Pruden Gartzia / Euskaltzain urgazlea

Pruden GartziaNola aldatu ditu Internetek gure prozesu kognitiboak?

Erantzuna: beti pantaila bati begira jarri gaitu, eta kitto.

Alegia, Internet aurretik ere baziren ordenagailuak; tresna astunak eta traketsak ziren orduan, baina agian, denboraren poderioz, arinduko ziren, gaur duten tamaina eta diseinua izan arte. Ez dakigu, baina pentsa dezagun baietz.

Baina Internetek ezaugarri berri bat ekarri zuen: Internet gabe ezinezkoa izango zen gaur egun edonoren esku, bere etxean, edozein ordutan, bere esku daukan informazio­ masa ikaragarria izatea. Pantailan, etxeko ordenagailuaren pantailan.

Adibide erraz bat: galdera bera irakurri eta nire buruari galdetu diot zer arraio ote den “prozesu kognitiboa”. Duela zenbait urte, ez nuen erraz izango galderari erantzutea. Etxean, onenean, entziklopediaren bat izango nuen, ez oso eguneratua apika, eta hantxe bildutako informazio guztia oso mugatua izango zen ziur aski. Hortik aurrera, hurrengo egunean biblioteka batera joan (handia edo espezializatua, jakina) eta liburu artean bilatzen hasi. Gaur egun hamar minutu aski dira pantailan erantzun oso zehatzak lortzeko eta, horretaz gain, gaian hilabete batez (gutxienez!) sakontzeko beste informazio kopiatzea. Aski da klik­klik­klik kateari segitzea. Aldaketa erabatekoa da, eta Interneti zor zaio, ordenagailuari beste (hots, ordenagailua Interneten aurrebaldintza da, baina berak bakarrik ez dakar aldaketarik).

Hortaz gain, jakina, komunikazioa dugu. Horretan ere ordenagailu­ pantailari (edo ordenagailu-txikiak diren smartphone ­pantailari) begira jarri gaitu, ia­ia edozertarako. Nola komunikatzen ginen lehen, nola orain… datu bakarra ere: informazio­masa ikaragarria transmititzen diogu elkarri, lanetik, etxetik edo tabernatik, edozein momentutan, modu indibidual zein kolektiboan, formatu oso desberdinetan.

Kasu guztietan Internetek pantaila bati begira jarri gaitu, horra auzia.

Betirako? Iraungo ote dute beste komunikazio formek, paperezko liburu eta aldizkariena barne? Ala pantailek guztia irentsiko dute?

Logikoa dirudi pentsatzea tamaina horretako aldaketa kuantitatiboak (informazio­ masa ikaragarria jasotzen eta transmititzen dugu orain, oso erraz eta etengabe) baita ere aldaketa kualitatiboak ekarriko dituela. Aspaldiko axioma filosofikoa da: aldaketa kuantitatiboek, lehenago edo geroago, aldaketa kualitatiboak dakarte. Nolakoak? Egia da, informazioa bezala, gure gogoa zatitu eta fragmentatuko zaigula, gure “prozesu kognitiboak” guztiz itzulipurdikatu arte?

Batek daki.

Edonola ere, Stanley Kubrick­en pelikula ospetsu hartako tximinoak bezala, agian pantailara begiratzeak guztiz aldatuko gaitu betirako, hala nola aldatu ziren tximino haiek, tximino izatetik gizaki izatera pasatuz, harri zapal beltz handi bati begira. Geu ere, pantailari begira, berdin. Eta, hartara, gizaki izateari utziko diogu, apika, supergizaki bihurtuz.

Baina ez dut uste.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>