Irene López-Goñi / Pedagogian Doktorea

Irene López-GoñiOstrakatik hipertestura

Giza kognizioaren prozesuak ezagutza jaso, landu eta ekoiztu egiten du. Horiek aurrera eramateko hainbat ahalmenparte hartzen dute, adimena, arreta, oroimena eta hizkuntza,besteak beste.

Eusko Ikaskuntzak proposatu duen galdera erantzuteko bereizketa bat egitea komenigarria delakoan artikulua bi zatitan banatzea erabaki dugu: a) Zertan eragiten dioten aldaketa hauek ikaste prozesuari eta b) zertan eragiten dion irakaste prozesuari.

Ikaste prozesua

Ikuspegi honetatik begiraturik  erantzuna aurkitzeko zientzirik aproposena neuropsikologia izan daitekeelakona gaudenez hemendik helduko diogu gaiari. Gure burmuina erkatuta izan da anitzetan ordenagailu batekin. Hardwarrak hartuko zuen gure egitura fisikoa eta pontentziala, egitura, zirkunbalazio, biribilak eta zatiak, morfología, alegia. Softwarra, ordea, gure zerebroaren funtzio multzoa litzateke. Bigarrenean, hau da funtzio multzoan, ematen diren aldaketak bistan dira. Aspaldian dakigu gure burmuina plastikoa dela eta galdutako zenbait funtzio ber-hartuak izan daitezkeela. Aleksandr Romanovich Luria neuropsikologoak, goi mailako ezagutzen prozesuei eta zerebroaren funtzionamenduaren ikerketari ekin zien.  Bigarren munduko gerran burmuinean zaurituak suertatu ziren hainbat soldaduen hizkuntza problemak aztertu zituen. Nahiz eta zerebroaren zonalde zehatz batek hizkuntzaren ardura eduki, beste hainbat zonaldeen neuronek hartzen ahal dute gaizki funtzionatzen direnen funtzioa, hauen falta ordezkatuz. Burmuinaren plastizidadea, beraz, XX.mende geroztik  ezagutzen dugun fenomenoa da. Ikusten denez plastizidadea ikertua izan zen ordenagailuen erabilpena orokortu baino lehenagotik. Nola eragiten dion gure “hardwarri” ezin diogu erantzun pedagogiatik, baina hurbiltzen ahal gara bere eraginera eskolan ikasleen (eta irakaslearen) “softwarri” begira.

Zientzia aldizkarietan alor hau ikerketagaitzat hartuz, esperimentu eta ondorio batzuk argitaratu dira bereziki 2008tik aintzin. Nagusiki oroimena eta arreta aztertuak izan dira. Lehenari begira topiko bat zabaldu da ikertzaileen artean: Internetaren bilatzaileen -eta bereziki Google-en- eragina oroimenean. Argitaraturikoen artean hauxe da auzia eta edukiaren mami guztia:  Internetek mugatzen du edo zabaltzen du gure burua? Oroimenean fokusa jartzen duen hauetariko ikerketa batek (Sparrow; Liu; Webner; 2011) era espezifikoan ondorioztatzen du ikasleek interneta erabiltzen dutela kanpo memoria bezala.  Honez gero, gaur egungo ikasleek  ez dituzte ikasten garai aurre digitalean buruz ikasten zituzten gauza anitz, izan ere Googleren erabilpenak oroimenaren funtzioak aldatzen dituela egiaztatua gelditu da.

Bigarren arloarekin lotuta, arreta mantentzearena, sarearen bidez azken urteetan zabaldu dira Nicholas G. Carr-en kritikak (2009; 2011). Bereziki interesgarriak izan daitezke autore honek zientzian eta espreski Teknologi eta Komunikazioaeren alorrean daukan autoridadearengatik. Bere argumentazioa -garatzen duen topikoarekiko- da internetak aldatu duela gure pentsatzeko era, eta ez onerako. Internetak eta bere bitartez lortzen den informazioaren bilaketa errezek  gain azaldu egin du guregan lehen burutazioak egiteko erabiltzen genuen prozesu sakona eta arindu du informazioa tratatzeko era, arras superfizial bihurtzeraino. Bere ustez internetak dakarzkigun mehatxurik garrantzitsuena arreta mantentzeko, kontzentratzeko eta burutazioak egiteko ahalmenaren jeitsiera da. Horren eragina autore honek ere somatzen du irakurtzeko ohiko prozesuan. Horretan, aldaketa ematen ari dira interneten erabiltzaileak eta honez gero zailtasun handiagoak dituzte oso irakurketa luzeak eta sakonak era jarraian egiteko. Autoreari berari irakurketa luzeak eta sakonak egiteko lehen berak ere zuen gaitasuna jeitsi omen zaio.

Internetaren eragin ezezkorra beste hainbat ikerketek ere egiaztatu dute eta irakurketaren alorrean autoridadea duen M. Wolfek (2009) ere arreta jartzen du fenomeno horretan: azalezko irakurketan, eta honekin beharrezko abisua ematen digu irakasleoi. Gain informazioa da internetek berekin dakarren fenomenoa baina informazioaren pilaketa, nahiz eta dakigunaren itxura egiten duen, azalezko izan daiteke. Jarduera asko batera egiteko gai gara baina sakontasun gutxiagorekin. Laburbilduz, ematen du ikerketek ondorioztatu dutela orokorrean gai zehatz batean konzentratzeko eta burutazio sakonak egiteko zailtasunak handitu direla ohiko erabiltzaileengan.

Irakaste prozesua

Gure zerebroaren “softwareak” izan ditzakeen funtzioen aldaketei, bai kritika bai laudorio egin bazaizkien ere, internetak ekarri dizkigun onurak ukatzerik ez dago. Ekarpen horiek ikusteko arras egokiak gara garai aurre digitalean jaio garenak. Informazioa ez da inoiz gaur egun bezain merkea eta azkarra izan. Munduko populazioaren herena konektatuta dago honez gero eta horrek globalizazioaren fenomenoa handitu du, ziur aski berdintasun kulturaleruntz garamatzalarik. Teknologiaren neutraltasun falta bistan da. Modelatu egiten du gure bizitza: idazteko era, irakurtzeko era, komunikatzeko era, bidaiak programatzeko era, lagunekin elkartzeko era… baina aldatu al du eskola emateko era?

Historiaren zehar aldaketa teknologiko guztiek eragin diote idazketa-irakurketa prozesuari. Idazteko ezagutzen den lehen teknologia punzoiarena da. Tresna hau hartuta lokatzean egindako arrastoak aurkitu dira lokatz zatietan, ostraka deiturikoetan. Ostraketatik hasita gaur egungo hipertesturaino egon diren teknologien aldaketek (papiro, argizarea, harbela, papera, uhinak…) erabateko arrastoa utzi dute eskolan, bai ikaste bai irakaste prozesuetan.

Irakaste prozesuan eraikitzen diren ezagutzen artean klasikoa da honako bereizketa hau egitea: ezagutza kontzeptuala, hots, terminoen eta testuaren ulermenarekin bereziki erlazionatua dagoena eta prozedurazkoa, ekintzen garapenarekin erlazio zuzena duena. Lehenaren kasuan, hots, ezagutza kontzeptuala eraikitzeko asmoz proposatzen diren egitasmo didaktikoen kasuan, gure ustez, ez da aldaketa handirik ematen zeren eta, izatekotan, aldatzen den gauza bakarra, eta honek badu bere eragina baina ez funtsezkoa gure ustez, interfazea da, lehen ostraka, papiro, papera edo ahotsa zena orain pantaila da.  Pantaila erabiltzen bada klasean paperaren ordez, ezin bestean, testuek laburragoak eta zuzenagoak  izan behar dute. Pantaila ez da bat ere egokia testu luzeak proposatzeko. Baina ikasketa honek bilatzen duena, sare kotzeptualen eraikuntza (epe luzeko memoria osatzeko), berdina da, zeren horrela bait dago antolatua gure jakintza osoa konstruktibismoaren arabera eta hor aldaketa sakonik ez da egon.

Baina prozeduren kasuan, hau da, maiz erabiltzen diren ekintzak erregulatzeko erabiltzen den ezagutzaren kasuan, egoera oso bestelakoa da. Arrazoia zera da: ekiteko era, erabiltzen den teknologiagatik baldintzatuta dago eta jantziak eskuz garbitzea edota garbigailua erabiliz desberdina den bezelaxe papera eta arkatza edo kalkulu orria erabiliz kalkuluak burutzea oso ezagutza desberdina dira eta proposamen didaktiko desberdinak eskatzen dituzte.  Baina hau adibide bat besterik ez da eta curriculumean dauden prozeduren zerrenda handia denez proposamen didaktikoen teknologia aldaketa honek duen, edo izan beharko lukeen, eragina oso da garrantzitsua.  Beraz idazteko eran, informazioa kontsultazeko, jasotzeko, kudeatzeko eta komunikatzeko eran, kalkuluak egiteko eran, marrazteko eran, musika jotzeko edota sortzeko eran, neurriak kalkulatzeko eran, eta abar luze batean ikus-entzunezko teknologia eta informazioa digitalizatzeko teknologia aurrean dugun zelai didaktikoak arras aldatu duela baiezta daiteke kontsiderazio teorikoetan oinarriturik. Honek ere eragina handia du irakaskuntzarekin loturiko erakundeetan eta egiaztatzen ari gara aldaketa teknologiko hauek noraino ikaratzen dituzten orain arte erro sendoak izan dituzten erakundeak (irakasleria zein argitaletxeak kasu) eta hauek bere defentsan sortzen dituzten erresistentziak.

Laburbilduz

Informazioaren digitalizazioa lortu  duen teknologiak  eragina zuzena du ikasteko ditugun ahalmen nagusien antolakuntzan eta baita irakatsi beharreko edukietan, bereziki ekintzak bideratzeko prozedurazko ezagutzetan.

Giza ahalmenen banaketan, adimenaren funtzioetan espreski, sortzen den aldaketak ekosistema berri bat defintzen duela ematen du. Hortaz moldatzea da egokitzen zaiguna, ekosistema aldaketa guztietan gertatzen den bezalaxe abantailak optimizatzea eta desabantailak gutxitzea delakoan jokabide argiena dela iruditzen zaigu. Bestetik,  ezagutza modu berriek erakuste modu berria eskatzen dutenez proposamen didaktikoa, ekintzei loturiko ezagutzetan bereziki, eraberritzea egokitzen da. Baina guzti  horrek ez du ematen goizetik arratsaldera ematen ari denik, irakaskuntza gizarte prozesua denez ekite hori gauzatzeko sortu diren erakundeen (eskolak, argitaraletxeak, administrazioa, irakasleria, …) garapenarekin batera etorriko dela onartzea ezinbesteko ondorioa dirudi eta ditugun erakundeen malgutasun eza gaizki ezkontzen da gaur egun dugun teknologia aldaketaren abiadurarekin.

Ostrakak ez dira fibra optikoaren zale nahiz eta hipertestuak zailtasunik gabe mugitzen du hauen ezagutza hari horren bidez.

Erreferentziak

Carr, Nicholas (July 2008). “Is Google Making Us Stupid?”. The Atlantic 301 (6). http://www.theatlantic.com/magazine/archive/2008/07/is-google-making-us-stupid/6868/.

Carr,Nicholas (2010). The Shallows. What the Internet Is Doing to Our Brains. New York: W.W.Norton.

Davidson, Cathy N. y Goldberg, David T. (2009). The future of learning institucions in a Digital Age. Cambridge (MA): The MIT Press.

Fox D. The limits of intelligence. Sci Am 2011;305(1):36-43.

Sparrow B, Liu J, Wegner DM. Google Effects on Memory: Cognitive
Consequences of Having Information at Our Fingertips. Science
2011;333(6043):776-8.

Wolf, M. (2008). Cómo aprendemos a leer: historia y ciencia del cerebro y la lectura. Barcelona: Ediciones B.

 


Irene López-Goñi, Pedagogian Doktorea
NIEko arduradun Pedagogikoa, NUPeko irakaslea

Un pensamiento en “Irene López-Goñi / Pedagogian Doktorea

  1. Arantxa ugartetxea Arrieta

    Iruditzen zait ezjakintasun handia daukagula teknika berrie buruz, dagokien erabilpenei buruz hain zuzen. Pedagogiaren arloan tresnak hobeki erabiltzen ikasi beharko genukela iruditzen zait, garai batean irakurketa eta idazketa ikasi behar izan genituen bezala egun interneten aukera hobeto erabiltzen jakin beharrean gaude. Eremu honetan ikasle eta irakasle parekatu daitezkeela zenbait kasutan uzte dut eta hau izan daiteke aukera ezinbestekoa bien artean hezkuntza egokiagoa antolatzeko elkarrekin.

    Responder

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>