Iñaki Dorronsoro / Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

Iñaki DorronsoroZer egiten ari da internet gure intelektual estiloarekin?

IKTen garapen harrigarriak eragindako ekonomia berriak, orain arte atzeman gabeko eraldaketa eszenarioak ireki ditu sistema kapitalistaren antolakuntza eta kulturan. Era berri hau oraindik zikloaren lehen urratsetan aurkitzen da baina jada arrisku batzuen zantzuak geroz eta akademiko, intelektual eta produktu digital, -bereziki Internet erabiltzaile gehiago- fenomeno berri hau arretaz jarraitu eta aztertzen hasi dira.

Orain dela gutxi arte, teknologia gizakion bizitza kalitatea aberasteagatik goretsia izan da baina gaur pobretzearen errua leporatzen zaio. Interneten inguruan ere, era askotako korronte kritiko sendoak azaldu zaigu azken urte hauetan.

Interneten eraginak alderdi asko dauzka eta gehienak ez materialak dira. Idazpuruko galdera alderdi limuri baino funtsezkoetako bat da. Gizabanako baten estilo intelektuala errealitateari begiratzeko eta ulertzeko modu bat bakarrik ez da, baizik eta munduan bizitzeko era baten zutabe bat ere bai.

Lehenengo, kontzeptua bera zer den argitzen saiatuko naiz, gero teknologia eta gizartearen eboluzioari begiradatxo bat emango diot eta azkenik, zuzenean eskuartean daukagun galderari erantzuten saiatuko naiz.

Buru-lanerako moldaera (intelektual estiloa)

Nola ulertzen dugu “buru-lanerako moldaera” edo “intelektual estiloa”? Hausnarketaren zentzuan, gauza bat, datu bat, gertakizun bat, zehatz edo berriz kontuan hartzeko modu bat izan daiteke. Estiloa berriz, jarduteko modu, era, itxura, erabilera, ohitura, moda, mota edo metodoa bezala ulertu dezakegu.

Intelektuala hitzak adimenari ere dagokio eta adimenak ezagutza edo ulertze prozesua adierazi nahi du.

“Intelektual estilo” kontzeptuaren arrastoaren atzetik zientziaren eremura jotzen badugu, itxuraz elkartezin diziplina, paradigma eta ikuspegi ezberdinen arteko gatazkarekin topo egingo dugu. Orokorrean, zatikatze honek ideologia baten trinkotasun eta koherentzia ezaren usaina, eta zientzia ideologiarekin nahastuta ote dagoen susmoa ekartzen digu. “Hausnarketa” ideiari heltzerakoan ere hainbat pentsamolde eskola ezberdin aurkituko ditugu.

1995ean argitaratutako lantxo batean Johan Galtungek lau “estilo intelektual” nagusi proposatzen zituen: saxoia, teutoia, galiarra eta nipondarra. Mundu guztian zehar erreparatutako intelektual giro ezberdinen kontakizun bat bezala aurkeztu zuen idazlan hori.

Intelektualak zer egiten duten galdetzerakoan bost dimentsiotan banatu zuen zeregin hori. Funtsean, bere egitekoa errealitatea nolakoa den deskribatu eta nolakoa den ulertzea izango litzateke. Ohiko metodologia eskuliburuen lengoaian, alde batetik datu bilketa, prozesatze eta analisia, bestaldetik teoriaren eta kontzeptuen eraketa izango litzateke. Dudarik gabe, aztarnak edo inpresioak prozesatzen ditugu ahozko eta idatzizko adierazpenak lortzeko. Badakigu baita bi alde horiek elkar-erlazionatuta daudela eta batak eragina duela bestean. Aurreratuko naiz gaur egungo utopia zibernetiko edo teknologikoaren ametsetako bat, egiteko guzti hau hein handi batean makina automatikoak egingo dutela sinestea dela esateko.

Baina, intelektual gaitasunak hortik haratago doaz noski. Beste dimentsio bat ere bada, Galtung-ek paradigma analisia deitzen diona: norberak egiten duenaren oinarri, zimendu eta funtsaren azterketa, norberaren ekimen intelektual eraketaren esplorazioa, norberaren jite eta muga subjektiboak ikusten saiatzea. Norberaren “estilo intelektualaren” inguruko gogoeta.

Laugarrenik, intelektual guztiak beraien denbora zati handi bat besteek egiten dutena aztertzen, kritikatzen edo bereganatzen ematen dute, denak beste intelektual batzuetaz liluraturik egon ohi dira. Intelektual komunitateak sortu eta desegiten dira.

Azkenik, orain arte aipatu ditugun buru-lan horiek beraien artean egiten dituzte. Intelektual komunitateak nahiko endogamikoak izan ohi dira, baina beste gauza gehiago ere egiten dituzte: beraien kideak ez diren pertsonetara iritsi, pedagogia egiteko edo proposamenak zabaltzeko interesa daukatelako. Bakoitzaren jarduera intelektualean oinarritzen diren eraldatze ekintzetan -erabakiak hartzerakoan, preskripzioak eratzerakoan eta konponbideak bilatzerakoan- interesatuak egon daitezke baita ere. Proposizio eta teoria produkziotik haratago, arazoen soluzioak eta gomendioak ere sortzen dituzte, ekintza baliagarrien eragile izanez.

Oraintxe bertan, intelektualen kideek ez direnak aipatzerakoan aprobetxatuko naiz, gizon eta emakumeok ere gure eguneroko bizitzan, bakoitza bere komunitate edo harreman sareetan, berezko intelektual estiloarekin -errealitatea ulertzeko, arazoen irtenbideak aurkitzeko, erabakiak hartzeko eta herrigintzan era aktiboan partehartzeko- aktibitate intelektualak gauzatzen aritzen garela esateko.

Azken dimentsio honek alde kritiko eta pragmatiko bat gehitzen dio jarduera intelektualari eta badirudi lau estiloetan egon daitekeen edo ez daitekeen aspektu bat dela. Esate baterako ez dela estilo bat bestearekiko bereizteko ezaugarri baliagarri bat.

Lehen lau dimentsioen konbinatoriak hamasei estilo ezberdin ematen dizkigu. Horietatik, gauzak erraztu nahian, goian aipatutako lauak hautatzen ditu Galtunek. Hamasei estilo horienartean bi muturrekoak -ideala eta pattala- kanpoan uzten ditu. Ideala lau dimentsioak ondo garatuak dituena, existitzen ez dena, eta “pattala”, denetan ahula, ia estilo intelektual formal bat izatera iristen ez dena. Intelektual estilo “pattal” hau arreta handiz hartuko dugu kontsumo-gizartean estilo hau zabaltzen aritu delako, eta Internetek zabaltze hori bizkortu egiten ote duen susmoa daukagulako.

Lau estilo hauetan, nola lantzen da errealitatearen deskribapena? Eta errealitatearen zergatiak -ulermena, teoriaren eraketa- nola eraikitzen dira?

  • Estilo saxoia deskribapen maila honetan oso sendoa da. Saxoientzat ezer izkutatu gabe, informazio iturri guztiak zehazki miatzea eta datu edo gertakizun guztiak biltzea, egia eta erabakia eraikitzearen funtsezko irizpideak dira. Sinesmenak eta ideiak “estilo” honetan besteetan baino gutxiago sartzen dira tartean. Baina ez da hain sendoa teoria eraketan. Esan daiteke, beraien iritzian, intelektual komunitateetan datuak batu egiten dutela, eta teoriek berriz banatu egiten dutela. Mota guztietako datuak eta xehetasun barietate harrigarriak eskaintzeko izugarrizko trebetasun eta adoreagatik ezagutuak eta errespetatuak izan dira.
  • Estilo teutoi edo galiarrarentzako teoria eraikitzea -errealitatea ulertzea- da intelektual jardueraren muina. Teoria garatze hori datu-base batean noizbehinkako ainguraketekin hitzen kateatze koherentea bat da. Datuen zeregina egiaztatzea baino gehiago argitzea izango litzateke intelektualaren lana. Hauentzako, izan litekeen errealitatea, errealitate enpirikoa baino errealagoa izan daiteke. Teutoiak dedukziora puru baten bitartez piramide teorikoak eraikitzen maisuak dira. Matematikak honetan oinarritzen dira, beraz matematikazioak teutoi estilo baterantz eragin dezake intelektualak, eta orokorrean gizakiak ere. Horrela, teutoia premisa eta dedukzio-estrukturaren mendeko bihurtzen da.

Baina galiarrentzako teoria eraikitzea oso ezberdina da. Datu-base batean noizbehinkako ainguraketekin hitzen kateatze koherente bat, baina ez derrigorrean deduktiboa. Hitzak zerbait gehiago konotatzen dute, uste sendoak bideratzen dituzte, piramide teutoi baten estruktura logikoa baino gehiago halako kalitatezko artelan semantikoaren konbentzitze ahalmena. Ahalmen hori inplikazioan baino gehiago dotorezian, estilo eder eta trebe bat menderatzean jartzen da. Itxura estetikoa, oreka eta simetria garrantzitsuak dira.

Askoz ere zailagoa da piramide teoriko teutoi bat zorroztasun osoarekin eraikitzea edo galiar teoria bat artistikoki behar den bezala elikatzea, estilo saxoi proposamen bat ondo dokumentatzeko behar den trebezia abian jartzea baino. Ñabardura guztiak ez galtzearren saxoiak nahiago du paisaian elkartzen diren lurzorutik bost zentimetro baino gehiago altxatzen den piramiderik gabeko piramide teori txiki multzo bat lantzea.

Teutoiak dotoreziaren gainetik zorroztasuna nahi izaten du, galiarraren xedea berriz dotoretasuna izanik. Artista izanez gain galiarra elitistagoa da.

  • Nipondar estiloan beharbada ez dago teoria lantze askorik, saxoian baino askoz gehiago ez behintzat. Teoriaren anbiguotasun eza eta zehaztasuna batera-ezinak dira oinarrizko ikuspegi hindu, budista eta taoistarekin. Orokorki Mendebaldeko eta bereziki teutoi estiloaren jardute intelektualaren zorroztasun eta atomismoaren aurka militatzen dute. Nahiago dute lausotasuna eta arrazoiketaren izaera zirkularra. Dudarik gabeko adierazpen garbiak apaltasun-ezaren itxura ematen diete. Nipondarrak ikuspegi holistiko, dialektiko eta sistemikoagoak eskatzen dituzte. Hitz jarioan errealitatearen jakituriazko zentzu sakona ezkutatzen da.
  • Estilo “pattalean” datu bilketa eskasa, azaleko datu trataera azkarra eta kontzeptualizazio arina, uste arin eta aldakorretan azaltzen dena. Hemendik eta handik mokokatutako iritzi eta datuekin jarduten dira.

Galtung-en bostgarren dimentsioa, “paradigma analisia”, Phil Johnson eta Joanne Duberleyk beste modu batera adieraziko lukete: a reflexive understanding of our own epistemological commitments as they engage with society in undertaking empirical research for theses and dissertations”.

Zientziaren filosofiaren eremuan sartzen gara eta estilo zientifikoak -styles of scientific thinking- ezberdinak ere badaudela konturatzen gara. Nola antolatzen ditugun galdera partikularrak, nola balioztatzen ditugun ikerketa metodologia ezberdinen egokitasuna eta garrantzia, nola balioztatzen ditugun ikerketaren emaitzak, norberaren azpiko konpromiso epistemologikoa adierazten dute. Nahiz eta askotan “paradigma” hori norberarentzako ere atzemanikgabe egon, gaiak ulerkor bihurtzerakoan eragin handia duen ulertze-aurreko funtsezko joerak seinalatzen ditu. Mendebaldeko ikuspuntu epistemologikoak baliozko ezagutza -esplikazioa eta ulermena- eskuratzeko modu bat planteatzen du.

Aipatutako bi irakasleek bi dimentsioen arabera zazpi estilo zientifiko edo “paradigma” bereizten dituzte: positibismoa, positibismo logikoa, teoria kritikoa, errealismo kritikoa, pragmatismoa, konbentzionalismoa eta postmodernismoa.

Ez naiz saiatuko zehaztasunetan sartzen. Bakarrik bi hitz postmodernismoaren inguruan. 1980ean anbibalentzia eta indeterminazioan enfasia jartzen zuten era askotako ikusmolde azaldu ziren. Beraien ikusmoldearen ezaugarri batzuen artean ondorengo hauek azpimarratuko ditut: Ulertu eta esplikatzeko bide ezberdin bezain errealitate ezberdin daudela, ezagutza eta egia izate linguistikoak besterik ez direla, lengoaiak ezin duela gizakiz kanpo dagoen errealitatea irudikatu, alderantziz positibisten kanpoko errealitate independente hori sortu egiten duela eta errealitatean berehalako murgiltzea ilusio bat besterik ez dela.

Bai Galtung soziologo eta matematikaria, bai zientziaren filosofia alde batera utzi eta eman dezagun begiradatxo bat psikologia eta heziketa eremuan jarduten duten zientzialari eta profesionalen ikuspegiari. Ez alferrik, belaunaldi gazteenekin, “natibo digitalak” deitzen dizkiegun horiekin, digital aro honetan gure eskoletan aurrekaririk gabeko esperimentuak egiten ari garelako.

Lehenengo irudipena psikologia teoriak -heziketan erabiltzen direnak  ere bai -ugaltze joera garbia dutela. Zientzia-komunitate honen kontzeptuak ugaritzeko gaitasuna harrigarria da. Literaturan, askotan intelektual estiloa baino gehiago postulatzen dira beste eraikin teoriko batzuk: ikasteko estiloa, adimen estiloa, ulertze estiloa eta pentsatze estiloa. Gehitu dezakegu baita gaur egun oso zabalduak dauden hitz berri asko: emozio-adimena, askotariko adimenak, visible thinking, gogoeta ohiturak, ikaste hibridoa, garuneko ezkerreko hemisferioa, eskubikoa, learning organization, learning society, eta abar.

Adibide bat bezala bakarrik aipatuko ditut, Hayes eta Allinsonek 1994ean “adimen estiloarentzako” bakarrik 22 dimentsio desberdin identifikatzen zituztela, eta 1999an, Amstrongek berriz 54. Orduan ez harritu “estilo-label” mordo bat aurkitzea.

“Ikasteko estilo” hitzaren azpian ere label asko kokatu dira: irakaste hautapena, ikasteko gogoa, ikasteko hautapena, ikasketa prozesua, ikasteko modua eta erabakitze estiloa beste batzuen artean.

Definizioaren aldetik “ikasteko estiloak” eta estilo kognitiboak oso berdintsuak dira bien artean. Azken hauek gizabanako baten informazioa prozesatzeko erregulartasunak islatzen dituzten pertzepzio, oroimen, pentsatze eta zentzu-emateko modu berezkoak dira. Ikasteko estiloak berriz gizabanako batek ingurunetik ikasteko edo egokitzeko bere berezko dituen joka-moldeak izango lirateke.

Beharbada, gehiegi laburbilduz, denok egunero gure inguruan konturatzen gara pertsona batzuk iritzi bat edo erabaki bat hartu baino lehen informazioa lortu ondoren arretaz eta zuhurtziaz pentsatzea nahi izaten dutela. Eta beste batzuk, berriz, azkar eta pentsatzeke aritzea nahiago izaten dutela. Bigarren motako jarduera honi anglosaxoiek shoot from the hip edo shoot first, end ask questions later deitu ohi diote. Esan genezakegu bi pertsona horiek nahiago duten estilo intelektualean desberdinak direla. Beste modu batera esanda, errealitatea ulertzeko, arazoak konpontzeko edo erabakiak hartzeko hautatu duten adimen erabilerak desberdintzen dituztela. Bigarrenari pistoladunaren estiloa deituko nioke, eta lehen aipatutako arrazoiengandik arreta handiz hartuko nuke nik.

Baino. Galtungena itzuliaz, estilo intelektuala gizabanakoarena bakarrik ez da, soziologiko edo kulturala ere bada. Estilo erabilera, bakoitza bizi den gizarteko hainbat pentsamolde nagusik baldintzatua bait dago. Pentsatzen dugun eta nola pentsatzen dugunaren zati handi bat kanpotik datorkigu. Zientzia, teknologia, ideologia, erlijio, politika eta ekonomiak landu eta zabaldutakoak dira. Horregatik gizarte batzuetan edo aro ezberdinetan estilo banaketak ezberdinak izaten dira.

Teknologia eta gizarteren eboluzioa

Internet bezala ezagutzen dugun hori -zuhaitz teknologikoa askoz ere konplexuagoa izan arren- matematika ahaztu gabe, hiru teknologia adar nagusiren konbinazio emankorrak eragindako fenomeno ekonomiko, finantzario, sozial eta kultural bat dela esan dezakegu.

  • Konputagailua: Gaurko konputagailu edo ordenagailuak John von Newman eta Alan Turingen ideietan oinarritutako aparatu erabilgarriak dira. Turing, adimen artifizialaren aitak, 1949an jada Manchester Unibertsitatean, MADAM (Manchester Authomatic Digital Machine) programan lan egin zuen. Ordurarte eraikitako memoria handieneko konputagailua izan zen hura.
  • Elektronika: 1906ean Lee De Forest-ek Fleming-en balbulari metalezko saretxo bat gehitu zion eta triodoa asmatu zuen. Hustutako bonbila antzeko gailu elektroniko horrek irrati uhin anplifikaziorako teknologia eta urruneko telefonia egiteko bidea eman zuen. 1970an transistoreek bere lekua hartu arte triodoak irrati eta telebista bezalako kontsumo elektro-tresnetan oso erabiliak izan ziren.

Transistorea elektrogailu modernoen funtsezko osagaia da eta edonon aurkitu dezakegu gaurko sistema elektronikoetan. John Bardeen, WalterBrattain eta William Shockley fisikariek 1947an sortu ondoren elektronikaren garapen izugarria etorri zen eta irrati, kalkulagailu, ordenagailu, eta beste hainbat tresna txikiago eta merkeagorentzat bidea urratu zuten.

1968an System 21 konputagailu txikia aurkezterakoan erabili zen lehen aldiz mikroprozesadore hitza. INTELek 1971ean lehen 4-biteko 4004 mikroprozesadorea aurkeztu zigun eta 8-biteko 8008 mikroprozesadorea 1972an. Ordutik gaur arte mikroprozesadoreen edukiera gehikuntzak Mooreren legea jarraitu du. Hasieran, txip baten sartu zitezkeen osagai zenbakia urtero bikoiztu egiten zen. Gaurko teknologien arabera bi urtez behin bikoizten da kapazitate hori. Miniaturizazio eta potentzia handitze sinestezina.

Mikroprozesadore bat konputagailu CPUaren (Central Processing Unit) funtzioa zirkuitu integratu soil batean barneratzen duen prozesagailu elektroniko txiki bat da.

  • Komunikazio teknologiak: James Clerk Maxwellek 1861 eta 1862 artean argitaratu zuen bere ekuazio diferentzial sistema ederra. Uhin elektromagnetikoen fundamentu klasikoak ezarri zituen. Samuel Morsek 1830 eta 1840 artean hari bakarreko telegrafoa asmatu zuen, Leonard Gale eta Samuel Vailen Morse kodea garatu zuen eta telegrafiaren merkataritza-erabilera garatzen lagundu zuen. 1876ean Graham Bell, eskoziar emigratzaileak, garbi ulertzeko moduan gizaki-ahotsa errepikatzeko tresna baten lehen patentea lortu zuen Estatu Batuetan. Guglielmo Marconik uhin elektromagnetikoen eta irrati-telegrafiaren inguruan ikerketa asko gauzatu zituen. Esperimentu horien emaitzak 1896ean aplikatu ziren Britania Handian, Penarth eta Weston artean haririk gabeko (wireless) komunikazioa jarriaz. Gugliemo lehen distantzia luzeko irrati-komunikazio aparatuaren sortzailea izan zen. 1909an Georges Rignoux eta A. Fournierek lehen bat-bateko irudi transmisio aurkezpena egin zuten Parisen.
  • Matematika: Mikroprozesadoreek adibidez bitar zenbaki sisteman adierazitako zenbaki eta sinbolo bitartez aritzen dira. Bitar zenbaki sistema 1670ean Gottfried Leibnizek asmatu zuen. Baina aspaldiko kultura zaharretan ere erabiltzen ziren 2-base zuten zenbaki sistemak, Egipto, India eta Txinan adibidez. Nola bitar sistemaren burutzea oso zuzena den zirkuitu digital elektronikoetan ia konputagailu moderno eta konputagailuz osatutako tresna guztietan erabiltzen da. Digito bakoitza bite bezala ezagutzen da.Testua, soinua eta irudia konputagailu batean 0 eta 1ez osatutako bite soiletara bihurtzen direnean orduan datuak dira.

Logika matematikak berriz izugarrizko garrantzia dauka konputazio zientzietan programazio-lengoaiak egiterakoan. Hemeretzigarren mende erdi aldera George Boole eta August De Morganek logikaren tratamendu matematiko sistematikoa aurkeztu zuten. John von Newmann matematikariak 1945ean ALU (Aritmetic Logic Unit) kontzeptua proposatu zuen EDVAC konputagailu berri bat sortzeko txosten batean. ALU bat zirkuitu elektroniko bat da. Zirkuitu horrek bite bitartez eragiketa aritmetiko eta logiko argiak oso azkar egiten ditu.

Interneten hastapena Kaliforniako bi unibertsitateetako -UCLA eta Stanford- konputagailuen artean, linea telefoniko konmutatu baten bitartez, lehen konexioa, ARPANet deitutakoa, ipini zenean aurki daiteke. Aurretik 1960ean Estatu Batuetan ARPAren barnean -gaur DARPA (Defense Advanced Research Project Agency)- garai hartako konputagailuen erabilera hobeak aurkitzeko asmoarekin proiektu bat abian jarri zen. Horrela sortzen da ARPANet (Advanced Research Projects Agency Network), hasierako abiadura handiko komunikazio sare bat bezala.

Ikertzaile, zientzialari, irakasle eta ikasleak beste instituzio eta kideekin komunikatzeko baliatu ziren. Baita beste akademia eta ikerketa-zentroetan erabilgarri zegoen informazioa aztertzeko ere. Aldi berean, beraien ikerketa eta hausnarketa lanetan sortutako informazioa ere argitaratzeko, eta beste batzuen eskura jartzeko pozik erabili zituzten gaitasun berriak.

1989rarte Estatu Batuetan, eta paraleloan Europan ere, hainbat sare-tronkal publiko eta komertzialak garatzen joan ziran. 1990eko hamarkadaren hasieran interkonexiorako erraztasun berriaketa sarean ibiltzeko tresna grafiko errazak asmatu zirenean gaur egun ezagutzen dugun Internet honen gorantza hasi zen. Gorantza masibo honek erabiltzaile profil berri bat agertu zuen, akademia, ikerketa eta zientzia sektoreetatik kanpokoa gehienbat,pertsona arruntez osatutakoa.

Konputagailuz osatutako sare horretan garatutako hainbat zerbitzuren artean 1990ean World Wide Weba (WWW edo Web) sortu zen. Eta 1993ko apirilaren 30ean Weba eremu publikoan jarri zen

Eta azkeneko abagune teknologikoa ere hor daukagu jada. Mundu guztitik sartzeko erraz diren sare masiboz osatutako eta lainoa bezala ezagutzen dugun zuntz optikoz osatutako egitura digital berri hori.

Azken berrehun urteetan Internet ahalbidetu duen garapen teknologikoa izugarrizkoa, miresgarria izan dela esango nuke. Ez da harritzekoa teknologoek beraien asmaketekin liluraturik egotea. Batzuetan itxututa ere bai.

Teknologia ikuspuntu batetik zirkuitu integratuzko ordenagailu merkeen azaltzeak gizarte modernoa erabat aldatu du. Ordenagailu pertsonaletan asmo orotako mikroprozesadoreak kontaketa, testu-prestaketa, multimedia bistaratze, eta Internetez komunikaziorako erabiltzen dira. Murgildu-sistemetan kokaturik askoz ere mikroprozesadore gehiagok milaka gauza -etxe-tresnak, etxebizitzak, pertsonak, automobilak, telefonoak, eta industria prozesuak- kontrolatzen dituzte, adimentsu egiten dituzte. Esaten da 2020ean “lainoari” konektatuta 25.000 milioi gauza egongo direla.

Chris Freeman-ek dioenez, zientzia, teknologia, ekonomia, politika eta kulturaren autonomia erlatiboa garapen prozesu bakoitza benetan nola gertatzen den ulertzeko edozein ahaleginetan kontuan hartu behar dela. Nahiz eta ulertze horretan teknologiari leku nagusia dagokion, eragina elkarren hartekoa izaten da.

Zenbait adituk 1971ean Intelek Santa Claran (Kalifornia) lehen 4004 mikroprozesadorea aurkeztu zuenean bostgarren iraultza teknologikoa hasi zela adierazten dute. Carlota Pérez-ek adibidez gizarte-sistemen bilakaeraren interpretazioa industria zikloen analisi historikoan oinarritzen du, eta bostgarren iraultza teknologikoaren erdian -informatika eta telekomunikazioen aroan- gaudela esaten du.

Aurrekoa berriz 1908an Fordek Detroiten (Michigan) lehen T-modelo auto beltza ekoiztu zuenean hasi zen. Petrolioa, automobila eta masa ekoizpenaren aroa bezala ezagutzen dena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren American Way of Life bezala ezagutu zen teknologia berri sorta horrek eskaini zuen amets hura. Baina 1972ean Goldsmith eta beste pertsona talde handi batek Biziraupenerako Agiri hura aurkeztu zuten. Amets teknologiko haren alde ekologiko ilunak lehen aldiz argitaratu ziran.

XVIII. mendetik aurrera hazkunde ekonomikoak, bost iraultza teknologikoekin uztartutako bost ziklo desberdin iragan ditu. Industria-iraultza izena jarri zitzaion 1770 inguruan lurrun-makinaren azalpenari. XIX. mendearen erdi aldera jendeak trenbidearen garaia bezala ezagutu zuen aro hura. Geroago altzairuak 1870 aldera burdina ordezkatu zuenean eta zientziak industria eraberritu zuenean elektrizitate, altzairu, ingeniaritza astunaren eta lehen globalizazioaren aroa deitu zitzaion.

Aldaketa teknologiko handiek, lehen eragin zuzena ekonomia produktibo eta finantzetan izaten dutenez, industria berri batzuen hazkunde azkarra ekarri ohi dute. Epe luze batean, teknologia berriak erabiltzeko moduak aurkituz eta antolakuntza, kultura eta zuzendaritza estiloan aldaketak eginez, baita industria zahar batzuen gaztetzea ere eragiten dute.

Edozein ekonomietan, funtsezko teknologia berriak suspertzearen eta hazkundearen oinarri bihurtzen dira. IKTak gaurko ekonomiaren funtsezko teknologiak dira eta bizirauteko negozio guztiak “informazionalizatu” egin behar dira. Adimena, informazioa eta zerbitzuak gehituz edozein produkturen balioa handitu daiteke.

Lehen hogei edo hogeita hamar urteetan eroaldi antzerako giro bat sortzen da iraultza teknologikoa sortu den erdialdean, kasu honetan Estatu Batuetan. Azpiegitura berriak -Internet bera- produktu berriak, zerbitzu berriak, negozio berriak, aukeraz betetako mundu bat irekitzen da. Finantza merkatuen leherketa bat ere, puztu eta puztu lehertu arte.

Ekoizpen berriaren goranzkoak ondo kokatutako enpresen irabaziak izugarri altxatzen ditu eta asko eta asko ere bidean gelditzen dira. Oparotasun polo bat erdialdean eta pobretze polo bat periferian. Hori da merkatu “libre” sistemakbeste jauzi teknologiko bat -beste ekonomia hazkunde handi bat – eman ahal izateko aberastasuna kontzentratzeko modua.

Horren adierazle soil bat bezala, burtsako balorearen arabera munduko enpresa handien sailkapenari begiratzen badiogu, 2015ean lehen hamarren artean azaltzen diren Apple, Google, Microsoft, Facebook, etaAmazon, denak Estatu Batuarrak noski, 1993an ez ziren lehenengo berrogeita hamarren artean ere azaltzen. Bakarren batek, gaurko egoera honi amerikar teknologiaren inperioa deitu dio. Beste batzuk berriz Silicon Valleyko utopia postmodernoa deitzen diote.

Ildo berean jarraituz, beste zehaztasun garrantzitsu bat. Applek bere azken hiruhilabete fiskalean 11.120 milioi dolar irabazi eta urte osoko 45.220 milioi dolar irabazien berri eman du. Zenbaki honek historian zehar enpresa baten irabazi handiena izatea esan nahi du. Exxon petrolio-enpresa handiak 2008an lortu zuen 45.220 milioi dolar irabazi errekorra hautsi du. Exxon laugarren erako enpresa tipikoa da noski. Exxon 1993an sailkapenean hirugarren zen eta 2015ean laugarren. Intel berriz berrogeita laugarren eta berrogeigarren hurrenez hurren.

Eroaldi aldi horretan bizi gara 2000n Nasdaq kolapsoaren geroztik. Aberastasunaren birbanatze erregresiboak sortutako beldurrak, erresuminak eta migrazioak elikatutako mundu global paradoxazko batean. Dinamika horretan, ziklo berriak sortutako desorekan lehengoek ere-bati-bat petroleoak abiatutakoak eta betiko finantza sektoreak-eragin handia izaten jarraitzen dute noski.

Interneten garapen lehen urteetan hainbat intelektualek munduaren askatasuna, demokrazia eta atzeratutako herrien garapenerako tresna iraultzaile bat bezala irudikatu ziguten.

Manuel Castellsek Informazio Garaiak adimenaren indar guztia askatu dezakela esaten zuen1990ean. Horrela gizabanakoaren produktibitatea ikaragarri haziko zela eta asti gehiago emango ziola bizitzan espirituaren zabalera eta ingurugiro kontzientzia gehiago lortzeko. Aldaketa hori honetarako izango zela uste zuen baliabide kontsumitzeak beheruntz egingo bait zuen.

Masa ekoizpen eran iherakizko enpresa eredutaylorista asmatu zen lehengo artisau eredua gaindituz. Taylorismoaren zurruntasuna malgutzeko japoniarrak “toyotismoa” asmatu zuten eta orain, teknologia berrien eraginez, “mass customization” kontzeptu kontraesankorra azaleratu da. Piramide-formako antolatzea, iherarkiaz, zentralizatua eta funtzioen arabera konpartimentua sostenga ezina da. Deszentralizatutakoak, malguak eta azkar komunikatutako sare egiturak gainditu dute. Inork ezin dezake egunero nagusiak zer egin behar duen esateko zain egon. Orain lan-taldeko kide guztiak ekarpenak egiten dituzte eta etengabeko harremanetan egoten dira. Irudipen askatzaile horren adierazle bezala ikusi zer esaten zuen Thomas Malone MITeko komunikazio teknologia eta antolakuntza irakasle eta ikerlariak:

Imagine organizations in which bosses give employees enormous freedom to decide what to do and when to do it. Imagine electing your own bosses and voting directly on important company decision. Imagine organizations in which most workers aren’t employees at all, but electronically connected freelancers living wherever they want to. And imagine that all this freedom in business lets people get more of whatever they really want in life – money, interesting work, the change to help others, or time with their families.

Malonen iritziz, faktore ekonomiko eta teknologikoen konbergentziak gobernamenduan demokraziak eragin zuen aldaketa bezain sakona ahalbidetzen ari da enpresa barnean. Historian lehenengo aldiz bi mundu desberdinen hoberena edukitzea posible izango zela aurreikusten zuen: korporazio handien eskala ekonomien eraginkortasuna eta empresa txikien gizaonurak, askatasuna, motibazioa eta malgutasuna.

Auto-antolatua, auto-kudeatua, aske egiteko baimendua, emergentea, demokratikoa, partehartzailea, jendea denaren erdian jartzea eta parekotasuna, modan jarritako egunero entzun eta errepikatzen ditugun hitzetako batzuk dira. Denak batzen dituena “sare deszentralizatua” izanik.

Apple, Google eta antzeko enpresa sortzaileen propaganda ere mesianiko samarra da. Mundua aldatu eta demokratizatu nahiean hitz egin eta hitz egiten duten gazte jator batzuk bezala ikusten ditugu. Irudi horrek, azalean behintzat, diru-metaketara emandako beste korporazioetatik ezberdinak egiten ditu.

Trenbideak eta lurrun-itsasontziek sortu zuten geografia mental berrian, gizadiak distantzia menderatu zuen. Merkataritza elektronikoaren gaurko geografian distantzia ezabatu egin da eta merkatu bat bakarrik dago.

Petrolio eta auto merkeen garai haietan, Estatu Batuetan eta gero Europan, kontsumo-gizartea sustatu zen, batipat Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Gaur egun globalizazio finantzariotik munduko merkatu bakarrera, eta merkatu bakarretik produkzioaren globalizaziorako bidean gara.

Eta zer egiten ari da Internet

Baina teknologoek eta, batipat digital negoziogileen propagandak hain sutsu agintzen dituzten onura guztiei zalantza egitea, ez da teknologiaren aurka egotea. Teknologia, dagokion gizaki ikuspuntu batetik aztertzea besterik ez da. Mundu materiala, baita teknologia, negozioa eta finantza munduaren konplexutasuna, eta kultura aldaketaren dinamika atzeman eta aitortzea besterik ez da.

Gaur egun, moda eta itxura aldaketa hain maite dituen gizarte honetan, iraultza digitalen kritikoetaz direnak eta ez direnak esanez aritzen dira. Kontserbadore, atzerakoi, nostalgiko, teknologia-aurkako eta abar etiketa erabiliaz noski.

Aspaldiko denboraren gauetik, Babilonian garia edo mahatsa landatzen zen garai haietatik, gizakiaren bizitza biziraupena sustatzeko eta lana samurtzeko bizitza asmakizun teknikoekin elkartuta egon da. Jakin-minak munduaren ezagutzara eta beharrak lanabes baliagarriak sortzera bideratu du.

Esku arteko gaiarekin jarraituz gogoratu ditzagun Sumerioak (3200-3100 k.a) ezagutzen den idazkera zaharrena asmatu zutenak, eta Babiloniakoak, ezagutzen den zero zaharrena asmatzeagatik bakarrik historiako urte-liburuetan inskribatuak egotea merezi dutenak. Eragiketa aritmetikoak errazteko 2700-2300 k.a. “calculi” zaharrak alde batera utzi eta “abakoa” asmatu zuten. Japoniako denda askotan orain ere “abakoa” erabiltzen da.

1964ean Herbert Marcusek jada kontsumo-gizarte horren erradiografia zorrotza egin zuen. Marcusek uste zuen industria-gizarte aurreratuak komunikabide masibo eta publizitatearen bitartez behar faltsuak asmatzen zituela. Sistema horrek “entzefalograma planoa” duten subjektuz osatutako dimentsio bakarreko unibertso baten bidea ematen zuela. Beste modu batera esanda, estilo intelektual “pattala” edo “pistoladun” estiloa bideratuz, gizarte eta giza arazoen analisi kritikorako posibilitateak murriztuz joan zirela. Kontsumismoak indibidualismoaren gorena eta kulturaren -zientzia eta pentsamendu kritikoa barne- merkataritzaketa bat ekarriko zuela.

Dimentsiobakarreko gizabanako honek bere ispirituaren edozein aurrerapen eskatu eta gozatzeko gai den dimentsiorik ez duelako, beretzako aldez aurretik pentsatutako iritzi eta aurrefabrikatutako aurreiritzi mundu horretan autonomiak eta naturaltasunak ez daukatela zentzurik.

1980ean Baudrillardek “simulakroaren” kontzeptua lantzerakoan, “gaur egun ez dela existitzen errealitate deritzon hori” zioen. Simulazioa da simulakroaren oraingo egoera: Komunikabide elektroniko arinengandik eta mundu mailako informazio sareengandik gobernatutako objektu den gizarte baten barruan erreferente gabeko erreferentziaz dago osatuta dena, hiperrealitate bat da. Zer esan nahi zuen Baudrillard-ek: Internetek epistemologia postmodernoen garapenerako, behar bada galiarrentzat ere bai, errealitatetik urrun dagoen, laino birtual bat sortu eta sasi-errealitate bakar bat garatu zela.

Kontsumo-gizartean moda, publizitate eta marketin tresna geroz eta sofistikatuagoen bitartez gizabanako asko beti behartsu-sentimendu paranoiko batekin bizitzera eramaten dituzte. Eta behar bada zoriontasunaren sekretua hain zuzen ere gehiegi daukagunik gabe bizitzean datza.

Bata bestearekiko eguneroko konparaketa horretan nahiago dugu mugarik gabe gu baino aberatsago, famosoago edo ederragoak diren antzekoak izatea. Gehien daukadanari begiratzen diogu eta ez gutxi daukadanari, eta horrek zuzen zuzenean paranoian sartzen gaitu. Dauzkagun ezaugarri edo lortu ditugun titulu, arrakasta, edo ondasunak harrotuz eta erakutsiaz iristen da onarpen soziala. Gaur egun marketin pertsonala ere ezinbestekoa zaigu.

Internet bera merkatu egitura bat besterik ez da, baina mundu osoan eta egun osoan abian dagoena. Eta salgai nagusia informazioa da. Saltzaileek erabakitzen dute zer informazio mota erabiltzeko moduan jarri eta erosleek nahi duten erabili ala ez. Zerbait ordainduaz, beste produktu baten iragarkia jarriz edo oparituz.

Baina merkatu hauetan jarduten duten pertsonetaz zer esan dezakegu? Zeren bila doaz? Denak ez dute Internet askatasunerako, ezagutzaren bila edo kontsumorako nahi. Denak ez dute autonomia gehiago nahiko. Eta autonomia gehiago nahi duten horietatik denak ez dira gai izango autonomia hori ondo maneiatzeko.

Gizakia merkatuan bere aberastasuna, arrakasta eta zoriontasuna lortzeko lehiaketan ari den eragile bat da. Bera ere gaitasun, itxura, erakargarritasun pertsonal, eta “curriculum” saltzaile ibiltari bat besterik ez da. Norbera saltzeko eta aintzatetsia izateko zure ezaugarriak etengabe errezitatzen egon behar da, agertu egin behar da – batipat “lainoan”-. Bestela desagertu egiten zara.

Ondo pentsatuta Internet dena batera postetxe bulego bat, aldizkari salmenta postu bat, bideo denda bat, merkataritzagune bat, kontsultategi bat, helduentzako liburu eta disko denda bat, kasino bat, foro edo solasaldirako eta komunikazio gune bat da. Sinestezina da baina ontzi-garbigailuak bezala beti egin duguna erraztasun pixka bat gehiagorekin egiten uzten diguna.

Ezagutzaren bila doazenak-berdin zaio teutoia, saxoia edo galiarra, positibista ala teoria kritiko estilokoakizan -Interneten informazio altxor bat aurkituko dute. Bi gauzak egin dezakete: datuak bildu eta teoria baten argipean esanahi bat ematen saiatu, edo teoriak gauzatu eta datu batzuen bidez proba egiten saiatu. Gainera intelektual askok inpresio nagusi bezala beste intelektualek egiten eta esaten dutena hartzen dute. Behar bada, konbentzionalistak errealitatearen erreferentzia handirik gabe garatuko dituzte beraien proposamen eta teoriak. Hasieran Internet akademiko, irakasle eta ikertzaileen artean ezagutza eta lan intelektuala partekatzeko asmoarekin sortu zen. Hori egiten berdin berdin eta hobeto jarraituko dute.

Badakite, batipat teutoiek eta galiarrek, datu gordin metaketak eta bereizi gabeko komunikazio ugalketek ez dituela jakituriara eramango. Ulertzen dute datuen eta informazioaren artean distantzia handia dagoela, eta informazioaren eta ezagutzaren -zergaitia ulertzearen- artean oraindik handiagoa. Positibistek eta teoria kritiko estilo zientifikokoek badakite errealitate independiente bat badagoela eta Internet errealitate hortatik nahiko urrun dagoela eta proposamenak eta teoriak eraikitzeko errealitate inpresio zuzenak behar dituztela.

Mario Bunge filosofoak sasi zientzia eta ideologiaz hitz egiten du. Hasieran Interneten zientzia eta erdi zientziaren zirkulaziorako sortu zen. Gaur egun sasizientzia, ideologia eta trikimailu sasizientifikoz bete da, areago abiada izugarriarekin egunero betetzen ari da. Irudiak idatzia ordezkatzen ari dira, eta adibidez Youtuben minutuero 100 ordu bideo igotzen dira, horiek ikusten hilero 6.000 milioi ordu baino gehiago ematen dira.

Eguneroko lanean zoragarria da tekla bati ematea eta informazioa bilatzea. Baina konturatzen naiz dagoen data metaketarekin zaratak zaildu egiten duela behar duzuna aurkitzea. Interneteko esplorazioa eroa izan daiteke, eta askotan izaten da, baina esploratzailea zentzuduna izan behar du. Gailu hauek gutxiago jakin eta baliagarriagoak izaten dira.

Eguneroko jardueran Iraultza digitalaren ondorioak izugarriak izan dira, batipat umeen jolasteko-ikasteko moduan. Lau urteetatik aurrera, askotan lehenago, haurrak azkar hartzen dute informatika gaitasuna. Ordenagailuak dira beraien jostailuak eta ikasketarako tresnak.

Garunaren plastikotasuna dela eta, erabiltzen den gunean neurona-loturak garatzen dira eta erabiltzen ez den gunean berriz atrofiatu egiten dira. Haurren jolasteko eta ikasteko modu aldaketa hau neurozientzialari eta psikologo askoren kezka iturri bihurtu da. Mutikoak ginenean gure errealitatea mundu fisikoan gertatzen zen eta orain justu alderantziz gertatzen da: errealitateak izateko pantaila batean azaldu behar du.

Bideo-jokoak eta teknologia berrien zoramenak gure haurtzaroko errealitatea esploratzeko eta imajinaziorako gaitasuna atrofiatzen ari dela ematen du.

Etengabeko “jar daitekeela” egoerak agintzen duenean, presak gune pribatuak ere kutsatu egiten ditu. Distantzia fisikoak ere jada ez gaitu babesten. Kontzentratzeko eta sakontasunean irakurtzeko gaitasuna bermatzen ari da.

Orain dela urte batzuk Goleman konturatu zen arreta mantentzeko gaitasuna, ulertze estilo guztientzat, gakoetako elementu bat zela. Egiten dugun edo zeinetan emaitza hoberenak lortzeko ez dago ezer arreta mantentzea baino. Egun, gure arreta mantentzeko gaitasuna etengabeko komunikazio elektroniko elurta batek jazartuta egoten da.

Ematen du azken urte hauetan ikasleen irakurketa ulermena jaisten ari dela. Neurri batean, pentsamendu konplexu eta burutsuak garatu eta sakontzeko gaitasuna WhatsApp eta antzeko gailuen bitartez iristen diren mezu motz mordoak higatzen omen dute. Eta arretaz behatzea begirada bat ematea baino gehiago da. Behatzeak informazioa zaratatik bereizteko gogo esplizitoa eskatzen du.

Datuei zentzu bat emateko, edo teoria bat garatzeko, besteek ulertu eta norbera ulertzeko ere aurrez aurre hitz egin beharra dago. Are gehiago, lan horretarako bakardadea ezinbestekoa da, eta garrantzitsuenak norberarekin izaten diren solasaldiak. Abiadura jeitsi eta aldiko lan bakarra egin.

Orain arte ordenagailuak ez dute lortu teutoi batek piramide teoria on bat eraikitzerakoan egin dezakena, ezta galiar intelektual on batek arte eta zientziaren mugatuz ariketa batean egin dezakena. Bi estilo hauek bakoitzaren etxean, liburuz inguratuta egiten den artisau lanarekin bateragarriagoak dira saxoi edo nipondar estiloak baino.

Askotan teknologoek, eta negoziogileek beti teknologiaren garapena aurrerapenarekin nahasten dute. Azken finean, teknologiak aukerak sortu besterik ez dute egiten. Edozein aurrerapen teknologikok beti galderak sortzen ditu, eta sortu behar ditu. Baina aurrerapen hori hain azkarra izanen ia pentsatzeko denborarik ere ez du ematen.

Teknologiaren berezko onurak alde batetik, eta bere erabileraren arriskuak bestaldetik zehaztasunarekin ikusteko gaitasunari uko egiten zaio. Bakoitzak, baina bereziki eskoletan, unibertsitateetan eta harreman sareetan, egunero hautatzen ditugun erabilera aukerek justu mugatzen dute zer mundu mota izango dugun etorkizunean.

“Estilo intelektuala” deitzen diogun horrek bakoitzak munduan izateko eta bizitzeko daukagun moduarekin sekulako zerikusia dauka. Ez da teknologia gure gaitz guztien erruduna, berarekiko guk izaten dugun portaera baizik.

Garuna plastikoa denez, datorkigun urteetan pertsonak, eta batipat haur eta mutikoak, kritikoki pentsatzeko hezitzen jarraitu beharko dugu. Horrela, iristen zaien informazio ugaritasuna iragazi eta ulertzeko gai izango dira. Estilo “pattala” eta “pistoladun” estiloa beti eragozpen larri bat izango dira askatasunean hazteko. Estilo horiek eragiten dituzten gailuek eta testuinguruak eremu jakin batzuetara mugatu beharko dira.

Eta hori nola ikasten da? Txikitatik eta imajinazioarekin. Galderak egin edo egiten erakutsi. Informazio guztia jada Interneten dago, bilatu, aukeratu, prozesatu eta analisia egin galderari dagokion errealitatea esplikatzeko eta ulertzeko. Datu guztiei zentzu bat emateko, kontzeptuak garatzeko, proposamenak egiteko. Kideekin eta irakaslearekin aurrez aurrezko solasaldien bitartez, baita bakarkako analisia eta hausnarketa bitartez ere.

Kolektiboak, lan-taldeak, bere bertuteak badaukate baina ez dugu ahaztu behar gure hausnarketa eta lan intelektual arretatsua egiteko bakardadea ere beharrezkoa dugula. Konektatuta egotea zoragarria da baina aurretik norberarekin konektatzen ikasi behar dugu. Gure adimena eta hausnarketarako gaitasuna garatu nahi baditugu bakarrik egiten ikasi beharko dugu.

Eta azkenik, orain dela gutxi mundu erreala bezala ezagutzen ari garen konektatutako mugikorrez, haririk gabeko sarez eta Facebook edo WashAppez betetakoleku horietatik isolatutako eremu fisikoak sortuz.

Aipatutako konplexutasunaren gainetik ez litzateke huskeria bat izango Euskal Herriko “buru-lan” estiloen kategoria bakan batzuen arabera biztanlegoaren banaketa kurba lantzea, eta kurba horren bilakaera denboran zehar jarraitzea. Are gehiago, eskola irakasle eta ikasle multzoen kurba berdina ere eratzea.

Erabilitako iturriei buruzko erreferentziak

 

  1. Pierre Bourdieu: Ciencia, Conocimiento y Pensamiento Sociológico (Escenarios futuros en la Euskal Hiria). Igor Calzada. MIK S. Coop. 2004.
  2. “Systems thinking: critical thinking skills for the 1990s and beyond”. Barry Richmond. System Dynamics Review Vol. 9, no. 2 (Summer 1993). 1993.
  3. Investigación. Ignacio Núñez de Castro.
  4. “Glossary of Epistemology Terms”. Bill McKelvey. En Companion to Organizations. Joel A.C. Baum. Blackwell Business. 2002.
  5. “Sea breve, cuéntemelo todo”. Javier Rodríguez Marcos. El País, 9 de agosto 2015.
  6. “¿Alguien me ha llamado?” Ronaldo Menéndez. El País Semanal. 2015.
  7. “Datos: el oro del futuro” Eva van den Berg. Revista Buena Vida. 2015.
  8. “El mundo real contra la adicción a Internet”. Antonio Hermosín. Noticias de Gipuzkoa, 9 de octubre 2014.
  9. “Las “telecos” se unen por necesidad”. Ramón Muñoz. El País, 16 de agosto 2015.
  10. 10.”Exploración de la ciencia a través de Internet”. Josep M. Sarriegui. El País, 27 de mayo 2006.
  1. “Tecnología desde la nube”. Thiago FerrerEl País, 26 de octubre 2014.
  2. “Tecnologías sirena”. Jordi Pigem. La Vanguardia, 23 de mayo 2015.
  3. “La información en aforismos”. Jorge Wagensberg. El País, 22 de agosto 2015.
  4. The Future of Work. Thomas W. Malone. Harvard Business School Press.2004.
  5. “La ilusión de Silicon Valley”. Nicholas Carr. El País, 25 de octubre 2015.
  6. “Confesiones de un resistente”. Francisco Calvo Serraller. El País, 25 de octubre 2015.
  7. “Involución digital”. Evgeny Morozov. El País, 25 de octubre 2015.
  8. “Herejes en el Valle de las Maravillas”. Joseba Elola. El País, 25 de octubre 2015.
  9. “El trabajo en equipo está sobrevalorado”. Gabriel García Oro. El País Semanal. 2015.
  10. “El trastorno bipolar es un reflejo de la vida moderna”. Darian Leader. El País, 22 de febrero 2015.
  11. “El Usain Bolt de los cerebros”. Ramón Campayo. El Diario Vasco, 19 de octubre 2015.
  12. “Europa y el leviatán digital”. Josu de Miguel Barcena. El Diario Vasco, 19 de octubre 2015.
  13. “La epopeya del cálculo: de los guijarros al ordenador”. En:Historia Universal de las Cifras. Georges Ifrah. 3ª edición. Espasa Calpe S.A. 1998.
  14. “Más allá de la revolución de la información”. Peter F. Drucker. Harvard Deusto Business Review. Diciembre 2006.
  15. “Todas las revoluciones económicas se parecen”. Carlota Pérez. La Vanguardia. 11 de junio 2006.
  16. The Nature of Intellectual Styles. Li-fang Zhang, Robert J. Sternberg. LEA (Lawrence Erlbaum Associates Publishers). 2006.
  17. Revoluciones tecnológicas y capital financiero. La dinámica de las grandes burbujas financieras y las épocas de bonanza. Carlota Pérez. Siglo XXI Editores. 2004.
  18. “Adios a las aulas”. El País, 14 de febrero 2015.
  19. “Redes sociales y tecnología del ‘procomún'”. Santiago Eraso. El Diario Vasco, 21 de mayo 2015.
  20. “Campeones en WhatsApp”. Thomas Gualtieri. El País, 15 de febrero 2015.
  21. “¿Qué está haciendo Internet con nuestras mentes?” Juan Cruz. El País, 28 de agosto 2015.
  22. “Internet ez da txarra; erabilera desegokia izan daiteke, ordea”. Maialen Garmendia. Berria, 2015eko abuztuaren 28ª.
  23. “La ley del deseo”. Santiago Roncagliolo. El País, 24 de agosto 2015.
  24. “El deseo de desconectar”. Xabier Guix. El País Semanal. 2015.
  25. “Ver, no ver”. Delia Rodríguez. El País, 29 de agosto 2015.
  26. “Un profesor con 26 millones de alumnos”. Maribel Marín. El País, 30 de agosto 2015.
  27. “Porque yo lo valgo, porque tú lo digas”. Javier Rodríguez Marcos. El País, 30 de agosto 2015.
  28. “Libertad como desconexión”. Daniel Innerarity. El País, 24 de mayo 2015.
  29. “La vida sin pausa”. Jonathan Gray. El País, 24 de mayo 2015.
  30. “¿Recuerdas cuando leíamos de corrido?” Ana Carbajosa. El País, 24 de mayo 2015.
  31. “Google se convierte en la firma que más gasta en influir en Washington”. El País, 24 de mayo 2015.
  32. “El ocaso de los 140 caracteres”. Rosa Jiménez Cano. El País, 13 junio 2015.
  33. “La revolución era el matiz”. Jordi Soler. El País, 30 de mayo 2015.
  34. “La era de los creyentes ‘cibernícolas'”.Winston Manrique Sabogal. El País, 28 de mayo 2015.
  35. “El futuro en tiempos de Google”. Justo Barranco. La Vanguardia, 28 de septiembre 2014.
  36. “Científicos contra el cortoplacismo político”. Manuel Ansede. El País, julio 2015.
  37. “Publizitate digitala, goitik”. Urtzi Urkizu. Berria, 2015eko urtarrilaren 6a.
  38. “No eduquen ni en dioses ni hadas”. Richard Dawkins. El País, 20 de septiembre 2014.
  39. “La mordaza en la era digital”. Philip Bennet, Moíses Naím. El País, 22 de febrero 2015.
  40. Understanding Management Research. Phil Johnson, Joanne Duberley. SAGE Publications. 2000.
  41. “El 35 por cien de los españoles no lee ‘nunca o casi nunca2″. T. Koch. El País, 9 de enero 2015.
  42. “España se sitúa a la vanguardia de Internet móvil y despega en fibra”. Ramón Muñoz. El País, 1 de marzo 2015.
  43. “Queremos que Internet sirva para romper barreras”. Javier Oliván. El País, 27 de febrero 2015.
  44. “Updating Organizational Epistemolgy”. Jane Azevedo. En:Companion to Organization. Edited by Joel A.C. Baum. Blackwell Business. 2002.
  45. 2020 Vision. Stan Davis, Bill Davidson. Simon & Schuster Inc. 1991.
  46. “La tele por Internet suplirá a la lineal como el móvil al fijo”. Pablo Ximénez de Sandoval. El País, 18 octubre 2015.
  47. “Animación para nativos digitales”. Néstor Villamor. El País, 31 de octubre 2015.
  48. “Las ideologías no pueden utilizar la historia como un instrumento”. F.B. El País, 30 de octubre 2015.
  49. “Enpresetan 4.0 industria garatzeko 60 proiektutik gora daude martxan EAEn”. Amaitz Lasarte. Berria, 2015eko urriaren 15a.
  50. “Estructura, cultura y estilo intelectual: sajón, teutónico, gálico y nipón”. En:Investigaciones Teóricas, Sociedad y Cultura Contemporaneas. Johan Galtung. Tecnos. 1995.
  51. “Baroness Susan Greenfield slammed by Oxford colleagues over ‘misleading and unfounded’ claims the internet damages children’s brains”. Richard Gray. Mail One. 13 August 2015.
  52. “Susan Greenfield on Screen Technologies”. Phil Maynard. The Guardian. Spt 2015.
  53. “Internet tapa Playboy”. Irene Crespo. El País, 14 de octubre 2015.

64.-“Hablamos fotografías” Elsa Fernandez-Santos. El País, 18 de octubre 2015.”Apple bate el récord de beneficios”. Noticias de Gipuzkoa, 29 de octubre 2015.El hombre unidimensional. Herbert Marcuse. Ariel. 1964.

  1. “The Importance of Epistemology in Management Research”. Understanding Management Research. Phil Johnson, Joanne Duberley. SAGE Publications. 2000.
  2. Matemáticas y ordenadores en el conocimiento del mundo (Parte I). Manuel López Pellicer. DYNA. Junio 2006.
  3. “La privacidad no está muerta, es un derecho humano fundamental”. Stephan Micklitz. El Diario Vasco, 19 de octubre 2015.
  4. “El padre del Internet de las cosas”. Kevin Ashton. XL Semanal. 4 de octubre 2015.
  5. “Antonio Méndez Rubio”. Wikipedia, 23 de septiembre 2015.
  6. “Ver lo que sobra y no lo que falta”. Xavier Guix. El País Semanal. 2015.
  7. “Jonathan Franzen, una cruzada contra Silicon Valley”. Iker Seisdedos. El País Semanal. 2015.
  8. “Cuando Internet marca el ritmo del futuro laboral”. Carmen Sánchez-Silva. El País, 24 de mayo 2015.
  9. The Future of Internet IV. A review of responses to a tension pair about whether Google will make people stupid. Part 1″. Janna Anderson, Lee Rainie. Pew Research Internet Project. February 19. 2010.
  10. “Hacia el ‘Homo technologicus’. Vivir en modo piloto automático”. Joseba Elola. El País, 21 de septiembre 2014.
  11. “Qué países tienen las mayores multinacionales”. El País, 15 de noviembre 2015.
  12. “Cómo ha evolucionado la clasificación de las empresas más grandes del mundo”. El País, 15 de noviembre 2015.
  13. “Jean Baudrillard”. Wikipedia. 2015eko irailaren 26a.
  14. “Estúpidos y constantes”. Delia Rodríguez. El País, 22 de agosto 2015.
  15. La Pensee Power Point. Enquete sur ce logiciel qui rend stupide. Franck Frommer. La Decouverte. 2010.
  16.  ¿Qué está haciendo Internet con nuestras mentes? Superficiales. Nicholas Carr. 2011.
  17. Pseudociencia e Ideología. Mario Bunge. Laetoli. 2013.
  18. La cultura como objeto de investigación. Gerardo Tunal. María Elena Camarena. TECSISTECATL. Vol 1. Número 2. Julio 2007.
  19. Alang Turing. Vida Artificial. 2005.
  20. Despertad al diplodocus. José Antonio Marina. Ariel. 2015.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>