Maialen Iraola Azpiroz / UPV/EHUko ikertzaile posdoktorala Hizkuntzalaritzan

Maialen Iraola Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik gizakia gaur egun elebiduna dela esango nuke. Baina zer da elebidun izatea? Kalean edozeini galdetzen badiogu, zera esango digu: <<bi hizkuntza dakizkien pertsona, hau da, bi hizkuntzetan ezagutza natiboa izatea>>. Elebidun hitzaren esanahiari hurbilago begiratzen badiogu aldiz, segituan jabetzen gara faktore asko daudela jokoan errealitatean. Hala nola, haurtzarotik bi hizkuntzetan inputa jaso den edo hizkuntza batez haurtzaroan jabetu den eta bestea beranduago ikasi duen, bi hizkuntzak egunerokoan erabiltzen diren, hizkuntza bat ulertu eta hitz egin baina beste bietan ulermena bakarrik adierazten den etab. Elebitasunaren gainean dihardugunok ez dugu lan makala izaten aldagai hauek guztiak kontuan hartzen ikertzerako garaian eta saiatzen gara ahalik eta zorrotzen partaideak sailkatzen. Ondoren datorkigun “oztopoa” edo pertsona elebakarrak aurkitzea da -gure ikerkuntzarako beharrezkoa dena-, izan ere oinarri baitira elebidunen patroiekin konparatzeko. Zer esanik ez, kontua nola korapiltzen den euskararen jabekuntzan eta garapenean jarduten dugunontzat, euskara hutsik dakienik aurkitzea ezinezkoa baita gure elebitasun sozialean.

Ikerkuntzan elebakar eta elebidunen alderaketa normaltzat hartzen da nahiz eta hainbat ikerlarik, Grosjean psikohizkuntzalari frantzesa tartean, aspaldidanik jarri zuten zalantzan. Haren arabera, elebiduna ez da bi elebakarren bateratzea eta hori dela eta, ez da bidezkoa ikerkuntzan de facto egiten den konparaketa (Grosjean 1989). Elebidunak osagarritasun printzipioaren (Complementarity Principle) arabera jokatzen dute, hau da, hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzte helburu ezberdinetarako, bizitzako hainbat arlotan, pertsona desberdinekin. Nire kasuan, unibertsitatean gehienbat ingelesa erabiltzen dut, kalean eta senarrarekin alemana, orain dela gutxi zendu zitzaidan attonarekin gaztelania eta etxekoekin berriz euskara.

Egun hain arruntzat jotzen dugun fenomeno indibidual hau, izan ere, ezin dugu ahaztu munduko biztanleriaren erdia baino gehiago perfil honen barnean sartzen dela, orain dela ez hain gutxira arte ez zen begi onez ikusten. XX. mendearen erdialdean eta aurreraxeago ere, elebitasunak hizkuntzaren jabekuntzan atzerapena eragiten zuela pentsatzen zen. Gaur egun badakigu hori ez dela egia haurrak bi hizkuntzetan kalitatezko eta kantitatezko inputa jasotzen badu. Elebitasun gaiak ikerkuntzan izan duen ibilbideari erreparatuz gero, elebitasuna haurren garapen kognitiborako kaltegarri izatetik onuragarritzat hartu da. Esaterako, hainbat ikerlanek elebitasunaren onura aldarrikatu dute elebidunek zeregin metalinguistikoetan elebakarrek baino hobeto jokatzen dutela argudiatuz. Hain zuzen ere, elebidunek estimulu jakin batzuei soilik erreparatzen die besteei kasurik egin gabe, jokaera ez horren zaila elebidunentzat, horretara ohituta baitaude beren egunerokoan, bi hizkuntza jakinda ere, bat eragotzi egin behar izaten dute bestea lehenetsiz. Elebitasunaren abantailari buruzko eztabaida puri- puruan dago, eta ez naiz ni hasiko baloratzen zeinek duen arrazoi. Elebitasunaren onurak beti defendituko ditut, ikerkuntzan oinarritu gabe ere, elebidun izateak hainbat abantaila dakarzkiela begi bistakoa baita. Batzuk aipatzekotan, kultura eta hizkuntza berriak ezagutzearekin batera norberaren pentsaera zabaltzea, lan merkatuan enplegu-aukerak areagotzea, jende gehiagorengana hurbiltzeko aukera eta abar.

Elebidun izatea askotan ez da norberaren hautua, nire kasua barne, inguruko edo egoera pertsonalek ezarria izaten da maiz. Ez dago zalantzarik, hemendik urte batzuetara gizakia definitzerakoan elebidun baino eleanitzat definitu beharko dugula, eleaniztasunak goraka egingo baitu egun Europan ditugun migrazio mugimenduei begiratzen badiegu. Eleanitzen kopurua gehitzea baikortzat jotzen dut hizkuntza berriak ikastea beti ere aberasgarria delako nahiz eta ikerkuntzarako erronka handiagoa izango den. Plus bat, hau da, gehitu kendu gabe. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure ama-hizkuntza zokoratu behar dugunik. Askoz gehiago apreziatzen ikasi behar dugula esango nuke, izan ere, hainbat ikerlanek erakutsi duten bezala, erabakiak ez dira berdin hartzen ama-hizkuntzan edo bigarren hizkuntza batean (Keysar et al. 2012, Costa et al. 2014). Dirudienez bigarren hizkuntzan erabakiak hartzen ditugunean era arrazional eta objektibo batean jokatzen dugun bitartean ama-hizkuntzan berriz emozioek zeresan handiagoa dute. Hortaz, hurrengo batean erabaki bat hartzerakoan, ondo pentsa ezazu zein hizkuntzatan hartu, ondorioak ezberdinak baitira! Gauza batzuetarako, beraz, agian aukeran hobe ama-hizkuntzara jotzea!

Bibliografia

Costa A., Foucart A., Hayakawa S., Aparici M., Apesteguia J., Heafner J.(2014). Your morals depend on language. PLoS ONE 9:e94842 10.1371/journal.pone.0094842

Grosjean, F. (1989). Neurolinguists, beware! The bilingual is not two monolinguals in one person. Brain and Language, 36, 3-15.

Keysar B., Hayakawa S. L., An S. G. (2012). The foreign-language effect thinking in a foreign tongue reduces decision biases. Psychol. Sci. 23, 661-668 10.1177/0956797611432178

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>