Rosa Miren Pagola / Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea

Rosa Miren PagolaEusko Ikaskuntza sortu zenean idazpuruko galdera hori gori-gori zegoen. Hemeretzigarren mendearen azken aldetik euskararen eta euskal kultura eta izaeraren egoera zailaren kezka larria bizi zen. Edonola ere, ez zen orduan sortutakoa. Tamalez, gure garaietara iritsi den euskararen historia osoan eten gabeko galera agertzen baita. Horregatik, nire autua mendeurreneko galderan bide horretatik doa: Ziurtatua al dago euskararen erabilera Euskal Herriaren geroan?

Ezin da esan aro txarrean bizi denik euskara. Alderantziz baizik. Euskararen presentzia ugaria da: irakaskuntza maila guztietan, hainbeste kultur ekintza, jaialdi, ospakizun, horrenbeste idazle eta argitalpen, esatari bikain, …, eskaintzen zaion laguntza eta egiten den lana ere beste hainbeste.

Hala eta guztiz ere, eta aroa ontzat jo daitekeen arren, horrek ez du saihesten denok ohartzea euskara arriskutan dagoela eta, beharbada, inoiz baino handiagoan ez ote dagoen ere geure buruari galdetzea. Bertako beste gure hizkuntzek euskaldun mintzatzaileon artean ere eragin handia dute. Batez ere, gu geu garelako egokitzen direnak inoren hizkuntzara. Gizarte harremanetan, ordea, nola uko egin gizabidetasunari?

Urteko galderaren inguruan, euskararen sustapenari dagozkion eztabaidagai diren hiru puntu ekarriko nituzke:

Euskara eskolan

Euskararen irakaskuntzan eta euskaraz ematen diren ikasketetan egin den lana sekulakoa eta probetxurik handienekoa da. Hala ere, ez da zaila ohartzea ikasleek, euskaraz aritzeko arazorik ez izan arren, zein erraz, zein maiz, erdara erabiltzera jotzen duten elkarren artean. Horren arrazoiak ezin zaizkio irakaskuntzari leporatu. Euskararen irakaskuntza, euskara bera bezala, inguru eta alderdi askotatik dago harrapatua, baldintzatua. Gizarteko eremu eta harreman gehienetan, ikasleen elkarren artekoetan, maiz familiakoetan ere.

Bada beste talde bat, ez hain txikia, euskararen irakaskuntzarekin, eta ondorioz, euskara berarekin erdi nazkatua amaitzen duena. Kasu horiek ere kontutan hartzekoak dira, eurengatik eta horien arrazoiak aztertzeko, noski, baina baita eskolan bertan nahiz gizartean izan dezaketen eragina ahal den neurrian saihesteko. Arreta berezia eskaini beharko litzaioke arazo honi.

Beraz, galdetzekoa ez ote da euskararen irakaskuntzan, euskarak bizi duen ingurugiro horretatik nolabait alde eginez, metodologia berri bat aproposagoa aplikatu ahal izatea? Euskararen irakaskuntzari marko berezi bat eskainiz, beharbada beste asignaturen arauetara guztiz lotzen ez dena, eta, noski, metodologia berri horrek hastapeneko mailetatik hasita, ez al lituzke erdietsiko emaitza eta ondorio hobeagoak?

Euskararen irakaskuntzaren erronka nagusia hortxe datza: ikasleek euskara bere hizkuntza egitea eta horrela sentitzea, harrotasunez ere, agian. Hori lortzeko, gizarteko eragile guztiek, hezkuntza sailaren lidergoaz, parte hartu beharko lukete bide berri hori bilatzen. Hor dago gakoa eta hori lortuz, egunean eguneko gainerako ekintzak haren eskutik etorriko lirateke.

Euskara gizartean

Euskara gure kulturaren parte dela esan ohi da. Kulturan gizakiaren bizimoduko dena sar daiteke, lanak eta atsedenaldiak, jaialdiak eta hiletak, jokoak, bizitzako ohiturak, erlijioa… Baina hizkuntza gizarte bateko kulturaren gainetik dago. Ez da zuzenean kultura, kultura bera eta gainerako guztia aditzera emateko erreminta baizik, eta kultura bera egiteko tresna ere bada. Baina izan, benetan izan, gizarte baten nortasunaren ardatza da, gizarte hori egiten duena. Horixe da hizkuntza, eta horixe da euskaldunontzat euskara. Hain zuzen, hizkuntza bera dugu gure herriaren izen: “Euskal Herria”.

Aitortu behar da ahalegin horretan buru-belarri murgilduak gabiltzala eta baliabide handiak sartzen ere bai. Zer gehiago egin daitekeen geure buruari galdezka, bai, baina irtenbide berriak ez dira nolanahi ikusten. Gizarte euskalduna kontzientziatu egin behar da. –Gehiago oraindik?, esango du norbaitek. –Bai! erantzun behar da. Erdarara jotzen badugu euskaldunok geure artean hain maiz egunean zehar, nola eska diezaiekegu gazteei euren artean euskaraz egiten saia daitezela?

Adibideak nahi adina aipa daitezke, baina hain ugaria eta handiak dira euskarari egiten zaizkion gutxiespena eta kaltea jokabide horiekin ezen, beti beharko genukeela denok erne egon hain kontraesan nabarmenarekin.

Euskara Batua eta euskararen aldaerak

Gai hau delikatuxeagoa dela esan daiteke, baina badu honek ere hausnarketaren baten beharra, euskararen egoerarekin zerikusirik baduelako. Delikatua ez dauka zergatik izan, gaiaren ikuspegia ez baita euskara kultuaren erabilerarena, jendearen hizketa arruntarena baizik, herriko edo lurraldeko hizketa propioarena.

Euskara batua, zorionez, oso ongi garatu da. Eta urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi, irakaskuntzaren eraginez batez ere, Batua berez zabaldu da eta bide horretatik jarraituko du. Baina hori esanda, honako hau ere esan behar da: herriko euskarari eutsi egin behar zaiola ezbairik gabe. Euskalkietan hitz egiten dutenengatik eta hizkuntza berarengatik ere, noski. Baina, bada beste faktore bat ere kontutan hartu behar dena eta hemen azaltzen ari garenarekin lotzen dena: euskal gizarte berri-gazteak behar duelako herri hizkeren presentzia sumatu, ukitu, entzun. Aldaeren erabilera areagotu egin behar da baita irakaskuntzan ere. Horrek hizkuntzari xarma, hurbiltasuna, sinesgarritasuna eta indarra ematen dizkio eta, ondorioz, bermetasuna ere. Horra mende honetan dugun beste erronka. Lortzeko kapaz ote gara?

Eta, galderarekin baino, dei batekin amaituko nuke: herri bat garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako, erna eta altxa gaitezen!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>