Oihane Korres Alonso / Doktorea Hezkuntzaren Berrikuntzan. Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea Deustuko Unibertsitatean

Oihane KorresZer esan ez dakidala geratzen naiz. Galdera eskerga da. Zer da gizakia izatea gaur?  Ia izutu egiten nau. Gizakia, alde batetik, eta gaurkotasuna, bestetik. Termino iheskorrak dira, begirada bakar batekin heldu ezin direnak. E-maila itxi, eta ikasleen lanak zuzentzen jarraitzen dut. Baina galderak hortxe dirau. Jakin-minaren arrak barrutik dabilzkit. Buruan daukat bueltaka galdera, alde batetik bestera… Eta, bat-batean, gelditu egiten naiz. Hori da. Gaur, gizaki izateak, atzo bezalaxe, erantzunen beharrean du oinarrietako bat. Erantzunen behar honek ekarri ditu azken mendeetan ezagutza zientifikoan izan diren aurrerapenak, eta, era berean, aurrerapen horiek bizitzeko eta bizitza ulertzeko moduak eraldatzen joan dira. Gaur atzo baino gehiago dakigu, baina bihar baino gutxiago.

Nire interesa ase nahian, informazio bila jotzen dut. Non bilatzen ditugu gaur ezagutza eta erantzunak? Interneti bota diot galdera, eta honek ematen dizkidan milioika erantzunetan galtzeko aukera eskaintzen dit. Ikuspuntu anitzetatik aztertu daitekeen galdera dela pentsatzen dut (biologikoa, filosofikoa, antropologikoa…). Erantzun zehatzik ez duena. Zientzia ezberdinek ekarpenak ekarri dizkiote gizakiaren definizioaren garapenari, eta guztien elkarreraginean egongo da gizakia zer den ulertzeko abiapuntua.  Ez daukat ezagutzarik, ez adorerik, horrelako galdera zabal bati erantzun borobil eta oso bat emateko; konturatzen naiz. Baina, gizakia gizakia den heinean, bakarra da, eta badauka gizakia zer den ulertzeko modu propioa. Hau da, gizakia gizakia bera definitzeko hausnarketa eta iritzi pertsonala izatea ere bada. Gizaki bakoitzarentzat gizaki izatea ezberdina da. Eta, hona hemen, nire abiapuntua. Garatzen nagoen erantzun / ez erantzun hau neurea da, neure ikuspuntuak baldintzatua (neure testuinguruak, familiak, lagunek, bizipenek, lanak…).

Ordenagailura bueltatzen dut begirada berriro ere. Artikulu zientifikoak, foroak, liburuak… informazioa bor-bor pantailaren beste aldean. Ukaezina da gaur informazio eta komunikazioarenteknologiek (IKTek) duten eragina…, pentsatzen dut.  Bai, teknologia sortu eta bere onurarako garatu duen izakia ere bada gizakia. Historian zehar, gizakiak teknologia berriak sortu, garatu eta horiekin elkarbizitzeko gai izan dira, kasu batzuetan, hauen inguruko eztabaidak eta borrokak jazo badira ere. Izan ere, gizakia beldurtia ere bada. Berritasunaren beldur gara,gure pentsaerak, gure harremanak, gure jokabideak… egokitu eta aldatu behar izatearen beldur. Segurtasunaren besoetan sentitzen gara eroso. Beraz, gaur egun, teknologia berrien inguruan dagoen eztabaida ez da berria. Baina badakigu, modu batean edo bestean, gizakiak beti egokitu izan direla testuingurura. Bai, gizakia izatea gizartean gertatzen diren aldaketa eta aurrerapenei egokitzea ere bada, beldurrak beldur.

Gaur egungo gizartean, IKTek eragin handia dute, besteak beste, ekonomia eta kultura arloan, hezkuntza prozesuetan, eta giza praktiketan. Gauzak horrela, IKTen erabileraren hezkuntzan jarri behar dugu arreta, hartara, garapenaren motor bihurtu daitezen.Teknologiaren berrikuntzak gizartearen garapen justu eta jasangarrira bideratu behar dira, gure testuingurua eta gizaki ororen bizi kalitatea hobetzeari begira. Eta, horretarako, gaurko ikasleak trebatu behar ditugu teknologia berrien erabilera kritiko eta zentzudunean, etorkizunean bideak aurkitu eta garatu ditzaten,IKTak gizartea eraldatzeko baliabide izateko. Izan ere, gizakia izatea beti garatu eta aurreratu nahi izatea ere bada. Beti nahi dugu sortu, asmatu, aurrera egin. Baina garapen horren funtsean dago gakoa.

Orokorrean, zientzian edo teknologian egin diren aurrerapenek onurak ekarri dizkiote gizakiari, bizitza erraztu eta erosoagoa egin digute. Gehiegi ez ote den galdetzen diot neure buruari batzuetan. Alfertasunak eta nagiak ez ote gaituzten materialismoaren zerbitzuraitsu-itsuan jarri.Produzitu eta kontsumitu gurpilean ez ote garen ongizate materialaren besoetan lo geratu. Gelditu egiten naiz. Agian, bai. Aurrerapenak ez dira munduko bazter guztietara hedatu. Oinarrizko teknologiak ez dira heldu gizaki askoren bizitzetara. Ezta gutxiagorik ere. Teknologiaren garapena aurrera doan heinean, herrialde eta herritarren arteko ezberdintasunak handituz doaz.  Badakigu teknologiak indar ikaragarria duela testuingurua eraldatzeko, baina, betiere, guk egiten diogun erabileraren araberakoa izango da sortuko duen aldaketa. Bai, gizakia izatea testuingurua eraldatzeko gaitasuna izatea ere bada(eta teknologiakhorretarako baliabide izan daitezke). Teknologien zabalkuntza egoki eta unibertsalak murriztu ditzake munduan dauden desparekotasunen arteko distantziak, eta, egun, gizaki anitzek bizi duten bazterketa sozial, kultural edota ekonomikoa gainditzeko lagungarriak izan daitezke; esaterako, informazioari eta hezkuntzari sarrera zabalduz. Hona hemen hezkuntzaren garrantziari beste interpelazio bat.

Telefono hotsak esnatu nau neure baitatik. Aspaldi entzuten ez nuen lagunaren ahotsak zirraraz beterik agurtu nau. Faltan nuen neuk ere. Txikitatik lagunak, bata besteari josita heziak. Baina, bizitzak aurrera egin ahala, gure harremana aldatzen joan da. Gizakia izaki soziala ere bada. Talde baten partaidesentitzeko beharra dugu, ezinbestekoa zaigun laguntza eta giza baieztapena ematen diguna. Baina, zelakoak dira giza harremanak gaur? Bai, askotan, eta gero eta gehiago, teknologiaren bidezko alegiazko interakziokoak. Nohizean behin, mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri lagunak eta biok. Whatsapp talde bat ere badugu, gazte garaietako beste lagun batzuekin batera, eta hor argazki eta esaldi hutsak elkartrukatzen ditugu. Facebooken ere jarraitzen diot arrastoa, badakit non eman dituen oporrak eta norekin hartu zuen kafea atzo. Aurrez aurreko elkarrizketa sakonak ditut faltan, begiraden kontaktua. Lagunari aspaldi ez diot besarkadarik eman. Hori bai, emotikono maitagarriak bidali dizkiot inoiz. IKTek giza harremanak eraldatu dituzte. Gero eta konektatuagoa dagoen mundu honetan, gero eta deskonektatuagoak bizi gara.

Kontraesanetan bizi den gizakia dugu gaurkoa: kontzientzia ekologiko handia dugun arren, egunero joaten gara autoz lanera; gizarte zabal eta irekia aldarrikatzen dugun arren, mugak eta harresiak jartzen dizkiogu ezezagunari, ezberdinari edo urrunekoari;mundu bidezkoa  eta baketsua eraiki nahi dugula esan arren, bidegabekerien aurrean, begirada alboratu eta gure erosotasunean murgilduta geratzen gara… Baina etorkizuna gure esku dago, eta horrek ematen digu gizatasunean sinesteko itxaropena.

Ideia batetik bestera etengabe noa saltoka nire erantzun / ez erantzun honetan zehar. Amaierarik gabeko eztabaida sor dezakeen galdera dela pentsatzen dut. Aipatu eta garatu gabeko hainbat ideia utzi ditut bidean.  Badakit. Baina gaur gizakia zer den definitze honetan eman dut, neure barne hausnarketaren aldetik behintzat, aurrerapauso bat. Eta buruari bueltak ematen jarrituko dut. Hausnarketaren inguruko hausnarketek ere egiten gaituzte gizaki. Iraultza zientifikoa jazo da. Iraultza teknologikoa jazo da. Agian, kontzientzien iraultzaren garaia da. Eta utzi iezadazue galdera baten erantzuna beste eztabaida baterako lekua eskatzen duen galdera batekin amaitzen:  zelako gizakia izan nahi dugu bihar? Biharkoa irudikatuz egin genezake gaurkoa.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>