Euskonews Gaztea

Ba al zenekien...


Lurra berotzen ari da eta zer?

Lurra berotzen ari da eta honek sortzen duen alarma soziala izugarria da. Bai, baina zer esan nahi du honek berez? Lur azala berotuko dela? Tenperaturak igoko direla? Zergatik sortzen da hau eta zergatik horrenbesteko iskanbila?

  Argazkia

Lurrak eta naturak badituzte euren legeak eta gezurra badirudi ere, hauexek dira latzenak, gogorrenak eta zorrotzenak. Betetzen ez baditugu, ondorioak latzak izan daitezke eta hauxe da egun gertatzen ari dena. Naturaren legeak ez ditugu errespetatu eta lurra berotzen ari da. Berotzen eta haserretzen. Bere haserrea tsunami, uholde, urakan eta antzekoekin plazaratzen du eta naturaren indarra muga ezina da. Horregatik dira bere legeak zorrotzenak.

Zer egin dezakegu egoera honen aurrean? Zergatik egiten dituzte hainbeste bilkura amerikarrek, txinoek, errusiarrek...? Zer harreman du guzti honekin?

Bada ekonomiak, kutsadurak eta azken finean herrialde bakoitzean diren fabrikak harreman zuzena dute. Izan ere fabrika askok sortzen duten kutsadurak eragin zuzena baitu lurraren beroketa honetan eta bilkura hauetan herri bakoitzak bere emisioak nola kontrolatu eztabaidatzen dute. CO2 gutxiago emititzeak ordea, aberastasunaren murrizketa dakar eta politikariak ez daude horretarako prest.

Arazoa guztiona da, denok bizi baikara planeta berdinean eta denok zaindu beharko dugu. Bakoitzak zenbat eta zein mailatan da ordea arazoa. Ez da erraza izango ados jartzea: 180 herrialde daude eztabaidan, eta interes handiak.

 

Paris inguruan ere kale borroka bortitza

Azken egun hauetan Paris hiriko inguruko auzoetan hainbat iskanbila eta gora behera daudela ikusi daiteke hedabideetan. Liburutegiak, kotxeak eta beste hainbat eraikin eta jabetza erretzen ari dira. Auzo gune hauetan bizi diren gazteak omen dira, guzti honen errudun.

Memoria pixka bat eginez gero, akordatuko gara nola duela urtebete inguru antzeko istiluak izan ziren; egun horietan ordea, Parisen hasi eta ia Frantzia guztian hedatu ziren.

Oraingoan, egoera hau sortarazi duen zorigaiztoko gertaera, bi gazteren heriotza izan da, motorrean zihoazela argitu gabeko zirkunstantziatan hil omen dira eta badirudi polizia frantsesaren jokaera ez zela eredugarria izan.

Baina zergatik sortzen dira horrenbeste iskanbila ? Aitzakia al da hau? Zergatik erretzen dituzte kotxeak eta jabetza publikoak? Ez al dira bada denonak?

Honen atzean badira arrazoi ezkutuak, bada azalpen bat. Parisko auzo hauetan bizi diren pertsonak Bigarren Mundu Gerraren ostean Parisera lanera etorritako etorkinen semeak dira. Nerabe hauek Frantzian jaioak dira, frantsesak hartara, baina bigarren mailakoak. Euren bizi baldintzak ez dira, Paris erdialdean bizi den sendi frantses tradizional baten berdinak, ezta gutxiago ere.

Gerraren ostean Frantziara marokoar, turkiar, hungariar eta espainiar asko joan ziren lanera baina Gobernu Frantsesak euren eskulana onartu bai, baina bizi baldintza duinak ez zizkien bermatu. Egun, etorkin hauen seme alaben artean langabezia tasa izugarria da eta pobrezia maila ere kontutan hartzekoa.

Gazteek identitate arazo bat dute. Ez dute euren burua frantses kontsideratzen, ez baitaude jasotzen duten tratamenduarekin ados; ez dira ere ez marokoarrak, ez turkiarrak, ez euren gurasoen sorterrikoak ere ez.

Haserre daude, lanerako gogoa izanik, ez baitituzte beste gazteek bezalako baldintzak eta metatutako haserre guzti honek sortarazten dituzte bortizkeria eta indarkeria guzti hau. Hara hor, egoera honen atzean ezkutatzen dena, desberdintasun egoera kontsideragarria.