Iker Iraola Arretxe / Parte Hartuz ikerketa-taldeko kidea, EHUko soziologia irakaslea

Iker IraolaEusko Ikaskuntzaren ehungarren urteurrenaren testuinguruan garatzen ari den prozesuan, aniztasunari eta kohesioari buruzko lan-taldean jarduteko aukera izan dut azken aldian. Euskal Herriaren etorkizunaren gai zabala, beraz, aspektu horietara mugatuta zertzelada batzuk emango ditut jarraian.

Aniztasuna gai konplexua da, zabala, eta maiz hitz politetara mugatuta jorratzen dena, ikuspegi errealista orotatik urrunduz tamalez. Gizarte guztiak anitzak dira, kontua da aniztasun hori nola antolatzen den, zein ondorio dituen berdintasun sozialari dagokionez eta, finean, berarekin batera doazen botere harremanak nolako justiziaz (edo injustiziaz) eratzen diren. Izan ere, aniztasuna positiboa dela aldarrikatzearekin, besterik gabe, ez da aurrerapauso handirik ematen. Aniztasuna gure gizarteko menderakuntza forma desberdinekin lotzen saiatu behar gara, hortaz.

Migrazioetara mugatuz, aniztasunaren kudeaketaren afera daukagu, Europa mendebalde guztian bezalaxe Euskal Herrian ere etorkizuneko gai garrantzitsua dena, zalantzarik gabe. Kudeaketa hori ez litzateke gai kulturaletara eta identitarioetara mugatu behar, eta bere alde materiala ere kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, askotan immigrazioaren kudeaketa gutxiengoen “onarpenera” mugatu ohi da, aipatu beharrik ez dagoen “gehiengoak” egiten duena. Onarpen hori, gainera, diferentzia kultural hutsetan egitean, kutsu folklorikora mugatzea izan dezake ondoriotzat. Euskal Herrian, dena den, baditugu berezitasunak eremu honetan; gaia behatzeko dugun kokapenaren arabera, gurean ez dago hain argi zein den “gutxiengoak” onartuko dituen “gehiengoa”, hizkuntzaren kasuan adibidez. Horrek ahalegin bereziak eskatuko ditu eta, espero dezagun, gauzak hobeto egiteko aukera irekiko du.

Migrazioen kasuan, garrantzitsua iruditzen zait kontuan hartzea halako prozesuek astia behar dutela, eta gaur egun urgentziak diruditena denborarekin erlatibizatu ohi direla. Euskal Herrian badago esperientzia handia immigrazio gaietan, jatorri eta lege nahiz estatus egoera oso desberdinez ari bagara ere. Zentzu horretan, eta immigrazio gaietan adituak direnek dioten moduan, berebizikoa gertatzen da etorri berrien seme-alabak, edo belaunaldi gazteenak, bizi diren gizartean bereizkeriarik gabe txertatzea. Horretan hezkuntza sistemak berebiziko egitekoa dauka, eskolak bakarrik guztia egin ezin duela jakitun garen arren. Hor dugu etorkizuneko beste erronketako bat, euskararen kasuan nahiz berdintasun sozioekonomikoarenean.

Belaunaldien arteko arrakalaren auzia ez da migrazioen aldagaia sartzen dugunean soilik garrantzitsua suertatzen. Euskal Herriaren geroan eta kohesioan pentsatuz, nabarmendu beharrekoa da belaunaldien arteko aldea etorkizunerako espektatibei dagokienean. Ongizatea, erlatiboa bada ere, ezin da adin batetik gorako batzuen pribilegioa izan.

Aniztasunaz ari garenean, herritartasunaz ere ari gara, eta berarekin batera doazen eskubideez. Hainbat arlotan eskubideetan eta ongizatean atzerapausoak bizitzen ari garen testuinguru batean murgildurik gaude, nazioarteko zurrunbilo batean. Hainbat egilek dioten moduan, eliteak euren komunitateetatik askatzen ari dira, eta XX. mendeko bigarren erditik aurrera nolabait garatu zen hitzarmen soziala apurtzen ari dira. Testuinguru zail horretan, Euskal Herrian etorkizuneko erronka dugu euskal herritartasuna sortzea, bertan bizi garen guztiona izango dena, eta ongizatean eta genero berdintasunean aurrerapausoak eragingo dituena. Herritartasuna eta komunitatea beti beste batzuekiko definitzen denez, garrantzitsua izango da prozesu horretan barruko “bestetzat” hartuak izan ohi diren etorkinek zein paper jokatzen duten, beti ere aniztasuna kohesioarekin lotu behar dela kontuan izanez; eta, noski, hori erraza ez dela onartuz.

Aniztasunaren eta kohesioaren eztabaida burujabetzaren auziari loturik doa. Aniztasunaren kudeaketa (migrazioei loturik batez ere, herritartasun politikak -nazionalitate edo naturalizazio politika izen adierazgarriak hartzen duten horiek- beti nazio-estatuen esku daudela erakusten digun bezala) subiranotasuna duen eremu erakundetu batek burutzen du. Erronka horiei guztiei aurre egiteko, beraz, ezinbestekoa izango da Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanei eta loturei heltzea, eta burujabetza erreala erdiesteko aukera izatea, estatu propioaren aukera barne.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>