Eneko Bidegain / Irakaslea

Eneko BidegainAho biko ezpata

Aulkitik mugitu gabe, “klik” soil batekin nahi den jakintza oro eskuratzeko bidea eskaintzen du gaur egungo teknologiak. Begi bistakoa da horrek eragin handia daukala ikaste eta irakaste prozesuetan. Irakaslea ez da gehiago ikasleei jakintza zabaltzen dien pertsona hori. Ikasleek badakite jakintza hori Interneten eskuragarri daukatela: izan teorikoa (historiari buruzko xehetasunak, literaturari buruzko azterketak…), izan praktikoa (tutorialak…). Are gehiago: irakaslea oso jakintsua izanik ere, ikasleak eskura ditzake oraindik xehetasun gehiago. Beraz, irakasleak aldaketa hori kontuan hartu behar du: haren funtzioa aldatzen da.

Funtzioa aldatzeak ez du erran nahi irakaslea beharrezkoa ez denik. Irakaslea tutorea da, bide-laguna. Ikaste helburuak finkatzen ditu, eta ikasleak jarriko ditu helburu horietara heltzeko bidean. Argituko die zein den ikasgaiaren helburua, zein lan egin behar duten gaitasun eta jakintza horietara heltzeko eta, beharrez, zein erreferentzia erabili behar duten.

Nahiz eta informazioa eskuragarri dagoen Interneten, ikasleak, lehenik, ikasi behar du informazioa bilatzen, bereizten, sailkatzen… Batetik, ikasi behar du detektatzen zein diren webgune fidagarriak. Ulertu behar du wikipedia-ko artikuluak abiapuntu gisa baizik ez dituela erabili behar, ezin duela bere jakintzaren eraikuntza mugatu wikipediara. Ikasi behar du sakontzen, behar duen xehetasun eta zehaztasunen bila joaten. Ohartu behar du artikulu bat (wikipedian edo beste) noiz den serioski landua eta noiz dauzkan gabeziak. Bestetik, lortu behar du sintesirako eta analisirako gaitasuna.

Ikaste-irakaste prozesu tradizionalez harago, gizartearen hezkuntzan ere aldaketa handiak eragiten ditu Internet-ek. Informazioa inoiz baino eskuragarriagoa da, denetara hel gaitezke, baina informazio zaparrada hori nahasgarri izan daiteke hainbat aldiz. Azalekoa gelditzeko arriskua dago, zarata horren erdian galtzekoa. Adibidez, ikerketa batzuen arabera, papereko egunkariak irakurtzen pasatzen den bataz besteko denbora 25-35 minutukoa da egunean. Egunkarien webguneak irakurtzeko bataz besteko denbora, aldiz, 5 minutukoa da pertsonako eta egun bakoitzeko.

Jakintza eta informazioa lortzeko bideak ugariak dira, eskaintza biziki joria da; baina sailkatzen jakitea, sakontzeko astia hartzea eta hautuak egiteko gaitasuna dira lortu behar direnak, ez badugu azalean gelditu nahi. Aho biko ezpata izan daiteke Internet: jakintzak anitz aberasteko bidea bezala, eduki kantitatean itotzeko eta bakoitzaren jakintza pobretzeko plaza bihur daiteke.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>