Archivo de la etiqueta: Euskara

Rosa Miren Pagola / Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea

Rosa Miren PagolaEusko Ikaskuntza sortu zenean idazpuruko galdera hori gori-gori zegoen. Hemeretzigarren mendearen azken aldetik euskararen eta euskal kultura eta izaeraren egoera zailaren kezka larria bizi zen. Edonola ere, ez zen orduan sortutakoa. Tamalez, gure garaietara iritsi den euskararen historia osoan eten gabeko galera agertzen baita. Horregatik, nire autua mendeurreneko galderan bide horretatik doa: Ziurtatua al dago euskararen erabilera Euskal Herriaren geroan?

Ezin da esan aro txarrean bizi denik euskara. Alderantziz baizik. Euskararen presentzia ugaria da: irakaskuntza maila guztietan, hainbeste kultur ekintza, jaialdi, ospakizun, horrenbeste idazle eta argitalpen, esatari bikain, …, eskaintzen zaion laguntza eta egiten den lana ere beste hainbeste.

Hala eta guztiz ere, eta aroa ontzat jo daitekeen arren, horrek ez du saihesten denok ohartzea euskara arriskutan dagoela eta, beharbada, inoiz baino handiagoan ez ote dagoen ere geure buruari galdetzea. Bertako beste gure hizkuntzek euskaldun mintzatzaileon artean ere eragin handia dute. Batez ere, gu geu garelako egokitzen direnak inoren hizkuntzara. Gizarte harremanetan, ordea, nola uko egin gizabidetasunari?

Sigue leyendo

Xabier Alkorta / Eusko Ikaskuntzako XVIII. Kongresuaren eta Mendeurrenaren lehendakaria

Xabier AlkortaGure herriaren etorkizunarekin kezkatuta eta atxikituta zeudelako, Euskal Herriko lau Foru Aldundiek Eusko Ikaskuntza fundatu zuten orain dela 100 urte.

Garai hartako egoera ez zen xamurrena: unibertsitatearen falta, euskararen ahultasuna, emakumeen bazterketa, gatazka ideologikoa, elizatik jasotako zentsura, Lehen Mundu Gerra… Hala ere, gure sortzaileek zailtasun hauek gainditu eta Eusko Ikaskuntza abian jarri zuten.

100 urte pasa dira eta Euskal Herria eta Eusko Ikaskuntza orduan pentsa ezinak ziren baldintzetan bizi dira gaur egun. Noski, hau guztia, oso pozik egotekoa da.

Hori bai, hona iristeko hainbat zailtasun eta une txar gainditu behar izan dira: Bigarren Mundu Gerra, Gerra Zibila, 40 urteko diktadura –eta berarekin Eusko Ikaskuntzaren zokoratzea–… besteak beste. Orain, hemen gaude, zorioneko egoera batean. Eta orain dela 100 urte bezala, inork irudikatu ezin duen etorkizunari begira gaude, galdera honi erantzun nahian: gure geroa, zer eta nola?

Sigue leyendo

Markos Zapiain / Filosofia irakaslea

Markos ZapiainGalderak berak ikuspuntu filosofiko jakin bat adierazten du: ez dago giza esentzia betierekorik, Heraklitoren erreka bezain aldakorra da gizatasuna, ez da gauza bera orain dela mila urteko gizakia eta gaur egungoa. Horregatik galde daiteke zer ote den gizaki izatea preseski gaur egun, iraganekoa eta etorkizunekoa ez bezalakoa izan daitekeelakoan.

Gaur egun gizaki izateko moduetako bat da orain arte giza naturatzat hartu izan duguna nola ari den errotik aldatzen ulertzeko eta bizitzeko gertu egotea, jendearen bilakaera arraroetara zabalik: bioteknologia, nanogintza, ingeniaritza genetikoa, robotika, interneti konektatutako objektuak, big data, inteligentzia artifiziala… sakonkiago aldatuko da gizakia datozen bost hamarkadetan aurreko bost milurtekoetan baino.

Darwin izan da giza berezitasunaren arazo filosofikoari erantzun zientifiko erabakigarria eman diona; teoria zientifiko guztien artean eboluzioarena da ebidentzia enpiriko gehien bildu dituena. Gizakia ugaztun bat da, bere arbasoak primate handien berdinak dira, ugaztunen eta ziminoen joera emozional eta sentimental berdinak ditu. Haatik, zuhaitzetatik jaitsi eta sabanan bizitzen hasi zelarik, bi oinen gainean zutitu behar izan zuen, burua altxatu, urrutira begiratu, garunak garatu, eta orduan ekin zion Lurra eta bere burua hobetze bidean eta arriskuan jarriko zituen ibilbideari.

Sigue leyendo

Oihane Korres Alonso / Doktorea Hezkuntzaren Berrikuntzan. Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea Deustuko Unibertsitatean

Oihane KorresZer esan ez dakidala geratzen naiz. Galdera eskerga da. Zer da gizakia izatea gaur?  Ia izutu egiten nau. Gizakia, alde batetik, eta gaurkotasuna, bestetik. Termino iheskorrak dira, begirada bakar batekin heldu ezin direnak. E-maila itxi, eta ikasleen lanak zuzentzen jarraitzen dut. Baina galderak hortxe dirau. Jakin-minaren arrak barrutik dabilzkit. Buruan daukat bueltaka galdera, alde batetik bestera… Eta, bat-batean, gelditu egiten naiz. Hori da. Gaur, gizaki izateak, atzo bezalaxe, erantzunen beharrean du oinarrietako bat. Erantzunen behar honek ekarri ditu azken mendeetan ezagutza zientifikoan izan diren aurrerapenak, eta, era berean, aurrerapen horiek bizitzeko eta bizitza ulertzeko moduak eraldatzen joan dira. Gaur atzo baino gehiago dakigu, baina bihar baino gutxiago.

Sigue leyendo