Xabier Alkorta / Eusko Ikaskuntzako XVIII. Kongresuaren eta Mendeurrenaren lehendakaria

Xabier AlkortaGure herriaren etorkizunarekin kezkatuta eta atxikituta zeudelako, Euskal Herriko lau Foru Aldundiek Eusko Ikaskuntza fundatu zuten orain dela 100 urte.

Garai hartako egoera ez zen xamurrena: unibertsitatearen falta, euskararen ahultasuna, emakumeen bazterketa, gatazka ideologikoa, elizatik jasotako zentsura, Lehen Mundu Gerra… Hala ere, gure sortzaileek zailtasun hauek gainditu eta Eusko Ikaskuntza abian jarri zuten.

100 urte pasa dira eta Euskal Herria eta Eusko Ikaskuntza orduan pentsa ezinak ziren baldintzetan bizi dira gaur egun. Noski, hau guztia, oso pozik egotekoa da.

Hori bai, hona iristeko hainbat zailtasun eta une txar gainditu behar izan dira: Bigarren Mundu Gerra, Gerra Zibila, 40 urteko diktadura –eta berarekin Eusko Ikaskuntzaren zokoratzea–… besteak beste. Orain, hemen gaude, zorioneko egoera batean. Eta orain dela 100 urte bezala, inork irudikatu ezin duen etorkizunari begira gaude, galdera honi erantzun nahian: gure geroa, zer eta nola?

Orain dela lau urte Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak prozesu parte-hartzaile bat abian jarri zuen. Bertan, orainari eta geroari begira gure gizarteak zituen erronka nagusiak zeintzuk ziren identifikatzea eskatzen zen.

Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, lehentasunezko bost eremu edo gai identifikatu genituen: gizarte eta kultura, euskara, etorkizuna irudikatu, ekonomia eta enpresa ereduak eta lurraldetasuna eta gobernantza demokratikoa.

Azken bi urteetako lanari esker, eta bost eremu hauen gainean gogor lan egin eta gero, hamaika lerro nagusi indarrean jartzea lortu dugu. Eta otsailean, gai hauei lotutako hausnarketaren berri emango dugu, gure ‘liburu berdea’ argitzerakoan.

Hala ere, gure azken helburua ez da liburu berdea argitaratzea, liburu zuria osatzea baizik. Liburu zuri hau lehen aipatu ditudan 11 gaiei lotutako planteamendu propositibo batekin etorriko da, geroari begira egina egongo dena eta gure indargune, baliabide eta ‘kapitalak’ kontuan hartuko dituena.

Ez dugu uste etorkizuna berez etorriko den zerbait denik. Ezta gutxiago ere. Etorkizuna guztion artean eraiki behar dugun herri-egitasmoa dela uste dugu. Eta hemen Eusko Ikaskuntzak bere burua modu natural batean kokatua ikusten du; aniztasuna kontuan hartzeko gai izan garelako, euskal herriko lurralde osoa kontuan hartzen dugulako eta dinamika berritu honetan erakundeak, unibertsitateak, gizarte eragileak eta baita norbanakoak biltzeko gai izan garelako.

‘Liburu zuria’ denon artean idazteko bi eginkizun nagusi izango ditugu 2018rako. Hori bai, bi eginkizun hauek gure mendeurreneko kongresuaren aurretik burutu beharko dira. Lehenengoa, martxorako burutuko dugu eta, bertan, mahaiak antolatu, herritarren ahotsa entzun eta kezka eta galderak jasoko ditugu. Bigarrena, uda aurretik bukatuta izan beharko dugu, eta, honetan, gizarte foroak eta aditu eta arituen erantzunak bilduko dira.

Liburu zuri honetan gure herriaren geroa irudikatu nahi dugu: jasangarriagoa, ezagutza zentroan jartzen duena, Europa demokratiko batean ondo kokatua dagoena, eskubide pribatu nahiz kolektiboak errespetatzen dituena, anitza, lehiakorra, ongi izatea bermatzen duena, ezberdintasunari -generoa barne- aurre egingo diona, irekia, gure kulturan oinarritua eta euskalduna, hori baita gure kohesiorako giltza nagusia.

Errazagoa da, noski, amets egitea benetan amestutako hori gauzatzea baino, eta horregatik eman nahi diogu duen garrantzia bideari, esku hartzeari, giza kapitalari… Egitasmo honek partekatua izan behar duela uste dugu. Saiatzen ari gara. Horren lekuko dira, hain zuzen ere, orain arte lortu ditugun 800 bidelagunak, orain arte idatzitako lerroak haien laguntzarekin eginak direlako, eta gelditzen direnak beste hainbesterekin partekatu nahi ditugulako.

Horrekin guztiarekin iritsi nahi dugu Baionan hasi eta Oñatin bukatuko den XVIII. Kongresura, Gasteiz, Iruña, Bilbo eta Donostiatik pasa eta gero. Gainera, lelo adierazgarria aukeratu dugu Kongresurako: ‘GEROA ELKAR-EKIN’. Une honetan dugun erronka nagusia da gizartearen partaidetza lortzea. Eta lortuko dugu.

Beraz, hemen duzu aurtengo galdera: Euskal Herriaren geroa, zer eta nola? Zurekin partekatu nahi dugu ez bakarrik galdera-erantzuna, baizik eta kongresua bera.

Gonbidatua zaude gure mahaira…

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>