Ana Telletxea eta Aitzol Elizaran / Euskal Filologia eta Humanitateak

Ana Telletxea eta Aitzol ElizaranSareaz batera, teknologia berrien inposizioak eraldaketa ekarri dio aspaldi samar informazioaren gizartea den honi. Inoiz baino informazio gehiago dugu eskura, eta edonon, edonoiz, edozein zalantza argitzeko modua ekarri du Internetek. Izaki sozialak garen heinean, Internetek norbanakoarengan eragina sortzeaz gainera, elkarrekin harremanatzeko moduan ere ekarri du aldaketa, komunikazio prozesua aldatu da.

Esperientzia, pertzepzioa edo bestelako bideetatik lortzen den informazioa baloratuz eta sistematizatuz datuak asimilatu eta prozesatzeko gaitasunari deitzen zaio prozesu kognitiboa. Kognizioa da beraz, ezagutza garatzea ahalbidetzen duena. Prozesu horretan adimena, arreta, memoria eta hizkuntza dira tarteko, besteak beste, eta zentzu horretan, diziplinarteko aztergaia izan daiteke; lan konplexua, edonola ere. Oraingo honetan argazki orokor samarra egin dugu guk.

Hasteko eta behin, Internetek (eta horri hertsiki loturik teknologia berriek) nabarmen aldatu duen ahalmen bat memoria da, oroimena. Informazioa ez dugu gugan izan beharrik, Interneten dago, han eta hemen, eta hor; ez dugu zertan buruz ikasi, memorian gorde, landu eta behar bezala jabetu harekin. Dena delakoa sarean dagoen bitartean, biltegi handi horretan egon daitekeen artean, ez dugu zertan astirik eta energiarik gastatu horiek pilatzen (eta pilatu ekintzaren baitan ariketa asko dago interakzioan: irakurri edo entzun, ulertu, jabetu, ikasi, gorde, gogoratu…). Jakinduria gugandik kanpo atera dugu; memoria biologikoari laguntzailea ezarri diogu, izan genitzakeen mugak zabaltzen lagundu diguna, bestalde. Aldaketa kualitatibo eta kuantitatiboa da hau, beraz. Informazioa bera barneratzea baino garrantzitsuagoa da orain informazioa eskuratzera nola iritsi gogoratzea; Sparrow, Liu eta Wegnerek Google effects on memory izena eman diote informazioa hatz puntetan izatearen ondorio kognitiboari.

Memoriaren ahalmena, bestalde, gizarteratzeko moduekin lotua dago nahi ala ez. Herri baten memoria, bizimoldeak, tradizioak, kantak, gertakizunak… joandako belaunaldietan ahozkotasunari esker gorde eta transmititu dira, eta memoriak zentzu horretan, funtzio garrantzitsua izan du, oso. Gizarte baten batasuna, kohesioa, izaera eta nortasuna bermatu ditu memoriaren ahoz ahoko jaraunspen mota honek. Sustraia izan da memoriaren oinordetza hori, eta gaur, komunikatzeko modu berrien ondorioz, memoriak ez du lan bera egiten, edo ez dago beharrik. Zerbait ahazteko arriskuaren aitzinean, gainera, sareak gogoratzen digu dena: bisitatutako atariak, gustuko gisa markatutako web guneak, urtebetetze datak, orain dela urtebete sare sozialetan zabaldutako argazkia… Beraz, bestelako oroimen bat praktikatzen dugu. Memoria libre eta kolektibo horrek, hala ere, estrategia kognitibo batzuk menperatzea eskatzen du, informazioa modu egokian prozesatzeko.

Informazio horrekiko arreta da, hortaz, bigarren gako bat. Internet zabaltzeak informazioa jasotzeko prozesua bera aldatu du, eta ondorioz, irakurritako hori barneratzeko modua, eta horrek uzten duen arrastoa ere aldatu dira. Eguneroko bizitzan, sarera denbora nahikoz konektatuta dagoen pertsonak, ikaragarrizko informazio iturri pilara du sarbidea. Izan daitezke online egunkari edo albiste atariak, twitterreko etengabeko informazio emaria edo beste edozein formatutan iristen zaigun informazioa; honek, azken batean, nolabaiteko garbiketa egitera garamatza, eta azalean gelditze horrek, ez sakontzera.

Nahikoa atentzio jartzeko eta bi segundo baino gehiago hari eskaintzeko benetako interesa piztu beharra dauka zerbaitek gaur egun. Gehienetan, lerroburu hutsetan gelditzea da ohikoena, 8-10 lerro irakurri eta gainerako paragrafoetan datorren informazioa jakintzat edo interes txikikotzat hartzen ohi da. Berdin gertatzen da informazio hori ikus-entzunezko formatuan badator, minutua baino gehiago irauten badu, atzera egingo dugu, ez baitute jakin behar bezala gure atentzioa pizten.

Internetek azkartasuna eta bat-batekotasuna eman digu, etengabeko iraungitasuna, orain gertatzen denak du balioa, hori ezagutu behar da, eta bihar ez du baliorik izango. Informazioak bizitza-ziklo bat du. Horrek, halabeharrez, asimilazio prozesua azkartzea eragin du, eta aipatu dugun bezala, informazioak interes berezia piztu ezean, zaku handiegian “galtzen” da.

Facebookeko horman, edo twitterreko denbora lerroan milaka albiste edo gertaera agertzen dira orduro, eta etengabe partekatzen dizkigute, baina egia esan, zalantzan jar daiteke zenbatek egingo duen partekatu duen horren irakurketa sakon eta kontzientea. Ez dago sakontasunik. Ezin ditugu irakurleak aspertu, irakurle tipologia berriak ez du astirik (gogorik, asmorik, ohiturarik, beharrik) asko irakurtzeko, eta beraz, titularrak eman behar dira nagusiki. Honek ekarri duena, da, beraz, ez direla fenomenoa, testuingurua, oinarri epistemologikoak, oro har, ezagutzen, izozmendiaren tontorra ezagutzearekin asebetetzen gara.

Honek, hala, pentsamendu magikoa bueltatu ote den susmarazten digu (bere kodigo eta moralkeria zabalduz): pentsamentuen sinplifikazioa, interpretazio esoterikoak, bat-bateko pentsamendua deitzen den prozesua, alegia, arretarik eskatzen ez duena, ideia batetik bestera eta arrazoi sendorik gabe salto egitera garamatzana. Oinarri enpiriko sendorik gabeko pentsamenduak interpretazio gaitasunari eragin dio. Einsteinek behinola esan bezala: “Informazioa ez da jakintza”; datuak izateaz gain, haiek interpretatzen jakin beharra dago.

Horrekin batera, gehituko dugu Internetek informazioaren fragmentazioa ekarri duela; informazioa sarean infinitua da, zatitua eta barreiatua dabil, ez du hasiera argirik, ez eta bukaera garbirik ere, eta jakintzaren corpus osoa oinarri zuen orain arteko hezkuntza modeloa alde batera gelditzen ari da. Komunikabideen esparrura mugatuz, ia dena leloetara bildu da; lerroburuak notizietan, leloak gai sozialetan, hizkuntza labur eta zuzena umore testuetan… askotan lehen begi kolpean har daitekeen adinako hitz kopurua da jasotzen dugun bakarra. José M. Cerezok iradokitzen zuen twitter informazio fragmentatuaren paradigma gisa datorrela, eta badu arrazoirik.

Edonola ere, ez dugu preseski negatibotzat hartzen Interneten eragin hau; joera berriei egokitzea izanen baita gakoa, erabilera kontziente batez, baina horri bukaeran helduko diogu.

Oroimena, arreta, informazioa jaso eta ulertzea… denak ere hizkuntzaren iragazkitik datozkigu edo darabiltzagu, ahalmen ororen lokailu da beraz, lengoaia. Zalantzarik ez da etengabeko aldaketan bizi dela hizkuntza eta horretan sareak ere badu eraginik.

Joera bat nagusitu dela bistan da: edozein mahai-bueltan eztabaida sortzen delarik, egun, berehala jotzen dugu Internetera, telefonoa hartu eta zalantzak argitzera. Ez diogu eztabaidaren arteari lehen bezainbesteko tarterik ematen; pentsatu, gogoratu, eztabaidatu, bestearen postura ulertu, arrazoitu, defendatu, alderatu, berbalizatu.. Erretorikan maisu izan gabe ere, informazio zehatza ez izateak Internet aurreko belaunaldietan eztabaidarako bidea ematen zuen, eta horrek, bai kognitiboki eta bai linguistikoki, aberastasun handia ekartzen zion hitz egiten zuenari, eta baita entzuleei ere; ariketa konplexua zegoen horren atzean.

Berez sareak aberastasun bat ekarri duela esan daiteke, hamaika tresna jartzen baitigu eskuragarri: hiztegiak, itzultzaileak, zuzentzaileak, estilo liburuak… (erromantikoen eskuetan bakarrik ikusiko dugu bi kiloko hiztegi fisikoa). Egin duguna da non dauden ikasi, eta behar dugun hartarako baliatu. Egun gehiago baloratzen baitugu, arestian aurreratu bezala (eta ondorioei begira gaude honezkero) pertsona batek baliabideak behar bezala erabiltzea, dakien horri buruz asko jakitea baino.

Aipatu ditugun ahalmenak, egiaz, oso lotuta daude elkarrekin, eta denek elkar eragiten dute prozesu kognitiboan. Aipatutako horiez gain, dena dela, kontuan hartzekoak deritzagu norbanakoak dakartzan aldez aurretiko ezagutza eta bizipenak, hauek ere ezbairik gabe modu ezberdinean eraginen baitute prozesuan. Norbere prestakuntzak, etxean eta kalean jasotakoak, irakurritakoak, entzundakoak, estudiatutakoak eta abarrek informazioari aurre egiteko modua definituko dute, arreta zeri eman, zer/nola prozesatu, ulertu, interpretatu eta baliatu.

Esan dezagun, bide batez, kognitiboki gaiak menperatzen ditugunaren antza ematea oso erraza dela, “postureo kognitiboa” zabaldua dagoela esan daiteke. Internetek nolabait esanda, filtroak ezabatu ditu, edonork idatz dezake edozein gairen gainean. Esan genezake, hartara, gutxiago pentsatzen dugula?

Egiaz, Internetek eskaintzen dituen aukerak itogarriak izan daitezkeela ezin ahaztu dugu ariketa hau egiten ari garela. Hain da zabala eskaintzen dena, asebete sentsazioarekin bizi baita gizartearen sektore bat (batez ere teknologiaren aroan jaio ez dena), eta, beraz, baliabideak izatea bezain garrantzitsua da haiek erabiltzen jakitea. Sobreinformazioak gizakiaren asimilazio gaitasunak gaindi ditzake, eta beraz, ohiko gaitasun kognitiboetan soilik gelditzeak zentzu txikia izan dezake egun.

Informazio horrek, a priori, ez digu ezagutza gehiago ematen, batez ere gai jakinen inguruan, baizik eta gai askoren azaleko ezagutza orokortuago bat. Ahalegin gutxiagorekin informazio gehiago lortzen dugu, hor dago koxka: ia bilatu gabe, informazio asko datorkigula eskura, baina hori kudeatzea da, gure ustez, egungo erronka nagusia: zerk balio duen eta zertarako, eta hori maneiatu.

Galderari erantzunez, beraz, Internetek prozesu kognitiboa aldatu baino (izatez ere subjektiboegi eta zailegi izan baitaiteke konpetentzia orokor gisa behatzen eta neurtzen), esango genuke informazioaren maneiua eta kudeaketa dela aldatu duena edo aldarazi duena. Informaziora ailegatzeko eta hura prozesatzeko modua eraldatu da, baina hori bere horretan ez da berritzailea, beste momentu historiko jakinetan ere izan da aldaketa prozesurik. Pentsamendu moduan eta funtzionamendu psikologikoan sortu da eraginik, kodigo berriak sortu diren neurrian, norbanakoari hainbat gaitasun eta abilezia eskatzen dizkio Interneten erabilerak.

Internetekin, eta noski IKTekin, informazioaren itsaso sakon eta anitz horretan igeri egiten dakienak eginen du aitzina. Abilidadea duenak. Egokitzapen kontua da, estrategiekin behar bezala jabetzea. “Let the strongest live, and the weakest die” zioen Darwinen legeak, hau da, ingurumenak eskatzen dionari hobeki egokitzen zaionak bizitzeko aukera handiagoa izango du; etengabeko aldaketan den munduan bizitzen egokitzea da ikastea. Funtzio kognitibo berriak garatzeko aukerak sortzen zaizkigu beraz Internetekin, eta hartara, paradigma berri horren ikuspegia garbi izatea garrantzizkoa da.

 


Aitzol Elizaran Mendizabal, Humanitateetan lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzan irakasle
Ana Telletxea Koxkolin, Euskal Filologian lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzan irakasle

Un pensamiento en “Ana Telletxea eta Aitzol Elizaran / Euskal Filologia eta Humanitateak

  1. Arantxa Ugartetxea Arrieta

    Irakurri dudanak, interneteko ezjakintasunari lotuta dagoela zenbait mamu eta beldur, pentsaaraztea narama. Alfabetatze lana dela. Nola eta zertarako erabili tresna miresgarri hau pedagogía on baten erantzuna dela pentsatzera hai zuzen…

    Responder

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>