Xabier Kerexeta Erro / Historialaria, kultur kudeatzailea eta ondare materiagabean aditua

Xabier KerexetaInternetek gure prozesu kognitiboak aldatu dituela ondorioztatzeko, lehenago baieztatu beharko genuke ezagutzen ditugula Internet iritsi arteko prozesuok. Historia ikasi dudala-eta, ahozko tradizioz jasotako ondare materiagabearen nondik norakoak interesatzen zaizkidala-eta, zilegi bekit datorrenari heldu aurretik iraganari erreparatzea. Bai ote? Ba al dakigu zer ikasten zuten eta nola barneratzen eta berenganatzen zituzten ikasitakoak gure aurrekoek?

Ez naiz ari araututako hezkuntzan ikasitakoaz. Oraintsu arte letratu gutxi batzuen formazio akademikora mugatu da hori. Ahotik belarrirako prozesu kognitiboak ere ezagutzen ditugu? Gainera, kontuan hartu behar dugu geurean prozesu kognitibo batzuk hizkuntza batean eta beste batzuk beste batean eman direla, eta hein handi batean euskaraz transmititutako ezagutzak eta balioak gutxietsi ahala gertatu dela euskararen galera historikoa. Euskaldun gazte jendearengan, apika, prozesua orain alderantzizkoa liteke: euskaraz jasotzen dute hezkuntza formala, eta erdaraz informala.

Baina hori, sinplekeria izateaz gain, ez da baliagarria lehen galderari ihardespena emateko: nola eratzen zen -Barandiaranen esapideari jarraiki- “mundua euskal herri-pentsaeran”? Non da giltzarria? “Sutondoan” -diote askok-, belaunaldiz belaunaldi, hain zuzen, eta belaunaldi-jauzi horretan aitonek eta batik bat amonek eragin handia omen zuten haurrengan gauzarik sinestezinenak ere sinestarazteko prozesuan. Erdiko belaunaldiek, sasoiko helduenek, prozesu kognitibo horietan parte-hartze handirik izan ez balute bezala. Hori ere ez ote den sinplekeria… transmititutako zeretan, eta nolakoetan, mendeetan zehar ia aldaketarik ez dela izan sinestea bezala.

Izan ere, ahozko tradizioaz jasotako prozesu kognitiboez ari garela, gutxienez bi atal hartu behar ditugu aintzat. Lehena da kontakizuna entzun, barneratu eta gero transmititzea, abaguneak hala eskatuta jendaurrean kontatuz, auskalo noraino modu kontzientean. Barandiaranek ederki zekien, informazioa biltzeko tenorean, ezin zela hurbildu informatzaileengana eta zuzenean galdetu: esan iezazkidazue dakizkizuen mitoak. Lehenik eta behin, mito kontzeptua ez ziotelako ulertuko; baina ulertarazita ere, askotan ez zutelako asmatuko zer esan. Gaia hizpide bilakatu behar zen, haren inguruan solasean egon eta gero. Orain axioma bilakatutako “izena duen guztia omen da” delakoa ere, bere aldaera guztiekin, informatzaileak jada kuestionatzen hasitako zerbait azaltzeko modua zatekeen, unean uneko errealitatera egokitzeko modua. Eta Barandiaranek “zer” asko jaso zuen, baina “nola” gutxi; alegia, informatzaileek berek oso gutxitan argituko zioketen non, noiz, zertan eta zer zela-eta ikasia eta irakatsia zuten kontatzen ari ziren hura.

Zaila bada ere, halako pentsamendua sortzeko eta zabaltzeko mekanismoez zer edo zer badakigu, eta gehiago ikas dezakegu. Askoz zailagoa da, ordea, aintzat hartu beharreko bigarren atala: jakitea nola hedatzen ziren kontakizun berberak Europa osoan barrena, eta bereziki Pirinioetako hainbat bazterretan, haranean haraneko hizkuntzez gaindi, hedatu ere. Ez naiz ari ipuinez, “beste asko bezala, bazen behin…” euskarazko formulak dioen bezala kontakizun ia unibertsalez, baizik eta mitoez, fisikoki leku hurbil batean finkatutako sinesmenez. Inoiz idatzi gabe, inoiz pulpitutik barreiatu gabe, elkarren berri batere jakin gabe, tokian tokiko toponimoetan kokatutako eta benetakotzat hartutako istorio harrigarriro berdinak topatzen ditugu, haien artean batzuetan ehunka kilometroko aldea egonagatik.

Badago lan pila egiteke, eta ez batere erraza, uler dezagun tradizional deitutako gizarteetan nola transmititzen ziren kontakizun mota horiek, hizkuntzen gainetik ere antzekotasun miragarriz. Pirinioez gaindiko joan-etorri kulturalak ipar-hego ardatzetan irudikatu ohi ditugu, eta ez arrazoirik gabe. Baina… nola da posible amak madarikatu Ataungo neska Agaramundako leizean erori eta haren besoa etxe ondoko zubipean agertzea… eta Ribagorçako Esplugafredan amaginarrebak madarikatu eta berdin gertatzea hango neska bati? Non sortu zen kontakizuna, nondik nora eta nola zabaldu zen, noren ezpainetan? Nola da posible iturri ondoko neskatxa baten atseden hartzeko gonbitari Vallfogona de Ripollèseko Plafalgars erraldoiak erantzutea Goierriko jentilak iturri ondoko alabari eman zion erantzun berbera, bi-biek zazpina zama gari sorbaldan zeramatzatela? Eta horrela, zientoka aurkitzen dira kointzidentziak. Argudia liteke funtsean Pirinioetako bizimodua berdintsua zela bazter guztietan, eta beraz mitoak ere bai. Bai, baina horrek ez dizkigu argitzen piriniarren ahozko komunikazio sistemak, ez belaunaldien artekoak, ez eskualdeen artekoak.

Eta aspaldiko kontu zahar hauek guztiek zer ikusi behar dute Internetekin? Egia esan, nik ere uste dut gure prozesu kognitiboak aldatu dituela: esaterako, gaitasun mnemoteknikoen kaltetan datuak elkar gurutzatzeko eta bilaketak egiteko trebeziak gara ditzakegu. Dena den, badirudi besterik espero genuela, Internet berez egundokoa bai baina azken finean tresna bat baizik ez dela eta prozesu kognitiboen muina gu geu garela ahantzita. Urteko galderari egindako hausnarketetan behin baino gehiagotan agertu da beldur bera: arrazoia nagusitu beharrean, azalkerian, arinkerian, sineskerietan, inpresioetan, aurreiritzietan oinarritutako pentsamoldea sustatzen omen du Internetek. Agian, alderantziz planteatu beharko genuke: Internetek bultzatu du irrazionaltasuna, ala pentsamendu irrazionalak baliatu du tresna berria? Nik, nondik gatozen ikusita, bigarrenaren alde eginen nuke. Halako aukera ez baliatzea ere… Ez dela egin modu sistematiko eta antolatuan? Jakina, horixe baita zenbait prozesu kognitiboren ezaugarria: inkontzienteki jardutea, baina ez haatik programatutako ikasbide zientifikoak baino indar gutxiagoz.

“Bitasuna” aspaldiko kontua da, beraz. Aldea zertan datza? Bada, lehen bi pentsamendu motak ongi bereiziak omen zeudela; gaur egun, aldiz, azti ez bagabiltza, ematen du nahas-mahas agertzen zaizkigula. Baina bada besterik: gaur egungo mundu hiperteknifikatuan, pentsamendu “zaharra” gainditua genuelakoan ez ote geunden, edo behinik behin gainditua izan beharko genukeelakoan… Hori ere ez ote den Ilustrazioaren ondoriozko positibismoaren mito bat, arrazoia nagusitu ahala munduak nahitaez “aurrera” egiten duelakoa…

Dagoeneko ez dugu sorginetan sinesten, eta pentsamolde mitikoaren azken adibidetzat jo genezake denok barre egiten diogun “bihurguneko neska”, jada klasiko moderno bihurtua. Baina ziur al gaude -gehienetan- naturaz gaindikorik gabe egunero Interneten aurkitzen ditugun istorio ustez benetakoak ez dituztela jende askok prozesu kognitibo berberez berenganatzen? Behiala sutondoan denetarik entzuten zen bezala, orain pantailan informatzen gara. Baina istorioak hain diferenteak al dira? Ondoko iturri edo leizean ez baina urrutiko eskualdeetan irudikatzen dira orain jende askoren gogoetan munduaren pertzepzioa elikatzen duten istorio franko. Egiaztatzeko modurik batere gabe, edo okerrago, gezurtaturik ere behin eta berriro sarean jira-biraka, “biral” bihurtuta. Idazten ari naizen une honetantxe, Unibertsitatean ikasi eta irakaskuntzan diharduen euskaldun batek facebook-eko “Hechizos y conjuros” orriaren mezu hau birbidali dit, irudia eta guzti: “Comparte a San Miguel Arcángel en tu muro y protégete contra todo mal”. Sikiera Aralarrekoa balitz!

Lehengo, oraingo eta ia-ia etorkizuneko jakintza zientifikoaren baliabideak geuregana ditzakegu: agiriak, liburuak, tesiak, estatistikak, pentsalarien gogoetak, metodoz bildutako datuak… Interneti esker inoiz baino eskuragarriago dugu jakinduria “objektiboa”. Baina klik baten distantzia baizik ez dugu sare sozialetara jo eta bertan topatzeko azken zurrumurrua, “legenda urbanoa”, aurreiritzi ideologikoz iragazitako azken albistea, filien eta (batez ere) fobien arabera geureganatua, gehienetan aldez aurretik gai bati edo besteri buruz pentsatzen genuena berrets diezagun. Baliabide tekniko sofistikatuen artean bizitzeak ez du berez pizten jakin-min zientifikoa, zentzu kritikoa hain gutxi! Ez da gauza berria: irratia eta telebista sekulako baliabideak izan dira -maiz nahita-, arrazoimena eta zientzia zabaltzeko baino areago, sentimenduak eta atxikimendu irrazionalak hedatzeko. XX. mendeko historiaren gertakizun ikaragarri asko dira horren lekuko eta ondorio.

Ustez kontrakarrean dauden bi pentsamolde horiek elkarrengandik ondo-ondoan, eta hain zuzen zientifikotasuna garaile behar omen lukeen garaiotan “galtzaile” ikusita, gutxienez bi jokabide izan ditzakegu:

Bata, eskandalizatzea eta borrokatzen saiatzea, besteak beste eduki zientifiko gehiago sareratuz, edo besterik gabe etsitzea eta irrazionalkeriaren inposaketa madarikatuz, betiere pentsamendu logikoaren eta ilogikoaren arteko mugak argi daudela sinetsiz.

Bestea, pentsamolde “zaharrak” teknologia berrietara nola egokitzen diren eta nola eragiten diguten aztertzea; besteak beste, manipulaziorako eta propagandarako bide berriak hobeto ulertzeko.

Bide batez, bigarren aukera horrek lagun liezaguke iraganeko ahozko prozesu kognitibo arautu gabe baina eraginkor haiek eta beraz gure arbasoen pentsaera hobeki ulertzen.

 


Xabier Kerexeta Erro, historialaria, kultur kudeatzailea eta ondare materiagabean aditua
www.kalegoi.com

2 pensamientos en “Xabier Kerexeta Erro / Historialaria, kultur kudeatzailea eta ondare materiagabean aditua

  1. Pruden Gartzia

    Mila esker, Xabier, gutxitan suertatu zait hain mezu atseginik irakurtzea.
    Eta bai, gure pentsamendua, argudiorik sinpleenetan ere apika, dikotomien arabera antolatzen dugu gehienetan, ia-ia konturatu gabe: arrazionala vs. irrazionala, modernoa vs. tradizional, etab. Zaila baita, bestela, argudio argirik ematea.
    Baina zaila bada ere, honetan lortu duzu, neuk behintza hau da ulertu dudana: izan gaitezen eszeptikoak “bitasun” horiekiko, errealitatea beti konplikatuagoa da.
    Ados.

    Responder
  2. Arantxa ugartetxea Arrieta

    Textu bikaina benetan. Inkonsziente kolektiboaren arazoa tartean dagoela gogoarazi dit, mundu hau ez ezaguna dugu neurri batean eta ezaguera honen garapena beharrezkoa dugu. Sinbologiaren hizkuntza eta irakurketak askotan eremu honetara garamatza… Arrazionaltasunak bere tranpak ditu, dena ez da 2+2=4 eta hein berean sentipenek bereak, non kokatzen dira azken batean integratzen ditugun zerako zerak? Mundu miresgarri batean bizi gara bai kanpora begiratzen dugunean eta baita gure barruko korapiloetara begiratzen dugunean. Honek denak jakinmina sortzen dit.

    Responder

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>