Pello Salaburu / EHUko Euskara Institutuaren zuzendaria

Pello SalaburuGaldera horrek badu azpian aurresuposizio bat, bi alde dituena: batetik, badirudi zientzia ez dela humanistikoa, eta beste zerbait dela. Bestetik, kultura “humanistikoa” ez da, antza denez, zientzia. Ezin naiteke bat etorri horrekin. Mediku batek norbait sendatzen duenean, kimikari batek ur zikinak garbitzeko sistemak aztertzen dituenean, fisikari batek gizakion osasuna hobetu eta bizitza urteetan luzatuko duen zerbait asmatzeko bidea urratzen duenean… ez dira kultura humanistikoa garatzen ari? Edo zer da hori, kultura humanistikoa ez bada? Ez humanistikoa beharbada? Hizkuntzalari bat -zerbait hurbilagoa aipatzeko- hizkuntzaren ezaugarriak zehaztu nahian, gizakiok dugun gaitasun izugarri hori burmuineko prozesuekin nola lotzen den ikertzen ari bada, jakin nahi nuke zer egiten ari den zientzia ez bada.

Hala ere, egia da galderan proposatzen den zatiketa hori zatiketa naturaltzat hartu izan dela anitzetan, eta jendeak baduela joera hori horrela dela onartzeko. Hola, humanismoa kulturarekin lotzea naturaltzat hartzen da. Betiere, jakina, norabide bakarra duen kulturarekin lotzen da, zoritxarrez. Zientzialari batek ez badaki nor den Schumann, edo zer pintatu zuen Grecok, edo nor den Baremboin, edo zer idatzi zuen F. Scott Fitzgeraldek “inkultua” eta ezjakina dela entzuteko arriskuan jartzen du bere burua. Aldiz, naturaltzat hartzen dugu idazle batek, edo ekonomialari batek, demagun, ez jakitea zer den termodinamikaren bigarren legea, zer den epigenetikaren oinarria, zer erakutsi zuen Euklidesek. Ez zaio, beharbada, burutik pasatuko Maxwellen ekuazioek badutela zerikusia sakelan egunero sartzen duen telefonoaren funtzionamenduarekin, baina horrek ez du garrantzirik. Musikaz, arteaz, literaturaz … dakiena pertsona ikasitzat hartzen dugu, kultura humanistikoaren jabetzat. Zientzietako oinarriez ideiarik ere ez izateak, ordea, ez dakar berarekin norbait eskolagabetzat hartzeko arriskurik.

Ez dut uste hori batere egokia den, kulturaren kontu horiek, eta humanismoaren kontuak, bi norabidekoak baitira. Batez ere gero eta konplexuago den mundu honetan. Hesiak jartzea arriskutsua da.

Bistan da, zalantza gabe, norbait kuadro baten pintatzen ari bada, eta aldamenean baldin badu beste norbait ekuazio baten ebazpena bideratzeko ahaleginetan, bi lagun horiek eginkizun aski desberdinak egiten ari direla. Baina bereizketa horrek ez du zerikusirik kulturaren, humanismoaren edo zientziaren ezaugarriekin. Ezin dira gauzak nahastu. Hori erakutsi behar luke hezkuntza orekatu batek: zer beraren bi alderdiak lantzea ezinbestekoa dela kultura humanistikoan. Ez dezagun ahaztu zientzia dela, segur aski ere, gizakiok garatu dugun eraikin kultural eta humanistiko handien eta  harrigarriena.


Pello Salaburu
Zuzendaria-Director
Euskara Institutua
Instituto de Euskara
Basque Language Institute
www.ei.ehu.eus

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>