 9 urterekin hartu nuen parte aurrenekoz, 1993an. Eta ez da arraroa horren gazte hastea, ezen orduan gaur baino errotuago zegoen sariketan parte hartzea eta serio hartzen genuen; ikastolarekin bi urtez–edo prestatzen genituen kantuak–eta, ezen, azken finean hitzordu bat zen guretzako.

Pertsona anitz bertan esku hartuz ematen ziren ezagutzerat, eta hara, neu ere handik pasatua naiz! Eta horrez gain, herriko bestetan ere kantatzen nuen... Esango nuke betidanik aritu naizela kantuan.

Amaia

Hasi zinenetik denbora dezente igaro dela eta, ahotsa zaintzea funtsezkoa izango duzu. Badaukazu trikimailurik?

Gauza berezirik ez, egia esateko! Noski, behar duzu zure ahotsa berotu kantaldi bakoitzaren aurretik. Behin Imanol Larzabal kantariarekin aritzeko aukera eduki nuen, eta hark gomendio bat eman zidan, arrautza bat gordinik behar nuela irentsi. Behin egin nuen... eta azkena, e? (barre) Ez zen goxoa izan...

Agian topiko hutsa izango da, baina Ipar Euskal Herrian kanturako tradizio handiagoa dagoela esaten da...

Bai, hala diote! (barre) Nire amaren familiaren aldetik aitatxi beti ari zen kantuz, berarekin nengoelarik beti abesten genuen, egia da; ohitura bat zen harekin aritzea. Baina egia da gure artean Hego Euskal Herrian baino tradizio handixeagoa dugula, nahiz eta bestaldean ere anitz diren euskal kantu tradizionala egiten duten taldeak.

Halere, gauza bat argi dago, Iparraldekoa zarela eta kantatzen duzula esanez gero, etiketatu egiten zaituzte zuzenean, eta ez pentsa euskal kantu zaharrekiko zaletasuna soilik dugunik hemen! (barre) Ikusi bestela EHZ festibala, aniztasunaren erakusgarria da! Bestaldetik, Euskal Kultur Erakundeak eginiko Iparraldea XXI dokumentalak argi eta garbi erakusten du Ipar Euskal Herriarekiko jendeak duen iritzia, eta nahiz eta hori aldatzen saiatzen ari garen, benetan lan handia dagoela egiteko oraindik!

Har Ezazu lanari helduko diogu. Aurreneko diskoa izanda, zein balorazio egingo zenuke?

Taldea sortu eta bi urtetako lanaren fruitua da diskoa, eta benetan gustura geratu ginen, bai! Mezu ezberdinak helarazten ditu izenburuak; har ezazu disko hori zure eskuetan! esan nahi dugu alde batetik. Baina baita, antzina hartzea ere; hau da, niretzako musika mailan aldaketa handia suposatu du disko honek, aurrenekoz euskal rock estiloan aritu bainaiz. Egia da orain arte kantu herrikoiak entzuten eta kantatzen nituela, baina bestaldetik, betidanik gustatu izan zaizkit Itoitz edo Hertzainak moduko rock taldeak, musikari ingelesak eta abar. Halere, bizitzan zehar ezagupen berriak egiten dira, probatu egiten duzu, eta taldea sortzerakoan zinez nahi nuena egiteko beta iritsi zitzaidala nekien.

  Taldearekin
Amaia, taldekideekin.

Eta gainera, ausartu egin naizela esango nuke, rocka lantzeko nire erabakiaren gainean jendeak zer pentsatuko duen, nola hartuko duen, horri aurre egin diot eta gustuko dudana egitera animatu naiz. Nahiz eta beti ere kantu tradizionalari heltzera prest geunden, baina betiere gure modura. Horren erakusgarri, diskorako Benito Lertxundiren Bihotz kantua rock–blues erara moldatu dugula da; arrunt desberdina da ezbairik gabe, baina gauzak egiten ahal dira beste modu batean!

Alde batetik, kantu estiloa aldatu duzu, baina bakarrik aritzetik taldean kantatzera ere desberdintasuna sumatuko zenuen!

Ez da batere gauza bera, ez! Bakarrik aritzean, asko ikasten da, hori bai, eta taldearekin berriz, babestuago sentitzen zara. Halere, oso garrantzitsua da taldekideak ongi ezagutzea eta ahalik eta hoberen moldatzea haiekin. Guk gainera, urte eta erdi daramatzagu hor zehar kontzertuak ematen eta zalantzarik gabe, geroz eta erosoago sentitzen gara.

Halere bakarrik edo taldean abesteak niretzako badute amankomunean gauza bat, eszenatokira igo aurretik sentimendu kontraesan bi sortzen zaizkidala hain zuzen; alde batetik, poza sentitzen dut abestu behar dudalako, baina bestetik beldurra ere presente egoten da. Nahasketa horrek gauza berezia sortzen du nire baitan, zaila da azaltzeko. Publikoa hor egotea ere pizgarria da eta berarekin antzina joan, entzulearekin zerbait partekatzea eta sostengatzen zaituela ikustea, polita da.

Gauza bat aitortu behar dizut. Eszenatokitik jaitsi eta laino batetan, ametsetan moduan sentitzen gara taldekideok, eta asko kostatzen zaigu hodeia uztea! Benetan gustuko duguna egiten dugu, eta kontzertu on baten ostean egun ugari igarotzen ditugu ikuskizunaz hitz egiten! (barre)

Musikagintzan egin duzun bidea luzea da; urte guzti hauetako balorazio bat egingo al zeniguke?

Hamazazpi urte dira aurrenekoz agertoki batean aritu nintzenetik. Baina, bidea urratsez urrats, poliki eginikoa da, eta esango nuke, naturalki joan direla gauzak irteten. Halere, pozik naiz segitzeko aukera eduki dudalako, baina gehiago egin nahiko nuke, esate baterako, Hego Euskal Herrira gehiagotan joatea. Musika mailan muga handia dagoela ikusi dut, nola apurtu hori? Hortxe koska.

  Amaia

Mezu bat bidali nahiko nuke horren harira, eta atearen giltza dutenei esango nieke Iparraldean ez gaudela musika tradizionalari hertsiak, kuriositate berdina dugula eta ezagutu gaitzaten etor daitezela gu ikustera... eta Hego Euskal Herrian baldin bada, hobeto! (barre)

Egun, gizarte laguntzaile moduan egiten duzu lan, baina gustatuko litzaizuke musikatik bakarrik bizitzea?

Ez da erraza. Egia da jende ugari saiatzen dela bide hori lantzen baina biziki zaila da. Ez dakit nik abentura horri hasteko kuraiarik dudan... Alde batetik, pentsatzen dut seriostasun bat behar dudala nire bizitzan. Eta bestetik, plazerarentzat gauzak egiteko beharra dudala. Gaur egun artista izatea ez dela erraza iruditzen zait eta gizarte laguntzaile moduan egiten dudan lanak egonkortasun puntu bat ematen dit.

Bestaldetik, nire lana dela eta, burua gehiegi erabiltzen dut, eta funtsezkoa da barruan daukadan guztia hustea, eta horretarako baliatzen dut musika. Nire bizitzan, bi lanbideak bikainki uztartzen direla gaineratuko nuke.

Teknologia berriak musikarien aliatuak direla esango al zenuke?

Nik uste dute baietz. Esan dudan bezala, gaur egun ez da erraza artista izatea, baina guk, esaterako, santza dugu horretan, taldekide batek etxean estudio antzeko bat baitu eta erraztu egiten digu dena, baldintzak ere hobeak dira. Internet ere gure burua ezagutarazteko bide bikaina da, Facebook, Myspace... Horiei esker, ziurrenik lehen iritsiko ez ginatekeen lekutara ailegatu garela esango nuke.