Joxerramon Bengoetxea / Zuzenbidean katedraduna

Joxerramon BengoetxeaGalderak berak erantzuna dakar: kultura humanistikoaren eta zientziaren arteko balizko banaketa legoke hezkuntzan, eta banaketa hori ezabatu nahi da galderaren arabera. Hasteko, ez dakit ezabatzea aditz egokiena den. Banaketa ezabatzen denean zein egoerara itzultzen gara? Behar bada berdintasunera? Batasunera akaso? Banatuta egotea gauza txarra al da? Ezagutza mota desberdinak badira, zergatik ez bereizi? Ados, baina bereizteak ez du, ez luke, baztertzerik ekarri beharko.

Nire ustez, abiapuntua da hezkuntza ereduen zergatia eta funtsa zertan datzan galderaren inguruko gogoeta egitea. Hona nire proposamena: gazteei ezagutzaren transmisioa ziurtatzea eta ezagutza berenganatzeko eta ezagutza sortzeko gaitasuna ahalbideratzea, alegia ziurtatzea gazteek beharrezko eta gutxieneko jakintza eta ezagutzarako tresnak edukiko dituztela heldutasunera heltzerakoan.

Asmo, funts eta jomuga horrek suposatzen du zutabe edo sail desberdinetako gaitasunak lortzea. Hona zutabeak inolako hurrenkerarik egin gabe:

  1. Zutabe batean ingurumenaren ezagutza, munduaren ezagutza (ekologia, natura, geografia)
  2. Beste batean zientziaren oinarriak ditugu (biologia, fisika, kimika);
  3.  Beste batean teknologiak, marrazketak eta eskulanak (zientzia eta natura aplikatuak);
  4. Beste zutabe batean matematikak, lengoaia, hizkuntzak, informatika eta musika;
  5. Beste zutabe batean gizartearen erakuntza eta bilakaera historikoa (soziologia, ekonomia, historia, erlijioen ezagutza)
  6. Beste zutabean gizartean eta urkoarekiko harremanetan sartzeko arlo praktikoa (zuzenbidea-eskubideak, etika, politika);
  7. Eta beste zutabe batean artearen adiera desberdinak eta pentsamendu kritikoa (arteak, literatura, filosofia),

Helburua da zutabe horiek biltzen dituen tresneria edo bilduma lortzea. Horrek emango digu gainera ikasteko aukera etengabea eta ezagutza berriak eta artefakto berriak sortzeko gaitasuna. Hori da pertsonok, hiritarrok daukegun altxorrik preziatuena.

Hau dena geureganatzeak denbora, giza baliabideak, baliabide materialak, sistemak eta erakunde egokiak eskatzen dizkigu, eta bereziki pertsona-ikasle osasuntsuak eta osoak eskatzen ditu: elikatze egokia, kirola, mens sana in corpore sano, emozioak -maitasuna, adiskidetasuna, enpatia, prebentzio afektiboa – eta balore espiritualak. Baldintza hauek familiatik, kuadrilatik, kultur eta kirol taldeetatik, erakundeetatik- pertsonengandik gertuen dauden erakundeengandik hain zuzen – bultzatu behar dira. Hezkuntza hori, hazkundea da, giza garapena da, gure jabetzarik aberatsen eta demokratikoena da. Edonora joaterakoan lekurik edo zamarik hartzen ez diguna, gurekin arin eta aise daramaguna beti leku guztietara.

Nire ustez zutabe horiek denak dira ezinbesteko eta denak suspertu behar dira. 18 urte bete arte esango nuke, ezagutza horiek denak landu beharko lirateke, eta 18 urte betetzean bereizketak egiten hasi. Unibertsitatean zutabe horietako batean sakontzean beti present edukiko dira beste zutabeetatik barne barnean lortutako guztia, motxila arin hori beti dator gurekin.

Amaitzeko, hezkuntza ereduak hori bermatu beharko luke, kezkatu gabe, galdetu gabe, ia zientzia den ala kultura humanistikoa den. Baina horretarako hezkuntza erakundeak behar bezala enfokatzen hasi behar dira, eta baita ere hezkuntzari lagundu diezaioketen beste erakundeak ere bultzatzen jarri: mass mediak, arteak, aisialdia, enpresak. Baldintza eta baliabideak behar dira eta jendartearen apostua da eskatzen dena, baina behar bada garrantzitsuena hezitzaile berriak eskatzen ditu, hezkuntza eta ezagutza maite dutenak eta berau transmititzearen garrantziaz jabetzen direnak, sormena eta ausardia bultzatzen dutenak. Eta erregulatzaileak, hori guztia erraztuz eta bultzatuz.


Joxerramon Bengoetxea (ehuGune, UPV/EHU)

Un pensamiento en “Joxerramon Bengoetxea / Zuzenbidean katedraduna

  1. Arantxa Ugartetxea Arrieta

    Bai ados. Nire ikuspegitik esan nahi dut kezkatuegiak gaudela jarritako helburuekin eta ez hainbeste NOLA lortzen dugun integrazio personal horrekin. NOLA horretan dago gakoa. Giza pedagogía da arazoa nire uzteetan. Aurrean ditugun ikesleentzat benetako serbitzariak gara? serbitzariak sentitzen gara edo titulu dunak? Interpretatu behar den lehenengo textua ikaslea bera da.

    Responder

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>